Prentsa Aretoa
Berriak
2023/05/12
EAJ-PNVk zaintza-sarea indartuko du, bost EtxeTIC zentro berri, eta Sestaon eta Abadiñon beste bi egoitza irekiz, bizikidetza-unitateetan banatutako 240 plazarekin
Ahaldun nagusi izateko hautagaia den Elixabete Etxanobek zainketen eraldaketa hedatzeko hartutako konpromisoa berretsi du, behar duten pertsonei bizi-kalitate handiagoa emateko, erantzun pertsonalizatuagoaren eta aurrerapen teknologikoen erabileraren bidez
Argazkiak...
“Ez dago pertsonak zaintzea baino gehiago merezi duen ezer“. Premisa horrekin, Bizkaiko ahaldun nagusi izateko EAJ-PNVren hautagaia den Elixabete Etxanobek zainketen beharrezko eraldaketa hedatzeko hartutako konpromisoa berretsi du, XXI. mendeko beharretara egokitu eta behar duten pertsonei bizi-kalitate handiagoa emateko, erantzun pertsonalizatuagoaren eta aurrerapen teknologikoen erabileraren bidez. Ildo horretatik, zaintza-sarea indartuko dela iragarri du. Horretarako, bost EtxeTIC zentro berri eta beste bi egoitza irekiko dira Sestaon eta Abadiñon, guztira bizikidetza-unitateetan banatutako 240 plaza berri izango dituztenak.
Gaur goizean Sestaon herriko alkategai jeltzale Ainhoa Basaberekin batera egindako ekitaldian, Etxanobek gogorarazi du Bizkaiak dagoeneko hasi duela, emaitza onekin, iraupen luzeko zainketen ereduan beharrezkoa den trantsizioa, gizarte aurreratuen erronka demografikoari aurre egiteko, gizarte horietan
bizi-itxaropena nabarmen hazten ari baita. Eta adierazi du eraldaketa hori dagoeneko martxan dagoela eta Bizkaia osora zabaldu behar dela.
Ildo horretatik, hainbat EtxeTIC zentro berri bultzatuko dituela iragarri du, bost zehazki, dagoeneko Bilbon eta Etxebarrin zerbitzua ematen dutenei eta Zallan, Mungian, Basaurin eta Markina-Xemeinen proiektatutakoei gehituko zaizkienak. Bost zentro berri horietako bat egungo Sestaoko eguneko zentroan kokatuko da, eta 500 etxe baino gehiagori emango die estaldura.
Gainera, azken udalerri horretan kokatuko da ahaldun nagusi izateko hautagai jeltzaleak eraiki nahi dituen bi egoitza berrietako bat. Azpiegitura berri hori erdialdean eraikiko da Sestaoko Udalarekin lankidetzan, eta 29 milioi euroko inbertsioa eskatuko du; 120 plaza izango ditu, bizikidetza-unitatetan banatuta, eta Ezkerraldeko eta Enkarterriko Erreferentziazko Eskualde Zentroaren egoitza ere izango da, 25 plaza soziosanitario osagarrirekin eta inguruko egoitzei laguntza emango dien talde profesional batekin.
“Pertsonentzako proiektuak, pertsonak beraiek nahi eta erabaki duten bezala zaintzeko: etxean eta, ezin bada, etxean bezala. Ez dugu bakarrik utziko mendekotasun-egoeran dagoen inor, eta ez dugu bakarrik utziko zaintzaile bakar bat ere. Hori marra gorria izango da EAJrentzat, Foru Aldundian: arreta onena ematea zaintzak behar dituen pertsona orori. Horrek gizarte gisa definitzen gaituelako”, adierazi du Elixabete Etxanobek.
SESTAO, ZAINKETEN ARLOKO ERREFERENTE
Ainhoa Basabe Sestaoko alkate eta berrautaketara aurkezten den hautagaiak gaur balioetsi duenez Bizkaiko Foru Aldundiak Rebonzan eraikiko duen egoitza eta zentro sozio-sanitarioari esker “Sestao erreferente bihurtuko da zainketen alorrean” eta ildo beretik gogora ekarri duenez “gurea moduko herri txiki batean, epe laburrera begira bi foru egoitza izango ditugu, udal egoitza bat, eguneko zentro bat, adinekoentzako bi udal zentro eta esandako unitate sozio-sanitarioa”. Zentzu berean nabarmendu nahi izan du albistearen alderdi positibo bikoitza: “Zentro hauek adinekoei zerbitzua emateaz aparte enplegu-sortzaile handiak dira. Zentzu honetan, beraz, pozarren hartzen ditugu egoitza berriak eta unitate sozio-sanitario berriak sortuko dituzten ehun lanpostuak”, ziurtatu du.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25