Prentsa Aretoa
Berriak
2015/12/17
Estebanek Ertzaintza aldarrikatu du “polizia integrala den aldetik” eta Estatuko Segurtasun indarrak “dagozkien arduretara” mugatzea eskatu du
Kongresurako Bizkaiko hautagaiak kritikatu duenez Espainiar Estatuak Gernikako Estatutua bete gabe dauka oraindik polizia autonomoari dagokion aldetik. Zentzu horretan esan duenez “une politiko eta sozial honetan ez dago aitzakiarik arau hori urratzen segitzeko”.
Aitor Estebanek, abenduaren 20ko hauteskundeetan EAJk Bizkaitik aurkeztuko zuen zerrendako buruak eta berraukeratzerako hautagaiak, gaur goizean aurreratu du hurrengo legealdian EAJ-PNVk Madrilen eskatuko duela berriro Ertzaintza polizia integraltzat hartua izan dadila. “Gernikako Estatutuak jasotzen duena betetzea eskatuko dugu, herritargoak berak berretsi zuen Lege Organikoa,alegia. Euskal polizia autonomoa, Ertzaintza, polizia integrala da eta Estatuko Segurtasun Indar eta Gorputzek Euskadin dagozkien ardurak baino ez lituzkete bete behar; Estatutuak ezartzen du eta hala esan da bere garapenean ere. Baina, itun estatutario honen izpirituak bete gabe segitzen du oraindik” kritikatu du.
Estebanek azaldu du Euskadik segurtasun alorrean bere ardurapean daukan eskuduntzak “ezaugarri bereziak” dituela. Alde batetik, aldebikotasunean oinarritzen da, erabakiak hartzeko prozesuaren abiapuntua Segurtasun Batzordean dagoelako (Espainiako eta Euskadiko gobernuek parte hartzen duten organoa). Beste alde batetik, eskuduntza hori ezin da beste autonomia erkidegoetakoarekin alderatu, forutasunetik beretik datorrelako, hau da, Konstituzioaren Lehen Xedapen Gehigarritik. Arrazoi horiengatik biengatik, berraukeratzerako hautagaiak hitza eman du Madrilen piztuko duela “euskal hiritargoaren zati handi batek gai honen inguruan daukan kezkaren inguruko eztabaida”.
Hautagaiak gogoratu du Gernikako Estatutuaren 17. artikuluak jasotzen duena, hau da” Euskadiko Erakundeei, Estatutu honetan zehazten den moduan, zera dagokie, pertsonak eta ondasunak babesteko eta lurralde autonomoaren barruan Ordenu Publikoa gordetzeko Polizia Autonomoaren erregimena, Estatuaren Segurtasun Indarren eta Gorputzen eskuetan, komunitatez kanpotik edo gainetik gertatuko diren polizi zerbitzuak geratzen direlarik hala nola portuak, aireportuak, kostak, mugak eta aduanak zaintzea eta pasaporteak eta NAN agiriak egitea”. “Artikulua are zorrotzagoa da 17 artikulu honen 6. puntuarekin irakurtzen badugu -azaldu du- salbuespen kasuak aurreikusten dituelako zeinetan Segurtasun Indar eta Gorputzek autonomi erkidegoan esku hartu ahalko duten, Segurtasun Batzordeak hala esan duelako edo kasu larrienetan”. Beraz “ guk betetzea nahi duguna, eta behingoz betetzea nahi duguna, Estatutua da; Estatutua, eta besterik ez” esan du argi bezain sendo. Ildo beretik gaineratu duenez “ez da ulergarria oraingoa moduko momentu batean Euskadin horrenbeste efektibo izatea,hau da, Ertzaintzak dituen guztien erdia baino gehiago”.
Zentzu berean eskatu duenez “garrantzitsua litzateke Estatutuaren 36. artikulua betetzea, hau da Ertzaintzari Euskadiko Polizia Judizialaren ardurak ematen dizkionak. Baina “argi eta ozen esan behar dugu: gaur egun guztiz alderantziz gertatzen da. Gutxienekoak dira Ertzaintzari Polizia Judizialaren ardurak ematen zaizkionak. Botere Judiziala ez da Autonomia Estatutua behar bezala aplikatzen ari”.
Era berean “polizia integrala garen aldetik, uste dut beharrezkoa baino beharrezkoagoa dela Ertzaintza Schengen akordioan sartzea, eta ondorio guztietarako izan dadila. Europa mailako erabaki esparruetan parte hartu behar du, eztabaida guneetan eta informazioa partekatzen den eta estrategiak zehazten diren topagune guztietan. Herrialdeak eta mugak zeharkatzen dituen krimen antolatuak gero eta indar handiagoa dauka eta Ertzaintzaren presentzia ezinbestekoa da eskuduntza hori eraginkortasun osoz betetzeko” esan du.
Estebanek gogoratu duenez EAJ-PNVren aldetik “betidanik egon gara Ertzaintzarekin eta garrantzi handiko jotzen genituen gai batzuk negoziatu ahal izan ditugu” beste segurtasun gorputzen eskubide berberak izan ditzan, baina baita “halako gai berezi batean lanak behar besteko eraginkortasunez egin ahal direla ziurtatzeko”. Zentzu honetan, EAJ-PNVk “Gorteetan egin zen negoziaketaren bidez lortu zuen borondatezko erretiroa 60 urterekin izan ahal izatea” gogoratu du.
Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasun Sailburua eta Jesús María Zubiaga sailburuordea ondoan izan dituela, Estebanek azaldu duenez “euskal herritarren artean betiko asmoa izan da gure polizia propioa izatea eta polizia hori arduratu dadila hiritarren segurtasunaz. 36 urte igaro dira Gernikako Estatutua onartu zenetik eta honakoa Espainiar Estatuak oraindik bete ez duen eskubidea den arren, une politiko eta sozial honetan ez dago aitzakiarik, legea bete gabe gera dadin. Polizien arteko lankidetza eta koordinazioa eskatuko dugu, jakina, informazioa partekatu dezatela. Baina bakoitzak dagokiona egin dezala” amaitu du.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25