Prentsa Aretoa

Berriak

2014/12/17

Itxaso Atutxa: “Madriletik hitz borobilak eta politak heltzen zaizkigu, baina Euskadirekin akordioetara heltzeko borondaterik ez dute agertzen ”

Itxaso Atutxak, EAJ-PNVren Bizkai Buru Batzarraren presidenteak, Azpimarra saioan eskainitako elkarrizketan azaldu duenez “Estatuko gobernuaren jarrera orain dela urtebete ezagutu izan genuen berdin-berdina da: hitz onak bai, adeitasun handiz esanak… Baina gero, ez dago benetako eraginkortasunik”.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Atzo gauez ETB1eko telebista kateari eskaini zitzaion elkarrizketan, Itxaso Atutxak, EAJ-PNVren Bizkai Buru Batzarraren presidenteak, Estatutik kanpo bete diren zigorren inguruan Auzitegi Gorenak erabakirik hartu ez duela ekarri zuen gogora. “Itzelezko nahastea dago Espainian arlo honetan ere. Egun osoan zehar bilduta egon eta gero, ez dira akordio batetara heltzeko gai izan. Epaileak behin eta berriro ari dira salatzen jasaten ari diren presioak, batez ere botere betearazlearen aldetik, eta hori estatu demokratiko batean nahiko salagarria dela uste dut, zalantzan jartzen dituelako Estatuaren hainbat oinarri. Gauzak desberdinak izatea nahiko nuke, baina Espainiako justizia ere nahikotxo korapilatuta dago”. Honen inguruan ere, Espainiako gobernuaren jarrera kritikatu du. “Bete beharreko legea heldu da Europatik, eta eurek ez dute inola ere bete. Esan egiten dute Europa nahi dutela, baina Europatik gustatzen ez zaien zerbait heltzen denean, eta hau da kasua, zirrikituren bat bilatzen hasten dira. Dena dela, larriena Espainiako auzitegi eta epaile ezberdinek Exekutiboaren aldetik jasaten duten presioa da”, azpimarratu du.

Auzitegi Nazionaleko fiskalak 28 auziperatutik 12ri baino ez karguak kendu izanaren inguruan galdetuta, Atutxa harrituta agertu da. “Ez dugu ulertzen zelan, legeria berdina izanik, epaileek hartzen dituzten erabakiak desberdinak diren”. Atzoko epaiketan ere Nazio Batuen Erakundeak onartutako Istanbuleko Protokoloaren txostena aurkeztu zen. Epaitegietan tortura protokoloei kasu handiagoa egin behar zaiela aipatuta, BBBko presidentea zorrotz agertu da. “Salaketak baldin badaude, jaramon egin behar zaie. Hori litzateke estatu demokratiko bat zuzen ez dabilela ikusteko biderik argiena. Gainera, horrelako protokoloak daudenean NBEk onartuak, Fiskaltzak ezin du esan prozedura dela oker dagoena”.

Madrilgo gobernuaren borondate falta

Bi urte bete dira Urkullu Lehendakaria Eusko Jaurlaritzara heldu zenetik eta Madrilgo gobernutik ez da “Euskadiren alde mugimendurik sumatzen”. “Aurrekontuen inguruko negoziaketan ikusi dugu ez dagoela akordioetara heltzeko borondaterik, ezta bestelako jarrera bat agertzeko nahirik ere. Hori bai, erantzunak beti edukazio osoz eman dizkigute; hitz borobilak eta politak. Rajoy-ren gobernuaren azken urteetan gertatu zaigu nola onartutako zuzenketa batzuk ere, urtea joan, eta ez direla bete. Beraz, jarrera da orain dela urtebete izan genuen berdin-berdina: hitz onak bai, edukazio handiz… Baina gero, ez dago benetako eraginkortasunik”.

“Gehiengoa izatea eta politikan aritzea zer den desberdindu behar dugu”, esan du Atutxak. “Ezin dugu pentsatu, inor kontuan hartu barik herri bat aurrera atera daitekeenik. Gehiengo absolutuak ez du ematen besteak kontuan ez hartzeko eskubiderik”. “Gainera, Lehendakariak Rajoy-ri egindako eskariak ez dira ez bereak, ez EAJ-PNVrenak bakarrik. Legebiltzarrean gehiengo batez onartutako akordioen isla dira. Esate baterako, gure eskumenen defentsa. Beraz, ez da Lehendakariari egiten zaion okerra. Ez da EAJ-PNVrekin harremana hoztu dela. Ondorioa da herri oso bateri zor zaion erantzuna eman gabe geratu dela”, azaldu du burukide bizkaitarrak. “PPk edo PSOEk Madrilen gehiengo absolutua duten bitartean, oso zaila izango da guretzat ezer aurrera ateratzea; ez gaituzte behar”.

Erabakitzeko eskubidearen inguruan ere mintzatu da BBBko presidentea. “Guk galdetzea eskatzen dugu eta gainera, azken inkesten arabera, gizartearen gehiengoak nahi duen zerbait da. Gero herri honek erabakiko du azken formula zein den. Baina, behintzat, bideratu beharko litzatekeen prozesu bat da”. Bakeaz eta elkarbizitzaz EAJ-PNVk gai honen inguruan aurrera pausuak eman dituela azaldu du. “Bai EAJ-PNVrentzat bai Jaurlaritzarentzat ere, argi geratu da elkarbizitzak behar dituen zutabeak lantzeko, alderdi politikoen arteko akordioak behar direla. Ponentzia martxan jarri zen, oraindik ulertzen ez dugun arrazoiengatik PSE atera egin zen”. Dena den, zubiak eraikitzeko, gainerako alderdiak, PP eta PSOE,batu daitezen, akordioetara heldu behar dugu. Elkarbizitza, gizartearen onurarako, guztion artean eraiki behar dugula sinisten dut. Baina, momentuz, ez dugu ikusten beste alde horietatik akordioetara heldu nahi dutelako zantzurik”.

Catak Edesan hartutako erabakiaren inguruan bere iritzia ere eman du. “Hiru hilabeterako zabalduko da Edesa momentuz. Zabaltzearena ez dago txarto. Baina Bizkaiko Foru Aldundia eta Jaurlaritza batera aritu izan dira Catari, Edesarentzako plan industrial konkretu bat eskatzeko. Ez dugu orain arte emaitzarik ikusi eta hori izango litzateke langileentzako eta guretzako itxaropena. Gogoratu behar da, BFAk 3 milioi inguruko diru-laguntza mantentzen duela bideragarritasun plan baten barruan enpresa aurrera ateratzeko”.

2015eko hauteskundeak

Hurrengo urteko udal eta foru hauteskundeak ere izan ditu hizpide Itxaso Atutxak. “Egia da Bildurentzat EAJ-PNV beti izango dela aurkaria. Baina, gu geurera. Gure eguneroko lanarekin lortu behar ditugu botoak”. Garai “itxaropentsu” baten aurrean gaude. “Hautagai zerrendak gaztetzeko prozesua 2011ko hauteskundeetan hasi genuen, eta hauetan ere horrela jarraituko dugu eta hurrengo urterako hautagai berri asko ditugula. Esate baterako, Bizkaiko ahaldun nagusia, Batzar Nagusietako presidentea eta Bilboko Alkatetza”, esan du Atutxak Jose Luis Bilbao, Ibon Areso eta Ana Madariagaren lana goraipatu eta gero. Lehen inkesten arabera, nahiz eta hauteskundeak errazak izango ez diren, badirudi nahiko ondo joango zaigula. Dena den, datu zehatzak maiatzaren 24ean izango ditugu”. “Ilusio handiz hartzen ditugu hauteskundeak, ikusten dugulako jendearentzat oso garrantzitsuak direla eta, biztanleriaren aldetik, inplikazioa handiagoa izaten da. Beraz, guretzat ere erantzukizuna oso handia da hautagaiak aukeratzen ditugunean. Horregatik esaten dugu gure onena eskaintzen dugula hauteskunde hauetan. Ziurrenik, akordio askotara heldu beharko dugu, baina herri honetan ohituta gaude eta EAJ-PNVren ezaugarrietako bat da hori”, bukatu du Itxaso Atutxak.