Agiriak
Iritzia
2011/08/19
Defentsa-gabeziarik gorrienean
Asteonjakin ahal izan dugu gaigabezia paira-tzen zuten hiru ume hil dituela haien zaintzaileak. Jakin ahal izan dugunetik, zaintzailea gobernuz kanpoko erakunde bateko laguntzailea izan da. Berak esan duenetik, hiru umeak hil ditu errukiak eraginda.
Horraino, berria gutxi gorabehera. Hala ere, albistearen barrenean datzanak kezka eta ardura sorrarazi behar dizkigu. Izan ere, gizarte honek dituen beharretarik hainbat euren burua sakrifikatzen duten pertsona askoren eskuetan gelditzen da. Eta hortxe sortzen da biziberriturik Abderako Protagoras filosofo greziarraren esaera ospetsua: Gizona da gauza ororen neurria.
Beharbada, hobeto esan beharko genuke istorioak behin eta berriro jazotzen direla, historia baita istorio askoren bilbadura etengabea. Kristo jaio aurretiko bosgarren gizaldiko esaldi hori sekula baino eragingarriagoa da gure gaurko gizartean. Hori dela eta, pertsona batek, errukiak jota dagoelako, beste hiru pertsonaren bizimodua moztu ahal badu, berak bere moralaren arabera jokatu behar duelako, orduan inarrosi egiten dira gu hezi ginen moralaren oinarri guztiak.
Areago, Protagorasen esaera osoa hartzen badugu, "Gizona da gauza ororen neurria, badiren gauzena gauzak diren ginoan, ez diren gauzena, eurak ez diren heinean". Gizartearen ikuspegitik hori onartzen badugu, hel gaitezke zigorgabekeria osora; hau da, inor ezin izango litzateke epaitu, ez eta gizartearen arauen barruan sartu, ezen pertsona bakoitzak bere jokarauen arabera egiten du gizartean egiten duen guztia. Eta horretara.
Iparraldean, asteon berton ere jakin ahal izan dugunetik, milaka sinadura batu dira hainbat pertsonari, hilzorian zeudenei, eutanasia ezarri dien osagilearen alde. Horrelakoetan beti agertzen da pertsona bakoitzaren heziketa, bai eta haren balioak ere.
Kontua da gizarte batek bere burua antolatzen duela gizarte horretako kide gehienek parteka-tzen dituzten balio nagusien ingurura, ez bakoitzak izaten dituenen ardatzaren ingurura. Eta horrexek ematen dio gizarte bati gizarte izaera, bestela, oihaneko legera itzultzen gara.
Honaino ikusitako kasuetan badago ezaugarri bat, borrero biak bateratzen dituena: euren egoera askozaz indartsuagoa zela hildakoena baino. Valladolideko kasuan, euren buruari eutsi ezin zioten pertsonak egon dira eurak guztiak baino indar handiagoa zuen pertsona baten mende.
Ez modu fisikoan bakarrik, ezpada buru-egoeran eta erakunde-egoeran ere bai. Zertzelada horiek guztiak erabili ditu lehen borreroak babesik gabe zeuden hiru pertsona hiltzeko.
Iparraldeko kasuan, ostera, eta hilzorian zeuden pertsona horiek euren adostasuna eman ez badute, nor da inor inoren bizimodua eteteko?
Betiere, gizona bada gauza ororen neurria… Akabo!
Deia
Gure Egileak
-
Andoni Ortuzar
-
Iñigo Urkullu
-
Juan Mari Aburto