Prentsa Aretoa

Berriak

2021/09/17

Ortuzar: “Herri honen ordezkaritza politikoaren gehiengo batek autogobernuaz hitz egin nahi du: hitz egin beharko da”

EBBko buruak gogoratu du Autogobernu Lantaldean EAJ-PNVk aurkeztu zuen agiriaren oinarri direla argudio juridikoa eta Urkullu Lehendakariak atzo Politika Orokorrari buruzko Osoko Bilkuran azaldu zuen planteamenduaren erreferentzia historikoa

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak erantzuna eman nahi izan dio gaur, Iñigo Urkullu Lehendakariak Politika Orokorrari buruzko Osoko Bilkuran autogobernuaren erronkaz hitz egiterakoan aipatu zuen planteamendu juridikoaren eta denboraren inguruan egin zuen erreferentziaren aurrean, alderdi politiko batzuek erakutsi duten jarrera larjokatuari. Radio Popular de Bilbao-Herri Irratiari eskainitako elkarrizketan, Ortuzarrek baieztatu du alderdi konstituzionalistek ez lioketela euskal gizarteari lapurtu behar autogobernua moduko gai garrantzitsuari buruzko eztabaida. “Gai horretan ezin da ezikusiarena egin, ezin da Calimeroren antzera arrautza-oskolaren azpian ezkutatu: mahai gainean dago. Herri honen ordezkaritza politikoaren gehiengo nagusi batek horretaz hitz egin nahi du, eta hitz egin beharko da. Eta gero, beraiek nahi duten jarrera defenda dezatela”. Jeltzaleen buruak era berean adierazi duenez EAJ-PNVren asmoa ez da gaur egun Eusko Legebiltzarrean dagoen gehiengo abertzalea inposatzea, bere helburua baita “indar ezberdinen artean are kontsentsu handiagoa ahalbidetzea, abertzaleen eta abertzale ez direnen artean, alegia”.

Ortuzarrek deitoratu duenez, alderdi politiko batzuentzat, konstituzionalistentzat bereziki, inoiz ez da momentu egokia Euskadirentzako are autogobernu zabalagoa lortzeko eztabaidari heltzeko. Eta errezelo horiek gainditzera animatu nahi izan ditu, EAJ-PNVren aldetik “ez garelako inoren postulatuen kontra joango. Elkarrizketa horri heldu behar diote gu egiten ari garen planteamenduak apurtzeko planteamenduak ez direla argi izanez, guztiz alderantzizkoak baitira: etorkizuneko autogobernua betiko autogobernuarekin josteko planteamendua dira, 1839an hasi zen parentesi gogor eta luzearekin, Estatutua onartzean beste bidea hartu zuenarekin”. Buru abertzaleak gogoratu du Urkullu Lehendakariak atzo azaldu zuen planteamenduak inola ere ez duela bilatzen Autogobernu Lantaldeak azken bi legealditan egin dituen lanak haustea, guztiz alderantzizkoa baita bere helburua. “Uste dut funtsezko bi oinarriak ditugula Estatus Berriari bide emateko: Bata da 1978ko Konstituzioaren Xedapen Gehigarria, argi eta garbi ezartzen duena foru erregimena Konstituzioa baino lehenagokoa dela eta Konstituzioaren babesa duela; bigarrena da indarrean dagoen Gernikako Autonomia Estatutuaren Azken Xedapena, eta honek ezartzen du Estatutu hau onartzeak ez duela esan nahi gure iraganaren poderioz guri dagozkigun eskubide historikoei uko egitea. Oinarri biak elkarren artean konektatuta daude. Horiek biak dira gure proposamenaren funtsak, EAJk Lantalde hartan aurkeztu zuen agiriak oinarri du argudio juridiko hori.Beraz, Lehendakariak ez du ezusteko biraketarik egin, ez du inolako dribilinik egin. Esaten ari garena da betidanik esan duguna, baina Urkulluren planteamenduaren balioa da batzuei eta besteei azaltzen diela bolbora ez dela goizero asmatu behar, bolbora lehendik asmatuta dagoela eta elementuak egon badaudela guk erreferentziatzat hartzeko”. EBBko presidenteak bere arrazoia borobiltzeko ondorengoa esan du : “Esan egiten zaigu ` euskaldunek uste dute besteak baino gehiago direla, eta batez ere Madrilen `euskaldunek zergatik eduki behar dute gehiago?´…. Bada, ez, ez da hori. Guk eskatzen duguna da lehenagotik geneukana itzultzea. Guk ez dugu besterik eskatzen. Esaten dugu euskal burujabetzaren erlojua non gelditu zen, 1839an. Bada, 1839an geneukan autogobernua, XXI. mendera ekar dezagun. Lehendakariarena abiapuntu ona da, abertzale garenontzat ez dela guk nahiko genukeen guztia, baina bai abantzamendu garrantzitsua; eta konstituzionalistek, Euskadiren autogobernuak aurrera egiteari beti eragozpenak jartzen dizkiotenek, onartu egin behar dute hauxe ere badela beren Konstituzioan, 1978koan, jasota dagoen araua, eta ez da XIX. mendekoa, duela gutxikoa baizik. Etengabe eta beti hitzetik hortzera aipatzen duten Konstituzioan jasota dago,hain zuzen. Lehendakariak atzo egin zuen planteamendua akasgabea da ikuspuntu juridikotik, eta ikuspuntu politikotik neurri proportzionatua da, historiarekin lotura bat duelako”.

Ortuzarrek EH Bildu “oso despistatuta” ikusten du eztabaida honetan. “Historiari birpasa egiten badiogu, KAS alternatibatik hona barrura begira eratutako eredu konfederalaren tesietara hurbildu zaizkigu, Nafarroarekin eta Iparralderekin zer harreman mota izan dezakegun ikusteko, bai eta kanporako konfederaziora begira ere. Funtsean, Bilduk egiten duen azken planteamendua gure jatorrizko planteamendua da, baina moldeak ez dira berberak. Bildu, bere barruan, tentsioan bizi delako; ez daki uztartzen egin duen biraketa politikoa, Madrilekiko harremana eta moketa gainetik ibili beharra, santu-zeinutzat eraman duen apurketarekin. Funtsean, guk defendatzen ditugun gauzen antzekoak defendatzen dituzten arren, moldeetan ematen du inor baino unilateralistago direla. Guk bilateralitatean sinesten dugu, guk uste dugu bide egokiena dela lehenengo eta behin euskal hiritarren artean konpondu ahal izatea eta, gero, euskal hiritarren eta Estatuaren artean”.