Prentsa Aretoa

Berriak

2016/12/23

“Fomentoren hitzak eta jarrerak onak izan ziran, baina pelikula hau ikusita daukagu: ikusi behar hitz horiek gauzatzen diran”

“Giroan dago EAJk eta PPk eskutik egiten doguzala eguneroko lanak, eta ez da egia: aurrekontuak negoziatzeari ez deutsagu oraindik ekin”, argitu nahi izan du Itxaso Atutxak

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

"EAJ eta PPren artean ez dago, inolaz ere, batzuk saldu nahi deuskuen amodiozko harremana". Horixe izan da Bizkai Buru Batzarraren presidente Itxaso Atutxak zabaldu duen mezurik garrantzitsuena gaur goizean Bizkaia Irratian eman duen elkarrizketan. Atzo Lakuan egin zen Iñigo de la Serna eta Arantxa Tapiaren arteko bilerari buruz galdetuta adierazi duenez, “bai Ministroak eta baita Tapia sailburuak poztasuna agertu eben bilera ostean. Ia gaur Ministro Kontseiluak zer esaten dauan. Suposatzen dogu ildo beretik joango dala. Jarrera bat agertu zan atzo eta hori ez da txarra, baina nik gogoratu nahi dot honelako bilerak lehen bere emoten zirala antzerako adostasunetara helduz, eta Estaduko Aurrekontuetan agertu egiten zirela partida zuzenak, baina gero ez ziran betetzen eta ez ziran diru librantzak egiten. Beraz, atzo jarrera ona erakutsi zan baina pelikula hau lehen ere ikusi izan dogu, eta orain benetan ikusi behar doguna da ustezko jarrera hau gauzatzen dan eta lizitazinoa egiten dan Bergarako bidegurutzerako eta Bilbora eta Gasteizera sartzeko bide horreek lur azpitik egiteko. Nik jarrera eskertzen dot baina ekintzak bere ikusi gurako neukez ”, adierazi du Atutxak. “Giroan badago halako zer bat, EAJk eta PPK eguneroko lanak eskutik egiten doguzala eta goizeko zortzietan telefonoz hitz egin eta bat egiten dogula baieztatzeko. Ez da egia. Espainiako aurrekontuak ere emoten dau jada negoziatzen ari garela. Ez da egia. Ez gara hasi. Ez dakigu ezer aurrekontu horretaz. Are gehiago, badakigu PPk gurari bat daukala Alderdi Sozialistaren aldeko botoa lortzeko, orduan, hor gagoz denok zain. Hitzez jarrera hori erakutsi dabe baina momentuz ez dogu ezer ikusi. Ikusteko prest gagoz baina oraindik ez dago ezer”, argitu du.

BBBren presidenteak Erkorekaren martitzeneko hitzak gogoratu ditu baita, EAJ-PNV eta PPren arteko harremanei buruz aritzeko. “Astearteko bilera teknikoan, ez zan ikusi PP ahotan dabilen jarrera aldaketa barri hori”, esan du. Bertan, teknikariek esaten zuten helegiteak kentzeko ez dela bakarrik borondate politikoa behar, helegite horiek legearen arabera ere ez direlako errazak kentzen, baina Atutxaren aburuz, “lehenengo borondate politikoa erakutsi behar deuskue eta, gero, arazo tekniko eta juridikoak salbuespen moduan gaindituko dira, baina hori ere ikusteko dago”.

Bukatzeko, eta atzo Luhusoko operazioaren ondoren antolatutako agerraldi bateratuari buruz galdetuta, burukide jeltzaleak adierazi du ETAk berak erakutsi behar duela orain bost urte azaldu zuen armak uzteko borondatea. “Oraindik ez dogu borondate hori ETAren aldetik ikusi. Atzo agerraldi bateratua egin zen lehendik ere Jaurlaritzak ETAri eskatu zion arma emate hori egitera bultzatzeko. ETAk euskal gizarteari zor diolako bakea eta egindakoa onartzea”. “Atzo bi gauza garrantzitsu emon ziran. Lehena, batera agertu izana, eta hori oso garrantzitsua da. Eta, bestetik, atxiloketak ikaragarrizko akatsak izan zirela esatea. Baina esan behar da baita ETAk ere ardura daukala atxiloketa horreena, eta gizarte zibileko pertsonak erabiltzen dituela. Izan baditu beste bide batzuk armak emateko. ETAk berak hausnarketa sakona egin behar dau. Ez dauka itxuroso amaitzeko aukera askorik, baina badaukaz amaitzeko aukera gitxi batzuk eta aprobetxatu egin behar ditu. Egindako kalte guztiaren ostean amaitzeko gauza ez izatea, txarra litzateke. ETAk euskal gizarteari zor deutso armagabetzea. Moduren bat badago ondo amaitzeko, amaitzea baino ezin da izan”.

Alderdi Eguna
Jarrai iezaguzu Telegramen