Prentsa Aretoa

Berriak

2019/03/17

Hauteskunde Orokorretan EAJ-PNVri emaniko botoak “balio bikoitza” izango duela aldarrikatu du Ortuzarrek “Muturreko eskuindarrekoak geldiarazteko eta Euskadi defendatzeko”

EBBko presidenteak Zallan aldarrikatu ditu EAJ-PNVk azken legealdi honetan Madrilen erdietsi dituen lorpenak, eta euskal herritarrei ohartarazi die Euskadira “boto baliagarria” direla esanez datozen estatuko alderdien kontra

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

“Jendeari azaldu behar diogu EAJri emaniko botoak balio bikoitza duela eta `batean bi´ dela: Euskadi Madrilen defendatzen dugu eta, gainera, politika han egiten dugu atzera pausurik eman ez dadin. Gurea Madrilen defendatzeko, aukerarik onena EAJ da. Eta muturreko eskuindarrekoak geldiarazteko ere, aukerarik onena EAJ-PNV”. Esaldi horiekin amaitu du Andoni Ortuzarrek gaur, Zallan, maiatzaren 26ko udal eta foru hauteskundeei begira, EAJk Enkarterrietan proposatuko dituen hautagaiak aurkezteko egin duen ekitaldian. Mitin berean hitz egin dute Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteak, Bizkaiko ahaldun nagusi eta berraukeraketara aurkezten den Unai Rementeriak eta Juanra Urquijo, Álvaro Parro eta, Irantzu Ibarrondok, hurrenez hurren Zalla, Balmaseda eta Sopuertako alkategaiek.

Aurreko larunbatean Arrigorriagan egin zen ekitaldian bezala, Ortuzarrek “enara-politikari” deitzen dituenen kontra hitz egin du, “Madriletik datoz soilik hauteskunde garaian gure hautesleria erakartzera eta beren botoa lortzera eta, gero `hor konpon´”. EBBko presidenteak “enara politikarien” kontrako kritiketan aipatu ditu Euskadira egin dituzten azken bisitak. “Pablo Casado Gasteizen ikusi dugu, Ekonomia Itunaren aldeko hitzak esanez Konstituzioaren eta Estatutuaren parte direlako, baina duela aste batzuk PPk Senatuan onartu zuen Estatutuan bete gabe jarraitzen duten eskuduntzak Euskadira ez ekartzea proposatzen zuen mozioa. Zertan geratzen gara? Horiek ere ez ote dituzte Konstituzioak eta Estatutuak babesten? Zertaz fidatu behar dugu euskaldunok: Casadok Gasteizko Mitinean esaten duenaz edo bere alderdiak Senatuan erabakitzen duenaz? Benetan deitoragarria dena da PPren hizkera bikoitza: Madrilen zentralista eta euskaltasunaren kontrakoa; eta Gasteiz foruzalea eta estatutuzalea, gure artean botoak lapurtzeko. Eta gero haserretu egingo dira `enara´ deitzen ditugulako. Logotipoan daukaten txenada ken lezakete eta bere ordez enara bat jarri: egokiagoa da beraientzat” esan du ironiaz. 

Bigarrena, Albert Riverarena izan da, Nafarroara joan zen “zirku-ikuskizunen jauzi eta itzulipurdiak” egiteko. Ortuzarren hitzetan Ciudadanosen liderra “lotsagarri” geratu da UPNrekin forutasuna, Ekonomia Hitzarmena eta Kupoa defendatzeko izenpetu duen akordioarekin. Jeltzaleen buruarentzat, alabaina, firma hau ez da bat ere sinesgarria. “Denok dakigu gezurra dela, UPNk ere bai, eta horregatik derrigortu dio izenpetzera. 24 ordu behar izan ziren egia azalean gera zedin, gezurretan ari zirela, alegia. Ciudadanoseko bozeramaile ekonomikoak, Garicanok, esan du hauteskundeen erreforma badago, beraiek proposatuko dutela Ekonomia Ituna ezabatzea. Hori da egia gordina”.

Baina bere mezu nagusia zuzendu die Ortuzarrek foru hauteskundeetan EAJ bozkatuko duten baina Hauteskunde Orokorretan Podemos edo PSOE bozkatuko duten herritarrei, uste dutelako alderdi horiek “boto baliogarria” direla “ustez behintzat Moncloara iritsi ahal direlako” eta baita “muturreko eskuindarrekoak geldiarazi nahi dituztelako”. “Asmo oneko euskal hiritar horiei esan behar zaie Madrilen asko dugula jokoan, baina ez horrenbeste Moncloara iritsiko dena erabakitzeko baizik eta euskal hiritargoaren interesak ondoen defendatuko dituena aukeratzeko. Legealdi hau izan da horren erakuslerik onena. Inork aurkez lezake Madrilen gurea bezain balantze ona? Ez. Ez euskal interesen defentsan, ezta politikagintzan edo zentralitatean kokatzeko orduan ere. Ekonomia Ituna, Kupoa, inbertsioak azpiegituretan, Abiadura Handiko Trenean, hemendik horrenbesteko kezka eragiten duten trenbide pasabideen arazoa, Zallan ere bai… eta hainbat ekintza gehiago, horien artean pentsioen igoera. Hori dena lortu da EAJri esker. EAJk erakutsi du bost eserleku apalekin hainbat gauza egin daitezkeela eta EAJren aldeko botoak balio bikoitza duela”, amaitu du Ortuzarrek.

Unai Rementeriak, Bizkaiko ahaldun nagusi eta berraukeraketara aurkezten den hautagaiak baieztatu duenez “gure konpromisoa da hurrengo belaunaldietan Bizkaia hobea uztea, baita Enkarterrietako eskualde hobea ere”. Rementeriak gogora ekarri du Bizkaiko Foru Aldundiak legealdi honetan abian jarri duen Plan Pizgarria, “eskualdeari bultzada erabakigarria emateko ekimenez beteta dagoelako”, eta esan du emaitzak jasotzen hasi direla. Plan honetan hartutako neurriek ekarri dute enplegua berreskuratzeko erritmoa Enkarterrian Bizkaiko beste eskualdeetan baino arinagoa izatea. “Zallan orain dela lau urte baino 300 langabe gutxiago daude”, baieztatu du. Rementeriak era berean balioetsi ditu inguruko enpresekin, tokian tokiko merkataritzarekin edo egurraren sektorearekin “soinez soin” egin den lana, mugikortasunean eta errepideetan eginiko hobekuntzak edo etorkizunean egingo den suhiltzaileen parkea. “Horretan ari gara gu; garrantzizko gauzetan; arazoei konponbideak emateko lanean”, beste batzuk protesta egitera dedikatzen diren bitartean eta “errua besteei leporatzen ari direnean”. “Guk nahiago dugu lan egin eta aurpegia eman”. “Bizkaia ez delako berez aldatuko eta Enkarterrietako eskualdea ez delako berez aldatuko; aldatuko dira aldaketa hori bultzatuko duten pertsonak badaude, gaur nire ondoan daudenak bezalakoak; eta aldatuko dira EAJ bezalako alderdiak badaude”, amaitu du. 

Ekitaldiaren hasieran hitz egin du Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidente andreak eta bere esker ona adierazi die bere ondoan agertu diren “emakume eta gizonei“ eta “etapa berri honetan bidelagun izango dituzten lantaldeei”, baina “baita egon direnei eta etorriko direnei”. “Katea ez da eten; eta ez da etengo” eta “berme hori EAJ-PNVk baino ez du emango”, baieztatu du Enkarterriko udaletan aurkeztuko diren zerrendaburu jeltzaleak aipatu baino lehen: Joseba Urbieta (Alonsotegi), Josu Udaeta (Artzentales), Álvaro Parro (Balmaseda), Rakel Larruskain (Galdames), Ángela Egia (Gordexola), Imanol Zuluaga (Gueñes), Julián Isuskiza (Karrantza), Martín Crespo (Lanestosa), Irantzu Ibarrondo (Sopuerta), José Manuel Coterón (Turtzioz) eta Juanra Urkijo (Zalla). Bizkaiko jeltzaleen buruak gogoratu duenez “herritarren alde lan egitea da Euzko Alderdi Jeltzalea mugiarazten duen helburu nagusia” .“ADNan daramagu `herrigintzan´ goiburua, gure herriak barrutik bultzatzeko nahia, beren etorkizunean inplikatuaz”, “EAJren 124 urteetan erakutsi dugun printzipioa, baita erakundeetan daramatzagun 40 urteotan ere”. “Beste behin ere, hiritargoari eskaintzen dizkiegu hautagaitzarik onenak, pertsonarik onenak. Konfiantza, sinesgarritasuna eta erantzukizuna eskaintzen dugu”, bermatu du.

Juanra Urkijo Zallako alkategaiak azaldu du urte bete luzea daramala herrikide, elkarte eta herriko sektore guztietako eragileekin bilerak egiten. “Topaketa horietan gehien errepikatzen diguten ideia da `herria hilda dagoela´ baina ez dago. Gure herria oso bizia da, elkarteak ditu, bizitza kulturala, ostalaritza… eta ikuspegi ezkor hori agertzen da dinamizatzaile izan behar duenak eta herria lideratu behar duenak dagokiona egiten ez duelako”, deitoratu du. Horregatik proposatu du Udal “proaktibo eta dinamikoa, laguntza eskainiko duena; proiektuak eta aktibitateak bultzatuko dituena; gure herriaren potentziala balioetsiko dituena, potentzial guztia aterako duena”.

Álvaro Parrok, Balmasedan berrautaketara aurkezten den alkategaiak, gogora ekarri du azken aldi honetan jasotako esperientziari esker bere lantaldearekin batera ekingo diola “Aurrera egiten jarraitzeko erronkari”, begirada lau helburu nagusitan jarrita: “zerbitzu publikoak hobetzea, herriaren birsorkuntza proiektuarekin jarraitzea, garapen ekonomiko jasangarria, enplegua eta gaikuntza, eta hiribilduaren berezko ezaugarria sustatzea”.

Irantzu Ibarrondo, Sopuertako zerrendaburua, bere herritarren bizitza kalitatea etengabe hobetzeko ahalegina egin beharraz mintzatu da: “Herri adeitsuagoa, politagoa, irisgarriagoa, iraunkorrago eta jasangarriagoa, kohesionatuagoa dut amets, bere nortasun propioarekin nabarmenduko dena Enkarterrietako eskualdean”, aurreratu du. Zentzu berean nahi du Sopuerta herri “erreferente” bihurtzea eta aldi berean “eskualdearen eta Bizkaiaren alde” egitea.