Prentsa Aretoa

Berriak

2016/02/10

Irene Pardo: “Gobernu taldeak bere kabuz onartu dituen aurrekontuek ezetza ematen diete Zallari eta herritarrei”

Hitz horiek esan ditu Irene Pardok, Zallako EAJ-PNVren udal taldearen bozeramaileak, iragan otsailaren 4ko ezohiko osoko bilkuran onartu zen aurrekontu egitasmoan udal gobernuak oposiziokoek eginiko ekarpenetako bakar bat ere ez onartzeko hartu duen erabakiaz

rss Ezagutzera eman
Irene Pardo: “Gobernu taldeak bere kabuz onartu dituen aurrekontuek ezetza ematen diete Zallari eta herritarrei”

ARGAZKIA JAITSI

“Beste behin ere, Zalla Baik entzungorrarena egin die Zallako herritarren eskari eta ardurei”. Hitz horiek esan ditu Irene Pardok, Zallako EAJ-PNVren udal taldearen bozeramaileak, iragan otsailaren 4ko ezohiko osoko bilkuran onartu zen aurrekontu egitasmoan udal gobernuak oposiziokoek eginiko ekarpenetako bakar bat ere ez onartzeko hartu duen erabakiaz. “Guk planteatu ditugun ekarpenak herritarrek bilera eta elkarretaratzeetan helarazi dizkiguten gaiak izan dira, baina ez diete kasurik egin” deitoratu du. Zentzu berean bozeramaileak kritikatu du prozedura bera “goitik beherako anabasa” izan dela “parte hartzea eragotzi eta zapalgailua aplikatu delako”. “Berandu, otsailean, onartu den aurrekontua da; gobernu taldearen babesa baino ez du izan eta ez dute korporazioko beste talde politikoekin hitzartu ezta adostu ere” salatu du Pardok. Gainera “osoko bilkuran eztabaida eta partida bakoitzaren bozketa eragotzi zen,baina ezetzaren arrazoirik eman gabe. Zalla Baik oso gaizki erabili du udalean duen gehiengo absolutua” esan du argi bezain sendo.

Irene Pardok agiriaren funtsaz hitz egin du “ez dago behar bezala landuta” eta “ez ditu konpontzen zallatarren benetako arazoak”. Argudio horrekin azaldu du Udalak bere egitura mantentzeko egiten duen gastua gehiegizkoa dela (azterlanak, altzariak, informatika) eta “ez da efizientzia eta zorroztasunez kudeatzen ari; arlo honetan murriztu izan balitz Zallako herritarren aldeko lana egin zitekeen eta beren beharrizanak bete zitezkeen”. Zentzu berean salatu du aurrekontuak egiteko orduan nagusi izan diren “inprobisazioa eta gardentasunik eza”. Gaur egun inbertsioetarako ezarri den partidaren (183.400€) %20 zehaztu gabe dago eta memorian jarduera batzuk daude aurrekontuetan jaso gabe daudenak”.

“Zoritxarrez ezetzaren aurrekontuen aurrean aurkitzen gara. Ezetza enpleguari; ezetza berdintasunari; ezetza herrian zailtasunak pairatzen dituzten familien eta umeen egoera konpontzeari; ezetza gure merkatari eta ostalariei laguntzeari; ezetza jarduera ekonomikoa suspertzeari; ezetza nagusi eta erretiratuentzako jarduerak antolatzeari; ezetza parte hartzeari,elkarrizketari eta adostasunari. Zalla Bai Zalla Ez bihurtzen ari da “kritikatu du Irene Pardok.

EAJ-PNVk herritarrentzat planteatu eta Gobernu Taldeak kontuan hartu ez dituen zuzenketak

- Enplegua: Zalla langabezi tasarik handienetakoa duen Euskadiko herrietako bat dela kontuan harturik, EAJ-PNVk Enplegu Mahaiaren helburu eta ondorioak betetzeko partidari 65.000€ gehitzea proposatu zuen. “Udalak epe labur,ertain eta luzerako planifikazioarekin lan egiteko egitura eta bitartekoak jartzea nahi dugu eta ez dadila izan dirulaguntzak izapidetzeko bulego soila. Pentsaezin jotzen dugu Zallak duen arazorik nagusienetakoari aurrekontu osoaren %1 baino ez jartzea” salatu du Pardok.

- Berdintasuna: Arlo honetarako aurreikusitako kopuruari 12.000€ gehitzea sentiberatze kanpainak indartzeko eta Zallako Berdintasun Plan berria egiteko.

- Gizarte ekintza: Zailtasun egoeran bizi diren familiei eta batez ere adingabeei laguntzeko jardueretarako 25.000€ko kopurua aurreikustea. “Udalerrian hainbat erakunde sozial ditugu, besteak beste Gurutze Gorria, eta Udalaren finantzaketarekin jarduerak koordina litzake Zallako familia eta ume hauei laguntzeko” azaldu du Pardok.

- Gizarte ongizatea: nagusiak: Zalla herrian biztanleria osoaren %20 nagusiak dira eta arreta berezia merezi dute. EAJ-PNVk 20.000€ko inbertsioa aurreikusten zuen herriko nagusien elkarteekin adostutako kultur eta aisialdirako jarduerak antolatzeko. Egitasmo honekin batera Mimetiz auzoan ariketa fisikoa egiteko kanpoko parkea eraikitzeko asmoa zegoen (15.000€) herritar nagusienen artean zahartze aktiboa sustatzeko.

- Merkataritza eta ostalaritza: 20.000€ko partida Merkataritza eta Ostalaritza Plan Estrategikoa egiteko. Plan hau egiteko orduan planteatzen zen planaren lanketa talde horiekin batera egitea.

- Suspertze ekonomikoa : Longar: 20.000€ Longar izenekoa martxan jartzeko, herrian jarduera ekonomikoa eta enplegua sortarazteko.

- Hirigintza: 15.000€ La Mellako errepideak errepide nagusiarekin egiten duen lotunea konpontzeko, inguru horretako herrikideentzat oso toki arriskutsua delako. Era berean, autobus geltokitik La Mellaraino doan bidean argiak jartzea.

- Hirigintza eta gizarte ongizatea: 5.000€ minusbaliatu txartela ez duten arren mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzako aparkaleku bereziak egiteko. Toki hauek herriko lekurik estrategikoenetan egongo lirateke (osasun zentroa, nagusien egoitza, birgaitze zentroa, tren geltokia).

- Ingurumena: 30.000€ Arangurenen Consuelo Robledo errekastoko arazoak behin betiko konponduko dituen egitasmoa egiteko.

- Kultur jarduerak, naturguneak eta ingurumena: 15.000€ Zallako kultur jarduerak naturgunea eta ingurumena garatzeko eta sustatzeko, bisitariak erakartzeko eta kontsumoa eta jarduera ekonomikoa sortarazteko. Esate baterako, ondare historiko eta kulturala seinaleztatzeko eta ezagutzera emateko ibilbideak diseinatzea, mendiko ibilbideak eta mendiko txirringarako ibilbideak, bertoko fauna eta flora ezagutzera ematea... hori dena bertoko ostalaritza eta sukaldaritza eskaintzari lotuta.

- Kultura: 18.000€ Mimetiz eta Aranguren auzoetan talde lanerako aretoak prestatzeko, mahai handiekin, aulki eta pantaila digitalarekin, proiekzio kanoiarekin eta beste materialarekin, herriko gazteek talde lanak eta talde proiektuak egiteko tokia izan dezaten.

- Wifi gunea auzoetan: Egunetik egunera herritargoari Udalaren web ataria erabiltzea eta `on line´ gestio gehiago egitea eskatzen zaiola gogoan, herritargoari erraztasunak eman behar zaizkiola ulertzen dugu. Hori dela eta, EAJ-PNVk 15.000 euroko partida jartzea aurreikusten zuen, auzo guztietan Wifi gune publikoak jartzea.