Agiriak

rss Ezagutzera eman

Iritzia

2011/08/23


Pernando amezketarra, pornografia eta abar

Badiote, diotenez, badiotela, Pernando, Amezketako semea, behinola jarri zutela ataka gaitzean; izan ere, asto bi saldu behar zituen, eta, itxuraz asto ederrak izanik, asto haiek bazuten arazo txiki bat: itsuak ziren. Bada, gure seme amezketarrak, kikildu beharrean, aurrera egingo zuela ebatzi zuen, eta asto biak eroan zituen azokara. Asto biak ipini zituen elkarren ondoan eta saltzeari ekin zion.

Erosle-gai guztiek itauntzen zioten ea asto haiek bazuten arazoren bat edo beste, eta gure Pernandok beti erantzun bera ematen zien: 'Asto ezin hobeak, baina ezin dute elkar ikusi'; halandaze, asto biak saldu zituen. Bada, gaur, antzeko zerbait gertatu da hanka bikoen eta lau hankakoen artean: lehenengoek ezin zituzten besteak ikusi. Egia esan, bat egon da, lehenengoa, hortik salbatu dena, baina hori ez da nahikoa.

Pornografia ere bai ikusi ahal izan dugu pikatzaileekin; seigarren zaldia pikatu duena oso ondo, beste guztiak film pornografiko baten antzera ibili dira: sartu eta atera, sartu eta atera, aspertu eta gogaitu arte. Pikatzaile batzuek, beharbada, izan dute Pernandoren astoek zuten arazo bera: ezin zutela ikusi; edo, are okerragoa dena, baten batek esanda, ahalegindu dira ez ikusten, eta horretara joan da.

Horrelako kontuetan beti suertatzen da gaitxo bat: ekai ona azaltzen da, eta beste guztiok beste toki batera begira gaude. Atzo hasi nintzen moduan, gaur ere berdin eman behar dut amaia: Naomi Campbell berriro azaldu da pasarelara, eta hari begira egon behar zuketenek beste toki batera luzatu dute begirada.

Deia

EGILEA


Gotzon Lobera Revilla

Gure Egileak