Prentsa Aretoa
Berriak
2015/09/30
Itxaso Atutxa: “Espainiako gobernua inolako lotsa barik” ari da Catalunyan
Bizkai Buru Batzarraren presidenteak adierazi duenez “erabat eszentrikoa da gaur egungo Europan presidente bat inputatzea bere herriari gauza baten inguruan zer iritzi daukan galdetzeagatik”
Bizkai Buru Batzarraren presidente Itxaso Atutxaren aburuz, ez da ezustekoa izan Artur Mas presidentea hauteskundeak ospatu eta bi egun geroago inputatu dutela ikustea. Burukide bizkaitarra gaur goizean Bizkaia Irratian izan da eta bertan esan duenez “Espainiako gobernuak inolako lotsa barik” ari da Masen inputazioaren inguruan. Andoni Ortuzarrek, EBBko presidenteak, atzo egindako adierazpenak bere egin ditu, “gaur egun presidente bat inputatzea bere herriari gauza baten inguruan zer iritzi daukan galdetzeagatik erabat eszentrikoa” dela esanez, eta jarrera hau “Europan iribarrea” sortuko duela uste du.
Atutxaren ustez Junts pel Sí koalizioak lortutako 62 eserlekuak, eta ondorengo alderdiak 25 izanda, Mas “inork baino legitimatua dago presidente izateko” eta, nahiz eta “Madriletik erasoak etorri, emaitzak oso garbiak izan dira Junts pel Sí-rentzat”. BBBren presidente andreak azpimarratu nahi izan du Catalunyan azken urteetan egin den bide osoa “legearen barruan” egin dela, “Rajoyk esaten duena esanda ere”. “Nahikoa da Espainiatik jasotzen ari diren irainekin, Mas Catalunyako presidente izateko zilegitasunik ez duela esanez. Ia nork erakusten digun zertan ibili den legez kanpo”, esan du. Gainera, “ziurrenik “, Masen inputazioa “ez da ezertan geratuko”.
Catalunyako Auzitegi Gorenak deklaratzera deitu du Artur Mas presidentea eta urriaren 15erako deitu du; hain zuzen ere, militar frankistek Lluis Companys presidentea fusilatu zuteneko 75. urteurrenean. Data hau ere ustekabea izan ote den galdetu diote Atutxari: “Kasualitatea bada, lotsagabekeria ere bada neurri baten” eta Catalunyako herriari “beste irain bat”, alegia. Epaiketa batean deklaratzeko “urteak egun asko ditu” eta gainera “jakin badakite Mas presidenteak betidanik eduki duela bertara hurbiltzeko ohitura”, kritikatu du. “Inork catalunyarrak haserretu nahi baditu, nahiko haserre ez badaude jada, bide onetik doa”, salatu du.
Itxaso Atutxa Euskadiko estatus berriaren inguruan ere mintzatu da. EAJ-PNVk Alderdi Egunean behin ere aldarrikatu zuen moduan, “lehenengo puntua, gure nazio izaera onartzea beharko luke izan, eta honek ez dauka bueltarik”. Beste alde batetik, “harremana aldebikotasunezkoa izan behar du; berdintasunean, Estatuko gobernuaren eta gure artean”. Honetaz gain, “harreman horren bermea izango litzatekeen erakunderen baten sorrera ere beharko genuke”. Nazio izaera aitortzea gatxena ote den galdetuta, Bizkaiko ordezkari jeltzaleak azpimarratu du “Europako beste herri batzuk” onartua daukatela eta inork ez diela nazio izaera ukatzen; “Eskozia adibidez. Galdeketa ahalbideratu zuen Cameronek, normaltasunez, eta hori Europaren barruan gertatu da; nahiz eta emaitza ezezkoa izan, bide bat gelditu da zabalik”, azaldu du. Adibide honi Quebec-ekoa gehitu dio Atutxak: “Normaltasun baten barruan egin dira galdeketa hauek eta, ez hori bakarrik, araututa ere badaude. Aukera eman dezagun eta gero gizarteak aukeratu dezala. Baina, horretarako, borondatea politikoa behar da”, amaitu du.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25