Prentsa Aretoa

Berriak

2025/06/06

Iñigo Ansolak Gorlizen ohartarazi duenez, ELA eta LABen aldetik eramaten ari diren gatazka estrategiak, “EH Bildu beste albora begira dagoen bitartean”, arriskutan jartzen ditu Euskadiko ongizatea eta garapena

Uribe Kostako Alderdikide Egunean dozenaka militantek babestuta, BBBko presidenteak EAJ-PNVren eredu propioa aldarrikatu du, “hurbiltasunetik, buruarekin eta bihotzarekin” lan egitean eta kudeatzean oinarritutako eredua

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Gorlizen egin da gaur Uribe Kostako lehen Alderdikide Eguna, datozen urtetik aurrera tradizio bihurtu nahi duten ekitaldia, eskualdeko herri bakoitzean eginez. Ekitaldian, Bizkai Buru Batzarraren presidente Iñigo Ansolak mezu argi eta sendoa bidali nahi izan du: “Kezkatuta eta arduratuta gaude gure ongizatearekin. Inbertsio berriak behar ditugu, eta horretarako Euskadik Herri erakargarri eta fidagarria izaten jarraitu behar du. Etengabeko gatazka, etengabeko greba eta laneko absentismoa arriskutan jartzen ari dira orain arte eraikitako guztia”.

Gaurko topaketak bateratu ditu dozenaka alderdikide eta alderdizale eta, bertan, Ansola arduratuta agertu da Mitxel Lakuntzak, berriz ere ELAko idazkari nagusi izendatua izan denak, egin dituen azken adierazpenekin “lotsarik barik aitortu baitu grebak eta etengabeko tentsioa gure ongizate eredua aldatzeko tresnak direla”. Horren aurrean, Ansolak gogoratu du Euskadi dagoela gaur egun, Nazio Batuen Erakundearen arabera, herrialde garatuenen eta bizitza kalitaterik handiena dutenen zerrendako hamabigarren tokian. “Benetan nahi ote dugu munduko mapan Euskadi herri gatazkatsu gisa agertzea? ELAk, LABek eta EH Bilduk eskutik eskura darabilten estrategia horrek isolamendura garamatza, hondamendira eta gizarte ireki, lehiakor eta moderno gisa ingurukoen konfiantza galtzera”. Bizkaiko jeltzaleen buruak EH Bilduri aurpegiratu dio “beste albo batera begira geratzea, besteok lan zikina egiten duten bitartean”, eta alderdikideei eskatu die irmotasunez aurrera egiteko. “Ez digute ziria sartzen. Aurpegi adeitsuaren ostean, inposatzeko eta garena ukatzeko asmoa dago. Pankartaren eta zarataren aurrean, EAJk konpromisoarekin eta lanarekin erantzuten du”; “lana gure proposamenak azaltzeko, lana ELAk eta EH Bilduk ezarri nahi diguten estrategiari aurre egiteko”, eskatu die alderdikide jeltzaleei.

Eta, eredu horren aurrean, Bizkaiko buruak EAJ-PNVren eredu propioa aldarrikatu nahi izan du, “lanean eta ekimenetan” oinarritutakoa: “Hitzena baino, hitzak haizeak daramatzalako, ekimenen eredua nahiago dugu guk. Horixe da familia jeltzalearen manera. Uribe Kostan erakutsi dugu: Armintzan, BIMEP bultzatuz, energia garbiaren eta berrikuntzaren aldeko apustu gisa; URAk sustatu dituen saneamendu lanetan; mugikortasun proiektuetan, hor daude metroa, bidegorriak, Bizkaibus eta itsasadar azpiko tunela”. “Eta, horrekin guztiarekin, zer izan dugu aurrean? Betikoa: pankartak. Baina ez gara kikilduko. EAJ-PNV ez da oztopoak jartzera etorri, lan egiten duen alderdia gara. Hori da EAJ-PNVren indarra: lan egitea eta hurbiltasunez kudeatzea, lanean burua eta bihotza jarriz”, amaitu du.

Gorlizko herrigunean elkartu dira gaur eskualde osotik etorri diren alderdikide ugari: Barrika, Berango, Getxo, Leioa, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urduliz, eurak izan baitira jai giroan egin nahi izan den topaketa politiko honen protagonista. Bertaratuen artean eta Bizkai Buru Batzarraren presidente Iñigo Ansolarekin, bertan izan dira Manu Tejada eta Andoni Busquet EBBko burukideak, Leire Urtasun, Jane Eyre Urkieta, Unai Andraka, Ane Támara eta Alfonso Aliende BBBko burukideak, eta Koldo Mediavilla eta Mikel Burzako EBBren burukide ohiak. Eurekin izan dira Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburua, Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol gaietako foru diputatua; Jon Aiartza Eusko Legebiltzarreko Mahaiko kide jeltzalea; Uribe Kostako Uri Erakundeetako bederatzi lehendakariak, eskualdeko udalerrietako alkate eta zinegotziak eta dozenaka alderdikide eta alderdizale ahaztu gabe. Mitinaren ostean paella lehiaketa eta herri bazkaria egin dira, den-dena musikaren erritmo alai eta bizian.

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!