Prentsa Aretoa
Berriak
2025/07/18
EAJ-PNVk nabarmendu ditu Busturialdea-Urdaibaiko Eskualdeko Plan Estrategikoaren inguruan nagusitu den parte hartze giroa eta babesa emateko orduan erakundeek hitzeman duten konpromisoa
Eskualdeko alkate jeltzaleek plana egiteko eraman den prozesua balioetsi dute, 303 milioitik gorako inbertsioa egin dela azpimarratuz. Udalerri bakoitzak egin dituen ekarpenak batuz eskualdean egin den proiektua balioetsi dute.
Busturialdeko alkate jeltzaleek oso balorazio positiboa egin dute Busturialdea-Urdaibaiko Eskualdeko Plan Estrategikorako eraman den prozesua, gaur bertan burutu baita plana osatzen duten 13 proiektu eragileak publikoki aurkeztean. Proiektu horiei gehituko zaizkie beste hainbat jarduera estrategiko, eta inbertsioa 303 milioi eurotik gorakoa izango da. Talde jeltzaletik bereziki azpimarratu nahi izan dute prozesuak berez izan duen balioa, lurraldeko eragile eta ordezkarien arteko parte hartzea, solaskidetza eta ikuspuntuak partekatzea sustatzeko gune gisa sortu eta ulertu baita hasieratik. Talde horretan izan dira adituak eta Planaren Talde Eragileko kideak, hauen artean eskualdeko 20 udalak, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak. Era berean azpimarratu dutenez “erakunde biek erakutsi dute hurbiltasuna, bai eta elkarren artean hitz egiteko borondatea ere, kontsentsuak lortzera begira”, eta horrek argi erakusten du eskualdeak dituen beharrekiko eta bere garapenarekiko konpromiso argia. Ildo beretik nabarmendu dute EAJ-PNVk proiektu sendoa duela Busturialdea-Urdaibai eskualdearentzat, udalerri bakoitzaren ekarpenekin eraikia, bakoitzaren izaera berezia kontuan hartuta eta lurralde osoan ongizatea eta etorkizuna finkatzera begira.
Busturialdea-Urdaibai eskualdeak 303,4 milioi euroko inbertsioa jasoko du, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko lankidetzari esker. Hala iragarri du gaur Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobek, Ekonomia Sustatzeko foru-diputatu Ainara Basurkok eta Eusko Jaurlaritzako Koordinazio Estrategikoko zuzendari Aimar Ricok ere parte hartu duten prentsaurrekoan. Agerraldia Gernikako elkartegian egin da, Eskualdeko Plan Estrategikoaren (EPE) talde eragilearen hirugarren bileraren ostean. Talde horretako kide dira foru-gobernua, Eusko Jaurlaritza eta eskualdeko hogei udalerriak: Ajangiz, Arratzu, Bermeo, Busturia, Ea, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Ibarrangelu, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka, Murueta, Muxika, Nabarniz eta Sukarrieta. “Bizkaiko Foru Aldundiarentzat lurralde-kohesioa eta eskualdeen arteko oreka lehentasun nagusietako bat dira. Plan Estrategiko hau Bizkaia lehiakorragoa, orekatuagoa eta kohesionatuagoa izan dadin hartu dugun konpromisoaren erakusgarri da”, adierazi du Elixabete Etxanobek.
Planak 13 proiektu eragile jasotzen ditu, eskualdeko herritarrekin , eskualdeko eragileekin eta erakundeekin elkarlanean egin diren parte hartzezko eta entzuteko prozesuen bidez definitu direnak. Eskualde osoa eraldatzeko gaitasuna izango dute eta hemendik eta 2030 urtera bitartean 78,4 milioitik gorako aurrekontuarekin funtzionatuko dute; Bizkaiko Foru Aldundiak 54,4 milioi jarriko ditu eta Eusko Jaurlaritzak 24 milioi. Gainera, kopuru hauei gehitu behar zaizkie lehenetsi beharreko jo diren beste proiektuetarako aurrekontuak, haien gauzatzea 2030. urtetik harago eraman daitekeen arren. Azken hauetarako aurrekontua 225 milioi eurotan aurreikusita dago; kasu honetan BFAk 165 milioi euro jarriko ditu eta Eusko Jaurlaritzak 60.
PROIEKTU ERAGILEAK
Ainara Basurkok eskualdeko ekonomia-, gizarte- eta hiri-garapena sustatzen duen EPEan bildutako 13 proiektu eragileen berri eman du. Proiektu horiek pertsonen bizi-kalitatea eraldatzeko eta hobetzeko gaitasuna izango dute, eskualdearen erronka espezifikoei heltzen baitiete, zeinak aurretiazko diagnostiko sakon batean identifikatu ziren.
1. Autzagane-Muxika errepidea hobetzea (11 milioi)
2. Bermeoren eta Muxikaren arteko bidegorri-sarea handitzea (23,8 milioi)
3. Garraio publikoa hobetzea eta trena indartzea (3,2 milioi)
4. Talde kalteberei laguntzea eta tokiko enplegu-plana (3,1 milioi)
5. Etxebizitza-sustapen publikoa (milioi 1)
6. LHa indartzea Barrutialden eta Nautika Eskolan (3,4 milioi)
7. Muxikako eskualde-industrialderako sarbideak hobetzea (14 milioi)
8. Inamaren partzela berregokitzea (3,8 milioi)
9. Oinarri teknologikoko industria-proiektu berriei laguntzea (2,5 milioi)
10. Bermeoko portua eraldatzea eta ekonomia urdina bultzatzea (2,5 milioi)
11. Jarduketak Santimamiñen, Foruan, Kantera Gorrian eta euskal emigrazioaren interpretazio-zentro berrian (6,4 milioi)
12. Gernikako Merkatu plaza berriztatzea, hiri-, ekonomia- eta gizarte-eragile gisa (3,5 milioi)
13. Ekonomia garatzeko eskualde-agentzia bat sortzea
PROIEKTU ESTRATEGIKO OSAGARRIAK
1. Trenbidea modernizatzea (18 milioi)
2. Muxikako eskualde-industrialde berria (12 milioi)
3. Inamaren partzela berregokitzea (6 milioi)
4. Bermeoko portua eraldatzea (3 milioi)
5. Uraren saneamendu-sistema hobetzea (24 milioi)
6. Hornidura-sistema hobetzea (56 milioi)
7. Sollubeko errepidea hobetzea (66 milioi)
8. Biosfera-erreserbako ingurumena lehengoratzeko jarduketak (40 milioi)
Nabarmenak...
GALDAKAO
2025/10/26
Senatua
2025/10/07
Eusko Jaurlaritza
2025/10/07
Bizkaia BBNN
2025/10/02
Eusko Legebiltzarra
2025/10/02
Berri ikusiagoak...
EBB
2025/03/30
Europako Legebiltzarra
2024/05/22
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
EBB
2024/09/29
Europako Legebiltzarra
2024/05/22


HARREMANETARAKO
WWW.EAJ-PNV.EUS















