Next Euskadi
Alderdi Eguna 2024

Prentsa Aretoa

Berriak

2024/06/20

Imanol Pradales, EAJ-PNVko zazpigarren Lehendakaria, Eusko Legebiltzarraren gehiengoaren babesa jaso ondoren

Hautagai jeltzaleak 27 legebiltzarkide jeltzaleen eta PSE-EEko 12 legebiltzarkideen babesa jaso du, eta Lehendakari abertzaleen zerrendan sartu da José Antonio Agirre, Jesús María Leizaola, Carlos Garaikoetxea, Jose Antonio Ardanza, Juan José Ibarretxe eta Iñigo Urkulluren atzetik, zeinaren besarkada bero batez hartu baitu lekukoa

rss Ezagutzera eman
Imanol Pradales, EAJ-PNVko zazpigarren Lehendakaria, Eusko Legebiltzarraren gehiengoaren babesa jaso ondoren

ARGAZKIA JAITSI

Gaur, 19:02etan, 2024ko ekainak 20 dituela, osteguna, Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriak aldarrikatu du Imanol Pradales dela Lehendakari berria. Apirilaren 21eko Euskal Hauteskundeetan EAJ-PNVren zerrendaburu gisa irabazle atera zelarik, Pradales gaur Eusko Legebiltzarrean izan da Eusko Jaurlaritzaren burutzara iristeko aukerak zituen hautagai bakarra. Eta, aurreikusita zegoen bezala, 27 legebiltzarkide jeltzaleen eta PSE-EEko 12 legebiltzarkideen babesa jaso du, osotara 39 babes jasoz eta lehen bozketan Ganberako gehiengo osoa gaindituz. Hala amaitu da gaur Legebiltzarrean egin den eratze-bilkura. Imanol Pradales Gil, 49 urteko santurtziarra, EAJ-PNVko zazpigarren lehendakari bihurtu da gaur, orain arteko lehendakariek osatzen duten zerrendan sartuz. Aurrekoak izan dira José Antonio Agirre (Lehendakaria izan zen 1936 eta 1960 urte artean), Jesús María Leizaola (1960-1979), Carlos Garaikoetxea (1980-1985), José Antonio Ardanza (1985-1999), Juan José Ibarretxe (1999-2009) eta Iñigo Urkullu (2012-2024). Pradalesek karguaren zina egingo du Gernikako Batzar Etxean, Arbolaren azpian, larunbatean, 2024ko ekainaren 22an, eguerdiko 12etan hasiko den ekitaldi solemnean.

Ganbera osoaren zorion agurra jaso ondoren, Lehendakaria legebiltzar talde guztietako bozeramaileak agurtzera joan da. Goizeko hitzaldian, Pradalesek ezagutzera eman ditu bezperan, Legebiltzarrean bertan, EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarraren presidentearekin eta PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezarekin izenpetu zuen gobernu akordioan jasotzen diren ardatzak, ekinbide nagusiak eta legegintzaldi berri honetarako daukan asmo handia (erantsita dago agiria). “Euskadin sinesten dut. Euskadi anitz, oparo, ireki, bidezko eta aske batean sinesten dut. Sinesten dut Euskadin, etxean beti erakutsi didaten bezala: “Inor ez dadila inor baino gehiago izan. Inork ez dezala pentsatu besteak baino gehiago dela .Denontzako Euskadi batean sinesten dut, non denon arteko berdintasuna nagusi izango den. Euskadi bat non justizia eta gizarte-kohesioa sustatuko diren, inor atzean utziko ez duena. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreal eta eraginkorra izango dugun Euskadi bat. Aberastasuna eta enplegua sortzeko, arriskuak hartzen dakien eta ekintzailetzaren bidea hartzen eta inbertitzen duena babesten eta bere ahalegina txalotzen duena. Euskal herritarrok harro baino harroago egongo garen Euskadi, harro garenaz eta daukagunaz. Pertsonak erabat garatzeko aukerak sortuko dituen Euskadi. Euskadi langilea, ahalegina egiten duena, pertsona guztiak zaintzen dituena. Bizitoki zoriontsua, non jendeak bizitzaz gozatzen dakien eta zoriontsu bizi daitekeen. Bizitzeko munduko lekurik onena izan nahi duen Euskadi. Helburu horrekin arituko naiz eta lan egingo dut egunero. Zorroztasun osoz, nigandik hasita eta Gobernuaren jarduera guztietan. Zerbitzu publikoak eskatzen duen apaltasunarekin. Gure aurreko belaunaldien kausa eta konpromisoari zor diogun esfortzua da. Herriaren zerbitzura beti. Ondoren etorriko direnek etorkizunarekin izango duten konpromisoari zor diogu. Euskadin. Euskadiren alde. Lehendakari gisa, gure gizartearen zentralitatea indartzeko ahalegina egingo dut, pertsona guztiek gure etxe komunean tokia izan dezaten, denon kausa den honetan. Pertsona askeak, Euskadi aske batean. Lauaxetaren hitzetan: “Dana emon behar jako maite dan askatasunari”, izan dira gaurko eratze-bilkuran eman duen diskurtsoaren amaierako hitzak.

Apirilaren 21ean egin ziren Euskal Hauteskundeetan EAJ-PNV irabazle atera zen, Bizkaian , Gipuzkoan eta Araban indarrik bozkatuena izan zelarik. Osotara 372.456 boto, Vitoria-Gasteizko Parlamentuan 27 eserleku ematen dizkiotenak. Atzo, ekainak 19, Ortuzarrek, Anduezak eta Pradalesek berak gaurko aukeraketa egingarri egin duen akordioa izenpetu zuten. Horren ondorioz ere, datozen egunotan koalizioko Eusko Jaurlaritza osatuko da sailburu jeltzale eta sozialistekin. Pradalesek, Gernika karguaren zina egindakoan, bere Exekutiboaren egitura emango du ezagutzera, bai eta Sail bakoitzaren ardura hartuko duten pertsonen identitatea ere.

Next Euskadi