Prentsa Aretoa
Berriak
2024/06/28
EAJ-PNVko ordezkariek 'Aita Mari' itsasontziko eskifaia bisitatu dute hurrengo misioa hastekotan daudela beren lan humanitarioa eskertzeko
Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak Pasaiako Portura egin den bisitan nabarmendu nahi izan duenez, "Aita Marik, bizitzak salbatzeaz gain, giza duintasunaren alde lan egiten du, eta bidezkoa da aitortzea, eskerrak ematea eta gure babes osoa eskaintzea"
EAJ-PNVko ordezkaritza batek bisita egin die gaur goizean Pasaian porturatuta dagoen 'Aita Mari' ontziko eskifaia osatzen duten 14 emakume eta gizonei, itsasontzi honetatik egiten duten lanaren nondik norakoak ezagutzeko, Mediterraneo Erdialdeko uretan egiten duten lan humanitarioa eskertzeko eta euren babes guztia helarazteko, laster hasiko den misio berriaren bezperetan. Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidentea bisitan parte hartu duten jeltzaleen ordezkaritzaren buru izan da. Gainerako ordezkariak izan dira Mireia Zarate EBBko idazkaria; Ana Esther Furundarena EBBko burukidea; Arantza Rojo, Saioa Bandres eta Mikel Lete, burukideak eta Loreto Osa, Pasaiako Udaleko zinegotzia. "Gure babesa, elkartasuna eta indar guztia helarazi nahi izan diegu, baita euskal gizarte osoarena ere, lan duin hori egiten jarrai dezaten, batzuetan ia dena kontra dutela, beren burua demokratikotzat duten Estatuen aldetik jartzen zaizkien oztopo burokratikoak barne. Bizitzak salbatzeaz gain, 'Aita Mari' giza duintasunaren alde ari da lanean, eta bidezkoa da aitortzea eta eskerrak ematea, eta gure babes osoa eskaintzea, bai hemen, bai itsasora ateratzen direnean ere", adierazi du Ortuzarrek bisitaren amaieran.
Guztira 14 pertsonek, zortzi profesionalek eta sei boluntariok, osatzen dute Itsas Salbamendu Humanitarioa (SMH) gobernuz kanpoko erakundearen proiektu enblematikoa den 'Aita Mari' itsasontziaren eskifaia, 2021eko Sabino Arana Saria jaso zuena. 'Aita Marik' berehala hasiko du bere 13. misioa, erakundearen arduradunek nolabaiteko kezkaz hartuko dutena, "Tunisian gertatzen ari dena eta Migrazio Itun berriaren aplikazioa direla eta, gure zereginari oztopo gehiago jarri besterik ez baitu egiten, pertsonen trafikoa egozteraino irits gaitezkeelako", azaldu du Amaia Iguaran SMHko presidenteorde eta Prestakuntza eta Boluntariotzako arduradunak. "Baina, oztopoak bata bestearen atzetik jartzen badizkigute ere, jarraitu egingo dugu, Mediterraneo erdialdera 'Aita Mari' bultzaka eraman behar badugu ere. Pertsona horien Giza Eskubideak urratzen jarraitzen den bitartean, joaten jarraituko dugu. Eta egunen batean Mediterraneora joatea eragozten badigute, lurretik presioa eta pedagogia egiten jarraituko dugu, gizarte zibil antolatutik", gaineratu du.
Iguaranek EAJ-PNVren ordezkaritzari eskatu dio Alderdiak eta gobernu-erantzukizunak dituzten erakundeek SMHri eta 'Aita Mari' itsasontziari babes politikoa ematen jarrai dezatela, “oso garrantzitsua baita gerta dakigukeen edozeren aurrean”. “Gizarte zibil antolatuak ezer gutxi egin dezake babes politikorik gabe, eta alderantziz. Eta argi dago batzuk eta besteak Giza Eskubideen defentsak eta pertsonen ongizatearen sustapenak batzen gaituztela". 13. misioa izango da, hain zuzen, 'Aita Mari' itsasontzia Mediterraneo erdialdera haur jaioberrientzako txalekoak eramango dituen lehena, migrazio-dramaren larriagotzearen berri ematen duen zerbait. Misio berriak gutxi gorabehera bost asteko iraupena izango du (azken hiru asteotan tripulazioaren lana izan da misiorako prestatzea eta entrenatzea) , eta 6.000 milia inguruko bidea egingo du. Misioan zehar egiten duen erreskate bakoitzean, 'Aita Mari' ontziak 136 pertsona hartu eta portura eramateko baimena du. "`Aita Mari´ko gizon-emakumeak ez gara heroiak, batzuetan hala esan arren", argitu nahi izan du Iguaranek. " Benetako heroiak dira ontzi prekarioetan Mediterraneoa zeharkatzera ausartzen diren pertsonak, benetako heroiak dira euren seme-alabak pateretan bakarrik uzten dituzten amak, itsasoaz beste aldean etorkizun hobea izango dutelakoan", ziurtatu du.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25