Prentsa Aretoa
Berriak
2015/12/07
Aitor Estebanek euskal gazteria animatu du politikaren eta gizartearen parte aktibo izatera “zuek eraikiko duzue Euskadiren etorkizuna”
Diputatuen Kongresuan berraukeratzerako aurkezten den hautagai jeltzaleari euskal gazteriaren ordezkariek galdegin diote gazte langabeziaz, hezkuntzaz eta eskubide eta askatasunez, eta berak erantzun modura aurreratu dienez “ez zaudete bakarrik” baina, era berean eskatu die inguruan duten errealitateaz kontzientziatzea eta gizartean parte hartzea
“Parte hartze aktiboa izan behar duzue gizartean eta politikan. Protestatu behar duzue, salatu, konpromisoak hartu behar dituzue… Zuek guztiok zarete Euskadiren etorkizuna”. Hitz horiek esan ditu Aitor Estebanek, abenduaren 20ko hauteskundeetarako EAJ-PNVren Bizkaiko zerrendaburuak eta berraukeratzerako hautagaiak, gaur arratsaldean Bilboko Yimby gunean elkartu diren ehun bat gazteri. Gazteriarekin egin den elkarretaratzean hainbat galdera egin zaizkio hautagaiari, denak gazteei eragiten dietenak. Estebanek baieztatu duenez “ez zaudete bakarrik, hemen gaituzue behar duzuen guztirako, zalantzarik ez izan, etor zaitezte gugana eta argi izan, beti egin izan dugun moduan, gauden tokian gaudela defendatu egingo zaituztegula”, azpimarratu du. “Asko espero dugu zuongandik guztiongandik, baina zuek ere kontzientzia hartu behar duzue”, eskatu die. Ildo beretik, izpiritu kritikoari eustea eta “hauteskunde garaian iristen diren sirenen kantei” kasurik ez egitea eskatu die. “Gaitasuna, ezagutza, kemena eta gogoa daukazue. Oso gaitasun handia duzue zuentzat ona edo txarra izan daitekeena ezberdintzeko. Eta, zuok guztiok behar zaituztegu herri honek bere oraingo hezkuntza sistema, bere osasuna, bere Ekonomia Ituna edo orain arte izan duen ongizate sistema gero eta hobeto egon daitezen”, gonbidatu ditu.
Aitor Estebani hiru herrialdeko bost gaztek egin dizkiote galderak, gazte langabeziari buruz, LOMCE legea Euskadin ezartzeari buruz, Lanbide Heziketari buruz eta eskubide eta askatasunei buruz. Galdera hauek planteatzeko eta erantzuteko baliabide berritzailea erabili izan da gaurkoan. Gaurko ekitaldia zuzenean eman da Facebook Live bidez eta, hain zuzen, Aitor Esteban izan da aplikazio hau erabili duen lehen euskal politikaria. Tresna honek emanaldia internet bidez ikusten ari direnei ere eman izan die unean uneko galdetuari, kasu honetan Aitor Estebani, bat bateko galderak egiteko aukera. Aitor Estebanek halako galdera biri eman die erantzuna. Edozein kasutan, berraukeratzerako hautagaiak hitza eman du ez duela “erantzun gabeko galderarik” utziko; galdera horiei Facebook-en bidez emango die erantzuna hurrengo egunotan.
Gaurko ekitaldia Gogorregi konpartsak antolatua izan da eta euskal gazteentzako gairik garrantzitsuenak argi baino argiago uzteko balio izan du. Beste hainbat gairen artean, Estebani galdetu diote LOMCE legeak Euskadin izango duen ezarpenari buruz. Estebanek gai honen inguruan azaldu duenez “EAJ-PNVk azken urte hauetan Madrilen eta Euskadin burutu duen jarduera koordinatuari esker lege horren ondoriorik kaltegarrienak geldiarazi ahal izan dira eta euskal ikastetxeetara oso minimizatuta iristea lortu da”. Estebanek hitz borobil eta sendoak esan ditu Rajoyren gobernuaren jarrera kritikatzean, Euskadiren Hezkuntza eskumena edo beka sistema murriztu nahi duela ikusita, eta hitza eman du hurrengo legealdiko erronka izango dela “gure hezkuntza ereduari eustea eta borrokan segitzea gure eskuduntzak eta gure eredu arrakastatsuak errespetatuak izan daitezen”.
Gaurko ekitaldian jorratu den beste gaietako bat izan da langabezia, bereziki gazteei eragiten diena. “Enplegua sortzeko orduan, ekonomia lehiakorragoa behar da, erakundeen aldetik babestua. Azken Espainiar Gobernuek martxan jarri dituzten politika ekonomikoak eta enplegu politikak dira, mundu mailako krisi ekonomiko eta finantzarioarekin batera, herri garatuen langabezi tasarik gorenenetakoa izatearen errudun nagusienak”, gaineratu du. Zentzu berean aldeztu duenez EAJ-PNVren aldetik “marko sendoa aldarrikatzen dugu erantzukizuna enpresena eta langileen ardurapean jarriko duena, etengabeko prestakuntzaren eta enpleguaren egonkortasuna bultzatuko duena eta prekariotasunetik aldenduko dena”. Gazteei dagokionaren aldetik, Estebanek helburu hauek aipatu ditu “enplegu politiken baitan gazte enplegua lehenestea, prestakuntza bekak neurririk gabe erabili ez daitezela eta enplegu gazteen prekariotasuna saihestea, Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata apurka apurka igotzea eta gutxienez 800 eurokoa izan dadila, eta talentua erakartzeko eta bertan geratzea lortzeko ekimenak”, gazteen artean dagoen langabezi tasa altua murrizteko.
Enpleagarritasunari dagokion aldetik ere, berraukeratzerako hautagaiak azpimarratu nahi izan du Euskadin ezarri den Lanbide Heziketa Dualaren balioa eta garrantzia. “LH Dualeko ikasleen %70,4k lanpostua lortu dute prestakuntza amaitu eta hurrengo egunean” gogoratu du. Zentzu berean azaldu duenez, talde jeltzaleak Madrilen sustatuko du “Estatuko LH eredua aldaraztea LH Dual honen sisteman integratuz, lanpostutik bertatik lortutako prestakuntzaren abantailak baliatuz eta gure gazteen prestakuntza alorrean enpresek ere erantzukizuna izatea bultzatuz”.
Aitor Estebanek erantzun behar izan duen azken galdera izan da uztailaren 1ean onartu zen Mozal Legeari buruzkoa. Estebanek bertaratutakoei azaldu die lege horren helburu bakarra dela “herritarrei beren irizpideak azaleratzea eragoztea, gizarteak protestarako inoiz baino arrazoi gehien duen une honetan”; “eskubideen murrizketa da, oso murrizketa larria,EAJ-PNVk behin eta berriz salatu izan duena”, azaldu du. “Herritarren askatasun eta eskubideen murrizketa salatzea da gure derrigorra; EAJ-PNV da oinarrizko eskubideen eta askatasun publikoen defendatzailea; eta berdin egiten segituko dugu” esan du argi bezain sendo. Baina, bertaratu guztiei eskatu die “defentsa lan honen parte hartzaile aktibo” zuen elkarte eta taldeetatik… ahotsa eta botoa izan behar duzue; zuek baizarete biharko Euskadi eraikiko duzuenok”.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25