Prentsa Aretoa

Berriak

2015/01/03

Itxaso Atutxa: “2015ean lanpostu berriak sortzea eta jada daudenak mantentzea espero dut”

EAJ-PNVren Bizkai Buru Batzarraren presidenteak Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan adierazi duenez, “guztion artean bakea eta elkarbizitza eraiki behar dugu herriari zor diogulako”

rss Ezagutzera eman

Gaur goizean Euskadi Irratian mintzatu da Itxaso Atutxa eta hasi berri den 2015erako bere nahiak azaldu ditu. “Bukatutakoa baino hobea izatea nahiko nuke, batez ere txarto pasa duten guztientzat. Gure herriaren egoera ekonomikoa hobera egitea espero dut, lanpostu berriak sortu daitezela eta jada daudenak mantentzea”, gehitu du Bizkai Buru Batzarraren presidenteak. Gainera, “Euskadin bakea eta elkarbizitza guztion artean eraikitzen joan gaitezela espero dut, herriari zor diogulako”.

Aurreko urtean denon ahotan izan den erabakitze eskubidea ere hizpide izan da irratsaioan. Atutxak aipatu duenez, “ziurrenik estatus berria zein izango den zehazteko prozesuaren baitan erabakiren bat hartuko da”. Horregatik, bere ustez, “2015a urte itxaropentsua izango da abertzale garenontzat”.  

Ekonomiaz ere hitz egin du burukideak urteko lehenengo elkarrizketan eta baikor agertu da. “2015ean pausu egokiak eta sendoak eman beharko ditugu krisia gainditu ahal izateko. Adituek aurkeztutako azken indikadoreak positiboak izan dira eta lanpostuak sortzen dutenak (enpresariak) ere baikor agertu dira; hortaz heldu diezaiogun baikortasun horreri eta egin dezagun denok lan joera hori benetan egi bilakatu dadin”, animatu du Atutxak. Gainera, sortuko diren lanpostu berriak kalitatezkoak izatearen alde egin du Bizkaiko EAJ-PNVren ordezkaria. “Espainiatik etorri zaizkigun azkenengo legeak gogorrak eta txarrak izan dira alde horretatik eta ez dira batere lagungarri suertatu lana sortzeari dagokionean. Oso garrantzitsua litzateke lanpostuak sortzen direnean benetan egonkorrak izan daitezela”.

Urkullu lehendakariaren hitzaldia gogora ekarriz, Itxaso Atutxak 2014ean zehar egindako lana erreibindikatu nahi izan du. “Lehendakariaren hitzaldia azken urtean egindako lanaren laburpena izan da. Agindua hasi zuenetik 600 neurri baino gehiago martxan jarri dira, 14 planetik gora ere abian daude… Lan guzti hori egitea ezinbestekoa zen, egin gabe zegoelako. Ikusteke dago hurrengo bi urteetan jasotzen diren emaitzak; baina momentuz eman direnak oso onak dira”. Urkulluren hitzaldiaren inguruan gainerako alderdiek egin dituzten adierazpenen kontra agertu da BBBko presidentea. “Elkarrizketarako borondaterik eza nori eta Urkullu lehendakariari egoztea oso gogorra da, batez ere ez delako egia. Hori edozein biztanlek ikusi dezake; azkenengo urteotan inork akordioak lortu baditu beste alderdi politiko batzuekin EAJ-PNV izan da”.

Madrilekin harremanak

2014a bukatuta, Itxaso Atutxaren aburuz “Rajoik herri honekiko beste jarrera bat agertu behar du. Kontua ez da EAJrekin harremanak hobetzea, baizik eta Euskadirekin hobetzea. Izan ere, alderdi politikoen gainetik egon beharko luke gobernu bien arteko harremana”.

Madrilen egonda, “guk gure planteamenduak egiten jarraituko dugu, momentuz Espainiako Estatuaren barruan gaudelako”. Zentzu horretan ezker abertzaleak egindako kritikei erantzun du Atutxak, “haiek azkeneko 10-20 urteetan esan dituztenak esanda, gero erakutsi duten jarrera oso bestelakoa izan delako”. Horren harira, adibideak jarri ditu: “Ez zen Madrilera joan behar han ez zegoelako Euskadiren inguruan ezer erabaki beharrik; eta orain ikusten dugu bertan daudela. Behin eta berriro esaten dute Espainiako erregearekin ez dutela ezer hitz egin behar eta zalatzen zuten besteok joaten ginela; orain ikusi dugu EH Bildu ere erregea bisitatzera joan dela. Gu eta beste alderdi politiko batzuk zalatzen gintuzten Espainiatik zetorren legeria betetzeagatik; orain eurek, boterean daudenean eta instituzioetan daudenean, bete egiten dute. Ez dugu ikusi azken bi urteetan EH Bilduk inongo legerik hautsi duenik, ezta ere bere arduradun politikoren bat inabilitatuta, esate baterako”, gogoratu du Atutxak.

Estatus politikoari buruz galdetuta, Atutxak azaldu du “gaia eztabaidatzeko lekua Legebiltzarrean dagoela, Autogobernurako ponentzian”. “Nahiko nuke indar abertzaleez gain gainerako alderdiak bertan egotea, behintzat lan prozesuan, Euskadin abertzaleak eta ez abertzaleak bizi garelako”. Horregatik, bere ustez, “Katalunian egin duten moduan, gizarteratu behar den gaia da”.

Gainera, Atutxak baieztatu du Bake eta Bizikidetza Ponentzia "aurten berriro martxan jartzea” espero duela eta gogora ekarri nahi izan du sozialistak izan zirela Legebiltzarreko forotik irten zirenak. “Legebiltzarrean ponentzia bat irekita dago eta alderdi guztiak daukagu gure kexkak eta desadostasunak agertzeko leku ederra. Zertan eta bakegintzan eta elkarbizitzan akordioetara heltzeko gai ez bagara ez dakit zein arlotan ailegatuko garen akordioetara”.

BizkaiaGO!

Azkenik, BizkaiaGO! ekimenaren inguruan ere mintzatu da Atutxa eta “oso aberasgarria” izaten ari dela egiaztatu du. “Larunbat goizetan 120 pertsona inguru biltzen gara lanean. EAJkoak ez diren pertsonak biltzen ditugu gai desberdinen inguruan euren ideiak eta proposamenak entzuteko, ekarpen horiek oso positiboak direla pentsatzen dugulako”. BBBko presidenteak gogoratu bezala, “ekarpen horietako batzuk hauteskunde programetan sartuko ditugu”. Gutxi balitz, Atutxak gogora ekarri du jada Bizkaiko Foru Aldundiak duela gutxi onartutako aurtengo aurrekontuetan BizkaiaGo! programan agertutako ekarpenak gehitu dituela.