Prentsa Aretoa

Berriak

2024/07/16

Europako Parlamentuko eserlekuaz jabetu da Oihane Agirregoitia

Estrasburgon, legegintzaldi berriari hasiera emateko eratze bilkuran, Agirregoitiak Roberta Metsolari eman dio Europako Parlamentuko presidentetzarako babesa, Maltako hautagaiak eurodiputatu jeltzalearen aurrean Europako erakundeetan euskararen ofizialtasunaren alde urratsak ematen jarraituko duela hitzeman ondoren

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Oihane Agirregoitia Europako Parlamentuko eserlekuaz jabetu da gaur Estrasburgon iragan ekainaren 9ko hauteskundeetan hautetsi aldarrikatua izan zenez geroztik. Eurodiputatu jeltzale berriak legegintzaldiaren hasieratik adierazi nahi duen borondatea da EAJ-PNVk “Bruselan eta Estrasburgon Euskadiren ahotsa izaten jarrai dezala Europa eraginkor, hurbil eta anitza eraikitzen jarraitzera begira”. Ildo beretik adierazi duenez “Europako erakundeetan euskara hizkuntza ofizial bihurtzeko lanean jarraituko dugu, bai eta Makroeskualde Atlantikoari bultzada berria emateko eta kalitatezko enplegu- aukera berriak sortzeko ere, bereziki emakumeentzat eta gazteentzat”. Halaber, Agirregoitiak ahaleginak bideratuko ditu “Europako Funtsen kudeaketa Euskaditik bertatik egin dadin eta Segurtasunaren, Kanpo Harremanen eta Migrazioen alorrean Batasunaren politika komuna sustatzeko”. Azkenik, ordezkari jeltzaleak berretsi nahi izan du Demokraziarekin, Bakearekin eta Giza Eskubideekin hitzemanda daukan konpromisoa eta ziurtatu du aurre egingo diola Europako agintaritzaren aldetik muturreko eskuindarraren alde eginiko edozein mugimenduri: “Bat eginik jarraitu behar dugu populismoen aurrean” esan du.

Gaur hasiko den legegintzaldirako eratze bilkuran Europako Parlamentuko presidentea aukeratzerako orduan eurodiputatu jeltzaleak bere babesa eman dio Roberta Metsolari. Eta egin du Maltako hautagaiak “aurreko legegintzaldiko ildo beretik jarraitzea” hitzeman ondoren, “euskararen ofizialtasunaren alde eta Espainiako gobernuarekiko solaskidetzari eutsiz”, Metsolak Renew Europe Now, EAJ-PNV integratuta dagoen taldeari eskaini zion agerraldian Agirregoitiak berak egin duen galderari erantzunez. Euskararekiko konpromisoaz gain, Metsolak “erakundearen funtzionamenduari, zereginei eta eskuduntzei buruzko proiektu argiak aurkeztu ditu eta EAJ-PNVrekin lerrokatuta agertu da Errusiak Ukrainari eginiko erasoari dagokionez, erakundeen erreformaren inguruan, gazteei eman beharreko babesari eta berdintasunari dagokionez”, esan du Agirregoitiak.

Amaitzeko, Agirregoitiak bere lehen egunean aldarrikatu nahi izan du azken 15 urteotan Izaskun Bilbao Barandicak egin duen lana. Bilbao Barandicak Europako Parlamentuaren domina jaso du gaur Europako Parlamentuko presidentea buru izan duen ospakizunean.