Prentsa Aretoa
Berriak
2021/09/26
“Une esanguratsu honetan, EAJ-PNV hemen dago, jendearekin, entzuteko prest, bere arazoei irtenbide bat emateko”
Forondan 45. Alderdi Egunaren kariaz batu diren 1.300 pertsonen aurrean, Andoni Ortuzarrek iragarri du talde jeltzaleak “euskal gizarteari entzuteko asmo handiko prozesua” abiaraziko duela urte amaieran, eta Urkullu Lehendakariak iragarri du “orain arte egin den Aurrekontu-proiekturik asmo handikoena eta sozialena, inbestitzeko gaitasun handienarekin”, Euskadi sozialki eta ekonomikoki suspertzeko
2021.09.26_Iñigo Urkullu.Foronda
HITZALDIA - 2021/09/262021.09.26_Andoni Ortuzar. Foronda
HITZALDIA - 2021/09/26
“Gure Herriaren bizitzarako hain une esanguratsu eta garrantzitsuan, EAJ hemen dago, jendearekin, ekiteko prest, etorkizuna irabazteko prest. Uste dugu jakin badakigula zer egin behar den eta nola egin behar den, baina garrantzitsua ere bada gizarteari galdetzea zer nahi duen eta gugandik zer espero duen. Horregatik, hurrengo hilabeteetan, gure gizarteari entzuteko plana jarriko dugu abian. Entzun behar dugu lehenengo, une honetan ditugun arazoetarako irtenbideak bilatzeko, guk amesten dugun Euskadi berde, gorri zuria eraikitzeko”.
Horixe izan da Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek gaur, Forondako zelaietan 45. Alderdi Egunaren kariaz batu diren 1.300 pertsonen aurrean zabaldu duen mezu nagusia. Alderdi Egun atipikoa izan da gaurkoa, gizarteari une honetan bizitzea tokatu zaion momentu atipikoaren ondorioz, Euskadi osasun larrialdi egoeran aurkitzen baita oraindik. Ortuzarrek, Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Aitana Agirre EGIkideak hartu dute hitza talde jeltzaleak aforo murriztuarekin egin duen ekitaldi politikoan. Ekitaldiari hasiera emateko, Euzkadi Buru Batzarreko burukideek lore eskaintza egin dute taula ondoan, EAEn, Nafarroan eta Iparraldean Covid-19aren ondorioz bizia galdu duten 5.000 pertsonak gogoratzeko jarri diren ehun ikurrinen aurrean. Ikurrina altxatu denean eta Euzko Abendaren Ereserkia abestean une hunkigarria sortu da bertan izan diren guztien artean. Horrekin batera, Forondako ekitaldian ezohiko gertatzen den isiltasuna, indarrean dauden osasun neurrien betetze zorrotza eta pandemia baino lehen EAJ-PNVren dozenaka mila alderdikide, alderdizale eta lagun hartu izan dituen zelaian horren talde murritza izatea izan dira gaurko egunaren ezaugarriak.
Ortuzarrek baieztatu duenez ‘entzute aktiboko‘ prozesu horrekin bilatzen da “gizarte oparo batetara eramango gaituen autogobernua eraikitzea, gizartea behar bezala zaintzeko, Herri iraunkorra izateko, abegitsua. Euskadi burujabea”. “Prozesu horrek itzala uztea nahi dugu, 77ko Batzar Nagusiak utzi zuen bezala, Alderdiak Zestoako Batzarrean egindakoak bezala, duela hamar urte ‘Think Gaur‘ prozesuak bezala”, gaineratu du. Jeltzaleen buruaren esanetan, prozesu horrek lagundu behar dio Euskadiri pandemiatik irtengo den mundura moldatzen, erakundeen eta esparru politikoen aldetik digitalizazioari, klima aldaketari, iraunkortasunari eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna moduko erronkei bultzada erabakigarria emateko, bai eta krisi demografikoari erantzuteko eta Ongizate estatua eta gizarte politika publikoak indartzeko ere.
Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak ez du ihes egin nahi izan une honetan Autogobernuaren etorkizunaren inguruan zabaldu den eztabaida bizitik. “Lifting bat egingo al diogu gure Autogobernuari gazteago egiteko, eta kito? Edo orain arte eraiki dugun guztia baztertuko al dugu eta barruko konfrontaziora joango gara gure artean eta Estatuarekin, Euskadik, Espainiak eta Europak une honetan bizi duten egoeran? Autogobernuari ‘lifting‘a egitearen eta hodeietako Autogobernuaren artean, EAJk ‘bidezko Autogobernua‘ aldarrikatzen du”. Zer da ‘bidezko Autogobernu‘ hori? “Euskadiri eta euskal gizarteari bere helburu pertsonal eta kolektiboak lortzen lagunduko diena, euskal herritarrenak eta Euskal Herriarenak. Gizarte oparora eramango gaituen Autogobernua, gizartea ondo zaintzeko, Herri iraunkorra eta abegitsua izateko, Euskadi burujabea. Gure hiritargoaren gehiengo nagusi batek gaur egun dituen asmoak beteko dituena. Etorkizuna aurrez epaitu gabe, ezta kondenatu ere. Inork inposatutako mugarik gabe, soilik herriak askatasun osoz adostutakotik eta erabakitakotik etorriko direnak. Ezer apurtu gabe. Konstituzioaren Xedapen Gehigarriak eta Gernikako Estatutuaren Azken Xedapenak ematen diguten lege babesarekin, eta autogobernu gehiago eta hobeari gizartearen gehiengoak eman dion babesarekin”, azaldu du. Eta, lan horretan, Ortuzarrek baieztatu du “EAJ prest dagoela kontu hau jorratzeko, diskrezioarekin, presarik gabe, estresik gabe, baina urrats sendoekin. Eta egingo du beste alderdiek ere borondate politikoa adierazten badute aurreko legealdian emandako aurrera pausuen bidetik jarraitzeko”. Amaitzeko, buru abertzaleak gogora ekarri du Pedro Sánchezekin Espainiako Gobernuko presidente egiteko izenpetu zuen akordioak laugarren puntuan jasotzen duela EAJ-PNVk eta PSOEk hitzematen dutela “Alderdien eta erakundeen arteko elkarrizketaren bitartez, Estatuaren egitura lurralde-identitateen onarpenera egokitzeko beharrezko erreformak bultzatzea, eta, hala badagokio, beharrezko lege-aldaketak adostea, Kataluniako auziari konponbidea aurkitzeko, bai eta EAEko Estatutu berriaren negoziazioan eta akordioan ere, kide izatearen sentimendu nazionalak aintzat hartuta”.
Iñigo Urkulluk Covid-19aren biktimei eta beren senideei eskaini nahi izan dizkie hasierako hitzak, erabat hunkituta. Ondoren, bere esker ona adierazi nahi izan du. “Harrotasun osoz esan dezakegu zoritxarraren aurrean goiari eusten jakin izan duen euskal gizartearen parte garela. Eta, guk ere, gure esker onik zintzoena eta beroena adierazi nahi diegu Osasun Saileko eta Osakidetzako profesional guztiei. Euskadin test gehiago egin dira eta pertsona gutxiago egon dira gaixo eta ospitaleetan, pertsona gutxiago ZIUetan, pertsona gehiago txertatuta eta gure inguruan baino hildako gutxiago izan ditugu”. “Gaur, funtsezko zerbitzu guztien lanari, dedikazioari eta eskuzabaltasunari esker, osasun larrialdia altxatzeko momentura hurbiltzen ari gara, etapa berri bat hasteko. Pandemian jarraitzen dugu, bai eta osasun larrialdi egoeran ere, baina lortuko dugu Euskadi ekonomikoki eta sozialki suspertzea”. Nola? Urkulluk galdera hori erantzun du. “Gure historiako Aurrekontu proiekturik handiena aurkeztuko dugu, sozialena, inbestitzeko gaitasunik handienarekin”.
Lehendakariak ez du aipatu gabe utzi izan nahi euskal Autogobernuaren etorkizunaren gaia. Sarrera gisa, birzentralizazio eta eskuduntzen ahultze prozesua salatu du, pandemia hasi zenetik areagotu den zerbait, baina era berean nabarmendu nahi izan du Espainiako Gobernuak, lehen aldiz, Gernikako Estatutua betetzeko konpromisoa hitzeman duela, eta idatziz jarri duela, hurrengo fase batean jartzen gaituen zerbait. “Etapa berri bat hastea da, aurrera egiteko urratsa, gure Eskubide Historikoek ematen diguten harreman berezi eta bilateralaren eguneratzea hitzartzea”, esan du. “Irtenbide politiko bat proposatzen dugu, bermeen alde biko sistema bat barne hartuko duena, hitzemandakoa alde bakarretik bete gabe uztea eragozteko. Adostutakoa errespetatu ezik ez dago irtenbide politikorik. Elkarrekiko harremana ere bada pandemian ikasi dugun zerbait, hau da, gure Eskubide Historikoak jasotzen duten alde biko harremanaren eguneratzea, zeinaren berezitasuna Konstituzioak ere errespetatzen eta babesten baitu. Aukera bat dugu itun politiko berria adosteko, gure nazio-errealitatea aitortuko duena, bai eta Euskal Autogobernuaren berezitasuna ere, Estatuan alde biko harremana finkatuko duena eta Euskadi Basque Country kontzeptuaren presentzia eta nazioarteko proiekzioa ahalbidetuko duena”, azaldu du.
Hitza hartzen lehena izan da Aitana Agirre, EAJren gazte erakundeko ordezkaria. EGIkideak euskal herritarren hizkuntzak, euskarak, “gaur, inoiz baino gehiago” daukan garrantzia azpimarratu nahi izan du. “Euskara da zazpi lurraldeetako euskaldunok batzen gaituena; gure Herriaren bizkarrezurra; etorkizuneko giltza. Euskara gabe ez dago Herririk. Guri dagokigu euskara ikasi eta erabiltzea; euskaraz bizitzea”, esan du. Agirrek ildo beretik aldarrikatu du Euskadi eta Kataluniari “nazio izaera” aitortu beharra bai eta “berezko dugun erabakitzeko eskubidea” errespetatu beharra ere. “Hitza eta erabakia herritarrena izan behar da, modu demokratiko eta baketsuan gauzatua”.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25