Prentsa Aretoa

Berriak

2024/09/25

Lehendakariak lehen sektorearekin duen konpromisoa azpimarratu du EAJ-PNVk, Europan eta Estatuan bere etorkizuna defendatuko duen Nekazaritza Saila sortuz

Ander Añibarrok, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Batzordeko bozeramaile jeltzaleak, lehenetsi du sektorearen onura ekonomikoak modu iraunkorrean bermatzea, ekintzailetzan eta berrikuntzan erreferente gisa indartzea eta mahastizaintza eta ardogintza sektorea eta gastronomia bultzatzea

rss Ezagutzera eman
Lehendakariak lehen sektorearekin duen konpromisoa azpimarratu du EAJ-PNVk, Europan eta Estatuan bere etorkizuna defendatuko duen Nekazaritza Saila sortuz

ARGAZKIA JAITSI

Ander Añibarrok, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Batzordeko EAJ-PNVko bozeramaileak, gaur Legebiltzarrean azpimarratu duenez, Europan eta Estatuan bere etorkizuna defendatuko duen sail propioa sortzea Imanol Pradales Lehendakariak euskal lehen sektorearekin duen konpromisoaren erakusgarri argia da. "Lehendakariak sektoreari entzun eta haien kezkak eta eskaerak jaso zituen. Horren ondorioz, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saila sortu du gure lehen sektorea defendatzen jarraitzeko, lehiakortasuna bultzatuko duten politikak garatuz eta Estatuari eta Europar Batasunari kalitatearen eta bereizketaren aldeko apustua egiten duen sektorea aitortzea eskatuz ", aldarrikatu du Añibarrok.

Jeltzaleak arrantza-sektoreak Euskadin duen garrantzia azpimarratu du, eta azken urteetan izan dituen zailtasunak deitoratu ditu. Zailtasun horien artean, Europako Arrantza Politikak sektorearen hedapenari ezartzen dizkion mugak aipatu ditu, izan ere, EAJ-PNVren ustetan, muga horiek ez dira beti justifikatzen arrain populazioak babesteko arrazoi objektiboengatik. "Euskal arrantza-sektorea indartzeko apustua egin behar dugu, itsasertzeko hiriguneetako sektore sozioekonomiko gisa. Arrantza-udalerri horiek erreferenteak dira, bai arrantza-jardueragatik, bai sektoreari berari lotutako industriengatik ere. Erreferentziazko industria eraldatzaileak bermatu behar ditugu, eta belaunaldien arteko erreleboa eta emakumeak sektorean sartzea sustatu ", defendatu du.

Aurreko legegintzaldian Parlamentuak Landa Garapenerako bigarren Legea onartu zuela gogorarazi ondoren, Añibarrok adierazi du legegintzaldi honek lege hori hedatzeko eta garatzeko balio behar duela. Ildo horretan, funtsezko hiru helburu finkatu ditu: lehen sektorearen onura ekonomikoak modu iraunkorrean bermatzea; EAEko nekazaritzako elikagaien eta arrantzaren sektorea indartzea, ekintzailetzan eta berrikuntzan erreferente gisa; eta mahastizaintza eta ardogintzaren sektorea eta euskal gastronomia bultzatzea. Mahastizaintza eta ardogintza sektorearen kasuan, bere kezka azaldu du aurre egin beharreko zailtasunengatik, eta horregatik "lehentasunezkotzat" jo du "lehiakortasuna hobetzeko neurriak hartzea".