Agiriak
Iritzia
2005/12/05
Iñigo Urkullu: Bakea posible da
Intervención en el foro Rex Púbica
Bakea posible da, zelan? RES PÚBLICA Gaurko hizpide jarri didazuen gaiaren mamira joko dut, zuzen-zuzenean: Nahita berregin ditut bakea posible dela dioten zikloaren goiburua eta galdera. Bakea posible da, jakina... baina bakea lortzekotan, beste prozesu bat ere beharko du, bakegintzarena, oso-oso korapilatsua bera, eta jokoan gauza asko, solteko asko, ñabardura eta interes asko jartzen dira, sarritan elkarren kontrakoak, gainera. Askoz ere baikorragoa izan gura nuke... baina uste dutgure eginbeharra oinak lurrean izatea dela, orain eta beti. Ilusioz jokatuz baina inozoak izan barik. Zeren, lehenago azpimarratu dudan moduan, laino beltz gehiegi baitaude, oraindik, prozesu bat abian dela esaten hasterik izateko ere. Alabaina, egia ere bada une hauetan oso gutxitan batu diren eta berriro nekez izango diren hainbat ingurumari biltzen direla. Hasteko, azaldu nahi dizuet zein egoeratan gauden, nire iritziz. Duela ia bi mende arrastaka daramagun egoeran, alegia. Gerrate karlistak, diktadurak, gerra zibila, erbestea eta errepresioa. Eta duela gutxiago, ETAren terrorismoa, eta Euskadi Estatuan behin betiko eta ondo txertatzen lortzen ez dugula. Beti laino beltzez beteta egon den egoera historikoa, oraindik betiko argitzea lortu ez duguna eta, beraz, hilabete batzuetan konpontzen saiatzea lelokeria eta errealitatetik kanpokoa litzateke. Eta eguraldiarekin parekatuz, esan genezake eguraldi nahasia daukagula. Zeruak estalita, eta ekaitz arriskuaz. Baina datozen asteetan argiguneak agertzen hasteko aukerak era badaudela. Laino beltzak eta bertigoak Faktore asko dago jokoan eta, argi dago, batzuek gogoeta honi eragin liezaioketela...baina oraintxe, badirudi, laster izan bedi!, ETAri soilik dagokion erabaki bat publiko egin litekeela. 18/98 prozesua, irekita dauden beste prozesu batzuek edo Gobernua urrats bat ere ez egiteko prest ez egoteak oztopoak sortzen ditu, ez daude ETAko presoak gerturatzeko prest, baina ezta presoen egoeraren tratamendu positiborako bidetik joateko ere, eta horrek zailago egiten dute halakorik igartzea. Badakigu kolektiboaren barruan nolabaiteko estatusa daukaten preso bat edo besterekin mugimendu bat edo beste egiten dutela, pultsua hartzeko, agian, presoek oraingo uneaz zer pentsatzen duten jakin nahirik, zelan dauden ikertu nahirik. Gobernu Espainiarrak berak onetsi eta baimendutako mugimenduak, jakina. Baina ez dago beste inolako mugimendurik. Hala ere, guk uste dugu legez kanpo daukaten Batasunak ordezkatzen duen ezker abertzale horren eledun kualifikatuek esandakoek pixka bat blindatutako urratsak direla, eta gertakari horiek, berez, eta esandako laino beltzak ez liratekeela nahikoa izan behar balizko edo ustezko prozesu bat bertan behera uzteko.. Eta hemen hasten zaizkio, ezbairik gabe, bertigoak bati baino gehiagori, eta denoi, pixka bat, nire ustez. Zeren argi dago, itxuraz, ETAk bide jakin bateko erabakirik hartu ezean, ezin izango dugula prozesurik dagonik ere esaten segitu. Denborak gauzei heltzen laguntzen die, baina usteldu ere ustel daitezke, denborarekin. Eta heltzeko denborara hurbiltzen ari gara. Gehiegi heltzea gerta daiteke, ordea, baldin eta “aldiberekotasun – ondoz ondokotasuneko” oraingo dilemarekin jarraitzekotan. ETAri eta Batasunari, lehenengoak publiko egin behar duen eta, ondorioz, bigarrenari eragingo dion erabakiak sortzen dien bertigoa, baina Rodriguez Zapateroren bertigoa ere bai, honi, besteak beste, Alderdi Popularraren jazarpen estrategia, faktura pasatzen aritzea ere litekeena baita. Alderdi Popularra ondo baliatzen ari da “kasu katalana”, hau da, Estatuta, La Caixaren finantzaketa PSCri –horretan Montilla ministroa tartean dago, zuzenean- eta La Caixaren OPA Endesaren gainean, nahastuta, PPk asmatu baitu Espainiaren batasunaren kontrako ustezko erasoak ustelkeriarekin lotzen. Koktel hilgarria, niri 1993 urtea gogora ekartzen hasi zaidana. Inkestak, gero eta balorazio okerragoarekin – azkena CISek berak argitaratua –eta ez dezagun ahaztu Gobernuak berak kontrolatzen duen erakundea dela-, eta bere alderdiaren atzerapena ez dira honetatik guztitik kanpo geratzen. Horri denari ETAren kontrako borroka bizimodu bihurtu duten hedabide jakin batzuen eta iritzi-bideratzaile jakin batzuen presio basatia eta PSOEren barruko banaketak gehitzen badizkiogu, erraz ulertzen da Gobernuko Presidentearen bertigoa. Madrilen LOEren kontra egindako manifestaziora PPk 400.000 edo 500.000 mila pertsona biltzea lortu bazuen, ETArekiko elkarrizketa prozesurik izatearen kontrako manifestaziorik deituko balu lau edo bost bider jende gehiago elkartuko luke eta, gainera, aurreko hauteskundeetan botoa Alderdi Sozialistari emandako hainbat herritarrek ere horrekin bat egingo luketela kontuan hartuta. Ikusiko dugu zer gertatzen den datorren abenduaren 3an, PPk Kataluniako estatutuaren kontra eta Espainiako konstituzioaren alde deitu duen manifestazioan. Irlandako prozesuan ez zegoen halako ingurumaririk, han oinarrizko adostasun politikoa eta, ondorioz, baita mediatikoa ere baitago. Hauek guztiak, eta beste zenbait gehiago, beraz, kontuan hartu beharreko elementuak dira. Beste urrats bat eginez, eta aurrean publikoki ireki eta egonkorra den bakegintza prozesua daukagula suposatuz, konpontzen eta uztartzen izugarri zaila izango den auzi bat dago, biktimena, alegia, are gehiago gure ekintzaren erradioan ETAk baldin badirau, oraindik badagoela eta mehatxua, txantajea eta hertsapena bezalako indarkeria adierazpenak bizirik baldin badaude. Denok jabetzen gara bakegintza prozesu batek berarekin –eta hala ari da gertatzen Irlandan- presoak pixkana espetxetik ateratzea dakarrela, baita kolektibo horrentzat guztiarentzat lan eta gizarterapen “irtenbideak” –komatxo artean- bilatu behar direla ere. Egun 674 preso daude, 88 kartzelatan barreiatuta – 11 soilik daude Euskadiko espetxeetan, 514 Espainian, 154 Frantzian, 5 Mexikon, eta bat Londresen. Eta horien artean ehuneko 73 lehenengo graduan daude; hartara, haien ordezkariak “irtenbide demokratikoaren oztopo nagusia espetxe politika” dela salatzen dute. Etorkizuneko prozesu honetan, eta drama humanoaren barruan, bada alde bat, presoak, beren egoera hobetzen ikusiko beharko dutenak. Baina ETAk eragin duen drama humano eta pertsonal honetan batez ere biktimak ere badaude. Biktimok gainera, onurarik ez atera ez eze – pertsonalki behinik behin- emozionalki, ahantziko dituztelakoan, okerrera ere egin bailezakete. Biktimentzat, orain arte ezagutzen dugun egoeran izan duten kalte ordain bakarra –eskubidez dagozkien ordain materialak eta moralak kenduta- mina eragin diena kartzelan egon dadin da. Egoerak aurrera egiten badu, lehenago ala beranduago, baliteke kaltegilea supermerkatuan, zineman edo ile-apaindegian aurkitu behar izatea, adibidez. Eta gainera –eta hau ez da Irlandan gertatzen- sufrimendu hori baliatu eta etekina ateratzeko prest dagoen alderdi politiko batekin. Eta ez gara gu hori diogun bakarrak. Aste honetan bertan, “konstituzionalismotik” PSEek berak ere salatu du, “honaino heldu gara” adierazpen borobilarekin -itun antiterroristaren inguruko auzi honetan eta beste guztietan “besteen gurpilari segituz” aritu direlako erakusgarri -. Aste hauetan zehar, urteetan atzera ez egitearren, apo eta sugeak irentsi behar izan ditugu askok, beste hainbat gertakari eta ingurumaritan bezala, Eusko Legebiltzarrean Biktimen Ponentzia Iraunkorra eratuko zela-eta. Hain une berezirik bizitzen egongo ez bagina, Legebiltzarrean Alderdi modura, beste erabaki bat hartuko genukeen, jakina. Baina gure itxaropena etorkizun hurbilean bakegintzarako prozesua formalki hasiko dela denez, eta ETAren biktimen egoera kontuan hartuta, uste dut erabaki posible bakarra, ponentzia honetan ETA, GAL, BVE eta banda armatuen biktimak soilik sartzea dela, hasieratik planteatu zen bezala. Posible bakarra eta zentzuzkoena, baldin eta bakegintza prozesu hau mamitzeko beharrezkoak diren zume guztiak josiko baditugu, behintzat. Prest gaude, eta hala egingo dugu, bizitako sumina arintzen eta, aldi berean, bakegintza prozesu baterako testuinguruak errazten lagunduko duten beste gai batzuk hizpide hartu eta jorratzeko beste ponentzia batzuk sortzeko. Baina Ponentzia honetan ezin da halakorik egin, bai, ordea, Giza Eskubideen Batzordean. Saiatu ginen alderdi guztiak Ponentzian egon zitezen eta, horretarako, GALek eta eskuin muturrak eragindako biktimak ere sartu genituen Terrorismoaren Biktimekiko Elkartasun Legean eta Audientzia Nazionaleko epaietan oinarritutako legebiltzarraren akordioa bera jasoz. Baina ez zen posible izan. Uste dut ezker abertzale horren mundua bere estrategian murgilduta dagoela. Egoera baten biktima modura agertu beharrean harrapatuta, beste inoiz baino gehiago. Eta Biktimen Ponentzian ez egoteko erabakia aurretiaz hartua zuten, sartzeko aukera eta eskubidea izan arren.- Hemen bakoitzak bere bazekin eta bere gorroto historikoekin –komatxo artean- eta egon den trintxerekin jokatzen du. Gero, pribatuan, aitortu zuten sartzeak EAJri beste garaipen bat emango ziotela, eta une hauetan ez zeudela horretako prest. Berriro esango dut, ezker abertzale horretako mundua egoera baten biktima modura agertzeko estrategia bat garatzen ari da. Lainoak argiuneak iragartzen Badago ETAren adierazi gabeko su etenik? 29 hilabete inor hil gabe. 38 atentatu izan dira, lehergailuekin, eta 90 zauritu eragin dituzte. Egoera hori, hein batean, Gobernu Espainiarrak, Alderdi Sozialistak, ETAk eta Batasunak, beraien adierazpenetatik ondoriozta daitekeenez, hilabetetan bideratzen ari diren negoziazio prozesu baten emaitza da. Susma litekeen esan gabeko sueten horri, jada orain, ETAri geratzen zaion aukera bakarra eta ezinbestekoa batzen zaio, borroka armatuarekin eta indarkeriazko ekintzekin jarraitzeari uko egiten diola –esplizituki-edo- dioen komunikatua argitara eman behar du. Batzuek, eta ezker abertzale horren munduaren barruan ere esaten dute-, atzerabiderik gabeko urratsa izango dela diote. Zalantzan jartzen ditut atzerabiderik gabeko erabakiak, baina ingurumariak ez, ordea, zeren denok baitakigu beste garai batzuetan hartutako erabakiak itzulikatu direla, azalpen handirik gabe. Eta behin kaputxa zuriekin amaiera iragartzen agertu zirenek, ez zuten handik denbora batera berriro kaputxa beltza janzteko zalantza handirik izan. Itxaropentsu nago, hala ere. Halako erabaki garrantzitsu guztietan, beste faktore batzuk ere sartzen dira jokoan, hala nola, alde bakoitzaren beharra bera, edo baita interes politiko, elektoral eta pertsonal jakin batzuk ere. Egon badaude, bai. Baina egia ere bada horrek guztiak –eta hala egiaztatu dugu alde guztiekin bilera asko eta asko egin ostean- azkenean borondatea, beharra edo bien nahasketa bat dagoela esan nahi duela. Denetik pixka bat egon da, eta oraindik ere badago. Ziur nago beharrik izan ezean aurrera egitea izugarri zaila izango litzatekeela. Eta askoz ere errazagoa da baterapen puntuak aurkitzea akordioetara iristeko borondaterik edota beharrik dagoenean. Eta alderdi bakoitzarentzat ere askoz ere errazagoa da bere proposamenetan besteei heldulekuak eskaintzen saiatzea. Anoetako adierazpenak bazuen eta badauka nondik heldu, Gobernuko Presidentearen adierazpenek ere, baita Rodriguez Zapaterok bultzatuta Kongresuak hartutako akordioak berak ere, eta “Elkarbizitzarako bake bideak – EAJ-PNVren ekimena” gure dokumentuak, EAJ-PNVr berak ere badauzka. Itxaropen hau sendotuko lukeen beste elementu bat da, aukera berriko une honetan, irtenbidea prozesuari babesa emango dion akordio politiko zabalaren eskutik baino etorriko ez delako ziurtasuna. Akordio horretan, gutxienez eta abiapuntu modura, hasteko ezker abertzale hori, Espainiako Gobernua eta Eusko Alderdi Jeltzalea egongo ginateke. Horrela, guk diogu bakeak ez duela prezio politikorik izan behar baina politikak –eta horretan formazio politiko guztiek egon beharko dugu- asko egin dezakeela bakegintza prozesu baten eta bakearen alde. Badago beste faktore bat, bakegintzako aurre-prozesuko egoeran eragina izan duena, ezbairik gabe, eta izaten segituko duena, jakina, eta da IRAk borroka armatua behin betiko uzteko hartu duen erabakia. ETAk eta ezker abertzaleak prozesu irlandar osoa eredu edo adibide modura ipini dute beti. Beste faktore batzuk ere sar genitzake, hala nola, ETAk jomugatzat dituen kolektibo jakin batzuen gainean hartutako erabakiak, ETAren eta etakideen premia bera, edo ezker abertzaleko kideena. Edo Gobernu Espainiarraren beharra .... Badira kontuan hartu beharreko alderdi gehiago, eta hiru baino ez ditut aipatuko, zuek guztiok gogoan izango dituzuenak, ziur, baina, besterik ez bada ere, gogoeta honen zirkulua ixteko baliatuko ditudanak: 1) Ez dakit aurreko guztia baino garrantzitsuagoa den ala ez, baina hogeita bost urte hauetan gizartea ikaragarri aldatu da, bilakatu da. Indarkeriaz gora-goraka egindako gizartea gara, Ezker Abertzalearen beraren gero eta zati kualifikatuagoa ere bat datorren gogoeta ere bada, ziur nago. Eta, adibide modura, nik ez dakit zuek zelan ikusiko duzuen, baina Euskadin, oso sektore eta hedabide jakinetan ezik, 18/98 makro-epaiketa delako hori –burugabekeria ikaragarria, nire ustez-, oharkabean igarotzen ari da. 2) Irailaren 11koa bezalako atentatuek eragindako ondorea, Europan polizien arteko lankidetza biderkatuz gehitzea lortu zuena. 3) Ezker abertzaleak berak isla dezakeen errealitatea bera, ikusten baitu, eta hala egiaztatu ahal izan du, indarkeriarik ez dagoenean hauteskundeetako emaitzetan gorakada handiak izaten dituztela. Eta ez dakit non sartuko nukeen, ez itun antiterrorista, Alderdien Legea baizik; nire ustez, batetik, ezker abertzaleari antolatzeko zailtasunak ekarri dizkion bezala, bestetik, beraientzat gizarte eta politika mailan oso sinesgarritasun gutxi zeukaten unean, gizartearen aurrean egoera baten biktima modura agertzeko indarra eman die. Honetatik guztitik, ondoriozta daitekeena da hurrengo urratsa ETAk eman behar duela. Eta ETAren balizko komunikatua oso ondo neurtu eta aztertua izan beharko dela baldin eta Rodriguez Zapaterok aurrera egin dezan nahi badute. Baina ETAk ere ondo bermatuta eduki behar dituela Gobernuaren ondorengo urratsak, gainerako aldeek –PPk ezik- ontzat joko duten komunikatua ateratzeko orduan, eta horretarako, komeniko litzateke zenbait balorazio aurretiaz uztartzea. Azkenik, gu ere jorratzen ari garen faktore garrantzitsu modura- guk diot, guztiz logikoa bailitzateke ETAren eta Estatuko gobernuaren arteko harreman esparru batean, gai hau jada mahai gainean egotea- gehituko nuke prozesuaren hasierak, eta prozesuak berak, nazioarteko estaldura edo babesa beharko luketela, Espainiako Gobernuko Presidenteak abal modura eutsi ahal izateko, Alderdi Popularrarak aurka gogor egingo balio, baita ezker abertzaleak berak ere bide beretik joko balu ere. Guk, bitartean, lanean segitu behar dugu denok espero dugun garai berri hau lehenbailehen irits dadin eta, gainera, prozesua ahalik eta modurik onenean gara dadin bitartekoak izan ditzagun. Gogoeta Eta hau bizitzen ari garen prozesua sostengatu behar duten oinetako bat baino ez da. Bestea, bizikidetza politikoa helburu duena, normalizazio politikoarena da, bakegintza bera baino korapilatsuagoa baita, nire ustez. Denok –Batasunak, Alderdi Sozialistak eta, jakina, EAJk ere- bakegintzaz bestelako mahai bat eratu behar dela eskatu dugu. Baina garbi daukat biak, noiz edo noiz, batzera kondenatuta daudela. Eta ETAk berak eta ezker abertzale horrek ere beste inork baino premia handiagoa daukate mahai hori osatzeko, beren munduaren aurrean egin litzaketen urratsak zuritzen lagunduko baitie. Nik uste dut –eta aurretiazko gogoeta modura- Rodriguez Zapateroren PSOE –orain arte behintzat- sinistuta zegoela bakea lortzea normalizazio politikoa bera iristea, hau da, zelan txertatu Euskadi Estatuan argitzea baino errazagoa izango zela. Zeren hemen, beste gauza askoren artean, egiturazko akordio politikoez hitz egiten ari gara, eta hori... hori beste kontu bat da. Orain oso egun gutxi, Bilboko erdiguneko jatetxe batean, PSEko kide ezagun batek ozenki zioen, Euskadin bakea lortzea errazagoa izango zela Kataluniako Estatutak Gobernuari sortu dion arazoa konpontzea baino. Hala balitz! Denborei dagokienez, nik uste dut egitate hauek guztiek oso azkar zihoala zirudien prozesua moteldu dutela. Igurikapen gehiegi sortuak ziren prozesuaren gainean. EAJk halakoetan beti kontuz joateko esan izan du, kontuz baina erabakitasunez. Politikak bakea lortzen lagun dezake EAJren ekimena EAJk ere bere/gure ekimena aurkeztu du –uste dut badaukazuela-. EBBk aho batez onartu du proposamena, eta normalizazio prozesuan ekintza politikoari heltzeko eta katalizatzeko nahikoa helduleku eta zume dakar, gainera. Zuek guztiok irakurtzeko aukera izan duzue. Behin betiko idazketak eztabaida eta gogoeta saioetan dedikazio zintzoa eskatu digu, baiesten dizuet. Ez genuen Euzko Alderdi Jeltzale modura zer nahi dugun eta zer gurari daukagun hizpide hartuta ponentzia politikorik egiteko asmorik. Hori, Alderdi barruko beste ildo batzuetara bideratu ez eze, askoz ere errazagoa izango zen. Arriskatu gara, eta proposamen zintzoa, benetakoa eta, halatan, arriskuduna atontzen ahalegindu gara. Herri honetako sentsibilitate politikorik gehienak eztabaidatzeko borondatez mahai baten inguruan esertzera eraman lezakeen proposamena idazten saiatu gara. Hormak altxatzea elkarrizketa bideak ebakitzea baino askoz ere errazagoa da. Aitortu behar dut pozik gaudela. PPk ezik, gainerako indar politikoek ez dute txarto hartu. Gure apostua alderdi politikoen artean oinarrizko adostasuna lortu eta hortik euskal gizarteak berretsiko duen akordioa gauzatu behar dugula da. Nolanahi ere, Gernikako Estatutuak baino babes handiagoa beharko duen akordioa izan behar du. Euzko Alderdi Jeltzalearentzat, euskal gizartearen erabakitzeko eskubidearen aipamen garbia izan behar duen akordioa. Gure dokumentuan indarkeriaren elkarrizketa bidezko amaieraren eta auzi politikoarentzako irtenbide bidezko eta demokratikoaren alde ageri gara. Guk uste dut konponbiderako elkarrizketa indarkeriaren amaieran ondorioa izango dela, eta euskal herritarrok erabakitzen dugunaren errespetua eta ETAk egin nahi duen zelataritza edo beste inolako mehatxu ez direla bateragarriak. Herri honetako sentsibilitate politiko desberdinek partekatzeko moduko ituna iristeko konpromisoa hartu dugu, konpromiso bikoitzean oinarrituta: ez da orain indarrean daudenak baino onespen txikiagoko akordiorik inposatuko, eta ez da orain indarrean daudenak baino onespen handiagoko akordiorik eragotziko. Eta lehen islatu den moduan, bi mahai desberdin era daitezen beharretik abiatuta. Batean bakeaz hitz egingo da, eta bestean normalizazio politikoaz. Aurreko gogoetaren batean iradoki dut, nolabait, guretzat, prozesu hau guztia hasiko bada, ezinbestekoa da ETAk “armak utzi izana” edo, bestela, ezker abertzaleak horren aldeko iritzia plazaratu izana. Mahaitik kanpo, kanpoan geratzea erabaki dutenak baino ez lirateke geratuko. Guk mahai horretara, abiapuntu modura, Estatu Politiko Berriaren proposamenean jasotako oinarrizko printzipioak eramango ditugu, hala nola, Euskal Herria subjektu politikoa dela, erabakitzeko eskubidea izan eta baliatzeko aukera izan dezagun, lurraldetasuna, estatuarekiko harreman esparrua, eta ituna konpromiso modura. Baita kontsulta bat egitea ere, ahaleginetan urri ibiliko ez garen prozesu baten ondorioz. Horixe da gure dokumentuan –ETAk borroka armatua utzi dezan gain- jartzen dugun eskakizun bakarra, herritarri kontsulta egitea. Testuan, eta hitzez hitz irakurriko dut, hauxe dio: “Kontsulta demokratiko batek hainbat baldintza bete behar ditu, garrantzitsuena, indarkeriarik ez izatea da. Kargu hartzeko bere hitzaldian, Lehendakariak espresuki adierazi zuen: “Normalizazio Politikorako eta Elkarbizitzarako akordiorik iristen badugu, baimena eskatuko diot Eusko Legebiltzarrari, indarkeriarik bako eszenatokian eta inor baztertu barik, euskal gizarteari kontsulta bat egiteko, iritsitako Akordio Politikoa berresteko.” Eta erantsi zuen: “legebiltzarraren baimen horrek, itunpean, kontsultarekin berarekin lotutako ezaugarri desberdinak jasoko ditu, hala nola, indarkeriarik ezaren eta bazterketarik ezaren baldintzen berrespena, emaitzak onartzeko ezarritako printzipio demokratikoak, eta negoziatu eta antolamendu juridikoan txertatzea ahalbidetzeko prozedura.” Kontsulta burutzeko baldintzak ere ituntzeak integratzailea izango dela, emaitza ona izango duela eta ondorengo negoziazioan bideragarria izango dela ziurtatzen du. Geure egiten dugu, orobat, Eginoko mahaiaren proposamena: “akordiorik balego, herri kontsultako (lege) honek kontsulten deialdiak eta galderen formulazioa zelan egin zehaztuko luke, baita deialdirako eta, Autonomia Erkidegoaren kasuan, zenbaketa orokorrean zein lurraldez lurraldekoetan, eta partaidetza indizearen arabera, baiezko ala ezezkotzat jotzeko zer-nolako gehiengoak beharko liratekeen ere. Joko politikorako oinarrizko araua izanik, bat gatoz lege hau gehiengo kualifikatuak onetsi beharko lukeelako borondatearekin, gehiengo plurala izatea litzatekeelarik onena, bai Eusko Legebiltzarrean bai Nafarroako Parlamentuan bi tradizio politiko nagusien artean balizko boto banaketa gaindituz. Ez naiz gehiago luzatuko, izango dugulako astirik gero ere ondo kudeatzeko gai bagara, zeruan lehenago aipatu dugun argiune hori ireki denez, gure historian puntu eta apartekoa betiko jarriko duen uneaz aritzeko. Ondorioa Nolanahi ere, atsekabetuta nagoela adierazi nahi dizuet –eta horretan denok gara pixka bat errudun- Euskadiren etorkizuna ETAren suetenik dagoen ala ez, edo bakegintza prozesua hasiko den ala ez mende jartzen dugulako. Nik uste dut pertzepzio hori gizartera zabaltzen ari garela, eta hori ez da ona. Guk gizarteari ikusarazi behar diogu, bakegintza prozesurik egon zein ez, gure gizarte honek baduela etorkizunik. Eta gure garapena ez dagoela jokoan. Funtsean, administrazioaren lana da hori, baina agian ez gara hori ikusarazteko gai izaten ari. Zeren Euskadin gauza asko egiten ari baitira eta ez ditu, zoritxarrez gure esku ez dagoen gauza batek baldintzatuko. Jakina, nire berbaldian diskreziorik handienean gorde behar diren hainbat gauza isildu ditut, baina egon zaitezte ziur azalpen hau zintzotasunetik, eta alderdi modura bake hori posible izan dadin ahalegindu behar dugulako ziurtasunetik egin dudala... eta bakea denon eskubide den neurrian,egin dezagun, hemen gaudenok ere, ahal dugun guztia, egun gurari duguna lehenbailehen gauza eta goza dezagun! Eskerrik asko!
Gure Egileak
-
Andoni Ortuzar
-
Iñigo Urkullu
-
Juan Mari Aburto