Prentsa Aretoa
Berriak
2017/05/04
Itxaso Atutxa: “Akordio batetara heldu izan ez bagina, Euskadik aukera handia galduko zukeen”
Bizkai Buru Batzarreko presidente andreak “oso on” jo du aurrekontuen inguruan adostutako hitzarmena, eta gogoratu du EAJ-PNVk lehenagotik hitzeman zuela Madrilera joango zela eta Gobernuarekin negoziatuz “Euskadiko interesak defendatuko zituela” gobernu ardurak izango zituenarekin
“Akordio batetara heldu izan ez bagina, Euskadik aukera handia galduko zukeen” esan du Itxaso Atutxa, Bizkai Buru Batzarreko presidente andreak, atzokoan Espainiako Gobernuarekin aurrekontuei buruz hitzartu zen akordioaren inguruan. Herri Irratiari eskainitako elkarrizketan adierazi duenez, negoziaketa “muturrera eraman da alderdi bien aldetik” eta “akordio batetara iristeko borondate politikoa egon da”. Atutxak era berean gogoratu nahi izan du EAJ-PNVk bi hauteskunde kanpainetan esan zuela Madrilera Euskadiko interesak defendatzen saiatzera joango zela eta, horretarako “Gobernuan egongo zenarekin negoziatu behar bagenuen” (gobernuan egongo zena jakin gabe) “egin egingo genuela”. Beraz, EAJ-PNVk “Estatuko Aurrekontu Orokorrak gobernuan egongo zen ororekin negoziatuko zituzkeen” eta “orain PP-rekin negoziatu ditugun partida berberak adostuko genituzkeen” adierazi du.
Bizkaiko burukideak ituna “oso on” jo du, Euskadiri ekarriko dizkion onuren artean Bizkaiarentzat oso kontu onuragarriak jasotzen dituelako. Zentzu honetan aipatu du argindar tarifak bateratu egingo direla eta horrek onurak ekarriko dizkietela herrialdeko hainbat enpresari; 15 trenbide pasabide ezabatuko dira; Lemoizeko zentrala kokatuta dagoen orubea Euskadiren ardurapean jarriko da; Trenbidearen Hegoaldeko Saihesbidea egingo da eta Goi Nerbioiko saneamendua eta arazketa egingo da, besteak beste.
Bizkaiko burukideak bereziki aipatu nahi izan du atzo eguerdian kupoaren inguruan adostutako akordioa, itun berriaren bidez Euskadik 1.400 milioi euro jasoko dituelako azken hamar urteotako kupoen kitapena egitean. Ildo beretik, aukera aprobetxatu du Pedro Azpiazu eta bere lantaldeari negoziaketan egin duten lana eskertzeko. Beste alde batetik ere, kritika egin du eta harridura erakutsi du kupoaren inguruan egin diren hainbat iruzkinen aurrean. “Hainbat zentzugabekeria irakurri eta entzun ditut, besteak beste ordaindu behar genuen zati bat barkatu zaigula esanez, eta abar. Ez da egia” ezarri du. “Kalkulua parlamentuan onartutako eta bozkatutako lege baten arabera egiten da: Kupoaren legea. Azken kitapenaren kalkuluak egin dira; ez dago ildo horretatik irteterik” azaldu du. Beraz “egiten diren kritika erraz batzuk uste dut ez direla bidezkoak; Kontzertu Ekonomikoaren funtzionamendua ezagutzen ez dutela eta parlamentuan onartu behar den legea nola aplikatu behar den ez dakitela erakusten dute” ezarri du.
Bizkaiko jeltzaleen buruak era berean erantzun nahi izan die talde politiko batzuek egin dituzten kritikei “Adierazpen orokorretatik harago, Euskadiri dagozkion partidei dagokienez, zer irizten dute Podemosek edo EH BIlduk?” galdetu du. “Euskadiko ordezkariak dira gu bezala, baina kontu orokorretan geratzen dira eta ez dute negoziatzeko gaitasunik; negoziatzeko borondaterik ere ez dute” kritikatu du. “Edonori eskatzen diot Espainiako Gobernuari izenpetu diren partidak azter ditzan eta esan diezadan zein diren EAJ-PNVri zuzenean onurak ekarriko dizkiona. Bat ere ez. 36 partida horien onuradun izango dira euskal hiritar guztiak” amaitu du.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25