Prentsa Aretoa

Berriak

2015/12/11

Ortuzarrek euskal gizartea deitu du “botoa Madriletik datozen murrizketetatik eta erabakietatik libratuko gaituen babes gisa erabiltzera”

EBBren presidenteak euskal hiritargoari eskatu dio boto orriaren bidez “gure ongizatea, gure segurtasuna eta gure lana” defendatzea, “gure alaben eta semeen etorkizuna” bermatzea xede.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, Amorebieta-Etxanon ohartarazi du gaur, abenduaren 20an benetan arriskuan egongo dena dela “gure ongizatea”, eta hiritargo osoa deitu nahi izan du botoa “Madriletik datozen murrizketa eta erabakietatik libratuko gaituen babes gisa” erabiltzera. Ortuzarrek azpimarratu du A-20an “gure segurtasuna, gure lana… gure alaba eta semeen etorkizuna” boto orri batekin erabakiko direla. Hori dela eta, EAJ-PNV “hemendik eta igandera arte falta diren egunetan kalera irtengo da hauteskunde hauetan jokoan dagoenak zuzen-zuzenean eragingo digula esateko.Jokoan dagoena Euskadi dela esateko” iragarri du.

EBBren presidenteak esan duenez, batzuetan, kanpaina honetan, “estralurtar sentitzen gara”  eta beste alderdien jarrera kritikatu du Euskadi beren agendatik kanpo utzi dutelako, “hauteskundeek gurekin zerikusirik izango ez balute bezala”. “Baina horrek guztiak badu bere arrazoia-azaldu du- jokoz kanpo utzi nahi gaituzte. Zera esango balute bezala: zuek isilik eta guk esaten duguna egitera. Eta, ez, ez da horrela izango”. Testuinguru honetan, Ortuzarrek berriro azpimarratu du Kongresuan eta Senatuan talde indartsua izateko beharra “herriak eman nahiko digun indarraren abalarekin” eta “pendiente dauden  eta erreferendumean berretsitako legeak aurreikusten dituen 32 eskumenak lortzea helburu, Espainiar Gobernuak oraindik bete gabe dituenak, hain zuzen”.“Gero esango digute legea betetzeko dagoela.Eta, beraiek dira intsumisoenak” esan du ironiaz.

Ortuzarrek azpimarratu du gaur Euskadik “zorroztasun  eta seriotasun osoz” kudeatzeko erakutsi duen ahalmena. Sekula ere ez dugu kutxan genuenaren gainetik gastatu. Guztiz alderantziz. Gerrikoa estutu eta apurtxo bat aurreztu dugu. Etorkizunean, gauzak txarto badatoz, ezer barik egon ez gaitezen, babes bat izateko”. Eta, egoera horretan ere, batzuek diote “gure garapena eta gure ongizatea pribilegioetatik datozkigula. Hemen ez dago  zerutik jaisten den manarik; ez dago inork oparituko digun dirurik” gogoratu du. Gure pribilegio bakarra da txitxarrak baino, inurri langileak garela. Gure ahalegin eta esfortzu zintzoarekin lortzen dugunetik bizi gara” azpimarratu du. Bere argudioa azaltzeko, EBBren presidenteak bi ereduak alderatu ditu eta “hemengo eta hango” ezberdintasun batzuk azaldu ditu, besteak beste “langabezi tasa, per cápita bataz besteko errenta (Espainiako lurralde batzuetakoa bikoizteraino heltzen dena), eta batzuen eta besteen osasun zerbitzuaren arteko konparaketa egin du. “Ezberdinak gara, jakina ezberdinak garela: eskola porrota txikiagoa delako; Lanbide Heziketa duala bultzatzen ari garelako; gure aurrekontu publikoaren zatirik handiena pertsonei,familien duintasunari dedikatzen diogulako”, esan du harrotasun osoz. Baina, ildo beretik galdetu duenez, mundu guztia “Euskadi Espainia baino hobeto dagoela konturatzen baldin bada, gure eredua kopiatu beharrean, ez ote duten gure ongizatea beren mailara beheratu  nahi izango. Horregatik jartzen dute auzitan gure Ekonomia Ituna. Berdin nahi gaituzte, baina gure bizitza kalitatea beheratuz. Ez, Ez dute guri dagokiguna erabakiko” esan du argi bezain sendo.

Alderdiaren ibilbidearen 120 urte hauetan “gure alderdikide askok eta askok, abertzaleak izateagatik eta hementxe defendatzen ari garena defendatzeagatik, espetxea, gerra eta erbestea sufritu zuten, eta batzuk fusilatuak izan ziren” gogoratu du Ortuzarrek, eta orain “ batzuk  edabe magikoa balira bezala agertzen zaizkigu gure gizartearen arazoak konpontzeko” ohartarazi du. “Guri lezioak ematera etorri dira, urte hauetan guztietan lortutakoan zapalketa berdintzailea eragin nahirik. Ez, ez dugu halakorik onartuko” ezarri du. Zentzu berean gaineratu duenez “funtsean  ordezkatu nahi dituzten  PP eta PSOE horien antzekoak dira”, “beren zerrendak Madriletik eta Euskaditik inposatu nahi dituztelako eta Euskadi ez dagoelako ez bere lehentasunen artean ezta arduretan, egitasmoan edo agendan. Ezta inkestetan agertzen diren zalantzatien multzotik boto apur batzuk lortzearren ere. Ni neure botoa erabaki ezinik egongo banintz, ez nuke bozkatuko Euskadira etorri ez den edo etorri nahi ez duena, Pablo Iglesiasen antzera. Ez nioke nire botoa emango Euskadin ez dagoen eta Euskadira etorriko ez denari” amaitu du.

Aitor Estebanek, EAJ-PNVren Bizkaiko zerrendaburuak eta berraukeratzera aurkeztuko den hautagaiak, Estatutua osorik betetzea esijitu du, eta Segurantza Sozialaren erregimenaren transferentzia eskatu du “Gure ardurapean jar ditzatela pentsioak, gure gaitasun ekonomikoarekin, gure ahalmenarekin ,kotizazio altuagoekin, seguru pentsio hobeak eta hobeto ziurtatuak izango genituzkeela” baieztatu du. Zentzu berean, Ertzaintza defendatu du polizia integrala den aldetik eta Gernikako Estatutuaren arabera Euskadin segurtasun alorrean eskuduntzak dituen polizia bakar gisa. “Une ezberdinean aurkitzen gara  baina oraindik Guardia Zibila daukagu, errepideetan control gehiegi egiten segitzen dute, beste zereginik ez dutelako. Egin dezatela  beren lana eta gehiegi badira, beste lekuetara joan daitezela” eskatu du. Aitor Estebanek amaitzeko berretsi du hurrengo hauteskundeetan  asko egongo dela “jokoan” eta “autogobernuaren kontrako erasoak” gertatuko direla zeinetan EAJ-PNVk, “kai-mutur” gisa jardun beharko baituen. Aldi berean baieztatu duenez “PP, PSOE edo Ciudadanos taldeentzat, Espainiar estatua Madriletik administratzen den finka handia da, baina gu ez gaitu inork administratzen” eta berriro azpimarratu duenez “PP, PSOE edo Podemosek ez dute Euskadiren etorkizuna bermatuko; zuen botoak gaurko nahi dituzte, hurrengo lau urteotan gutaz ahazteko. Gu gara Euskaditik eta Euskadirentzako  alternatiba daukan indar bakarra gara” amaitu du.