Prentsa Aretoa

Berriak

2022/10/07

Emakume Abertzale Batzak, euskal emakume abertzaleak ahaldundu zituen mugimendu feministak, 100 urte bete ditu

Panelez, beira-arasez eta EABko militante historikoen testigantzez osatutako erakusketa honek emakume ausart haien lana eta konpromisoa agerian jarri nahi ditu

rss Ezagutzera eman
Emakume Abertzale Batzak, euskal emakume abertzaleak ahaldundu zituen mugimendu feministak, 100 urte bete ditu

ARGAZKIA JAITSI

«EAB 100 urte. Emakumeak Aberria eginez» izeneko erakusketa azaroaren 6ra bitartean izango da ikusgai Donostiako Aiete kultura-etxean. Sabino Arana Fundazioaren Euskal Abertzaletasunaren Museoak antolatu du erakusketa, euskal emakume abertzaleen erakunde honen sorreraren mendeurrenaren kariaz.

Duela 100 urte, ekimen ugari bultzatu eta hamaika zereginetan aritu zirela, gizarte-eredu berri baten aldeko apustua egin zuten emakumeek Euskadiren alde gauzatutako jarduerak eta haien bizipenak gaurko egunotara ekarri nahi ditu erakusketak.

Inaugurazio-ekitaldian, Ion Gambra, Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren zuzendari nagusiak nabarmendu duenez, «Europan emakumeen parte-hartze politikoaren inguruko eztabaida pil-pilean zegoenean, euskal emakume talde batek gizartean eta politikagintzan zegokion lekua galdegin zuen. Aitzindariak izan ziren horretan eta, oztopoak oztopo, beren lan gogorra eta erabateko konpromisoari esker, berdintasunaren aldeko bidean arrasto sakona utzi zuten gure herrian. Euskararen, euskal nortasunaren eta Euskal Herriaren etorkizuna bermatzeko beren aktibismoarekin bat, beraz, gizarte berdinzale bat eraikitzeko bidean ekarpen garrantzitsua egin zuen Emakume Abertzale Batzak», nabarmendu du.

Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren zuzendari nagusiaren esanetan, bidegile haiek gure lurraldean eta herrian egindako lana «ereduzkoa» da gaur egungo gizon-emakumeentzat, eta bereziki «etorkizuneko belaunaldientzat».

Beste alde batetik, Mireia Zarate Sabino Arana Fundazioaren presidenteak gogorarazi du, penintsularen eremuan, «EAB lehen erakunde politiko abertzalea izan zela», eta «Euskadiko gizartean izan diren mugimendu bizi eta eragileenetakoa izan dela». Ildo horretan, «EABk garrantzi handikotzat jo zuen emakumeen prestakuntza, hainbat ikastaro, hitzaldi eta biltzar antolatu zituen, beste antolakunde batzuek sorrera bultzatu zuen, hala nola Gexozaiñak antolakundearena, gizarte- laguntzaren arloko lanbide-heziketa aldarrikatu zuen…», azaldu du.

Bisita gidatuan, erakusketaren komisarioek, Karmele Perez Urraza, Begoña Bilbao Bilbao eta Gurutze Ezkurdia Arteaga UPV/EHUko irakasleek (Hezkuntza Fakultatea-Garaian ikerketa taldea), azpimarratu dute erakusketa EABk egindako aberriaren aldeko lanaren omenez sortu dela, «lan hori esparru askotara zabaldu zela: politika-arloko zabalkundea, hezkuntza, elkartasun-zerbitzuak eta abar».

«Ongintzatik abiatuta, euskararen aldeko konpromisoa hartu zuten euskal haur-eskoletan eta emakumeen prestakuntzan», adierazi dute.
Erakusketa ezagutzeko ibilaldian, komisarioek azaldu dute beira-arasez eta 24 panelez osatuta dagoela, gaikako sei multzo handitan banatuta. Multzo horietan, elkarteak bere ibilbide historiko osoan egindako lana eta pentsamoldea jasota daude: 1) EABren sorrera 2) EABren loraldia; 3) Jaungoikoa eta lege zaharra (JEL) doktrina; 4) EAB eta hezkuntza; 5) EAB eta gizarte-laguntza eta 6) EAB gerran eta erbestean.

1. EABren sorrera
Emakume Abertzale Batza sortzeko lehen urratsak 1922ko apirilean egin ziren, Cumann na mBan irlandar emakume abertzaleen elkartea eredutzat hartuz. Hilabete geroago, maiatzaren 7an, hain zuzen ere, ehun emakume inguru bildu ziren eta elkartea eratu zuten. Zuzendaritzako kideak izendatzeaz gain, EABren helburu nagusiak finkatu ziren: abertzaletasuna zabaltzen laguntzea ongintzaren eta propagandaren bidez, eta euskara nahiz euskal kultura sustatzea eta haien ezagutzan sakontzea. Atal honetan, elkartearen lehenengo zuzendaritzako kideen biografiak ageri dira.

2. EABren loraldia
EABren aldirik emankorrena 1931 eta 1936 urteen artekoa izan zen; bada, bosturteko hartan, elkartearen loralditzat har dezakeguna gertatu zen, eta horri lotuta, gainerako euskal lurraldeetara hedatu zen. Hala, EABko taldeak sortu ziren Euskal Herriko herri gehienetan, eta 1936an, 28.000 emakume baino gehiago kidetuta zeuzkan EABk. Boto-eskubidea eskuratu zenerako, EABko emakume askok mitinlari jarduten zuten ekitaldi politikoetan.

3. Jaungoikoa eta lege zaharra (JEL) doktrina
EABren pentsamoldea Sabino Aranaren Jaun-Goikua Eta Lagi-zaŕa leloan funtsatu zen. Euskal gizarte tradizionalean oinarri sendoa zuela eta etxekoandrearen irudiari hertsiki lotuta zegoela, EABko kideak etxeko ohiko eremutik atera ziren eta elkartasunaren, irakaskuntzaren eta kultura-transmisioaren esparruetan jardun zuten. Eta denbora igaro ahala, gizartean eta politikan ere aritu ziren, betiere JEL doktrinari jarraiki.

4. EAB eta hezkuntza
Hasiera-hasieratik, EABk jakitera eman zuen elkartearen zeregin nagusietako bat abertzaletasunaren zabalkundea egitea zela, hezkuntzan, elkartasunean eta gizarte-laguntzan aritzeaz batera. Euzko Ikastola Batza ere antolatu zen hautazko hezkuntza-proiektu bati ekiteko, guztiz berritzailea hizkuntzari, helburuei eta pedagogiari dagokienez. Hezkuntza informalean ere lan handia egin zuen EABk, bai haurrekin, bai helduekin. Bestalde, hizlari eta mitinlariei prestakuntza emateko, oratoria edo hizlaritza eskolak ematen zituzten.

5. EAB eta gizarte-laguntza
EABren aurrekariak Euzkel Jantzitegia edo Ropero Vasco delakoan (1908an sortu zen ongintza lantzeko helburuz) eta Euzkotarren Aldezko Jel-bazkuna (20ko hamarkadan, Afrikako frontera joaten behartutako gazteei eta euren familiei laguntzeko sortutakoa) elkartean ditugu. Gizarte Laguntzarako Batzordea sortu zenean, Teresa Azkue izan zen zuzendari. EABk, politika eta gizarte esparruetako hitzaldiak emateaz gain, Gizarte Laguntzari buruzko biltzarra antolatu zuen. Gizarte Laguntzarako Eskola sortzea zuen helburu biltzar hark. Erizainak prestatzeko ikastaroak ere eskaini zituen elkarteak 1932tik aurrera.

6. EAB gerran eta erbestean
Gerra garaian, emakumeek egindako jarduerak guztiz nabarmentzekoak dira. Lana banatu eta gudarientzako arropa egiten zuten eta mantak eta berokiak biltzen zituzten. EABk atzeguardian gauzatutako lana ezinbestekoa izan zen, eta hainbat zereginetan, gizonak ordezkatu zituzten andreek. Euzko Gexozañen Batza eratu zen eta frontean nahiz ospitaleetan egindako lana halabeharrezkoa izan zen. Beharrezkoa zenean, erbestera joandako umeei lagundu zieten eta gudariei babesa eskaini zieten.

Espioitza-lanetan ere gogotik jardun zuten emakumeek, Alava sareko kideak oso ezagunak izan zirela. Erbestealdian, biziki garrantzitsua izan zen EABren ekinbidea, erbestean zeuden agintari abertzaleak eta frankismoaren aurka aritzen ziren barruko erresistentziako kideak harremanetan jarrita, espetxeetan nahiz kalean ibilita.

Erakusketaren ibilbidearen amaieran, emakume historiko haietako batzuen testigantzak biltzen dituen bideoa ikus daiteke.

«EAB 100 urte. Emakumeak Aberria eginez» erakusketaren inaugurazio-ekitaldian parte hartu duten agintarien artean, besteak beste, ondokoak izan dira: Joseba Egibar, GBBren presidentea; Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko burua; Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua; Miren Elgarresta, Emakundeko zuzendaria; eta Xabier Ezeizabarrena, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea.

Donostiatik igaro ostean, erakusketa ibiltari hau EAEko gainerako hiriburuetan eta Euskadiko hainbat udalerritan ere ikusi ahalko da.

Iturria: Sabino Arana Fundazioa