Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Agiriak

rss Ezagutzera eman

Hitzaldia


BIZKAIKO AHALDUN NAGUSIAREN INBESTIDURA

PROGRAMA HITZALDIA
GERNIKAN, 2011-6-28AN


1.- GARAI BERRIAK. BAKERAKO BEHIN BETIKO AUKERA.

 
Joan den maiatzaren 22an, Bizkaiko herritarrak hautestontzietara hurbildu ziren, une horretatik aurrera beren ordezkari legitimo izango zirenengan –izango ginenongan– konfiantza jartzera. Aspaldi ez zela sentsibilitate eta antolamendu politikoen multzoa, osorik, herriaren borondatearen erreferendum pean jarri.
 
Iraganean ordezkaritza demokratiko mutilatua zergatik bizi izan zen kalifikatzeko edota baloratzeko unea ez dela uste dut. Bakarrik esan une historiko mingarria, traumatikoa eta zaila izan zela, eta nahiago nukeela berriro ere inoiz ez errepikatzea. Eta inoiz ez esan dut, izan ere, horrek esan nahiko du herrialde honek izugarrikeriako, bizikidetza defiziteko eta desadostasuneko orrialde bat gainditu duela. Orrialde horrek oroimenean geratu behar du, berriro errepika ezin daitekeen lekukotza iragangaitz bezala.
 
Aniztasuna bai, baina zaurgarria oraindik ere.
 
Bizkaiko Ahaldun Nagusi izateko hautagai hau, eta baita ordezkatzen duen Eusko Alderdi Jeltzalea ere, beti egon da aniztasunaren ondoan. Giza eskubideen errespetutik eratorritako aniztasunaren ondoan, ordea.
 
Pertsonek dituzten bizi eskubidea eta pentsamendu, adierazpen, antolamendu eta hautapen askatasuneko eskubideak politikaren aurretik geratzen diren printzipioak dira, edozein ideologi edo alderdi iritziren aurretik hain zuzen.
 
Herritarrak baino lehen pertsonak gara, eta bizitzeko eskubidea, gure kabuz pentsatzekoa, edozein iritzi politiko edo filosofikoren gainetik dago.
 
Oinarrizko printzipio hori, alegia, gizakion espeziea gainerako piztietatik bereizten duena, zalantzan jarri izan da Euskadin azken hamarkadetan. Indarkeria, xantaia, beldurra erabili izan dira interes politikoak eskuratzeko formula bezala, eta horrek azkenaldiko gure historiari enbarazu egin dio. Horrez gain, biktimekin, gorrotoarekin eta ezinikusiarekin ere erein du itxaropenerako eta bakerako aukera bat merezi duen herrialde txiki honetako bizikidetza.
 
Bakearen mesede gorena lortzeko bidean, hainbatetan egin ditugu asmo oneko urratsak, astintzen gintuen indarkeriako eta tolerantzia ezeko oztopo hau gainditzeko.
 
Behar izan den guztietan eskua luzatu dugu; beste hainbatetan, berriz, gure keinua –demokrazian sinetsi dugun guztiona– errefusatu egin dute keinu horretan enkistatutako estrategia batetik irteteko heldulekua ikusi ordez ahultasun aukera bat ikusi dutenen mugimendu taktikoek.
 
Baina denborak, euskal gizarteak eta baita Europa mailako nazioarteko ordenamendu juridikoak ere bidea oso ongi mugaturik zuten: ez dago bide politikorik indarkeria gaitzetsi ezean. Ez dago estrategia politiko-militar onargarririk, ez dago lege babesik indarkeriak edo indarkeriaren sustatzaileek tutoretzapean duten horrentzat.
 
Esfortzu handia egin dugu Ezker Abertzalea deritzon hori ETAren tutoretzapetik askatzeko. Modu batera edo bestera saiatu gara horretan, baina, azkenean, ikusi dugu Ezker Abertzalea bera izan behar zela borroka armatu kaltegarri, hondatzaile, jasangaitz horretatik emantzipatzen zena, hain zuzen ere herrialde hau odolusten ari zen baina, aldi berean, eremu zibilak ostrazismora eta marjinalitatera eramaten ari zen horretatik emantzipatzen zena. Ezker Abertzale politikoa bakarrik emantzipa zitekeen ETAtik. Bere bidea egin, eta gainditzeko hainbat urte eskatuko dizkigun drama batean herrialdea murgildu duen estrategia baten pertsiana jaitsi.
 
Orain dela urte batzuk hasi ginen ikusten bide zibil eta demokratiko horrek Ezker Abertzalean tokia eta txanda aurki zitzakeela erakusten zuten aztarna nabarmenak. Urrats eta adierazpen txikiek, Gernikakoak bezala, une hori iritsi izanaren itxaropena edukitzea eragin digute.
 
Eusko Alderdi Jeltzaleak bere esku zegoen guztia egin du emantzipazio nahi horrek behar besteko ongarri topa zezan ernetzeko. Benetako denboraren alde egin dugu, barruko eztabaidaren amaierak ekimen politiko berria egonkor zezan eta, hogeita hamar urte geroago, alderdi baten bide demokratikoa bidera zezan, ETAren izatetik aparte.
 
Euskadiren etorkizunean sinesten dugulako egin dugu. Bidean ehunka biktima utzi dituen zentzugabekeria bati amaiera ematen lagundu nahi dugulako. Herrialde hau gehiegi maite dugulako bere etorkizunaz ez arduratzeko.
 
Asko arriskatu dugu, ez dut zalantzan jartzen, baina bakearekin eta bizikidetzarekin lortzea espero dugun onurak orekatu egiten du alderdi politiko bezala ordaindu beharreko edozein prezio politiko.
 
Hautestontzietan neurtutako alderdi politikoa Sortu izana gustatuko zitzaigukeen. Guztia iritsiko da, ez dut inolako zalantzarik. Bildu izan da, alegia, Ezker Abertzaleak, EAk eta Alternatibak eratutako koalizioa, hautesleen konfiantza eskuratu duena. Eta emaitzak adierazgarriak dira. Gaur egun, Bildu da Bizkaiko bigarren indar politikoa, eta arrakasta horrek agian ez die bere ordezkariei aurrean duten erronka ikusteko aukera ematen.
 
Lehen mailako erronka bat. Ez herritar bizkaitarrei, ez bere hautesleei, huts ez egitea, lehenengoei ETAren erabateko desaktibatzea espero dutelako eta bigarrenei, adierazpen erako errebindikazioetatik harago, Nazioa, Herrialdea eraikitzeko gai izatearen konfiantza dutelako. Baina egiatan.
 
Guztiok diogu garai berri bat hasten ari dela. Hala izatea nahi dugu. Bakoitzak bere erantzukizunak eta ekintza politika edukita. Batzuk erabakietan lagun izanez eta horiek erraztuz, eta, beste batzuk, urrats berriak emanez.
 
Bilduko eta Ezker Abertzaleko jaun-andreok: hauteskundeetan eduki duzuen arrakastak legitimo bihurtu behar zaituztete ETAri behin betiko amaiera exijitzeko eta indarkeria terroristako berrogeita hamar urte amai daitezen. Itxi jarduera hori. Guztion artean, “Bakea behar dugu – Necesitamos paz” dioen aldarrikapen publikoa kendu behar dugu Foru Jauregiko balkoitik. Elkarrekin, adiskidetasuneko garai berri hori jartzeko gonbitea luzatzen dizuet. Bertan, sufrimenduzko iraganaren trauma eta ondorio guztiak gainditu ahal izango ditugu. Itxi dezagun sufrimendua sozializatu egin behar zela zioen orrialdea, itxaropena sozializatuko duen beste orrialde berri bat irekitzeko. Bide horretan, ziurrenik, bidaia-lagun gehiago topatuko dituzue, eta baita Ganbera honetako kide gehienak ere.
 
Itxi ezazue ETAren orrialdea, guztiok zer ikasteko edukiko dugun esperientzia berri bati ekiteko.
 
Bakean bizitzeak ez du bakarrik esan nahi indarkeriaren praktika desagertzea. Etsai politikoa aitortzen ikasi beharko duzue, ikasi beharko dugu, hura aintzakotzat hartzen, haren proposamenak baloratzen, haren tokian jartzen, hura ulertzeko eta haren bizi ikuspegia konprenitzeko. Ohora dezagun biktimen memoria, biktima guztiena. Sina dezagun adiskidetzeko eremu bat. Eta baina gaitezen elkarrekin errealitatearen urmaelean.
 
Herrialde honek lehen mailako arazoak ditu, eta horiek jorratzea errazagoa izango da aldez aurretik ezberdin pentsatzen duen horrekiko gorrotoa edo indarkeriaren erabilera baztertzen badugu.
 
Ez iezaguzue berriro huts egin, eta egin herrialde honek bakean, askatasunean, hazi ahal izatea. Hazi, hobeki bizitzeko, garai berri hori posible egin zuten horiez harro egongo den gizartea eraikitzeko.
 
Konbentzitu gaitzazue garai berri hori posible dela. Zuen esku dago. Zuek duzue giltza, eta guk lagun egingo dizuegu. Ez izan zalantzarik.
 
Gure Euskal Aberriak aztoramen ugari jasan ditu, eta horiek egungo eta iraganeko belaunaldiak markatu ditu. Uste dut bidezkoa dela Memoria Historikoa berreskuratzeko eta indarkeria mota guztien biktima guztiak duin bihurtzeko dauden ekimen guztiak babestea. Konbentzituta nago adierazitako hori antidoto ona dela etorkizuneko belaunaldiek beren iraganari buruz gorrotorik eta mendeku goserik gabe ikas dezaten. Adiskidetzeaz hitz egiteak merezi du.
 
 
2.- BIZKAIAREN ETA EUSKADIREN ABAGUNEA: ABAGUNE ZAILA
 
 - Bizkaiaren egoera ekonomikoa 2011n.
 
2010eko ekitaldian nagusi izandako ezegonkortasun atmosfera gaindituta, finantza baldintzetan izandako hobekuntza arinak mundu mailako eskaria lehengoratzearen alde egin du.
 
Hala ere, langabezia maila altuek, higiezinen krisiak eta kredituak eskuratzeko zailtasunak dira ekonomia aurreratuen zabalkundea mugatzen duten galgetako batzuk. Horri erantsi egin behar zaio, gainera, gastu publikoaren uzkurdura, finkapen fiskalaren ondotik.
 
Estatu Batuetako ekonomiak BPGaren % 1,7ko hazkundea mantentzen duen bitartean eta ekonomia asiarrak % 9,7 hazten diren bitartean, badirudi ekonomia europarrak nolabaiteko dinamismoa azaldu duela urte arteko % 2,5 haztean, nagusiki ekonomia alemaniarrak garatu duen bultzadari esker.
 
Ekonomia espainiarra atzeen geratu diren ekonomia europarretako bat da, eta urte arteko kopuruetan % 0,8 hazi da. Familien, enpresen eta administrazioen zorpetze handia, langabezia maila altua eta finkapen fiskalak eskatutako gastu publikoaren murrizketa –Batasuneko agintariek exijitutakoa– dira epe laburrean barruko kontsumo eskaria osatzea geldiarazten duten faktoreak.
 
Gainera, onetsi berri den lan erreformaren zaurgarritasunak nahiz ezartzeko dauden gainerako egitura erreformen mantsotasunak (finantza sistema, energia merkatuak, eta abar) galgatu egiten dute inbertsioa berriro aktibatzea, eta epe labur eta ertainean lehengoratzeko baldintzak iluntzen dituzte. Halaber, ekonomia espainiarraren konfiantza-irudia hondatzen dute.
 
Egoera horrek eragin egiten du ekonomia espainiarrak edukiko duen ibilbideari buruzko kezkak berean jarraikitzea, bai datozen hilabeteetan, bai epe ertainera. Finantza merkatuetan zor subiranoaren gaineko presio berriak ere espero dira.
 
 
Lehengoratze ekonomiko mantsoa
 
Euskadiko ekonomiak oso mantso aktibatu du bere lehengoratzea 2011ko lehen hiruhilekoan, eta, bere hazkunde erritmoa oso indartsua ez bada ere oraindik, badirudi enplegu hondamena mantsotu egin dela eta langabezia ia egonkorturik dagoela.
 
EUSTATen arabera, Euskadin urteko lehen hiruhilekoan sortutako BPGak urte arteko % 0,9ko hazkundea erregistratu zuen, eta Bizkaian sortutakoak % 1,0koa, hain zuzen ere 2010eko laugarren hiruhilekoan sortutakoa baino bi hamarren gehiago. Aipatutako hazkundea ekitaldiko prezio korronteetan behatuz gero, BPGaren hazkundea % 2,6raino eta % 2,8raino iritsi zen Euskadin eta Bizkaian, hurrenez hurren.
 
Azken hiruhilekoetan ohikoa den moduan, eskariaren aldetik gertaera azpimarragarriena kanpoko sektorearen portaera ona izan da. Esportazioak % 31,6 hazi ziren lehen hiruhilekoan Euskadin eta % 30, aldiz, Bizkaian.
 
Kanpoko eskaria da industrian nolabaiteko ekoizpen erritmoa eusten ari dena, eta horrek aukera eman du enplegu suntsipena neurri handi batean mantsotzeko, izan ere, hirugarren sektoreko beste jarduera batzuetan bultzada-efektua eragin da.
 
Amaierako kontsumoan familiek egindako gastua ahultzen joan da, hiruhileko % 0,8ko hazkundearekin, aurreko hiruhilekoko % 1,2ren aldean. Inbertsioak, oraindik, tasa negatiboak ageri ditu urte arteko kopuruetan (% -1,8), nahiz eta hiruhileko kopuruetan erorketa arindu egin den eta hazkunderik eza azaldu den.
 
Gauzak horrela, 2011ko lehen hiruhilekoan zehar, bai industriako jarduerek, bai merkatuko zerbitzuetakoek ekoizpen jardueraren motor izaten jarraitu dute, % 3ko eta % 1eko urte arteko hazkundeekin hurrenez hurren.
 
Testuinguru horretan, EINen Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, langabezia tasa % 11,6ko portzentajean kokatu da 2011ko lehen hiruhilekoan Euskadin, eta % 13,3n, aldiz, Bizkaian. Kopuru horiek 2007an, hurrenez hurren, erdietsitako % 6,1eko eta % 7,2ko maila baxuenen aldean ia bikoitza dira. Inkesta berdinak % 21,3ko langabezia tasa erakusten du ekonomia espainiarrarentzat, 2007an lortutako % 8,3ko balioaren aldean ehuneko 12 puntu altuagoa. EUSTATen BJArentzat, langabezia tasa % 10,7n kokatzen da Euskadin eta % 12,2n Bizkaian.
 
 
 
Hazkunde eta enplegu aurreikuspenak

Euskadirentzat nahiz Bizkaiarentzat, gure esportazioek BPGn duten pisua ikusita (2009an Europar Batasunera eta munduko gainerako tokietara egindako esportazioak BPGaren % 26,3koak izan ziren eta Estatura egindakoak sortutako Balio Erantsi Gordinaren % 27,6koak), espero da ekoizpenaren aldetiko lehengoratzea kanpoko eskarian oinarriturikoa izatea neurri handi batean. Aitzitik, ezin espero daiteke munduko gainerako tokietara egindako salmentek barne eskariaren monotonia orekatuko dutenik.
Noski, barne eskaria eta, batez ere, inbertsioa biziberritzea baldintzaturik daude finantza merkatuen eta kreditu fluxuen egonkortasunarekin nahiz enpresari eta kontsumitzaileentzako itxaropenen hobekuntzarekin. Egiteko dauden egitura erreformak, interes tasak ziurrenik areagotzea eta Estatuan hauteskunde garaia hurbil egotea dira, besteak beste, gure ekonomiaren etorkizuneko aurreikuspenetan eragin negatiboa duten faktoreak.
 
Testuinguru horretan, NDFk % 4,4ko hazkunde pronostikoa egin du mundu mailako ekonomiarentzat 2011n; tasa hori, ordea, % 1,6ko kopuruan kokatzen da Europar Batasunean. Espainiarentzat % 0,8ko hazkundea iragarri du, eta 2012an % 1,6ra iritsi daitekeela adierazi.
 
Euskal ekonomiari eta Bizkaiko ekonomiari dagokienez, 2011rako aurreikuspenek % 1,2ren inguruan kokatzen dute gure hazkundea, eta 2012rako aurreikuspenek % 2,0ko hazkunde nominalak iragartzen dituzte.
 
Datu hauek ondorio bat erakusten dute: hazkunde horiekin nekez murriztu ahal izango dira egungo langabezia tasak modu adierazgarrian, ez, behinik behin, datozen bi urteetan. Gure itxaropena da gure ekonomiaren lehengoratzea, mundu mailako ekonomiak bultzatuta, indartsuagoa izatea legegintzaldiko bigarren erdian, eta, orduan, enplegua behin betiko berreskuratzea.
 
Une honetan ere, eta gure lehengoratze ekonomikorako, beharrezkoa da Espainiako Erresuman egoera ekonomikoa zein den aintzat hartzea. “Espainia markak” kaltetu egiten digu. Gure enpresen irudiari kalte egiten dio, finantza merkatuetan sartzea zailtzen eta garestitzen dio, bai sektore publikoari, bai pribatuari. Merkatu espainiarra arazo bat da egun, bezeroak bertan zituztenentzat. Ekonomia espainiarraren muturreko ahultasunak are gehiago behartzen gaitu kanpoko merkatuaren aldeko apustu irmoagoa egitera.
 
 
 
3.- AURREKONTU POLITIKA: EGONKORTASUNA ETA DOITASUNA
 
Oraindik jasaten gabiltzan krisi globaleko egoerak eragina du Herri Administrazioengan, gizarteko beste eremu batzuengan bezalaxe, eta horrek, ondorioz, beren aurrekontu eta finantzen kaltea dakar.
 
Bizkaiko Foru Aldundiak konpromisoa du herritarrekiko gure konpromisoei erantzuteko gastu batzuei aurre egiteko eta, gainera, ekonomia berriro aktibatzen, banatu ahal izateko aberastasuna sortzen eta enplegua ekartzen lagunduko duen agertoki ekonomikoa erraztu behar du.
 
Testuinguru horretan, beharrezkoa da datozen urteetarako aurrekontu agertoki bat finkatzea, eta agertoki horren oinarrian aurrekontu egonkortasunaren helburua edukitzea gardentasun eta eraginkortasun printzipioei helduz baliabide publikoak esleitu eta erabiltzerakoan. Horrela, ezartzen diren lehentasunei estaldura egokia emango zaiela bermatuko da.
 
Doitutako aurrekontuak, egokitzapenekoak, baina bizkaitarren, gure ekoizpen sarearen eta, bereziki, gure adinekoen eta krisiaren kolpe lazgarriena jasaten dabiltzan pertsonen eskaerei aurre egiten dietenak.
 
Bizkaiko Aurrekontuetan Foru Aldundiaren sail guztien gastu programak berraztertuko dira. Horren bitartez, aurrezpen korronte gordina lortu eta sortu nahi da, batetik ekoizpeneko inbertsio publikoa mantentze aldera eta, bestetik, azken ekitaldi ekonomikoetan behar izan den finantzazio eta zorpetze beharra ahal den heinean arintze aldera.
 
 
4. - EGOKITZAPEN POLITIKAK: BEHARREZKOAK ETA ARDURATSUAK
 
Panorama gogor honen aurrean, behar diren egokitzapenei ekiteko asmoa dut, Foru Aldundiaren egitura politikoa nabarmen murriztuz. Horrela, 2009. urtean Sail baten eta Zuzendaritza baten egokitzapen eta murriztapenarekin eta bira mugatutako sozietate ezberdinen fusioarekin hasi nuen bidea jarraituko dut. Bi sozietate horiek azpiegituren eremuko bat eta berrikuntzaren eremuko beste bat izan ziren.
 
Iragarri nahi dizuet, aldundi berria eratzen den unetik bertatik aurrera, bi sail ezabatuko ditugula. Halaber, Sailetako Zuzendaritza Nagusi kopurua murriztu egingo da; ondorioz, 21 Zuzendaritza Nagusi egongo da, lehen 28 zeuden tokian.
 
Aldundiaren mendeko diren erakundeen eremuari dagokionez, egun daudenetatik 2 ezabatzeko asmoa dut, hain zuzen ere Bizkaiko Iraunkortasunerako Institutua eta DEMA Elkartea.
 
Neurri horiez gain, sozietate publikoetako goi zuzendaritzako langile kopurua ere murriztu egingo dugu, beste 5 pertsonatan.
 
Neurri horiek aplikatuta eta aurreko legegintzaldiaren hasieraren (2007an) eta 2011n hasten ari garen berri honen hasieraren artean alderaketa eginez gero egitura politikoaren eta konfiantzazko langileen kopurua ikusteko, murriztapen osoa 26 pertsonakoa izango da.
 
Administrazioaren zerbitzura dauden langileei dagokienez, datozen urteetan langile kopurua izoztuko dugu eta eremu burokratikoan murriztuko. Horrek, dena den, ez die kalterik ekarriko herritarren beharrekin zerikusi zuzena duten funtsezko zerbitzuei, nagusiki erretiroa hartzeagatik edo bestelako arrazoiengatik hutsik geratzen diren plazak amortizatuko direlako.
 
Neurri horien bitartez erronka garrantzitsua gain hartzen da, izan ere, pertsona gutxiagok gauza gehiago egin beharko ditugu. Jabetzen gara horretaz, eta behar dena egiteko prest gaude, etsenpluaren bidez predikatzeko prest gaude. Egokitzapena goitik hasiko dugu.
 
 
 
5. - ZERGA POLITIKA: SERIOA ETA ZORROTZA
 
Teoria Ekonomikoaren definizio klasikoak zioen honakoa hainbat erabilera eduki ditzaketen baliabide eskasak esleitzeko Zientzia dela.
 
Gure kasuan, Aldundiko politika publikoek gastuaren eta diru-sarreraren alde bikoitza dute. Horri esker, ikuspegi globala eduki dezakegu, gure mailakoa, gastu programak diseinatu eta gauzatzeko, izan ere, gastatzeaz gain, biltzea zein zaila den badakigu.
 
Bizkaia da Euskadiren lokomotorra, bai tamainagatik, bai baliabide publiko gordinak sortzeko gaitasunagatik. Horrek erantzukizun bikoitza ematen du, gure baliabideak zaintzeko arduratsu izateko, eta, aldi berean, beste lurraldeekin solidario izateko.
 
Krisiaren ondorioz diru-bilketak erorketa sendoa eduki du, eta zergen presioa areagotzearen, hau da, zergak igotzearen komenigarritasunari buruzko eztabaida oportunista eta epe laburrerako ugari ireki dira, horren bitartez baliabide publikoen jaitsiera orekatu nahi baita.
 
Horri dagokionez, bi gauza besterik ez dut esango, are gehiago orain dela gutxi horri buruzko aipamenak entzun direnean. Diru-bilketan egondako erorketa jarduera ekonomikoaren erorketagatik gertatu da, eta ez zerga tasen jaitsieragatik.
 
 
Bestalde, konbentzituta gaude zerga ezberdinen tasetan hazkunde nominala aplikatzeak ez lukeela epe ertainera diru-bilketa areagotzeko eragin iraunkorrik edukiko, kontrakoa baizik. Etorkizunean politika publikoak finantzatzeko behar besteko diru-sarrera egongo dela bermatzeko gure erronka jarduera ekonomikoa areagotzean eta gure ekoizpen sisteman soberakinak sortzean datza. Hori da gure zerga politiken inspirazioaren gakoa.
 
Beste hausnarketa bat. Ogasuna guztiok gara, baina, horrez gain, Ogasuna ere bada gure Lurraldean soberakin ekonomikoak sortzen dituzten, hau da, aberastasuna sortzen duten horien guztien bazkide.
 
Eta hori guztia kontu publikoak diseinatu eta gauzatzeko zorroztasun eta seriotasunetik ikusi behar da.
 
 
Neurriz gain gastatzeak porrotera darama edonor. Familia baten ekonomia, enpresa batena eta kontu publikoena ere porrotera. Gobernatzea, kudeatzea, lehentasunak finkatzea da. Eskura dauden baliabide ekonomikoak jorratu beharreko presa gehieneko beharrei egokitzea. Erabakiak hartzea da. Baliabide eskasak bestelako erabilerei esleitzea.
 
 
 
Hausnarketa horiek oinarri hartuta, gure zerga politikaren inspirazio izango diren ardatzak hauek izango dira:
 
·   Seriotasuna eta zorroztasuna gure planteamenduetan. Gure egitura ekonomikoak esparru egonkorrak eta fidagarriak behar ditu bere jarduera garatzeko eta erabakiak hartzea errazagoa izateko. Prentsarako titular baten bila zunda-baloi bat bidaltzea ez da gure estiloaren barruan dagoen zerbait.
 
·   Baliabide publikoak areagotzeko gakoa zergen sistema arautzailea aplikatzen den oinarria zabaltzea da, eta ez tasen hazkunde nominala aplikatzea.
 
·  Mailakatua izatea sistemaren funtsezko alderdi da, gizartean errentek banaketa berria edukitzearen beharrezko eraginagatik.
 
 
·   Bizkaia enpresa-inbertsioan konfiantza sortzen duen Lurraldea izatea nahi dugu, erakargarriak izan gaitezen eta lokalizazio galerak saihestu ditzagun.
 
 
·  Zerga iruzurra jazartzea konstante bat da eta izango da gure egitekoan. Errukigabeak izango gara gizartearekiko beren betebeharrak betetzen ez dituzten horiekin.
 
 
6.- BIZKAIAREN INTERESEN BABESA
 
Bizkaiaren interesen babesak konstante bat izaten jarraituko du gure jarreran, gobernuaren ekintzari aurre egiteko garaian. Konpromisoko filosofia orokor hau estrategia eta jarduerak martxan jartzearen bitartez aplikatzen da, erronka zehatzen aurrean.
 
 
Datozen hilabeteetan Bizkaiko finantza erabilgarritasunean eragin erabakigarria edukiko duten bi Legeren berrikuntzari aurre egin behar diogu. Eragina Aldundiak nahiz udalerriek jasango dute. Kupoaren Legea eta Ekarpenen Legea dira horiek.
 
 
Horietako bakoitzak bere negoziazio eta erabaki esparrua ditu. Foru Aldundiak bi kasuetan edukiko duen jarrera gure Lurraldearentzako kokaleku onena defendatzen duena besterik ez da izango, horren bitartez baliabide banaketa ezin hobea edukiko duen etorkizuna bermatzeko.
 
Lurraldeko eskumen eremuen babesa, jarrera iraunkorra izatez gain, gure ordenamendu juridiko-politikotik eratorritako betebehar bat ere bada. Hori dela eta, bereziki zaindariak eta exijenteak izango gara instantzia guztiekin, bai Europa mailakoekin, bai Estatu nahiz autonomia erkidego mailetakoekin, izan ere, Bizkaiko herritarren interesen eta bizi kalitatearen hobekuntzaren defentsarako tresna izango gara.
 
Zuek ongi dakizue. Ez izan zalantzarik. Ahaldun Nagusi honek ahotsa altxatuko du Bizkaiaren interesak zaurtuak izateko arriskuan dauden bakoitzean, asmo hori nork duen gorabehera.
 
 
7. - GURE LEHENTASUNA, ENPLEGUA
 
2011ko maiatzean, Lanbiden 83.329 pertsona zegoen erregistratuta, lanik gabe, Bizkaian. Itxaropenik gabeko egoera da, gizarte larrialdikoa, guztion artean jorratu beharrekoa eta, bakoitzak bere aukeren arabera, arindu beharrekoa.
 
Orain bizi duguna baino egoera askoz ere okerragoetatik irten gara. Birmoldaketak, industriako desertizazioa, % 25erainoko arrapaladako langabeziak. Beti egin izan dugu aurrera. Gaur ere bai. Eta, beti bezala, aurrera egiteko beste modurik ez da, guztiok elkarrekin ez bada.
 
Eta hori gure balioak oinarri hartuta egingo da, gaurko eta biharko Bizkaiaren balioak, alegia, Ezagutza, Teknologia, Berrikuntza.
 
Enplegua talde gisa dugun erronka da. Bizkaiaren erronka.
 
Eta erronka hori gainditzeko lanaz eta esfortzuaz gain ez dago bestelako formularik.
 
Lider izan nahi badugu eta lehengoratze ekonomikoaren buruan egon nahi badugu, gainerakoak baino urrats bat aurrerago ibili behar gara. Eta hori jarduerekin eta proiektuekin bakarrik lor daiteke.
 
Enpleguaren fruitua lortzeko, lehiakortasunaren zuhaitza sustrai osasuntsu, sendo eta sakonen gainean landaturik egon behar da. Gure sektore estrategiko nagusien oinarria diren sustrai irmoak eta aukera gehiago, aberastasun gehiago, enplegu gehiago sortzeko babestu behar diren sustrai berriak.
 
 
Gaur, zuen aurrean, Bizkaiko herritarren ordezkaritza eta enpleguaren aldeko 6 konpromiso hartuko ditut, horien bitartez bizi dugun egoerari aurre egiteko.
 
 
 
1.- Enpleguaren aldeko Lehenengo Konpromisoa:
 
GURE SARE EKONOMIKOA ETA AUTONOMOEN, ETE-EN ETA SEKTORE ESTRATEGIKOEN ALDEKO GURE APUSTUA INDARTZEA
 
Gure lehengoratze ekonomikoaren irmotasuna garen horren gainean eraikiko da nagusiki, dugun horren gainean. Egunero pertsiana jasotzen duen enpresa sare horren gainean.
 
Bizkaia aktibo bat behar dugu. Sektore indartsuak eta ezin hobeki koipeztatutako ETEak dituen Bizkaia bat. Izan ere, pieza txikiek funtzionatzen badute, trakzioa egiten duten motorrek, sektore estrategikoek, alegia, funtzionatu egingo dute ere.
 
Hori dela eta, BIZKAIA AKTIBO hau “behetik gorantz” eraikitzen da, eta hurrengo ekimenak hartzen ditu oinarri:
 
1)    AUTONOMOENTZAKO babesa: inbertsioak egiteko eskatutako kredituen interes tasetan emandako diru-laguntzekin.
 
2)    Lehiakortasun Plana ETEentzat: Bizkaiko ETEen lehiakortasuna hobetzeko programa bat, pertsonetan oinarritutako enpresa kudeaketako metodo berriak sartzeko laguntza zuzenekin, produktu berriak sartzearekin, prozesu berriak garatzearekin eta kanpoko merkatuetara iristearekin.
 
3)    Sektore estrategikoak sustatzea: Lankidetza publiko eta pribatuko aliantza baten bitartez; horrela, Bizkaiko ekonomiaren sektore estrategikoak indartuko dira nazioartekotze, berrikuntza eta enpresa garapeneko gaietan ekimen bateratuak garatuz.
 
 
2.- Enpleguaren aldeko Bigarren Konpromisoa:
 
ENPRESA BERRIEN SORRERA ETA PERTSONA EKINTZAILEAK LAGUNTZEA
 
Bizkaiak aberastasunak eta enplegua sortzeko duen gaitasunak zerikusi zuzena du aukera berriak, enpresa berriak, sustatzeko gure gaitasunarekin.
 
BIZKAIA EKINTZAILE bat nahi dugu. Geroz eta ekintzaile gehiago, orduan eta enplegu gehiago. Hori dela eta, Bizkaiko foru Aldundia ekintzaileekin egongo da beti. Horretarako, autoenplegua, enpresa berritzaile berrien sorrera eta enpresa haztegien sustapena babestuko dira.
 
   
3.- Enpleguaren aldeko Hirugarren Konpromisoa:
 
ETORKIZUNEKO PROIEKTU ETA JARDUERA BERRIEN GARAPENA
 
Arakatu, aurkitu, berritu, hazi, diseinatu, sortu... Bizkaiak jakin du aditz horiek guztiak nola jokatu bere historian zehar.
 
Bizkaia Industriala eraikitzeko gai izan ginen. Bizkaia Industriala zeritzona Bizkaia Teknologiko bat barne hartzeko gai izan da. Hurrengo urratsa Bizkaia Teknologikoak Bizkaia Sortzailea barne hartzea da.
 
Kontua ez da ezeri uko egitea, baizik eta jada baduguna hobetzea. Arrakasta industrian teknologia sartzean datza, eta teknologian sormena barneratzean.
 
Hau da gure erronka berria: “BIZKAIA SORTZAILEA eraikitzea”.
 
Eta helburua Bilbo-Bizkaia nazioarteko erreferentziaren gunean kokatzea da diseinuaren eta sormenaren industrietan. Zentzu horretan, 2014ko Diseinuaren Munduko Hiriburu izateko finalista Bilbo aukeratu izanagatik gure burua zoriondu besterik ezin dugu egin.
 
Helburu horrekin, “Sormenaren plan estrategiko” bat martxan jarriko dugu, ikus-entzunezko industriak, diseinuaren eta modaren industriak, bideojokoen sektorea, hiri birsorkuntzaren industria eta artearekin eta kulturarekin zerikusia duten industriak sustatze aldera.
 
 
4.- Enpleguaren aldeko Laugarren Konpromisoa:
 
GAZTEEN ENPLEGAGARRITASUNA ETA TALENTUA ERAKARTZEN DELA SUSTATZEA
 
Gazteak lan munduan azkar sartu ahal direla eta Bizkaian ibilbide profesionala garatzeko aukera dutela erraztea da gure konpromisoaren lehentasunezko jarduera-ardatzetako bat.
 
Datozen lau urteetako horizontean are gehiago indartu nahi dugu enplegagarritasunaren eta profesionaltasunaren aldeko apustu estrategiko hau. Horretarako garatuko diren ekimen eta proiektu zehatzak dira:
 
 
1.- Gazteen kontratazioa sustatzea: Bizkaiko enpresetan praktika kontratuak sustatzeko pizgarriak indartuko ditugu. Horretarako, 6.000 euro arteko laguntzak emango dira, soldataren eta kontratuaren iraupenaren arabera.
 
2.- Tokiko talentua sustatzea eta bertan geldiaraztea: Garrantzitsuena gure gazteria da. Gure gazteek beren baitan duten talentua bertan gerarazteak esan nahi du aukera gehieneko pertsonak Bizkaiko enpresa, zientzia eta teknologia sarean sartu behar direla.
 
3.- “TALENTIA” nazioarteko sarea: Atzerrian lanean dabiltzan Bizkaiko pertsonekin, nazioarteko erakundeekin eta erakunde instituzionalekin loturak eratzeko sare egonkor bat ezarriko dugu, horren bitartez gure presentzia eta gure enpresena proiektatzeko atzerrian.
 
 
Hau da gure konpromisoa: tokiko talentua sustatzea eta bertan geldiaraztea.
 
 
 
5.- Enpleguaren aldeko Bosgarren Konpromisoa:
 
BILBO-BIZKAIA ALIANTZA ESTRATEGIKOA INDARTZEA, MUNDU OSOAN GURE BURUA PROIEKTATZEKO.
 
Gure merkatua mundua da. Eta gure burua munduan aurkezteko txartel onena Bilbo da. Bilbo da Bizkaiaren bihotza eta Bizkaia da Bilboren motorra.
 
Nazioarteko ospea lortzea, “mundu mailan norbait izatea”, gutxi batzuen esku dago. Nazioarteko kontzertuan hautatua izan denetako bat Bilbo da. Bilbo eta bere ingurunea, hau da, Bizkaia. Bizkaia eta bere bihotza, hau da, Bilbo.
 
Elkarrekin, munduan dugun kokalekua indartu dezakegu. Hau da etorkizuneko apustua. “BILBO-BIZKAIA” aliantza estrategiko irabazlea da.
 
Gure leihoak munduari irekiko dizkiogu, ikasteko, ezagutzeko, esperientziak partekatzeko, harremanak eratzeko, saltzeko eta... erakartzeko.
 
Inbertsioak erakarri nahi ditugu, turismoa erakarri, proiektuak erakarri, talentua erakarri.
 
 
 
6.- Enpleguaren aldeko Seigarren Konpromisoa:
 
BERRIKUNTZA SUSTATZEA ETORKIZUNEKO APUSTU BEZALA.
 
 
Herrialdeko helburu gisa, berrikuntzaren alorrean Europa mailako erreferente izatea jarri dugu. Eta ez erreferente “bat” izatea, baizik eta “erreferenteA” izatea.
 
Ongi aukeratu behar dugu, eta onenak izan sektore eta jarduera estrategikoetan. Horixe egin dugu AICrekin eta automozioaren sektorearekin. Horixe egin dugu Biscaytikekin ezagutzaren teknologien sektorean.
Herrialde txiki bat gara mundu globalizatu batean. Ezin gara guztiekin guztian lehiatu. Bizirauteko eta etorkizuneko gure erronkarako beharrezkoa da onenekin egotea egiten dugun horretan. Beharrezkoa da gorentasuna lortzea.
 
 
Labur adieraztearren, horiek dira gure egungo eta etorkizuneko apustuak egungo enplegua irmotzeko eta kualifikazio altuko lanpostu berriak sortzeko.
 
 Jarraian laburbilduko ditudan sei konpromiso:
 
 
1. - Gure sare ekonomikoa eta autonomoen, ETEen eta sektore estrategikoen aldeko gure apustua indartzea.
 
2.- Enpresa berriak sortzen direla eta pertsona ekintzaileak babestea.      
 
3.- Proiektu berrien eta etorkizuneko jardueren garapena.
 
4.- Gazteriaren enplegagarritasuna sustatzea eta talentua erakartzea.
 
5.- Bilbo-Bizkaia aliantza estrategikoa irmotzea, munduan gure burua proiektatze aldera.
 
Eta 6.- Berrikuntza eta nazioartekotzea sustatzea, etorkizuneko apustu modura.
 
 
 
Enpleguaren aldeko akordioaren unea da. Hori dela eta, Bizkaiko Foru Aldundiak enpleguaren aldeko konpromiso komuna partekatzeko konpromisoa hartzen du, desberdintasun politikoak alde batera utzita. Gaurko eta biharko enpleguarengatik. Ogia gaur, eta baita bihar ere.
 
   
8.- GIZARTE ZERBITZUAK: GURE KONPROMISOA PERTSONEKIN. KONPROMISOA GUGANDIK BEHAR GEHIEN DUTEN HORIEKIN.
 
Azken zortzi urteetan, Bizkaian, foru erantzukizuneko gizarte zerbitzuen eta azpiegituren hazkunde adierazgarria ikusi dugu, hain zuzen ere Aldundiak egindako apustu ekonomikoaren eta antolamendukoaren emaitza. Oraindik erabat garatu ez diren lege eta eskumen aldaketak ere bizi izan ditugu. Gizarte arretako paradigma aldatu dugu; arreta aringarritik autonomia pertsonalaren sustapenaren printzipiora igaro gara eta, azkenik, baliabide ekonomikoak edukitzeko aukera murrizten duen eta eskariak areagotzen dituen krisi ekonomiko batek jo gaitu.
 
Testuinguru berri horretan, eta egungo errealitatearentzako egokitzat jotzen ditugun zerbitzu eta arreta ratio batzuk beteta, batez ere mendetasunaren eremuan, gizarte-ekintza espezializaziorantz bideratuko dugu. Espezializaziotzat jotzen dugu errealitate zehatzei erantzungo dieten berariazko zerbitzuak eta mendetasun edo ezintasun maila ezberdinak dituzten pertsonen autonomia pertsonala sustatzen dutenak sortzea.
 
Halaber, uste dugu eskura dauden baliabideak optimizatu egin behar direla, pertsona eta talde gehiagori arreta emateko diziplina anitzeko ikuspegi batetik eta ikuspegi integratzaile batetik. Legegintzaldi berri bat hasten den honetan, gizarte politikek aurrera egitea ahalbidetzeko Ganberako talde guztiek egindako lanari balioa eman nahi diogu. Asko eztabaidatu dugu. Elkarrekin egin dugu lan. Nire nahia da lan egiteko modu hori garai berri honetan mantendu ahal izatea.
 
Beti bezala, gure lehentasuna, ezer baino lehen gure jardunaren xede izango dena, egoera kaskarrenean dauden pertsonentzako arreta izango da.
 
Zehazkiago, eta jarduera eremu ezberdinen arabera, adinekoen eremuan, Bizkaian, gure Plan Gerontologikoaren helburua lortu dugu: 65 urtetik gorako pertsonen % 5en baliokide den egoitza plaza kopurua edukitzea.
 
Plangintza azken zortzi urteetan zehar eduki dugun jardunaren oinarrizko tresna izan da. Aitzitik, onetsita dugun Plan Gerontologikoaren indarraldia 2011n amaitzen da, beraz, 2012-2015 Plan Gerontologiko berria martxan jartzeko konpromisoa hartzen dugu. Plan horrek lotura edukiko du Batzar Nagusietan onetsi berri den Txostenarekin, eta agertzen diren beharrei erantzun egokia ematen lagunduko digu. Posible egin nahi dugu pertsonak ahalik eta denbora gehien egotea beren etxebizitzetan eta beren ingurunean, horretarako komunitate arretako zerbitzuak eta prestazioak garatuz. Etxean bizitzea da helburua, eta, hori ezinezkoa denean, etxean bezala bizitzea.
 
Aurrekontuko zailtasunak zailtasun, beharrezkoa da eremu honetan hazten jarraitzea. Dena dela, hazkunde hori ez da etorri behar egoitza berrien eraikuntzatik, salbuespen bakar batzuetan ez bada, baizik eta erakunde pribatuen edo irabazteko xederik gabekoen sarean jada daudenetan plazak hitzartzearen bidetik. 2012. urtean amaituko da egungo hitzartzea. Hori dela eta, lan bateratua hasi nahi dugu egoitzen sektorearekin, Bizkaiko adinekoen interesei hobeki erantzungo dien eredua bilatze aldera.
 
Zerbitzuari lotutako prestazioen balioan eta beharrean sakondu nahi dugu. Mendetasunari buruzko Legean jasotako prestazio ekonomiko bat da, hain zuzen ere, egoitza plaza bat eskuratzeko eskubidea eduki arren, plaza librerik ez egoteagatik tokia eskura ezin dezaketen pertsonei laguntza ekonomikoa ematea aurreikusten duena.
 
Eguneko zentroei dagokienez, orokorrean adinekoek gero eta gehiago eskatzen duten baliabidea da. Hori dela eta, beharrezkoa da plaza berriak hornitzea eta horien banaketa geografiko berria egitea, benetako eskaritik gertuago dagoena hain zuzen.
 
Familiaren ingurunean zaintzak emateari buruzko araudia betetzen jarraituko dugu; Mendetasunari buruzko Legearen prestazio batek salbuespeneko neurri bezala jasotzen zuen hura, eta mendetasun egoeran dauden pertsonek gehien eskatzen dutena bihurtu da. 8.000 familia bizkaitar baino gehiago da prestazio honen hartzaile. Horrek esan nahi du 2011. urtean 50 milioi euroko aurrekontua behar izango dela. Hausnarketa egitea beharrezko duen prestazio bat da.
 
Gure kezka da laguntza hauek eskuratzen dituzten pertsona guztiak ongi atendituta egotea, eta, horregatik, laguntza hauen gaineko jarraipen xehatua egiteko aukera planteatu diogu gure buruari. Horrela, mendetasun egoeran dagoen pertsonari etxean arreta egokia emango zaiola bermatuko da.
 
Gizarte Zerbitzuen euskal Legearen aginduagatik Telelaguntza zerbitzua emateari utzi diogu, eta egindako lanarekin pozik egin dugu, izan ere, hartaz gozatzen duen milaka adinekok hobekien baloratutako zerbitzua da.
 
Aitzitik, akats bat da adinekoak mendetasunarekin elkartzea. Adineko gehienak ez dira mendeko pertsonak eta modu aktibo batean behar dute adineko izate horretan jarraitu, gizartean erabateko parte-hartzea edukiz. Zahartze Aktiboari buruz orain dela gutxi onetsi den Planak gidatu egingo du Bizkaiko Foru Aldundiak gai honetan edukiko duen jarduna datozen urteetan.
 
2060rako, biztanleriaren % 31,5ek 65 urtetik gora edukiko du eta % 14,2k laurogei urteak beteta edukiko ditu. Joan den mendeko 50-60ko hamarkada “baby boom” delakoaren garaia izan zen, eta, horregatik, ulergarria da orain hasten ari garen legegintzaldi honetan belaunaldi horiek laneko merkatutik erretiroa hartzeko garaira iristea.
 
Zahartzea prozesu bat da, eta, horregatik, ahalik eta modu osasungarri, seguru eta parte-hartzaileenean zahartzen ikasi behar dugu. Gure helburua adinekoekin adiskidetuta dagoen lurralde bihurtzea da Bizkaia.
 
Ezintasunen bat duten pertsonen eremuan, datozen urteetan jarraituko ditugun jarduera ildoak Bizi Kalitaterako Planak eta Ezintasuna duten Pertsonen Parte-hartzeak finkatzen dituzte. Horiek orain dela gutxi egin ditugu, sektoreko elkarteen laguntzari esker.
 
Kontua ez da baliabide edo prestazio berri ugari martxan jartzea, nahiz eta hori ere lortu nahi den. Aldiz, pertsonen beharrak jorratzeko modua eta zerbitzu horiek emateko modua aldatu nahi dira. Planifikatutako eta pertsonan, bere bizi kalitatean, oinarritutako gizarte politika garatu nahi dugu, eta baita jarduteko eta kudeatzeko printzipio etikoetan oinarriturikoa ere. Uste dugu ezintasunen bat duten pertsonek aukera ugari dituztela, egoera bakoitzaren araberako baliabide, laguntza eta tresna egokiak ematen bazaizkie. Nahi duenari, bizitza independenteko proiektuak ahalbidetu nahi dizkiogu.
 
Eta hori guztia elkartegintzaren munduarekin eskutik joanda izango da, ezintasunen bat duten pertsonak eta haien senideak biltzen dituzten eta haien ordezkari diren erakundeen eskutik hain zuzen. Foru Aldundiak talde hauei behar bezalako arreta emateko eskumen eta baliabide egokirik ez zuen garaian Bizkaiko gizarte zerbitzuak garatzen hasi ziren horiek. Zentzu horretan, “lankidetza hitzarmenaren” administrazio irudia defendatuko dugu, Foru Aldundiaren eta Hirugarren Sektorearen arteko harremanak adierazteko modu bezala. Elkarrizketa zibila eta Hirugarren Sektorearekiko gure aliantza nortasun ikur bihurtu nahi ditugu.
 
Babes gabezia egoeran dauden haurren eremuan, lehentasunezko gure helburuak dira: gai honetan esku hartu behar dugun agente ezberdinon arteko koordinazio handiagoa lortzea eta honakoa bezalako hain eremu sentikorrean erabakiak hartzeko sistemak hobetzea.
 
Zehazkiago esatearren, Haurrak Babesteko Sistema optimizatu nahi dugu, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen eta gure Zerbitzu Espezializatuen arteko koordinazioa sustatuz. Arreta berezia emango zaio arrisku eta babes gabezia egoerak baloratzeari, eta baita beste sistema eta zerbitzu batzuekin jarduerak hobeki koordinatzeari ere. Beste sistema eta zerbitzu horiek izango lirateke Fiskaltza, Osasun Sistema, Hezkuntza, Ertzaintza, Gobernuaren Ordezkariordetza, Sistema Judiziala, Eusko Jaurlaritzaren Justizia Saila, eta abar.
 
Are gehiago garatuko dugu Familian Harreran Hartzearen programa, haurrak beren familia ingurunetik ateratzen diren egoeretan lehentasuna edukiko duen babes neurri bezala. Hemen lehentasuna edukiko dute adingabeek.
 
Haurtzaroarentzako Babesaren errealitatearen gaineko ezagutza hobetzeko eta Lurraldean garatzen diren programa ezberdinen emaitzak ebaluatzeko, ikerkuntza aplikatua egiten dela bultzatuko dugu. Ikerkuntza aplikatuak lagundu egingo digu babesgabetasun egoeretan Esku Hartzeko Gidaliburua eta Haurtzaroari buruz indarrean dagoen Plana eguneratzen. Eremu praktikoago batean, adingabeen zentroak horiek arautzen dituzten dekretu berrien baldintzetara egokitzen jarraituko dugu.  
 
Eta, azkenik, heldutasunera iristen diren eta beren familiaren ingurunean sartzeko aukera gutxi dituzten horientzat, emantzipatzeko programak sendotuko ditugu.
 
 
Babes gabeziaren edo tratu txarren biktima diren emakumeei emandako arretaren eremuan, jarraipen edo laguntza programa berri bat sortuko dugu, foru egoitzaren baliabidean egonaldia amaituta gizarteratzearen alde egingo duen laguntza behar duten emakumeentzat. Gure egungo zerbitzuak zabaltzeko, gizarte bitartekarien sare bat eratzea sustatzea aurreikusi dugu; haiek etxeko indarkeriaren biktima direnei babes, laguntza eta jarraipen lanak egingo dizkiete. Horren bitartez geroz eta pertsona kontzientziatu gehiago egotea lortu nahi da, emakumeekiko indarkeria ezabatzeko gaitasunarekin eta ataza horretan esku hartuz.
 
Egoera bereziki zaurgarrian dauden eta etxeko tratu txarren biktima izan diren emakumeentzat, berariazko neurriak garatu nahi ditugu. Emakume horien artean egongo dira adineko emakumeak eta ezintasunen bat duten emakumeak.
 
Gizarteko gaitz honen aurka gure baliabide guztiekin borroka egiten jarraitzeaz gain, beste errealitate batzuei ere arreta emango diegu, zoritxarrez geroz eta ohikoagoak direnak gizartean, adibidez gurasoei eraso egiten diten nerabeen kasuari. Gure asmoa 21 urtera arte zabaltzea da gurasoei eraso egiten dieten gazteekin garatzen den esku-hartze programan sartutako nerabeen adina. Programa martxan jarri zenetik, 2009. urtean hain zuzen, areagotu egin dira bertan sartzeko eskaerak gazteak gehienez ere 18 urte edukitzearen betekizuna gainditzen duten gazteen senideen artean.
 
 
Gizarte bazterkeriaren aurkako borrokan, uste dugu lehentasunezkoa dela lehentasuna ematea bereziki zaurgarriak diren taldeei. Krisi ekonomikoak egoera zailean jarri ditu milaka familia, jarduera ekonomikoak behera egin izanagatik eta enplegua galdu izanagatik. Aitzitik, zenbait pertsonaren kasuan, arazo horiez gain beste arazo batzuk ere azaltzen zaizkie, eta horiek haien gizarteratzea zailtzen dute. Gure lehenengo helburua, beraz, muturreko bazterkeria egoeran dauden pertsonei emango zaien arreta biziagotzea da. Diru-sarrera Bermearen Errentaren kudeaketa Lanbideren alde eskualdatzen bada azkenean, ezin dugu ahaztu lanean jartzea zaila duten pertsonak gizarte zerbitzuetara bideratzeko prozesuak beharrezkoak izango direla. Zentzu horretan, uste dut beharrezkoa dela EUDELekin hitzarmen batera iristea, bizitokirik gabeko pertsonentzako baliabideak aktibatze aldera.
 
Helburu hori posible izango da, bakar-bakarrik, sektoreko entitateekiko (publiko zein pribatu) koordinazioa eta haien parte-hartze bideak irekita mantenduz gero eta horiek hobetuz gero. Helburuak informazioa eta ezagutza partekatzea, gizarte egoera aztertzea, sortzen ari diren arazoak jorratzeko estrategiak planteatzea eta, orokorrean, arreta sistemaren funtzionamendua hobetzea izango dira.
 
Helburu hau lortzeko nahitaezkoa da lan taldeak sortzea erakunde laguntzaileekin batera; horrela, lagundutako pertsonen profilei, esku-hartze ereduei, funtzionatzeko arauei, eta abarrei buruzko irizpideak bateratuko dira. Halaber, koordinazio bideak ezarri nahi ditugu osasun sistemarekin, sistema juridikoarekin eta espetxeetakoarekin, horren bitartez ohiko kasuei arreta egokia emateko. Gainera, Osasunarekin ere bide horiek eduki nahi ditugu, erakunde arteko akordio batera iriste aldera gizarteratzeko egoitza zentroetan egon eta buruko gaixotasuna duten pertsonei osasun laguntza emateko.
 
Espresuki aipatu beharko litzateke Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailarekin batera espazio soziosanitarioa garatzeko beharra. Ez dizuet ezkutatuko Osasun sailburuak hedabideetan behin eta berriro egindako adierazpenek, foru aldundiei beren eskumenak kentzeari buruz, ez dutela testuinguru onena iragartzen egunetik egunera geroz eta gehiago behar diren akordioetara iristeko. Beharrezkoa da hiru lurralde historikoetan arreta homogeneo bihurtuko duen arreta soziosanitarioko plan bat edukitzea, eta bertan Osasun sailaren kofinantzazioa eta esku-hartzea jasotzea hainbat gairi dagokionez, esate baterako: egoitzetako osasun arreta, egoitzetako plaza soziosanitarioak, hartutako buruko kaltea duten pertsonei emandako arreta, egoera begetatibo iraunkorrak dituzten pertsonei emandako arreta, GIB edukitzeagatik gaixo dauden pertsonentzako egoitzak, buruko gaixotasuna duten pertsonentzako arreta...
 
Gure gizarte zerbitzuen sistemari zuzendutako idatz-zati hau ezin dut amaitu pertsona zaurgarrientzako arreta sistemaren iraunkortasunaren aldeko akordio handi baten beharra planteatu gabe. Datozen urteetan, beharrezkoa izango da zerbitzuetan hazten jarraitzea, batez ere mendetasunarekin zerikusia duten horietan, eta horretarako egongo den testuinguru ekonomikoa zaila izango da. Hori dela eta, zerbitzuak moztean baino horiek zabaltzean pentsatuta, presazko ituna proposatzen dizuet gizarte zerbitzuen iraunkortasunaren alde. Itun horrek, Batzar hauek ez ezik, Eusko Jaurlaritza eta EUDELen ordezkatutako Udalak ere hartuko lituzke. Asmoa zer zerbitzu emango ditugun eta nola ordainduko ditugun definitzea litzateke. Ez dugu eztabaidarik alboratuko; finantzazioaz, Gizarte Segurantzaz, familia barruko eta belaunaldi arteko konpromiso beharraz, zerbitzu multzoaz eta arreta ratioez hitz egingo dugu, besteak beste.
 
 
 
9. - SEKTORE POLITIKAK: HERRITARREN ZERBITZURA
 
 
Enpleguarekin dugun konpromisoak, aberastasunaren sorrerak eta gizarte solidaritateak, lehen aipatutako jarduerez gain, exijitu egiten dute Aldundiaren jarduna antolatuko duten sektore politiken multzoa edukitzea.
 
Zentzu horretan, garapen iraunkorreko politiketan definitu diren irizpideak oinarrizko erreferentzia dira Bizkaiko Foru Aldundiaren ekintza publikoan. Orain dela gutxi gure estrategiaren berrazterketa onetsi dugu, Bizkaia 21 Programa (2011-2016) hain zuzen. Programa hori Bizkaiko politika orokorraren gida da, garapen solidarioa eta iraunkorra izateko sektore politika ezberdinen koordinazioaren bitartez ekonomiaren, gizartearen, ingurumenaren eta kulturaren alderdietatik. Agiri hau gobernu programa xehatu bat bezala antolatu da hastera goazen legegintzaldirako. Horren bitartez, 2004an onartutako Aalborg +10 konpromisoei erantzuna ematen zaie, hain zuzen ere EBren Garapen Iraunkorreko Estrategietan, Europa 2020an, sartutakoak orain.
 
 
Orain urte batzuk politika orokorrari buruzko osoko bilkura batean jada esan nuen bezala, “iraunkortasuna” hitza ez da moda kontu bat, erantzukizun eta gizarte justiziako kontu bat baizik. Ez dut inolako zalantzarik: gizarte kohesioa eta lurraldekoa, hazkunde ekonomikoa eta ingurumen babesa eskutik joan behar dira.
 
Horri dagokionez, eta xehetasunetan galdu nahi izan gabe, eremu adierazgarrienak aipatuko ditut:
 
 
- LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA -
 
 
Bizkaiko Foru Aldundiaren jarduera ardatzak eremu honetan hauek izango dira:
 
- Ingurune naturala zaintzea:
 
-        Jada existitzen diren eremuekin loturarik ez duten eremu berriak kolonizatzea saihestuz.
-        Lurzoruaren kontsumoa arrazoizko bihurtuz.
-        Etxebizitza dentsitate baxuak saihestuz.
 
-         Hiri iraunkorrak eraikitzea, hauen bitartez:
 
-         egungo finkapenen sustapenaren eta garapenaren bitartez,
-         dentsitateko estandar egokiak sustatzearen bitartez,
-         eta erabileren nahasketaren bitartez.
 
 
-         Irisgarritasunaren alde egitea:
 
-         garraio publikoa sustatuz,
-         eremu mistoak bultzatuz,
-         garraioko bestelako sistemak sustatuz.
 
 
-         Hiri sarea birsortzea:
 
-         hondatutako espazioak berreskuratuz,
-         hondatutako espazio horiei balioa emanez eta lurraldean behar bezala integratuz.
 
 
 
- ENPRESA AZPIEGITURAK -

 

Lurraldeko industria lurzoruaren gaian aurrerantz goaz; bertan, hurrengoak ditugula nabarmendu behar dugu:
 
- Merkaturatzeko fasean dagoen 200.000 m2 lurzoru baino gehiago Boroa Industrialean, Rondina Industrialdean, Ispaster Basokoetxen eta Turtziozen, Muñaneseko parajean.
 
- 150.000 m2 lurzoru baino gehiago, jarduera fase ezberdinetan: Sakoni Kortan eta Payabarrin (Erandioko udalerrian), Arlan (Balmasedan) edo Conelec-en (Trapagan).
 
- 400.000 m2 baino gehiago, partaidetza dugun sozietateen jardueretarako: Sestao Bai eta Ibarzaharra bezala (Sestaoko udalerrian), Burtzeñako Enpresa Parkea, Urdulizko Industrialdea edo Ezkerraldeko Parke Teknologikoa (Abanton).
 
 
 
- INGURUMENA -
 
 
 
Bizkaiko Foru Aldundiaren ingurumen politikak zutabe bat izaten jarraituko du Lurraldearen gobernatze iraunkorrean:
 
·        Hondakinen gaian, eta baita hornidurarenean eta uraren saneamenduarenean ere, inbertsio esfortzua mantenduko dugu, horren bitartez altako sareak eratzen dituzten azpiegitura handiak amaitzea posible izan dadin. Halaber, lurralde kudeaketako eredu solidarioa eta homogeneoa finkatu behar dugu Bizkaiko udalerriekiko lankidetzaren bitartez. Hori Partzuergo bakar batean egingo litzateke, eta horrek Bizkaiko herritar guztientzako kudeaketa integrala eta kalitatezkoa bermatuko luke.
 
·        Gure hondartzen kudeaketa hobetzen ere jarraituko dugu, ingurumena lehengoratzeko proiektuak bultzatuz; prebentzioko, kalitate akustikoko, sentsibilizazioko, hezkuntzako eta ingurumen informazioko programak nahiz fiskalitate berdekoak edo ingurumen ikerkuntza eta berrikuntzakoak garatuz, izan ere, berebiziko garrantzia duten elementuak dira lurraldearen etorkizun iraunkorrerako. Gauzak horrela, hareatza berriak erantsiko dizkiogu Hondartzak Kudeatzeko Sistema Bateratuari, Meaztegi Berdearen proiektua amaituko dugu, Zaratari buruzko II. Ekintza Plana nahiz Bizkaiko Iraunkortasunerako Hezkuntzarako II. Ekintza Plana garatuko ditugu, nazioartean punta-puntakoak diren zentro zientifikoak martxan jarriko ditugu, adibidez Plentziako Itsas Estazioa edo Urdaibai Bird Centre, eta UNESCO Katedrarekin eta UPV/EHUrekin lan egiten jarraituko dugu, “Bizkaian Milurteko Ekosistemen Ebaluazioa” egiteko.
 
·        Ingurumen politiketako jarduera ildo hauek bultzada garrantzitsua jasan dute azken legegintzaldietan. Legegintzaldi honetan, gure esfortzuak energiaren gaiko beste gizarte agente batzuekin lankidetzan aritzeko jarriko ditugu, eta baita gure natura ondareari balioa emateko ere. Batetik, aurrezpen eta eraginkortasun energetikoko estrategia eraginkorrak diseinatu eta garatu behar ditugu, energia bide berriztagarrietatik sortzen dela bultzatuz eta, aldi berean, aberastasuna eta garapen ekonomikoa sortuz gure udalerrietan. Bestetik, natura ondarea, ondare biologikoa eta geologikoa nahiz Bizkaiko paisaia zaintzeko politika aktiboak bultzatuko ditugu, lurzorua artifizial egiten dela mugatuz eta berrerabilpena sustatuz. Horretarako, Bizkaian biodibertsitateari eta geodibertsitateari balioa emateko eta hura zaintzeko Ekintza Plan ezberdinak definitu eta onetsiko ditugu, horiek bateragarri eginez lurraldearen garapen iraunkorrarekin. Halaber, paisaia (naturala, landa izaerakoa eta hirikoa) eta paisaia horrek herritarren ongizaterako duen balio handia erantsi egingo diegu Bizkaiko Foru Aldundiaren sektore politikei.
 
 
Azken batean, gure ingurunea, gure lurraldea, hobetzen eta zaintzen jarraituko dugu, gure osasunaren eta gozamenaren alde. Ez dugu ahaztu behar etorkizuneko belaunaldiei utziko diegun herentzia ere badela.
 
 
- NEKAZARITZA -
 
 
Lehenik eta behin, Nekazaritzaren eta Abeltzaintzaren Sektorearen lehiakortasuna areagotu nahi dugu, eta baita sektorearen gizarte aitorpena ere, kalitatezko elikagaien ekoizle diren partetik.
 
Horretarako, gure jarduna hiru alderditan oinarrituko da:
 
- Lehen sektorea gaztetzea, nekazari gazteen instalazioa areagotuz lehen sektore sendo eta etorkizunean dinamiko bermatzeko. Lurren Bankua ere bultzatuko da, titulartasun publikoko nahiz pribatuko lurrak eskainiz nekazaritzarako eta, batez ere, nekazari gazteentzako. Nekazaritza Egituretan egindako inbertsioak, aholkularitza eta berrikuntza babestuko ditugu, lehiakorrak izan daitezen.
 
Eremu horietan egindako esfortzuari esker, adibidez, txakolina mundu mailan ezagutzen dute, eta, legea eta jatorri deituraren arauak betetzen ez dituzten horien mehatxuen aurrean, txakolinaren gure sektorearen babes sutsua egingo dugu.
 
- Lehen sektorearen gizarte balioak bultzatuko ditugu, kontsumitzaileen esku dauden kalitatezko elikagaien eta elikagai osasuntsu eta seguruen ekoizle gisa eta gure ingurunearen eta paisaiaren zaintzaile gisa. Eta hori, gainera, ingurunearekin errespetuzkoak diren ekoizpen metodoak sustatuz eta Nekazaritza eta Ingurumen Neurriak are gehiago ezarriz egingo da. Neurri horien helburua natura baliabideak zaintzea, paisaia babestea, energia hautabideak edukitzea, eta abar dira.
 
- Nekazaritzako ustiategietako produktuak “Zuzenean Saltzen” direla babestea. Horretarako, ekoizlearen eta kontsumitzailearen arteko harremana sustatuko da, eta hori nekazaritza eta abeltzaintza sektorearen lehiakortasuna hobetzeko hirugarren elementu izango da.
 
       
Basogintzaren sektoreari dagokionez, Bizkaiko basoak mantendu egingo ditugu, mendiaren interes ekonomikoa ere bilatuz, aberastasun eta enplegu sortzaile den heinean. Horrez gain, aisialdiko, kulturako eta ehiza, arrantza, eta abar bezalako ongi pasatzeko jardueren garapena bezalako beste helburu batzuk ere bilatuko dira.
 
Gure jarduera hurrengoetan oinarrituko da:
 
- Bizkaiko Basoaren egokitzapena, aisiako jarduerak garatzeko: hazkuntza mantso eta ertaineko hostozabal espezieak eta erriberako zuhaitzak areagotuko ditugu eta mantenduko ditugu, batez ere Bizkaiko Foru Aldundiaren ondarekoak diren mendietan.
 
- Basoen balio ekonomikoa areagotzea: basogintzako praktikak eta basoetako inbertsioak sustatuko ditugu, eta Lurralde osoa osatuko dugu “baso kudeaketa iraunkorraren” sistemapean.
 
 
- HERRI LANAK -
 
 
Gai honetako helburu estrategikoak argi eta garbi definitu dira txosten, agiri eta lege testu ezberdinetan. Horiek garatzen eta lantzen joan dira azken urteotan, eta, laburki, zera da nahi duguna:
 
-         Bizkaiko Lurralde Historikoko lehiakortasunaren alde egitea, pertsonen bizi kalitatea hobetze aldera.
-         Gure eskualdeen irisgarritasunean oreka lortzea.
-         Garraio sistemaren eraginkortasunean laguntzea.
-         Bide segurtasunaren alde egitea eta ingurune eta balio naturalak errespetatzea.
-         Hiriko ingurumena hobetzen laguntzea.
 
Krisi ekonomikoko une zail hauetan, beste helburu bat erantsiko nieke helburu orokor horiei:
 
- Obra zibilean egiten den inbertsio publikoak jarduera ekonomikoa sortzeko balio izatea nahi dugu, eta enplegua sortzeko ere balio dezala.
 
Krisi ekonomikoa eta jasan beharreko aurrekontu zailtasunak gorabehera, beharrezkoa da obra publikoan inbertsioak egiten jarraitzea, izan ere, inbertsio horiek, jarduera ekonomikoa eta enplegu zuzena sortzeaz gain, lagundu egingo gaituzte etorkizun hurbilean lehiakorragoak izaten, hazten eta gure bizi baldintzak hobetzen.       
 
Helburu horrekin bat egiten dute Hegoaldeko Saihesbide Metropolitarrak –jada eraikita dagoena–, Bilbora iristeko sarbide berriak –eraikitzeko bidean–, Gerediagako lotune berriak eta baita A-8 errepideko hirugarren erreiak eta errepide erradial berriek ere.
 
Hegoaldeko Saihesbide Metropolitarrari dagokionez, gu ere martxan jartzeko irrikaz gaude, izan ere, horrek A-8 errepidearen trafikoak arinduko ditu eremu metropolitarrean, eta, halaber, ingurune osoko jarioa eta segurtasuna areagotuko ditu. Obra amaituta dago. Administrazioarentzako nahiz bidearen erabiltzaile guztientzako legezko berme guztiekin jarri nahi dugu errepide hori martxan, eta horretarako beharrezkoa da Europar Batasunak bidesari araubidearen eta jendaurreko entzunaldiaren izapidearen ondorioaren inguruan adierazpena egitea. Espero dugu izapide hauek ahalik eta lasterren amaitzea.
 
 
Obra hau Bilbo Metropolitarrarentzat bezain garrantzitsua izango dira errepide erradial berriak Bizkaiko gainerako Lurraldearentzat.
 
 
Errepide erradial berriei buruz ari naiz, hain zuzen ere ardatz hauez: Urberuaga-Berriatua, Gerediaga-Elorrio, Boroa-Igorre, Amorebieta Etxano-Muxika, Mungia-Bermeo, Bermeoko Saihesbidea eta Ermuko Saihesbidea.
 
 
Proiektu horiek egungo trazaduren zabaltzea, hobekuntza edo bikoizketa aurreikusten dute, horretarako komunikazioak erraztuko dituzten eta egungo errepideen segurtasuna hobetuko duten elementu berriak eraikiz (tunelak, biaduktuak eta bigarren erreiak).
 
 
Une hauetan, proiektu hauek guztiak lehiaketa fasean daude eraikuntza, ustiapena eta mantentzea esleitzeko. Proiektuen izapidetzea gogorra eta konplexua izan da. Espero genuena baino hilabete batzuk gehiago luzatu da denboran, baina gure lehentasuna oso argia zen: zorrotzak izatea erabat kasu honetan aplikatu behar den hirigintzako eta ingurumeneko legezkotasuna betetzerakoan, eta ahalik eta adostasun handienera iristea horiek eragiten dituzten agente, erakunde eta pertsona guztiekin. Uste dut une honetan garrantzitsuena dela hilabete gutxi batzuk barru obrak martxan egongo direla jada.
 
Azpiegitura berriak sortzea bezain garrantzitsua da gure egungo errepide sarea mantendu eta hobetzea. Segurtasuneko eta funtzionaltasuneko baldintza egokietan mantendu behar diren 1.500 kilometro dira, batez ere zubi eta tunelak.
 
Datozen urteetan, Hobekuntza Jardueren Plan bat landuta edukiko dugu, Bizkaiko udalerri ezberdinek planteatutako eskarietatik eta gure errepideetako bide segurtasunari buruzko aldez aurretiko azterlan batetik abiatuta. Azterlan horrek istripu pilaketa handieneko tarteak eta guneak diagnostikatzeko balio izan du.
 
 
Emaitza identifikatutako 60 jarduera baino gehiagoko zerrenda da, eta baita hainbat milioi euroko inbertsio aurreikuspena ere.
 
 
Eta araudiaren eremuaren barruan, 2011-2015 aldian, joan den legegintzaldian hasitako lanarekin jarraituko dugu, hain zuzen ere Bidesari eta Errepideen Foru Arauak onestearekin. Arau horiek adostasun zabala lortu zuten ganbera honetan. Zehazki, gure helburua arau hauetan aurreikusi diren garapenak egitea da, horiei dagozkien dekretu eta araudiekin.
 
 
Azken hausnarketa bat idatz-zati honetan. Aplikatu beharreko legedia zorrozki betez, beste urrats bat egin nahi dugu inbertsio publikoarekin jarduera ekonomikoa sortzeko helburua errealitate bihurtzeko. Ahal duguna egingo dugu Ardatz Erradialen Planaren esleipendun suertatzen diren partzuergoek beren gain har dezaten hemengo enpresekin ahalik eta portzentaje handiena azpikontratatzeko konpromisoa. Bizkaiko herritarren dirua gure enpresetara itzultzea nahi dugu.
 
- GARRAIOAK -
 
 
Bizkaiko Foru Aldundiak bidaiarien garraioaren sektorea laguntzeko orain hainbat hamarkadatik hona garatzen aritu den lan ildoak Estatuan parekorik ez duen Lurralde gisa kokatu du Bizkaia, behinik behin bertako garraio sarearen zabaltasunari, bere zerbitzuen maiztasunari eta hura finantzatzeko jarritako diru publikoari dagokienez.
 
Hasitako bideak animatu egiten gaitu mugikortasun iraunkorra bultzatzen jarraitzeko, horren bitartez gizarte gisa aurrerantz egiten jarraitze aldera.
 
Helburu hau lortzeko, estrategia hauek jarriko ditugu martxan:
 
 
1.    Tarifak Integratzeko Sistema
 
Bizkaiko Foru Aldundia, Bizkaiko Garraio Partzuergoa eratzen dugun gainerako erakundeekin batera, urteak daramatza tarifak integratzeko sistema bat garatzeko lan egiten. Horren bitartez, posible egin nahi da txartel bakarra ezartzea, BARIK txartelarekin batera, Bizkaiko garraio sistemen multzoan. Txartel honek aukera emango du Bizkaibus barruko autobus aldaketak ez ezik, Bizkaibusen eta etorkizunean sistemari atxikiko zaizkion eragile guztien arteko trukeetakoak despenalizatzeko (Metroa, Bilbobus, Euskotren, RENFE, FEVE, eta abar).
 
Tarifak integratzeak ez du eragingo bakarrik ohiko erabiltzaileak berehalako aurrezpen ekonomikoa edukitzea garraio aldaketak despenalizatzeagatik, baizik eta, baita ere, sarea berrantolatzeko aukera egongo da, emandako zerbitzuaren benetako maiztasunak hobetuz.
 
 
2.- Indarrean dauden ia emakida guztiak berrituko dira
 
Legegintzaldi honetan Bizkaibus Barriaren atarian gaude. Ez gaude bakarrik egunetik egunera sendotasun gehiago duen irudi baten aurrean; horrekin batera, 2012. eta 2013. urteetan amaitzen diren eta egun indarrean dauden emakida ia guztiak esleitzeko erronkaren aurrean gaude.
 
Lizitazio honi esker, Aldundiak azken urteotan agindutako azterlan ezberdinek egindako ekarpen ezberdinak ikusi ahal izango dira eta, hala, Bizkaibus etengabeko hobekuntza prozesu batean mantendu ahalko da. Halaber, tarifak integratzeko sistemak emango dizkigun aukerak erantsi beharko lirateke.
 
Prozedurari dagokionez, aurre-erosketa publiko berritzailea sartzearen alde egingo da lan, horren bitartez lehenengo unetik sartzeko azken berrikuntzak, bai autobusekin zerikusia duten alderdietan, bai erabiltzailearentzako informazioan edo zerbitzua emateko moduan. Horrela, Bizkaiko erabiltzaileen eskariak behar bezala aseko dira etorkizun hurbilean.
 
Datozen lau urteetan egin beharreko neurri zehatz bezala, hurrengoak azpimarratu nahi ditugu:
 
-         Express linea berrien sorrera: Gernika-Bilbo eta Bermeo-Bilbo.
-         Mehatze zonaren eta Ezkerraldearen arteko lotura maiztasunak eta horietatik Bilboko Metroaren sarerako irisgarritasuna hobetzea.
-         Denborak hobetzea ibilbide luzeko lineetan (Ondarroa, Lekeitio edo Elorrio-Bilbo).
-         BizkaiTaxi sistema zabaltzea zona berrietara (Durango-Garai, Gernikaldea, Mendexa).
-         Gaueko zerbitzuak ezartzea asteburuetan biztanle kopuru ugariko zonetan, horietan trenbideak behar hori estaltzen ez badu (Mungia, Arratia).
 
 
3.- Ibilgailu elektrikoa sartuko da Taxi sisteman
 
AICrekin eta Automozio sektorearekin batera lan egingo da, Iberdrolarekin Lankidetza Hitzarmen bat gauzatzeko eta taxi sisteman ibilgailu elektrikoak nabarmen sartzeko.
 
 
4.- Tren bidezko garraioa
 
Bilboko Metroari dagokionez, Aldundiak I., II. eta III. lineak finantzatzeko hartuta dituen konpromisoak mantenduko ditu.
 
Halaber, FEVEren linea, Iralatik igarotzen den tartean, lurperatzeko finantzazioarekin jarraituko da.
 
 
 
 
- KULTURA -
 
 
- KULTURA BIZIA, GUZTIONA ETA GUZTIONTZAT
 
Hitz egin dezagun kulturari buruz. Gizarte kohesioaren motor bezala ulertzen den kulturaz. Erakunde publikoen eta gizarte ekimenaren arteko aliantzen bultzatzaileari buruz. Gure herrialdearen gizarte eta ekonomia motor batez. Adierazpen propioa den Euskal Kultura bati buruz, berezia eta ezberdindua. Horrela ulertzen dugu guk Foru Aldundiaren kultura ekintza, Bizkaian eta Bizkaitik. Eta horrelaxe definitu dugu gure egiteko politikoa garai berri honetan. Ekintza adierazgarrienei helduko diet.
 
   - Bizkaia, erreferentzia kultura ondarearen berrikuntzan. Hiru gako azpimarratuko ditut:
 
-  Berrikuntza. XXI. menderako Historiari eta Gizarteari buruzko Euskal Museo Barria. Hura martxan jartzea egungo Euskal Museoaren berrikuntzaren eskutik etorriko da, eta haren edukia eguneratu egingo da lengoaia estetiko eta teknologiko berrien arabera.
 
-  Lana sarean. BizkaiKOA sendotuko da, Bizkaiko museoetan eta interpretazio zentroetan integratuta dagoen kulturaren eta artearen kudeaketara berrikuntza dakarren marka bezala.
 
-  Guggenheim:berriro ere azpimarratzen dut apustu irmoa egiten dugula Guggenheim Bilbao Museoaren garapenaren alde, eta konpromiso nabarmena dugu New Yorkeko Solomon Guggenheim Fundazioarekin eratutako hitzarmena berritzearekin. Horretarako, Bilbori, Bizkaiari eta Euskadiri horrenbeste onura kultural, sozial eta ekonomiko eman dizkion akordioari eutsiko zaio.
 
 
- Bizkaia, sormeneko eta kultura barreiapeneko lurraldea.
 
Kultura sormenak eta ekoizpenak erabateko zentzua dute artearen eta kulturaren arteko elkarrekintzan, prestakuntzari emandako babesean eta enplegua eta turismoa aktibatzean. Hurrengoak bezalako ekintzei buruz ari naiz:
 
-     Kultura adierazpen berrien faktoria, sormeneko formula berriekin.
 
-      DantzaBiz, dantzaren profesionalentzat eta dantzari lotutako pertsonentzat dagoen dokumentazio, informazio eta prestakuntza iraunkorreko zentroa.
 
-      Bizkaiko Orkestra Gaztea, BOSen harrobi artistiko modura eta gazte musikariak mundu profesionalera iristeko plataforma “natural” bezala.
 
 
- Bizkaiko letren etxea.
 
Joan den legegintzaldian Foru Liburutegian jada hasitako programazioa sendotuko dugu, BizkaIdatz delakoari, alegia, idazle hasiberriei eta mintegien eta erakusketen Erakusle lineari, bultzada berria emanez. Halaber, e-book-ak bezalako tresna literario berriei bultzada didaktikoa emango zaie.
 
 
 
- EUSKARA, DENON HIZKUNTZA, DENON KONPROMISOA
 
Euskara da euskal gizartearen identifikazio faktore adierazgarrienetako bat. Erronka bere gizarte bizitasuna areagotzea da, euskarak erabilerako hizkuntza bezala hazten jarraitzea. Geroz eta elebitasun gehiago, orduan eta gizarte integrazio handiagoa. Horretarako, beharrezkoa da euskararen aldeko ekintza positiboa, adostasunekin eta gizartea aktiboki entzutetik. Eta hori izango da oraingoan ere gure konpromisoa, aurrerantz egiten jarraitzeko “Euskera XXI plana” edukita erreferentzia esparru gisa.
 Bi jarduera ildori lehentasuna emango diogu:
- Interneten euskararen erabilera sustatzea, Bizkaiera-Batua bihurgailu automatikoarekin, SOFTEUS proiektuarekin, bideojoko digitalak ekoiztearekin eta Euskal Literaturaren Atariarekin.
 
- Euskara sustatzeko baliabideen garapena. Udalen eta ALKARBIDE sarearen parte-hartze aktiboa edukitzen jarraitzea espero dugu. Eta gure egitekoa ebaluatu eta orientatzeko bi tresna edukiko ditugu: bizkaieraren Behatokia eta “Euskara Bizia” izeneko parte-hartze foroa.
 
 
 
- KIROLGINTZA, OSASUNGILE ETA GIZA-BALIOEN ERAGILE
 
Kulturari buruz hitz egiten jarraitzen dut. Kirol kulturari buruz. Eta horrela esaten dut milaka kirolari bizkaitarrek kulturaren eroale direlako, izan ere, hobetzearen, borondatearen, ilusioaren eta, zenbaitetan, arrakastaren balioen adibide dira. Pertsonak hauek dira kanpoko helmugen gainetik esfortzuaren garrantzia eta norberak bere burua hobetzearen garrantzia gogorarazten digutenak. Hori da kirol politikaren gaineko gure ikuspegia.
 
Helburua kirol praktikari naturaltasunez lotutako balioak zabaldu eta gizartean hedatzea da, eta hori eskura dauden baliabideak arrazionalizatzetik egitea. Halaber, kirol ekipamendu iraunkorrak eta kalitatezkoak bermatu nahi dira.
 
Bizkaia-Kirola XXIprograma integrala zutabeetako bat da, eskola kirolaren plan estrategikoaren oinarriaren gainean. Eta, bestea, Bizkaiko Kirol Ekipamenduen Maparen definizioa da: Bizkaiko Kiroldegien Karta 2020 delakoa.
 
 
 
 
- BIZKAIA, BEGIRADA GAZTEA DUEN GIZARTE BAT
 
Gazteei buruz hitz egiten ari gara. Edo, hobe esanda, gazteekin hitz egiten dugu. Hori izan da GAZTEDIren egitekoa. Gaztedik, Gazteriaren Foru Batzordeak, gazteriari buruzko foru politikaren kudeaketa integrala lortu zuen joan den legegintzaldian. Eta hori elkarrizketatik eta partaidetzatik egin du.
 
Legegintzaldi honetan, gazteak izango dira gai honetako foru ekintzaren definizioan parte hartuko dutenak. Horretarako, komunikazio bide irekiak edukiko dituzte, elkarrekiko ezagutza errazte aldera. Ikerkuntza eta prestakuntza zentroa edukiko dugu, eta baita Bizkaiko gazte parte-hartzeko Foro berria. Eta www.gaztebizz.com atari gazteak gizarte sareetan duen agerpena zabaltzen jarraituko dugu.
 
Laburki adieraztearren, euskararen eta munduari irekita dagoen euskal nortasun eta kulturaren aldeko apustua egiten duen Bizkaia baten alde egingo dugu lan; kulturan berrikuntza eta garapen sozioekonomikoa sustatzen duen Bizkaia baten alde; bere kultura aniztasuna eta kultura ondasunak eskuratzerakoan aukera berdintasuna baloratzen duen Bizkaia baten alde. Hori da gure apustua.
 
 
 
 
- BERDINTASUNA ETA HERRITARREN ESKUBIDEAK -
 
 
Berdintasunaren gure Foru Planean sakondu egingo dugu; lehentasunezko helburua gizon eta emakumeen erabateko berdintasunaren bidean aurrerantz egiten jarraitzea da.
 
Gainera, Bizkaiko herritarren eskubideak babesteko eta zaintzeko lan egiten jarraituko dugu; horretarako, ezberdintasunekiko errespetua, eskubideen unibertsaltasuna eta aukera berdintasuna izango ditugu oinarri. Gaur, hain zuzen ere, Lesbianen, Gayen eta Transexualen Askapenaren Aldeko Nazioarteko Eguna ospatzen da; talde ezberdinen aldarrikapenen eta borrokaren eguna da, Aldundi honek azken urteetan babestu izan dituen taldeena hain zuzen, eta hemendik aurrera ere babesten jarraituko dugu.
Nire konpromisoa eta Bizkaiko Foru Aldundiarena ere azpimarratu nahi ditut, kudeaketa propioko aurrekontuaren % 0,7 mantentzeko –karga finantzarioa kanpo– garapenerako lankidetza proiektuentzat Bizkaiko GKEen eskutik.
Egindako bidetik aurrerantz egiteko konpromiso irmoa da, lankidetza politikak hobetzekoa eta munduari erakusten jarraitzekoa Bizkaia solidarioa dela beharra dutenekin, bai hemen bertan, bai hemendik kanpo.
 
 
Honaino Aldundiko gobernutik legegintzaldi berri honetarako aurreikusi ditugun neurri eta politika sektorialak jakinarazi dizkizuet, horien bitartez Bizkaiko herritar guztien ongizatea hobetze aldera.
 
Bizkaiaren eraikuntza guztion artean egin behar dugu, inor ezin da kanpoan geratu. Hori dela eta, nire konpromisoa programa hau garatzea da, lankidetza izpirituarekin eta herritarren parte-hartzea edukita.
 
Herritarren iritzia ezagutzea.
 
PARTE-HARTZEA ETA AKORDIOA; oinarrizko bi alderdi dira horiek, eta nire esku-hartzearen azken zatia eskainiko diet.
 
 
11.- HERRITARREN PARTE-HARTZEA GOBERNATZE ONERAKO
 
Bizi dugun garai honetan, badirudi dibortzioa dagoela politikaren benetako jardunean, hau da: pertsonen bizitzari eta ongizateari eragiten dieten gauzen gobernatzearen eta herri administrazioei zerbitzuak eta baliabideak eskatzen dizkien gizarte zibilaren artean. Esate baterako, egun, gizarte desatsegineko adierazpen ezberdinak ikusten ari gara; horiek harreman eta konfiantza defizita erakusten dute ekintza politikoari eta erakundeetako gobernatze jardunari dagokienez.
 
Ondorioz, gobernua eta gizartea hurbiltasun gehiagorekin lotzeko beharraren aurrean gaude. Hori ezinbesteko eskakizun bat da komunitate modernoago baterantz abiatzeko. Komunitate horretan, gizarte sareekiko parte-hartzeak eta lankidetzak ahalbidetu egingo dute giza garapeneko maila altuagoak lortzea.  
 
Komunitate hiritarraren eredu honen oinarrian parte-hartze demokratiko eta deliberaziorako parte-hartze handiagoa dago herritarren partetik erabakiak hartzerakoan, batez ere egun bizi ditugun erronka eta zailtasunen aurrean.
 
Aitzitik, herritarren parte-hartzea ez da helburu bat bere horretan; ezta tresna soil bat ere. Aldiz, ordezkaritza-demokraziako herritarren ahotsa esparru publikoan aktiboki sartzeko modua da, osagarri eta aberasgarri eta ez ordezko gisa.
 
Parte-hartzeak, herritarren interesetara hobekien egokitzen diren erabakiak hartzen laguntzeaz gain, erraztu egiten du herritar horiek jabetzea politika egiterakoan taldeko erabakiak hartzeak dakarren erantzukizunaz.
 
Zentzu horretan, uste dugu erabaki lotesleak ezin direla indarrez ezarri; gizartearen konplizitatea, elkarrizketa eta gizarte horretako agenteekiko akordioak behar dira.
 
Horrekin guztiarekin, politikaren eta hura herritarren beharrei arreta emateko ezinbesteko tresna gisa erabiltzearen alde egiten ari gara. Politika ez da agortu; amaitu dena politika egiteko modu jakin bat da.
 
Hori dela eta, hastera doan legegintzaldi honetan, herritarrek parte hartzeko modu berriak antolatzen jarraitu nahi dugu, eta baita erantzukizun partekatukoak ere erabakiak hartzeko garaian. Parte-hartzea eta erantzukizun partekatua, izan ere, erabakiak hartzeak ondorioak dakartza, eskubideak gain hartzeak eta prestazio eta zerbitzuak sortzeak erantzukizunak dakartza, eta baita gain hartu behar diren betebeharrak ere. Esperientzia badugu, ez gara zerotik hasiko. Aurreko legegintzaldietan Bizkaiko Foru Aldunditik bide horri ekin genion elkarte sarearekin, hain zuzen ere herritarrengandik hurbilen dauden jarduera eremuetan, adibidez Gizarte Ekintza Sailean edo Berdintasun eta Herritarren Eskubideetarako Zuzendaritzan.
 
Borondate horrek, teknologia berrien garapenarekin batera, erraztu egingo dizkigu parte-hartze dinamikoagoa, jarraituagoa eta sormen handiagokoa edukitzeko bideak, eta baita herritarrak politikarekin eta beren administrazioarekin lankidetzan gehiago aritzea, identifikatzea eta esku hartzea ere.
 
 
 
11.- AKORDIO PROPOSAMENAK: ESKUA LUZATURIK LANKIDETZARI
 
Foru legegintzaldi berri bat hastera goaz, eta Bizkaiko herritarrek konfiantza eman digute bertan gaudenoi, ordezkari legitimo gisa. Bakoitzak dagokion indarra du, eta argi dago inork ez duela gehiengo absoluturik bakarkako planteamenduak aurrera atera ahal izatea pentsatzeko.
 
Hori dela eta, prest nago eta behar den konpromisoa gain hartzen dut elkarrizketa etengabekoa izan dadin Aldundiaren eta Batzarretako talde guztien artean, inor baztertu gabe. Prest gaude akordioetara iristeko, horietara iristeko prest daudenekin; akordio zehatzetara, programatikoetara edo estrategikoetara iritsi ahal izango gara horiekin. Gai zehatzetan eta orokorretan. Sektoreetan eta alderdi berezietan.
 
Edonola ere, gure aldetik, abiapuntua egun Batzar Nagusietan aurkezten ari naizen programa honetako edukiak izango dira.
 
Lehen ere esan dut, inor baztertu gabe. Eskua luzaturik dugu.
 
Herritarrek gugan jarritako konfiantzak exijitu egiten du beharrezkoa den bakoitzean akordioetara iritsi ahal izateko beharrezko esfortzuak egitea. Gure aldetik horretarako prest gaude.
 
Halaber, hemen eta orain, nire edo gure konpromisoa adierazi nahi dut leialtasunez eta erantzukizunaren zentzuarekin jarduteko erakunde arteko harremanetan eta, batez ere, Eusko Jaurlaritzarekin edukiko direnetan.
 
Elkarrekiko errespetutik abiatuta, ospea galarazteko aipu latzik gabe, irainik edota purrustadarik gabe; beti, herritarrentzako onena bilatuz eta ez prentsarako titular burutsuena. Eskua luzaturik dugu.
 
Datozen lau urteetan erabakiak gauzatzeko hainbat aukera egongo dela jabetuta, egun bi proposamen egin nahi ditut.
 
Beharrezkoa da gizarte zerbitzuen eremuan akordio handi batera iristea eta, zehazkiago, zahartzeari eta mendetasunari uztartutako prestazioen bermea mantentzeko datozen urteetan nahitaez aurre egin beharko zaion gastu publikoa finantzatzeari dagokionez.
 
Ekonomiaren bilakaera dena dela ere, bada gertaera ukaezin bat: gure gizartean bizi itxaropena areagotzen ari da. Errealitate demografiko horrek erronka bat planteatzen digu, hain zuzen ere etorkizunean baliabide publiko gehiago jarri beharra behar diren zerbitzuak ematen direla bermatzeko.
 
Uste dut erakunde arteko akordio zabala eta akordio politiko eta sozial zabalak lortu behar ditugula, bai zerbitzuen multzoan, bai horien bizitasunean, arreta ratioetan eta behar den finantzazioan. Gaurko egunean ez ezik, datozen hamar edo hogei urteetan ere pentsatu behar dugu. Merezi du.
 
Inbestidurako osoko bilkura honetan, halaber, Busturialdea edo Urdaibai eskualdea Biziberritzeko Jarduera Plan Integrala martxan jartzea planteatu nahi dizuet, bai Batzarretako Taldeei, bai erakunde autonomiko eta udalekoei. Planaren helburua ez da esfortzuak batzea besterik, oso zona bereziaren ekonomia lehengoratzeko. Jarduerak egingo lirateke inbertsioetan, komunikazioak hobetzeko, bai errepideetan, bai trenbideetan. Antolatutako lurzorua martxan jarriko litzateke, jarduera ekonomikoetarako. Bertan dauden azpiegiturei balioa emango litzaieke, kulturaren, museoen eta ingurumenaren alorretan. Biosferaren Erreserba mantenduz eta aberastuz datozen belaunaldientzat.
 
Esfortzuak, proiektuak eta proposamenak batuz. Apriorismorik gabe. Aldez aurretik ezezkorik gabe. Zentzurik gabeko ezezkoa baztertuz. Epe laburreko errentagarritasun politikorik bilatu gabe. Erakunde guztien parte-hartzeari irekita, publikoei eta pribatuei. Jarduera ekonomikoa sortzeko. Urdaibain oraina eta etorkizuna egon daitezen.
 
 Foru Aldundia horretarako prest dago.
 
 
- BIZKAIKO FORU ALDUNDIAREN GOBERNUAREN ARDATZAK 2011-2015 LEGEGINTZALDIRAKO
 
Amaitzeko, Bizkaiko Foru Aldundiaren datozen lau urteetako gobernu ekintzan nagusi izango diren hamar ardatzak laburbilduko ditut, horien bitartez BIZKAIAK AURRERA EGIN DEZAN:
 
1.    AKORDIOAK. Errealitate politikoak eta erakundeenak nahiz gizarte eskariak exijitu egiten digute akordioetara iritsi beharra. Eskua luzaturik dugu akordioetara iristeko prest dauden guztientzat. Inolako bazterketarik gabe.
 
2.    ENPLEGUA. Gaurko enplegua, gazteei zuzendutako jarduerekin eta talentua eta autonomoak erakarriz.
 
3.    JARDUERA EKONOMIKOA SORTZEA. Krisitik inor baino lehen irteteko eta gure orainaren eta etorkizunaren oinarriak jartzeko gakoa da.
 
4.    EZAGUTZA, TEKNOLOGIA ETA BERRIKUNTZA. Hori da biharko enpleguaren gakoa. Gure seme-alabek eta bilobek Herrialde honetan lan egiten eta bizitzen jarraitu ahal izan dezaten duintasunez.
 
5.    INBERTSIO PUBLIKOA. Helburu bikoitza beteko duen inbertsioa izan behar da; batetik, gauzatu bitartean jarduera ekonomikoa sortzea eta, bestetik, hura martxan jarri ostean ere jarduera ekonomikoa sortzen jarraitzea.
 
6.    IRUZURRAREN AURKAKO BORROKA. Zergen eremuan, zorrotzak izango gara iruzurtiekin. Gizarte esparruan, laguntzak beharra dutenek laguntza hori jasotzea nahi dugu.
 
7.    HERRITARREN PARTE-HARTZEA. Gurea bezalako gizarte heldu batek eskatu egiten du eta, gainera, eskubidea du lau urtetik behingo boto eskubidea baliatzeaz harago parte hartzeko bideak ere edukitzeko.
 
8.    DOITASUNA. Jasaten jarraituko ditugun garai latzei aurre egiteko; doitasuna nagusi izango da gure jarduera guztietan, eta Aldundiaren egitura politikoan lehen aurkeztutako mozketak egitetik hasiko gara.
 
9.    SOLIDARITATEA. Ez dugu gizarte gastua moztuko, ezta gizarte zerbitzuen emakida ere. Gainera, datozen hamar edo hogei urteetan zahartzeari eta mendetasunari lotutako zerbitzuei eusten zaiela bermatzeko akordio handi bat lortu nahi dugu.
 
10.   ZINTZOTASUNA ETA GARDENTASUNA. Kudeaketako zintzotasunarekin eta gardentasunarekin dugun konpromiso publikoa berritzen dugu. Zerbitzu publikoaren bokazioa dugu. Konpromiso pertsonala eta taldekoa berritzen dugu Bizkaiko herritarren aurrean. Horren bitartez ez dugu onura pertsonalik bilatuko, ezta taldeko onurarik ere. Aldiz, gure onena eman nahi dugu Bizkaia aurrera ateratzeko.
 
 
Eskerrik Asko.

EGILEA


Jose Luis Bilbao

Gure Egileak