Documentos

rss Ezagutzera eman

Opinión

02/09/2011


Arrazoibidea amarru

GIZADIARI adjektibo asko ipini zaizkio, baina bada haien artean bat, oso adierazgarria dena: sor-tzailea. Izan ere, gizadi honek, dagoen lekuan dagoela, izakiak egunean baino egunean bat gehiago sortzen du. Eta, gainera, ona esku artean dugula, uste dugu hori hoberendu behar dela, eta lehengo izakiaren lekuan beste izaki bat jartzen dugu. Itxuraz, aurreramendua da hori; egia esan, izaki bera beste izen batekin mozorrotzen dugu, funtsean ezer aldatzeke.

Libian, diktadura bat egon da hamaika urtean, eta diktadura horretako partaide batzuek aldarrikatu zuten orain hilabete batzuk demokrazia jarri behar zela indarrean Libian. Hori dela eta, gudu bati ekiten diote hango diktadorea uzkailtzeko. Gauzak, hasieran, ondo joan ez, eta publikoaren komodina eskatu. Jakina, komodina ipintzeko moduan zeudenek egundoko interes geoestrategikoei eutsi behar zieten, eta, zalantzarik gabe, laguntza eskaini. Hori, bai, guztia demokrazia ezartzearen fabore.

Bada, gudua amaitu (?) barik dagoela, Lehen Munduko hainbat estatuk onartu dute matxinatuen behin-behineko gobernua Libiako gobernu bidezko edo zilegi legez. Eta behin-behineko gobernuan dauden horiek, lehenengo eta bat, hauteskundeak egin barik, ez eta beste ezein berme barik, Libian estatu islamdarra ezarri dute. Ederra kontua!

Nik ez dakit zein estatu mota ezarri behar den Libian, baina, ezeri ekin orduko, berba libiarrei eurei eman behar zaie, bestela, beste diktadura baten aurrean jartzen garelako. Beharbada, demokraziaren helburua aurrean jarrita, beste xede bat lortu nahi izan da, zerikusi txikia duena libiarren interesekin. Bien bitartean, Libiako izadiko baliabideak ustiatzen dituztenek (hau da, benetako etekina ateratzen dutenek) segurtatu dituzte euren interesak, haiek ez galtzeko.

Horrelako gertakizuna oraindik orain bizi izan dugu beste hainbat herrialdetan. Hasieran adierazitako helburutik benetan lortu den azken xedera tarte luzea dago, hain luze, Bilbotik Donostiara joateko, Uzbekistan barrena pasatu gara. Eta, beste herrialde guztietan legez, zoritxarrez, ez dugu ikusiko hauteskunderik; tamalez, orain bidelagun ditugunok bihar-etzi gure betiko arerioak izango dira, eta Mendebaldeko gizarte aurreratuak kontrolatzeko aitzakia paregabe bihurtuko dira.

Hitz egingo dugu mehatxu islamdarraren gainean; berba egingo dugu muturreko jarrerek dakarten zemaiari buruz; mintzatuko gara gure mugak arrotz arrisku-tsuengandik babesteko dugun beharraren inguruan. Betiere, ez da behin ere aipatuko egoera horren sortzaileak Mendebaldeko agintariak direla; ez da sekula esango Mendebaldeko gizarteetan (itxuraz, zibilizatuenetan) segurtasunaren izenean askatasun demokratikoak geroago eta murritzagoak direla, eta horretara…

Inor gomutatzen al da zergatik sartu ziren Afganistanen? Ba al du inork gogoan zein izan zen arrazoia Iraken sartzeko? Baten batek badaki zer jazotzen ari den Egipton? Norbaitek gogoratzen du zer esan zuen Tunisian jarri zen gobernuburu berriak orain dela ez hilabete asko?

Susmoa dut hau behin eta berriro eman eta sekula amaitzen ez den film baten beste kapitulu bat baino ez dela. Michael Endek zioenez: 'Historia amaiezina'.

Deia

AUTOR


Gotzon Lobera Revilla

Nuestros Autores