Prentsa Aretoa

Berriak

2015/07/07

Heldu dira Galdakaoko udal ortu ekologikoetako lehenengo ortuariak

Udal ortuetarik bi helburu pedagogikoetarako erabiltzea pentsau zan bere egunean eta solotsuotako aurtengo uzta, berbarako, Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkarteak Zabalea kalean ipini dauen hozkailu solidariora eroango da

rss Ezagutzera eman
Heldu dira Galdakaoko udal ortu ekologikoetako lehenengo ortuariak

ARGAZKIA JAITSI

Galdakaoko udal ortu ekologikoetako adjudikaziodunak maiatzerik hasita dabilz euren ortuetan beharrean, eta apurka-apurka, ekinaren ekinez, erne dira lehenengo ortuariak. Udal ortuetarik bi helburu pedagogikoetarako erabiltzea pentsau zan bere egunean eta solotsuotako aurtengo uzta, berbarako, Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkarteak Zabalea kalean ipini dauen hozkailu solidariora eroango da. Daborduko, bertan dira ortutik harako lehenengo letxugak.

Atzo bertan Egia auzoko ortuotara hurreratu ziran Amaia Betolaza alkateordea eta Leire Diaz Ingurumen Arloko teknikari-arduraduna. Bertan ortu ekologikoen egoerea eta edertasuna ikusteaz ganera, ekimenaren nondik-norakoak azaldu ebezan.

Ortuak esan bezala Egia auzoan dagoz eta 2014ko abenduan esleitu ziran zozketa bidez. Behin ortuak esleituta, eta baldintza pleguetan jaso zan moduan, adjudikaziodunak Alkartea eratu eben. Gerora, apirilean hain zuzen be, egin zan ortikultura ekologikoari buruzko ikastaroa, eta aurtengo maiatzean giltzak emon jakezan.

Ordurik hona lurra goldatu, ortuariak erein eta landatu, landareak ureztatu ditue, tentuz egin be, eta egunotako beroari eskerrak, ondu dira lehenengo fruitu eta landareak.

Teknikari bat be kontratau da (Xabier Gómez) ortu ekologikoen dinamizazino lanak egiteko. Bere zeregina, besteak beste, baratzezaintza ekologikoaren ganean zor daitekezan zalantzak argitzea da; hala nola, ortuaren banaketa, bariedaderik onena aukeratzea, ongarri ekologikoen beharrizana, kalidadezko konposta lortzea, erreminten erabilera egokia egitea, izurritei aurre egiteko tratamentu ekologikoen ezagutza eukitea e.a. Hori danori, beti be, baratzezaintza ekologikoa eta ortuarien berezko hazkunde naturala errespetatuz. Aldian-aldian, edozelan be, hitzaldi eta saio praktikoak be antolatu dira, bertako labrantzako ohiturak ezagutzeko edo garaian garaiko ortuarien zaintza egokirako.

Galdakaoko Udalak bere jaubetzako espazioa egokitu eban eta 26 ortu egin ebazan. Horietarik be ganera helburu pedagogikoetarako erabiliko dira. Arlo edo lur-sail bakotxak, gutxi-asko, 40-50 metro karratukoa da. Eta bestetik adierazo Egian egokitutako espazioak hiru txatal nagusi dituala: aldagela-eskusaua, ikasgela-bulegoa eta erramintak gordetzeko tokia.