Documentos

rss Ezagutzera eman

Opinión

12/08/2011


Gizartea gaixotzen denean. Gotzon Lobera

Gizartea gaixotzen denean. Gotzon Lobera

Udaberoa izan ohi da. Beroak pertsonoi eragiten digu, hotzak epeltzen gaituela. Hala ere, beroa ez da izaten liskarren iturria, ezperen eragilea, hau da, kimikan ezaguna den entzimaren lana egiten du, lehendik dagoen egoera areagotzen du, eta lehengo egoera hori ona ez bazen, orduan azkenetako egoera larriagoa da hasierakoa baino.

Aurtengo udan ikusi ahal izan dugu hainbat herrialde mendebaldarretan zelan txinpart batek berpizten duen lehendik itxuraz amatatuta zegoen sua. Txinpart horiek mota ezberdinetakoak izan dira, baina emaitza, kasu guztietan, lazgarria izan da. Egin dezagun bertsolarien moduan atzetik aurrera.

Somaliako egoera ikusita, norberari haragiak urratu egiten zaizkio. Film beldurgarrietan baino beldur eta ikara handiagoa sentitzen dugu txarkeria, bere egoera hutsean, azaltzen zaigunean. Ze barren izan behar duen gizakume batek eta, horren ondorenez, gizarte batek, Somaliako gosetea eta beraren biktimak horrela ikusita ezer ez egiteko!

Esaten denez, Somaliara joan ginenean mendebaldarrok xedea zen hango anabasari ordena jar-tzea; azpian zegoen helburua, ostera, nik uste, armaginen eta arma-saltzaileen patrikak betetzea zen. Azken boladan sarritan entzun ohi dugunez, albo-gaitzak ezinbestekoak dira gudu justu guztietan. Umeak hiltzen dira goseak jota: albo-gaitza; herrialde aurreratuek bidaltzen dituzten jatekoak ezin dira heldu maiztasun handiagoarekin: albo-gaitza. Jakina, albokoak dira gaitz horiek, benetan nahi dena beste zerbait delako: nork bere etxean bizimodurik ahalik onena izateko, norberak ez die besteei begiratzen.

Norberaren ekintzek badakarte haien ordaina edo pagamendua. Antzeko zerbait jazo zaie britainiarrei euren etxeko patioan. Lehenengo eta bat, egoera sorrarazi zuten Irakera joateko, jendea samaldaka hiltzeko armak zeudelakoan. Eta hori egiteko, askatasunaren ikurrina jaso zuten; geroenean ez zen ezer agertu; Afganistanen ere hor dabiltza inoren etxean norberaren bakea ezarri guran.

Bada, inoren etxean bakegintzan dabiltzala, euren etxeko sua piztu da, eta ez du kontrolik. Txinparta, itxuraz, polizia batek hiritar bat hiltzea izan zen; eta txinpart horrek berpiztu zuen sua edo, nahi baduzu, irakurle, lo zegoen sua berpiztu zuen.

Horrelako eretietan badakigu zer jazotzen den: batzuk aldarrika kaleratzen dira, eta beste batzuek, bien bitartean, euren buruaren mesedetan dihardute, betiere, inori kalte eginaz.

Telebistan ageri zaizkigun irudiak ikaragarriak izan dira, Londresek eta Ingalaterrako beste hiri batzuek jasan dituzten kalteak Bigarren Mundu Gerrakoak bezainbestekoak izan dira, hirietako alderdi batzuetan. Edozelan ere, badago gauza bat, argi gelditu dena: Erresuma Batuko agintariek, hain arduratsu dihardutela kanpoko gauzetan, ez dute ikusten izan zer zegoen etxe barruan: etxe-bazterrak zikin eta hautsez beteta zeuden, eta horregatik piztu da su kontrolaezin hori.

Deia

jpg 3 MB

DESCARGAR

Nuestros Autores