Prentsa Aretoa
Berriak
2018/03/29
‘Gure etorkizuna, gure Aberria‘, igandean EAJ-PNVk Bilbon ospatuko duen Aberri Egunerako goiburua
Itxaso Atutxa BBBko presidenteak eta Joseba Aurrekoetxea EBBko burukideak alderdi jeltzaleak Aberri Eguna ospatzeko egingo duen jaiaren aurkezpena egin dute
Aberri Eguna 2018.ko adierazpena
AGIRIA - 2018/03/29
Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteak eta Joseba Aurrekoetxea EBBko Arlo Instituzionaleko burukide arduradunak gaur goizeko prentsa aurrekoan aurkeztu dute EAJ-PNVk datorren igandean, apirilak 1, Bilboko Plaza Barrian eta Areatzan “Gure etorkizuna, gure Aberria” goiburupean Aberri Eguna ospatzeko egingo duen jai handia. Igandeko ekitaldi politikoa 11:30ean hasiko da eta hizlari izango ditu Iñigo Urkullu Lehendakaria eta EBBko presidente Andoni Ortuzar. Baina Euskal Aberriaren egun handia ospatzeko ekitaldiak ez dira hitzaldiarekin amaituko. Eguerdi aldean jaia Bilboko Areatzara eramango da eta EAJ-PNVren uri erakundeetako 900 alderdikide bazkaltzeko elkartuko dira eta Aberri Eguna arratsalde osoa iraungo duen erromeriarekin ospatuko dute.
Atutxak Euzkadi Buru Batzarrak 2018ko Aberri Egunerako egin duen adierazpenaren zati jakin batzuk irakurri eta ezagutzera eman ditu. Hauek izan da hedabideen aurrean esan dituen hitzak.
Aurten ere, eusko abertzaleok Aberri Eguna ospatuko dugu. Aurten, ‘Gure etorkizuna, gure Aberria’ goiburupean. Euskadi da eta izango da euskal emakume eta gizonen aberria. Ondorioz, gure xedea da Euskal Herria, Euskadi izeneko proiektu politikoaren aterpean egituratua, Europako mapan beste nazioen pare egotea, naziotzat hartua izan dadila. Gure ideario eta praktika politikoan indarrean dirau alderdi honi, Euzko Alderdi Jeltzaleari, bizia eman zion printzipio demokratikoak: Euskadiren askatasun nazionala eta soziala.
Europako Batasuna euskal abertzaleentzat da Euskadi gure aberriaren helmuga, eta nazio gisa aitortua izateko aukeraren zain gagoz. Europa batua herrien borondatearen bidez diseinatu zen, baina borondate hori Estatuen interes eta botereek manipulatua dute. Behar-beharrezko jotzen dugu erabakitzeko protagonismoa Europaren aniztasuna egiten duten herri eta nazioen esku jartzea.
Argiak eta ilunak ikusten ditugu hurbilen daukagun esparruan. Iparralden, lehen aldiz hiru lurraldeak hartzen dituen Lurralde Elkargo berriak autogobernu ekimen berriak abian jartzea ahalbidetzen du euskara, kultura eta mugaz gaindiko lankidetza arloetan. Erakunde horrek itxaropen leiho bat ireki du euskal aberriaren kausarentzat.
Nafarroan, ‘Aldaketaren gobernua’ eratu izana itxaropentsu egoteko beste arrazoi bat da. Foru eta udal hauteskundeetarako urte bete falta delarik, Nafarroako Gobernua egonkor dago eta Erresuma Zaharreko gizartea eraldatzeko gaitasunari eusten dio. Eraldaketa garapen ekonomikoan, gizartearen modernizazioan, apurketarik gabeko elkarbizitzan, eskubideak hedatzeko eta kulturak eta nortasunak errespetatzeko bidean.
Euskal Autonomia Erkidegoan, adostasun bidez Euskadiko autogobernua eguneratuko duen Estatus Berria onartzeko lanari ekin diogu. Estatu Berria euskal herritarren belaunaldi berri batek bere bizitza eta itxaropen aurreikuspenak adiskidetasun eta egonkortasun egoeran garatzeko aukera izan dezan. Estatus Berria euskal emakume eta gizonen ongizate ekonomiko eta soziala hobetzeko, osasuna, hezkuntza eta kultura bide onetik garatzeko.
Kezka handiz begiratzen diogu, ordez, Espainiako Estatuan ematen ari den egoera politikoari. Krisi ekonomikoaren aitzakiarekin egindako murrizketek, alde bakarretik hartutako erabakiek, erakundeen arteko solaskidetzarik ezak eta Estatuan elkarrekin bizi diren nazio bereiziak ez aitortzen jarraitzeak kokatzen gaituzte, gaur egun, are egoera larriago batean: elkarbizitza politiko eredua apur daitekelaren arriskua, zeinetan ustezko legalitate printzipio bat printzipio demokratikoaren gainetik jartzen den eta printzipio hori baldintzatzen duen. Gainera, Katalunian Konstituzioaren 155. Artikulua aplikatu izanak eta Kataluniako erakundeetako ordezkarien atxiloketek inoizko egoera larrienean kokatu gaitu. Ez gaude ados erabaki judizialekin eta atxilotutako guztiak askatzea erreklamatzen dugu. Kataluniako egoera politikoa eta han bizi den gatazka ezin izango da konpondu ebazpen judizialen bidez edo espetxeratzeen bidez, baizik eta elkarrizketa bidez, politika eta negoziaketa bidez eta, azken finean, kataluniar hiritargoak askatasunez eta demokratikoki adierazitako borondatea errespetatuz.
Jabetzen gara egoera hau are okerrago jar daitekeela parlamentuko ezegonkortasunak aurrera egiten badu eta hauteskundeak aurreratzen badira. Gaur egungo espainiartasun olatua, “patriotismo konstituzionala” ordezkatzeko orduan nor baino nor gehiago agertzeko lehia horretan, benetako elkarrizketarik ezak eta ezberdinarekiko errespetua eskainiko duten alternatibarik ezak ekarri ahal digute eskuindarren gehiengo berri bat, berriz ere, Aznarren garaira, Estatuaren “harmonizazio” egoerara eta gure autogobernuaren berezitasunaren zapalkuntza eramango gaituena. Arrisku honi aurre egiteko, euskal hiritarrok orain arte eraikitakoa babesteko lana egin behar dugu eta, unea helduta, aurrerapauso berriak emateko eta abantzamendu eta erabaki esparru berriak irabazteko.
Euskal emakume eta gizonok orain arteko bidean planteatu zaizkigun gora-behera guztiak gainditzeko adorea erakutsi dugu eta gure nortasunari, gure kulturari eta gure izaera bereziari eusten jakin dugu. Aurrera egiten jarraitzen duen historiaren protagonista izan gara, gara eta izango gara.
Gure etorkizuna da, gure Aberria. Eta bere zerbitzura gaude.
XEHETASUN TEKNIKOAK
Ekitaldi politikoa. Bilboko Plaza Barria. 11:30ean
- Hurrenkera honetan hitz egingo dute: Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Andoni Ortuzar EAJ-PNVren EBBko presidentea.
- 14 x 8 metroko taula = 112 metro koadroko zabalera izango du eta 80 pertsona hartuko ditu: Euzkadi Buru Batzarra, Eusko Jaurlaritza, Herrialde Buru Batzarrak, hiriburuetako alkateak, ahaldun nagusiak, Batzar Nagusietako presidenteak, Kongresu eta Senatuko bozeramaileak eta EAJ-PNVko eurodiputatua, besteak beste.
- 20 x 15 metroko karpa = 300 metro koadroko zabalera.
- Mitinerako 1.000 aulki jarriko dira.
- Argi eta soinurako 90.000 watio.
-Telebista seinalea produzitu eta satelite bidez emitituko da.
Bazkaria. Bilboko Areatza. 14:30ean
- 90 x 15 metroko karpa = 1.350 metro koadroko zabalera. Uri Erakunde guztietako 900 pertsona batuko dira elkarrekin bazkaltzeko. 45 pertsonako 20 mahai jarriko dira.
- Bazkalondoan, 16:00etan,erromeria Joselu ta Anaiak taldearekin.
- Txosna.
- Komunak bertaratuentzat.
- Antolaketa lanetan 50 boluntariok lan egingo dute.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25