Prentsa Aretoa
Berriak
2017/06/03
Ortuzarrek Ezker Abertzalearen “podemizazioa” salatu du “Euskadiko interesak defendatzeari baino, Espainiako ezkerren jokoari begira dagoelako”
Areatzan ospatu den Arratiako Egunean EBBko presidenteak eta Itxaso Atutxak EAJk Madrilen aurrekontuei buruz adostu den akordioak euskal gizartearen gehiengo baten aldetik jaso duen harrera ona ospatu dute
Andoni Ortuzar - Arratiako Eguna (Areatza)
MINTZALDIA - 2017/06/03
Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek gaur ospatu du “euskal gizartearen gehiengo zabal batek” EAJ-PNVk Gobernu zentralarekin adostu duen akordioari eman dion harrera ona. Ortuzarren hitzetan gogobetetze hori argi eta garbi geratu da azken egunotan argitaratu diren inkesten arabera, EAJ-PNVk politikan eta gobernuan egiten duen lanak euskal gizartearen babesa jaso duelako. Jeltzaleen buruak Ezker Abertzaleak horren agerian bizi duen ‘podemizazio’ prozesua salatu du. “Ezker Abertzalea gero eta gehiago da ezkerrekoa eta gero eta gutxiago abertzalea”, ohartarazi du. “Euskal interesak defendatzeari baino, Espainiako ezkerreko bloke jokoei begiratzen dielako” deitoratu du Ortuzarrek. EBBko presidenteak eta Bizkai Buru Batzarreko presidente Itxaso Atutxak gaur Areatzan Arratiako Egunaren barruan egin den ekitaldi politikoan parte hartu dute. Beraiekin batera, Bizkaiko bailara honetako ia mila bat alderdikide eta alderdizale elkartu dira bertan.
Ortuzarrek gogora ekarri ditu 2016ko ekainaren 4an Diman ospatu zen 2016ko Arratiako Egunean Hauteskunde Orokorrak errepikatzeko hiru aste falta zituela esan zituen hitzak “Egun hartan esan nizuen: ‘Geurea defendatzeko, gugan eragina duten gauzak erabakitzen diren tokian egon beharra dago. Horregatik joan behar dugu Madrilera edo Bruselara, edo Euskadiren etorkizuna baldintzatu ahal izango den edozein lekura. Gurea aldezteko egon behar den tokian egongo gara’. Hori da bizitza osoan egin duguna eta hori da azken hilabeteotan egin izan duguna. Eta gure interesak defendatzeko helburua izan zen Madrilgo Gobernuarekin akordioa ixtera eraman gintuena. Akordio ona da materialean eta ezin hobea da alderdi politikoan, enpleguak, gure enpresen lehiakortasuna areagotzea eta zerbitzu publikoei eusteko baliabide gehiago ekarriko dituelako” baieztatu du. “Baten batek esan du geure burua lenteja plater baten truke saldu dugula. Baina, onartu egin beharko dute lenteja horiek platerkada bete sakramentu dakartela”, esan du erdi brometan Exekutiba jeltzaleko buruak.
Aldi berean, Ortuzarrek erantzuna eman nahi izan die akordioa bere edukiagatik baino (“edukia ezin dute kritikatu” esan du), PPrekin eta Rajoyrekin izenpetu izana kritikatu dutenei. “PP ez dago gobernuan EAJk lagundu diolako. Ez. Lehenengo eta behin, espainolak izan ziren, beren botoekin gobernuan jarri zituztelako. Gero, sozialistek abstentzioa bozkatu zuten. Eta, bigarrenik, beste galdera da, zelan egongo ginen aurrekontu gabe? Hobeto? Euskadirentzako akordio hau gabe, zelan egongo ginateke? Hobeto? Benetan? Gobernua eroriko litzateke? Ba… ez, aurreko aurrekontuen luzapena egingo zen eta PPk gobernuan jarraituko luke. Beraz, beste batengana joan daitezela kontu horrekin”, erantzun du. Puntu horretan, jeltzaleen buruak Ezker Abertzalea izapide honetan Podemosen atzetik joan dela salatu du. “Ematen du Ezker Abertzalea kezkatuago dagoela Madrilen dagoen gobernu motarekin, Euskadira gure gizartearentzako onurak ekartzearekin baino. Euskal interesak defendatzeari baino, arreta handiagoa jartzen dio Espainiako ezkerreko blokeen jokoari. Ez da hauxe esaten dudan lehen aldia, baina argi baino argiago dago: Ezker Abertzalea gero eta gehiago da ezkerrekoa eta gero eta gutxiago da abertzalea” baieztatu du.
Ortuzarrek alderdikide jeltzaleei eskatu die “Ezker Abertzaletik, Podemosetik eta Espainiako Brunete mediatikotik” datozen kritikei kasurik ez egitea, benetan garrantzitsua dena “euskal hiritargoak akordioa ondo ulertu duela” delako. “Eta ez hori bakarrik. Uste dut pozik daudela. Eta hori ez dut nik esaten, egunotan ezagutu diren inkestek esan dute. Jendea aspertuta dago zentzurik gabe esaten diren gauzekin, horrenbeste hitz hutsekin. Jendeak nahi duena da aurrera egitea, gauzak egitea, Madrilera joan gaitezela baina ez Kongresua bihurtu den oilotoki horretara, baizik eta euskal interesak defendatzera, Euskadirentzako gauza onak ekartzera”. Eta baieztapen hori bere uste pertsonalean baino, egin berri diren ikerketa soziologikoetan oinarritu du. “Azken egunetan hainbat inkesta argitaratu dira. Ezker Abertzaleak egin duen kanpaina zikinarekin ere, zaborrak ateetan utzita eta pintada eta eskratxeak eginda ere, hiritargoak konfiantza dauka gugan. Ondo baloratzen du Alderdiaren jarduna, Erakundeetan, Udaletan, Aldundietan eta Jaurlaritzan egiten dugun lana. Eta bide beretik jarraitzea eskatu digu. Zer egin behar dugu? Horrela jarraitu, lan egiten jarraitu, Euskadiren alde egiten jarraitu, Euskadiren mesedetan lan egiten jarraitu. Beste batzuek guztiari ‘ezetza’ esaten dioten bitartean, Euskadik ‘baietza’ esaten dio EAJri eta EAJk ‘baietza’ esaten dio Aberri honekin duen daukan konpromisoari” amaitu du Ortuzarrek.
Itxaso Atutxak, Bizkai Buru Batzarreko presidenteak, ekitaldi politikoa irekitzeko orduan baloratu nahi izan du Arratiako alderdikideek egindako lana eta erakutsitako konpromisoa, “adin guztietako alderdikideak aritu zarete lan honetan, bakoitzak ahal izan duen moduan. Laguntzea izan zan zuen helburu bakarra, EAJ alderdi honetan aberrigintza deitzen duguna egin duzue. Edo, bestela esanda, Euskadi eraiki duzue, bakoitza bere etxetik hasita. Bizkaiko burukidearen hitzetan, aberrigintza hori, herritarren zerbitzura egoteko borondatean oinarrituta, helburu nagusi bat da “zuek ondo baino hobeto ordezkatzen duzuena”. Atutxak era berean azpimarratu duenez helburu hori “EAJ-PNVk bete dituen 122 urteotan erakutsi du, eta baita erakundeetan daramatzagun 40 urteotan ere. Batzuek pausu bat aurrera eta beste bat atzera ematen duten bitartean, gu parte hartzaile izan gara, ekintzaile eta erabakigarriak” aldarrikatu du.
“Katea ez da eten”, baieztatu du Atutxak. “Hemen ikusten dudan jende gaztea lasai egon daiteke: badauka nori begiratu” baieztatu du, eta jarraian ekarri ditu gogora politikaren lehen lerrotik eta bigarren maila batean Arratiako udalerrien transformazioaren alde egin duten emakume eta gizonak. BBBko presidenteak bere esker ona adierazteko hitzak eskaini dizkie, besteak beste, Mari Cruz Gurutzetari, Areatzako lehen feminista eta 1932 urtean herri hartan Emakume Abertzale Batzaren sortzaileari; ‘Txisturi’ ere bai, Ubideko alkate, zinegotzi eta Uri Buru Batzarreko lehendakariari, den-dena bertan behera uzten baitzuen edonori laguntzeko; eta Juan Mari Atutxari ere, Lemoako zinegotzi, Nekazaritzako diputatu eta “herri honek bizi izan dituen urterik beldurgarrienetan” Herrizaingo Sailburu izan zenari . “EAJ-PNVren kate honen katebegiak zarete. Zuei esker, kate hau apurtu baino, gero eta indartsuagoa da”, amaitu du Atutxak.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25