Prentsa Aretoa

Berriak

2017/04/13

‘Lehen, orain eta beti Aberria!‘, EAJ-PNVk igandean Bilbon ospatuko duen Aberri Egunerako aldarria

BBBko presidente andre Itxaso Atutxak eta Joseba Aurrekoetxea EBBko burukideak elkarrekin aurkeztu dute alderdi jeltzaleak aurtengo Aberri Egunerako prestatu duen egitaraua

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Bizkai Buru Batzarreko presidente andre Itxaso Atutxak eta Joseba Aurrekoetxea EBBko Antolakuntza gaietarako burukide arduradunak gaur goizean aurkeztu dute EAJ-PNVk datorren igandean, apirilak 16, Bilboko Plaza Barrian eta Areatzan Aberri Egunaren kariaz eta ‘Lehen, orain eta beti, Aberria!’ goiburupean ospatuko duen jaia. Igandeko ekitaldi politikoa 11:30ean hasiko da eta hizlari izango ditu Iñigo Urkullu lehendakaria eta EBBko presidente Andoni Ortuzar. Baina Euskal Aberriaren egun handia ez da hor bukatuko. Eguerdi aldean jaiari Bilboko Areatzan emango zaio jarraipena eta EAJ-PNVko uri erakundeetatik etorriko diren 1.100 lagunek bertan elkartuko dira bazkaria eta ondorengo bazkalostea partekatzeko eta eguna alaituko duen erromeriarekin gozatzeko.

Atutxak gaurko aurkezpen ekitaldian irakurri ditu Euzkadi Buru Batzarrak 2017ko Aberri Egunaren kariaz egin eta ezagutzera eman duen adierazpenaren (ikus erantsitako testua) testu zati batzuk. Hauxe esan du hedabideen aurrean eskaini den prentsa aurrekoan:

“‘Aberri Eguna’ ospatuko dugu igandean. Euskadi deitzen den bizi proiektu honek batzen gaituenok urtero partekatzen dugun ospakizuna da. Pirinio mendien alde bietan sustraiak dituen Nazioa gara, bere etorkizuna askatasunez eta demokrazian erabakitzeko eskubidea duena, munduko gainerako herri eta nazioen baldintza berberekin. Gaur ospatzen dugu, eta berdin egiten jarraituko dugu, gure buruari jarri diogun helburu hori erabat lortu arte. Lehen, orain eta beti: Aberria!

Euskadi, estaturik gabeko nazio honen etorkizunak Europan jarraitzen du. Batasunaren sorreraren hirurogeigarren urteurrena ospatu delarik, onartu behar dugu Estaturik gabeko nazio errealitateek egin dugun bidea oso mugatua izan dela. Ondorioz, guk Agirre Lehendakariak ezarri zituen printzipioak indarrean daudela aldarrikatzen dugu eta gure bokazio europazalea eta erabat demokratikoa berresten dugu eta, demokratikoa delako, Europa osatzen duten herri eta nazioen borondateari erantzun beharko dio.

2017ko Euskadi bi Estaturen artean kokatzen da –Frantzia eta Espainia– eta hiru errealitate politiko-administratibotan antolatuta dago. Baina, zatiketa horren gainetik ere, hiru esparru ezberdin horietan bizi den errealitate politiko eta instituzionalak baikortasun nahikoa ematen digu hiruren artean gero eta lankidetza handiagoa eman daitekeela pentsatzeko. Iparraldeko euskal herritarrek, historia modernoan lehen aldiz, entitate administratibo propioa dute beren herrialde guztiak hartzen dituena. Nafarroako Foru Erkidegoan, bestalde, aldaketa politikoa finkatzen ari da urteotan isolatuta eta mugakide dituen herrialdeei bizkarra emanda bizi ondoren. Eta Euskal Autonomi Erkidegoan, akordio berria eraikitzeko oinarri zabal bat egon badago Estatus Berri bat lortzeko, herri honen autogobernua areagotzeko.

Indarkeria aldia amaituta, aukera ezin hobea irekitzen zaigu helburu hori erdiestera eramango gaituen akordio berria lortzeko. Baina pairatu dugun min horren ondorioak ez dira egun batetik bestera sendatuko. Biktimak artatzen jakin behar dugu, talde lana eta norbanako lana egin behar dugu min bidegabea eta iraganeko hutsegiteak aitortzeko. Benetako birgizarteratze berria eraikitzen lagundu behar diegu giza eskubideak eta pertsonen bizitza eta askatasuna errespetatuko dituen gizartearen parte izan nahi duten guztiei.

Legealdi hasi berri honek eginkizun bat ekarri digu: euskal autogobernua eguneratzea, Herri gisa ditugun eskubideak eta Estatuko erakundeekiko harremanetarako Estatusa ezarri beharra ardatz hartuta. Catalunyan eta Euskadin subjektu politikoak legitimatzeko prozesu demokratikoak bideratu behar ditugu, nazio bakoitzaren burujabetzari zor zaion aitortzan oinarrituta, elkarri parez pare begiratzeko eskubidearekin eta ekitatean, elkartasunean eta bakoitzaren askatasunean oinarritutako lankidetza eta koordinazioa sustatuz. Espainiako Estatuak onartu beharra du bere baitan bi nazio daudela, gatazka politikoa bere horretan mantendu nahi ez badu.

Gure asabek irakatsi ziguten bide honek helmugara eraman behar gaituela, Euskadiren askatasunera, alegia. Gure eginkizunak begi bistatik kendu gabe, ezeri uko egin gabe, baina unean uneko errealitateak eskatzen dizkigun erantzukizun politikoari helduz. Irmo jarraitu behar dugu denontzako herri hobea eraikitzeko helburuari begira.

Horregatik, 2017ko Aberri Egun hau ospatzeko orduan, Euskadiko hiritargo osoari zuzendutako deia egin nahi dugu, bake eta askatasunerako dugun eskubidea aldarrikatzeko, gu guztiok identifikatzen gaituen ikurrina kalera atera dezagun; keinu horren bidez Herri berria eraikitzeko dugun borondatea erakutsiz; gizarte berria, non guztiok gure iritziak emateko eta gure erabakiak hartzeko ahalmena izango dugun, giza eskubideei zor zaien errespetuaren babesean. Era berean, euskal hiritargoari luzatu nahi diogu deituko diren ekitaldi guztietan parte hartzeko gonbidapena, bakoitzari dagokion begirunea gorderik, Euskal Aberrikoak garela adierazteko, eta bakoitzak atxikimendu askerako duen eskubidea errespetatuz, herri honek bere etorkizuna demokratikoki erabakitzeko duen eskubidea defendatzeko”.

XEHETASUN TEKNIKOAK

Ekitaldi politikoa. Bilboko Plaza Barria. 11:30ean

- Hizlari izango dira, orden honetan: Iñigo Urkullu, lehendakaria, eta Andoni Ortuzar, EAJ-PNV-ren EBB-ren presidentea

- 14x8 metroko oholtza= 12 metro koadro, 80 pertsona hartuko ditu: EBB, Eusko Jaurlaritza, Herrialde Buru Batzarrak, hiriburuetako alkateak, ahaldun nagusiak, Batzar Nagusietako eta presidenteak, Kongresuko eta Senatuko bozeramaileak eta EAJ-PNV-ren eurodiputatua, beste batzuen artean.

- 20x10 metroko karpa=200 metro koadro

- Mitinerako 1.000 aulki

- Argi eta soinua emateko 90.000 wattio

Bazkaria. Areatza. 14:30ean

- 90x15 metroko karpa=1.350 metro koadro. Uri Erakunde guztietako 1.100 pertsonek bazkalduko dute. 55 pertsonentzako 20 mahai jarriko dira.

- Bazkalostean, 16:00etan erromeria Joselu eta Anaiak taldearekin

- Txosna

- Bertaratuentzako komunak

- Antolakuntzan 50 boluntariok lagunduko dute