Next Euskadi

Prentsa Aretoa

Berriak

2021/12/03

Kudeaketa-mandatua lortu du EAJ-PNVk AHTa Gasteizera eta Bilbora sartzeko eta geltokiak lur azpian egiteko

Gasteizko tren geltokian, Andoni Ortuzar, José Antonio Suso eta Estefanía Beltrán de Heredia ondoan izan dituela, Aitor Estebanek ezagutzera eman du euskal erakundeek luzez erreklamatu duten akordioa, alderdi jeltzaleak “mugarritzat” jo duena.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian. 

Abiadura Handiko Trena Gasteiz eta Bilbora sartzeko eta hiriburu bietan geltoki biak lur azpian eraikitzeko lanak euskal erakundeek egingo dituzte EAJ-PNVk Espainiako gobernuarekin lortu berri duen mugarriari esker. Akordio hau azken orduetan itxi da.

Arabako hiriburuko tren geltokian, Aitor Estebanek, Kongresuko Euskal Taldeko bozeramaileak, EAJ-PNVren EBBko buru Andoni Ortuzar, EAJ-PNVren ABBko presidente José Antonio Suso eta Senatuko talde jeltzaleko bozeramaile Estefanía Beltrán de Heredia ondoan izan dituela, bertan izan diren prentsako ordezkariei konfirmatu die Abiadura Handiko Trena Bilbora eta Gasteizera sartzeko obra zibila, bai eta geltokiak lur azpian egiteko lanak, euskal erakundeen ardurapean egongo direla, onartu berri den kudeaketa-mandatuaren bidez.

Kudeaketa-mandatu formula honek, Gipuzkoan arrakasta handiz aplikatu denak eta EAJ-PNVk luzez erreklamatu duenak, hemendik aurrera ahalbidetuko du azpiegitura handi honen zati funtsezko bati “bultzada erabakigarria” ematea. Mandatu honen bidez egingo dira hiriburu bietarako sarbideak, azken hilabeteotan tarteko diren erakundeen arteko negoziaketan hizpide nagusi izan ondoren: “Esan genuen ez genuela bigarren mailako konponbiderik onartuko, eta horixe da lortu duguna”, esan du pozik Estebanek.

Gasteizen kasuan, eta lortu berri den akordioari esker, Arkauteko lotunearen obra zibila eta Arabako hiriburuan lur azpian eraikiko den geltokia euskal erakundeen ardurapean garatuko dira. Bilboren kasuan, kudeaketa-mandatuak ahalbidetuko du Euskadiko erakundeek eraiki ditzatela Bilbora sartzeko tunelak, bai eta lur azpiko geltokia ere. Udal biek, Eusko Jaurlaritzarekin batera, izenpetuko dituzte orain kudeaketa-mandatuaren bidez egingo diren proiektu hauek garatu ahal izateko beharko diren Protokoloak.

Estebanek baieztatu duenez, honela eta “akordio garrantzitsu” honi esker lortu du EAJ-PNVk “aurrekontuen negoziaketaren hasieran ezarri ziren hiru helburu handiak betetzea: BGDSren kudeaketa osoa euskal erakundeentzat; AHTaren proiektua, Gasteiz eta Bilborako sarbideak,behin betiko bideratzea; eta EAOak hobetzea EAE eta NFKrako lortu diren inbertsioen bidez, hiritargoarentzako gizarte babesa areagotzeko konpromisoaz gain”. Helburuak behin lortuta, Estebanek Espainiako gobernuarekin egin diren elkarrizketen “balantze positiboa” egin du, eta EAJ-PNVren gogobetetzea publikoki adierazi du azpiegitura honek aspalditik daramatzan “atzerapen ulertezinei” amaiera ematea lortu delako, garraio hau “euskal hiritargoarentzat beharrezkoa delako, bere kohesiorako eta bere garapen ekonomiko eta sozialerako, bai eta bere lehiakortasunerako ere”.

Edozein kasutan, Euskal Taldeko bozeramaileak ildo beretik nabarmendu nahi izan du EAJ-PNVk zabalik utzi dituela Espainiako gobernuarekiko negoziaketarako ateak, eta “etengabeko solaskidetzari” eusten diola. Era berean gogoratu du oraindik bete gabe jarraitzen dutela duela urte bi Pedro Sánchezekin izenpetu zen inbestidura akordioan jasotako hainbat gaik, hauen artean, Gernikako Estatutua betetzeari dagokiona.

Next Euskadi