Prentsa Aretoa
Berriak
2015/11/27
Itxaso Atutxa: “‘Lehenik Euskadi. Euskadi es lo que importa‘ dugu goiburu, guretzat hori baino garrantzitsuagorik ez dagoelako”
BBBren presidenteak azaldu duenez abenduaren 20ko hauteskundeetan aukeratuko diren 350 diputatuetatik, 18 Euskadikoak dira eta EAJ-PNVk aurkeztuko dituenak izango dira “herri honen interesak ondoen defendatuko dituztenak”, estatuko alderdi handien mende ez daudelako
Itxaso Atutxak, Bizkai Buru Batzarraren presidenteak, gaur azpimarratu du EAJ-PNVk Euskadirekin “Madrilen ere” daukan konpromisoa, “eta horretarako talde indartsua beharko dugu, han ere herri honen interesak defenda ditzan” esan du. Bere hitzetan, abenduaren 20an aukeratuko diren 350 diputatu andre eta gizonen artean, 18 Euskadiri dagozkio. “Ez dut esaten gainerako 18ak Euskadikoak ez direla, baina bai beren alderdi handietan integratuta daudela (PP, PSOE, Podemos) eta horrela berezitasuna galtzen dute beren taldeak estatu mailakoak direlako, eta ez Euskadikoak. Horregatik, hain zuzen, guk ‘Lehenik Euskadi. Euskadi es lo que importa’ dugu goiburu, guretzat Euskadi baino garrantzitsuagorik ez dagoelako” azpimarratu du.
Radio Euskadiren ‘Boulevard’ irrati saioari eskaini zaion elkarrizketan, Atutxak zera gogoratu du “inoiz ez dugu ezkutatu akordioak lortzeko ahalegina egingo dugula, akordio horiek Euskadirentzako onak badira”. Ildo beretik esan du gehiengo absoluturik egon ez dela “herri honentzat” ona izan denik eta aurreikuspenen arabera PPk eta PSOEk “gehiengo hori lortzeko zailtasunak izango dituzte”. Gainera “ematen du zailtasun handiak izango dituztela gobernua bi alderdiren artean osatzeko, eta aukerak zabalik daude. Estatuan ez dago akordioetara iristeko ohitura handirik eta ematen du zail izango dutela gobernua eratzea” iragarri du.
BBBren buruak beste alde batetik esan du ez litzatekeela arazoa izango Arnaldo Otegi, Batasunaren bozeramaile ohia, Lehendakarirako hautagaia izatea: “Erabat normala izango litzateke”. Bere hitzetan “Otegik gaitasun politiko handia dauka, baina ez dakit kudeaketarako horrenbestekoa duen” esan du. Era berean azpimarratu duenez “ez luke espetxean egon beharko, ez zukeen Bateragune bezalako kasu bategatik sartu behar izan”. Era berean Soraya Sáenz de Santamaría atzokoan “Otegi eta bere taldekoak espetxeetan ondo daudela “esanez egin zituen adierazpenak deitoratu ditu. “Horrek agerian uzten du batzuentzat espetxeak zer diren”. “Ikusiko dugu Estrasburgok zer dioen,baina gerta daiteke Espainiako justiziari gauzak argi eta garbi azaltzea” ezarri du.
EAJ-PNVk yihadismoaren kontrako ituna zergatik izenpetu ez duen galdetu diotenean, Bizkaiko jeltzaleen buruak zera zehaztu du “ez dugu gonbidapenik jaso”, baina berariazko eskaria eginda ere “gu joan, joango ginatekeen, hitz egiteko soilik baino ez bada”. Zentzu honetan, Atutxak defendatu du europar politika bateratua” behar dela, baina ematen du espainiar gobernuari “ez zaiola interesatzen, abenduaren 20ko hauteskundeetarako argazkia besterik nahi ez duelako”.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25