Prentsa Aretoa

Berriak

2026/10/14

EAJ-PNVk batzorde ireki bat sortzea proposatu du, Ondarroak bere 700. urteurreneko ospakizunak herritar guztien artean eraiki ditzan

Aitor Basterretxea udalerriko alkatetzarako hautagai jeltzaleak urteurrenaren antolaketa herritarrei, elkarteei eta tokiko eragileei irekitzea proposatu du, 2027ko egitaraua benetako parte-hartze prozesu baten emaitza izan dadin, Udalak erabakiak alde bakarrez hartu gabe eta parte-hartzea berak egokitzat jotzen dituen pertsona edo kolektiboetara mugatu gabe.

Ezagutzera eman
EAJ-PNVk batzorde ireki bat sortzea proposatu du, Ondarroak bere 700. urteurreneko ospakizunak herritar guztien artean eraiki ditzan

ARGAZKIA JAITSI

Ondarroako EAJ-PNVk batzorde ireki bat sortzea proposatu du 2027an ospatuko den herriaren 700. urteurrena prestatzeko, herritarrek, elkarteek eta udalerriko hainbat eragilek zuzenean parte hartu ahal izan dezaten Ondarroarentzat bereziki esanguratsua izango den ospakizunaren ekitaldiak eta edukiak zehazteko prozesuan.

Proposamena Udalak urteurreneko egitarauaren irudi izango den diseinua aurkeztu ostean egin du EAJ-PNVk. Lara Larrañaga Salegi sortzaile ondarrutarraren “700 urte geure Ondarruk” lana 40 proposamen baino gehiagoren artean aukeratu zuen epaimahaiak, eta Zubi Zaharra hartzen du Ondarroaren zazpi mendeko historiaren ikur nagusietako bat bezala.

Era berean, Udalak herriko taldeei eskatu die antolatzen dituzten jai, jarduera eta ospakizunen data baieztatuak formulario baten bidez bidaltzeko, urriaren 18ra arteko epean, 700. urteurrenaren harira abenduan argitaratzea aurreikusi duen hormako egutegian txertatzeko. Jakinarazpen horrek argitalpenerako datak biltzea du ardatz, eta ez du urteurreneko egitaraua elkarrekin eztabaidatzeko eta zehazteko deialdirik jasotzen; horixe da EAJ-PNVk batzordearen bidez irekitzea proposatzen duen parte-hartze esparrua.

EAJ-PNVk positibotzat jo du urteurrena prestatzeko lehen urratsak ematen hastea. Hala ere, Aitor Basterretxea alkatetzarako hautagai jeltzalearen ustez, prozesuak ekimen zehatzetatik harago joan behar du, eta egitura egonkor bat izan behar du ideiak eta ekarpenak egin nahi dituen edonork parte hartu ahal izateko.

“Ez dugu nahi Udalak lehenengo erabaki eta gero berak egokitzat jotzen dituen pertsonak parte hartzera gonbidatuko dituen prozesurik. 700. urteurrena benetan Ondarroa osoarena izatea nahi badugu, parte-hartzea hasieratik irekia izan behar da, eta erabakiak guztion artean hartu behar dira”, adierazi du Basterretxeak.

Horretarako, 700. urteurrenerako batzorde ireki bat eratzea proposatu du EAJ-PNVk, ideiak eta proposamenak jasotzeko, elkarrekin partekatzeko eta ekitaldien egitaraua herritar guztien artean diseinatzen laguntzeko topagune eta lanerako gune izan dadin.

Basterretxearen iritziz, halako urteurren batek aukera paregabea eskaintzen du Ondarroaren iraganera begiratzeko, bere nortasuna eta historia balioan jartzeko, baina baita datozen urteetarako nahi den herri eredua elkarrekin hausnartzeko ere.

“Aukera paregabea dugu nondik gatozen gogoratzeko, baina baita zer nolako Ondarroa eraiki nahi dugun pentsatzeko ere. Zenbat eta ahots gehiagok parte hartu, orduan eta adierazgarriagoa izango da ospakizuna, eta errazagoa izango da ondarrutarrok benetan geure sentitu daigun”, gaineratu du.

EAJ-PNVk defendatu du 700. urteurrenaren antolaketa ezin dela Udalaren esku soilik geratu, ezta Udal Gobernuak berak aukeratzen dituen pertsona edo kolektiboen parte-hartzera mugatu ere. Jeltzaleek gune ireki, plural eta egonkor bat aldarrikatu dute, ekarpenak egin nahi dituen edozein herritarrek, elkartek edo tokiko eragilek hasieratik parte hartu ahal izan dezan, baita erabaki nagusien definizioan ere.

“Ekarpenekin datorrenak ateak zabalik aurkitu behar ditu. Ondarroaren 700. urteurrena herri osoarena da, eta uste dugu ospakizuna ere guztion artean eraiki behar dela”, gogoratu du Basterretxeak.

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!