Prentsa Aretoa
Berriak
2016/07/28
EAJ-PNVren iritziz, lehenengo urte honetan Udala ohiko kudeaketara mugatu da, Elorrioko etorkizunerako proiektu barik
Joseba Mujika bozeramale jeltzaleak adierazi duenez, EAJ-PNV prest dago etorkizuneko Elorrio proiektatzeko gai izango den udal kudeaketan lankidetzan aritzeko, “gure seme-alabek gozatu eta bizi izango duten Elorrio hori”.
Joan den uztailaren 11n, Idoia Buruaga alkatea buru duen Elorrioko gobernu taldeak, legealdi honetarako diseinatu den Gobernu Planaren betetze maila ezagutarazi zuen. EAJ-PNVren iritziz, batez ere edozein udalen ohiko kudeaketaren barruan dauden jarduketak jasotzen dituen dokumentua baino ez da. “Udal ekipamenduen mantentze eta hobekuntza lanak, errepideen garbiketa eta larrialdietarako protokoloak, udalez gaindiko gaien jarraipen juridikoa… edozein Udaleko eguneroko jarduneko kontuak dira. Txarto egongo litzateke gure herria Udalak hori egingo ez balu”, adierazi du Joseba Mujikak EAJ-PNV taldearen udal bozeramaleak.
“Alkateak aipatu dituen gaien artean autokarabanen aparkalekuaren irekiera dago, aurreko legealdian EAJ-PNVren apustua izan zen proiektua, udako igerilekuekin gertatzen den bezala. Horri, errentetatik bizitzea esaten zaio”, adierazi du Mujikak. Bozeramale jeltzaleak adierazi duenez, bere alderdia prest dago etorkizuneko Elorrio proiektatzeko gai izango den udal kudeaketan lankidetzan aritzeko, “gure seme-alabek gozatu eta bizi izango duten Elorrio hori”.
Hori dela eta, Joseba Mujikak esan duenez, jeltzaleek defendatzen dituztenen artean herriarentzat oso garrantzitsuak diren proiektuak daude, Pulla Azkarreta industriagunea, adibidez. Industriako lurzoru eskaintza indartzeko gai izango da, erosketari zein alokairuari dagokionez. Proiektu hori gauzatzeak, berrikuntza eta balio erantsia ekarriko duten industriek eragindako jarduera ekonomikoko 65.000mt2 sortuko lituzke.
Ildo horretan, Mujikak Argiñetako nekropoliko museo proiektua gogoratu du. “EAJ-PNVk proiektua bideratuta utzi zuen, eta Bizkaiko Foru Aldundiak Udalari bideratu dio bere proposamena, bere egunean agindu zuen moduan, baina egungo gobernu taldeak ez du ezer egin. Ea datorren urtean egoera aldatzen den eta Elorrioko Udalak Aldundiari zuzendu beharreko baliabideak bideratzen dizkion, proiektua martxan jartzen hasteko”.
EAJ-PNVren ardura sortzen duen eta, bere iritziz, ekintza plana diseinatzen hastea eskatzen duen beste gai bat Elorrioko kiroldegiaren egoera da, txiki eta zaharkituta geratu da eta. Bete du ziklo bat, eta datozen 30 urteetarako Elorriok izango duen kirol eskariari erantzungo dion proiektu berria behar da. EAJ-PNV taldeak, Udala horretan lanean hasiko balitz 2021erako errealitate izango litzatekeen aukera bat aurkeztu zuen. Kirol ekipamendu berria, une honetan Fytasa Fundizioaren aurriak dauden lurretan. Horrela kirol gune handia sortuko litzateke, egungo Elizaldeko futbol zelaiekin eta udako estali bako igerilekuekin bat eginda.
“Gure kaleek ere hobekuntzarako jarduketak behar dituzte”, azaldu du Mujikak, “hirigintza gabezia garrantzitsuak dituen Belengua kaleaz ari naiz: oso espaloi estuak, irregularrak eta jarraikortasunik gabeak. Gabezia horiek arriskutsuak dira elorrioarrentzat, Haurreskolara eta Institutura doazen ume eta gazteentzat, batez ere. Lehentasunezko hirigintza jarduketa da EAJ-PNVrentzat”.
Joseba Mujikak, Elorrioko EAJ-PNV taldearen bozeramaile gisa, gaur egungo gobernu taldeak ez duela lidergorik uste du, eta ezinbestekoa dela Udalean kudeaketa aurreratu eredua ezartzea, herritarren aurrean hartutako konpromisoak ahalik eta eraginkortasun eta efizientzia maila altuenarekin bete ahal izateko; zerbitzu publikoek sortzen duten karga murriztuz; gizarteari eskaini behar zaion balio altuena bilatuz eta kontingentzia kudeatuz; eta gauzatutako jarduketen etengabeko jarraipena eginez. “Hori guztia, jakina, partaidetzan oinarritutako sistema hoberenekin, jokaera etikoekin, plangintzarekin eta gardentasunarekin”, esan du, amaitzeko.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25