Prentsa Aretoa

Berriak

2025/06/30

Imanol Pradalesek Euskadik behar duen segurtasun integralari buruz "konplexurik" eta "taburik gabe" eztabaidatzeko deia egin du

Imanol Pradales Lehendakariak gaur inauguratu du Basque Segurtasun Foroa, Euskadiko Segurtasun Integralari buruzko hausnarketa-prozesua

rss Ezagutzera eman
Imanol Pradalesek Euskadik behar duen segurtasun integralari buruz

ARGAZKIA JAITSI

Imanol Pradales Lehendakariak eman dio hasiera gaur, Bilboko Euskalduna Jauregian, Basque Segurtasun Foroari, Euskadiko Segurtasun Integralaren kontzeptuari buruzko hausnarketa estrategikoaren prozesuari. Urtebeteko iraupena izango du, eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak sustatuko du. Horretarako, beharrezko eragile guztien inplikazioa lortzen saiatuko da, Euskadiko Segurtasun Integralari eta euskal gizarteak hainbat esparrutan, hala nola justizian, zibersegurtasunean, ekitaldi jendetsu handietan, autobabesean, larrialdi klimatikoetan, enpresen segurtasunean edo herritarren segurtasunean, aurre egin beharko dien erronkei buruzko diagnostiko partekatu bat lortzeko.

Euskalduna Jauregiko inaugurazio-jardunaldian izan dira, besteak beste, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Ramiro Gonzalez, Elixabete Etxanobe eta Eider Mendoza Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Juan Mari Aburto eta Eneko Goia Bilboko eta Donostiako alkateak eta Euskadiko gizarteko hainbat arlotako ordezkariak.  

Lehendakariak Euskadiko segurtasunaren eztabaida "konplexurik eta taburik gabe" irekitzeko deia egin du, Euskadiko hainbat esparrutan segurtasun integrala lortzeko. "Segurtasuna lehentasun soziala da. Horregatik, honen ingurua konplexurik gabe eztabaidatzea eskatzen dut. Ezagutza eta esperientzia lehenestea, tabuak alde batera uztea eta ekimen eta irtenbide eraginkor eta partekatuak aurkitzen saiatzea", adierazi du.

Halaber, "Euskadin gaur egun ditugun gaitasun politikoak nahikoak diren edo zabaldu eta hobetu behar ditugun" hausnartzearen alde agertu da, "segurtasun integralaren erronkari aurre egiteko".

Lehendakariak azpimarratu duenez, “kontzientzia hartzeko eta gure segurtasun integrala indartzeko arrazoi sendoak ditugu. Errealitate berri bat bizi dugu eta horretara egokitu behar dugu". Nabarmendu duenez, "segurtasunik gabe, ez dago ongizaterik", eta Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa nabarmendu du, "pertsonen eta gizarte osoaren osotasuna eta ongizatea arriskuan jar ditzaketen egoerak prebenitzeko, geldiarazteko eta horiei aurre egiteko prest egoteagatik". Halaber, Lehendakariak nabarmendu duenez, "gure ardura da 2026-2030 Segurtasun Plan Integrala egitea".

Bestalde, jardunaldiari amaiera emateko ekitaldian Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak nabarmendu duenez, “segurtasuna eta herritarrek segurtasunaz duten pertzepzioa funtsezko faktoreak dira gure gizarteetan, ongizatea, bizi-kalitatea, erakarpena eta aurrerapena ziurtatzeko. Are gehiago zalantzaz betetako garai hauetan. Euskadi herrialde segurua da, baina ukaezina da mehatxuak eta arriskuak bizitzaren arlo guztietan daudela, herritarren segurtasunetik hasi eta ziberespaziora arte, eta behar bezala kudeatu behar ditugu segurtasun hori indartzeko”.  “Segurtasun integrala oinarrizko kontzeptua da gizartea kohesionatzeko eta elkarbizitza sendotzeko”, erantsi du Zupiriak.

Segurtasuneko sailburuak jakitera eman du Basque Segurtasun Foroa urtebeteko prozesua izango dela, eta Segurtasun Sailak 31 saio antolatuko dituela hiru lurralde historikoetan eta ertzain-etxeak dauden 24 eskualdeetan. “Urtebeteko prozesu honetan gurekin izango dira foru-aldundiak, eta hainbat bileratara deituko ditugu udalerrietako alkateak, udaltzainak eta suhiltzaileak, enpresa eta azpiegitura nagusiak edo eskualde bakoitzean garrantzi berezia duten ordezkariak, gure lurraldeko eskualde guztiak desberdinak baitira eta guztiek ezaugarri bereziak baitituzte”, azaldu du Zupiriak, eta prozesuan parte hatzera eta ekarpenak egitera animatu ditu, “Euskadi herrialde seguruagoa izan dadin, eta prebentzioa lan-tresna bihur dadin eta erakundeek, gizarteak eta herritarrek hartzen duten konpromisoa ongizate handiagoaren berme bihur dadin”.  

Gainera, Basque Segurtasun Foroa diagnostikorako tresna izango da Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila lantzen ari den 2026-2030 aldirako Segurtasun Integraleko Plana garatzeko.

Inaugurazio-jardunaldia

Bilboko Euskalduna Jauregian egin den topaketan, eta Imanol Pradales Lehendakariaren hitzaldiaren ondoren, bertaratu direnek zuzenean ezagutu ahal izan dituzte segurtasun integralaren hainbat arlotako erreferentziazko estrategiak. Horrela, hitza hartu dute Iñaki Subijana Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak; David Barroso zibersegurtasuneko adituak, Countercraften sortzaileak; Bernard Gerritsma Feyenoord FCko Segurtasuneko zuzendariak, kirol-ekitaldi handietako segurtasunaz hitz egin duenak; Marimar Alonso Klima Segurtasuneko adituak, Ihobeko (Ingurumeneko Euskal Agentzia) zuzendari teknikoak; eta Sigrid Kienle Bavariako Poliziaren komisario nagusiak, eremu publikoetako segurtasunaz eta berreskurapen-prozesuez hitz egin duenak.

Bilbon egin den inaugurazio-jardunaldiaren ondoren, Segurtasun Sailak, Bingen Zupiria sailburuak jakitera eman duenez, bilerak egingo ditu Euskadiko hainbat eskualde eta udalerritan, eta, tokiko eta lurraldeko erakundeekin eta gizarte-, hezkuntza- eta ekonomia-eragileekin batera, segurtasun integralari buruz hausnartuko eta eztabaidatuko du. Hurrengo bilera uztailaren 9an izango da Sodupen (Gueñes), eta bertan Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila Enkarterriko eskualdeko erakunde, eragile eta ordezkariekin elkartuko da.

Iturria: Irekia

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!