Alderdi Eguna 2025

Prentsa Aretoa

Berriak

2025/10/02

Bizkaiarekiko eta herritarrekiko konpromisoa indartu du EAJ-PNVk, Batzar Nagusietan talde guztiekin adostuz

Talde jeltzaleak bost ebazpen-proposamen erregistratu ditu iragan ostegunean egin zen Politika Orokorreko osoko bilkuraren ondorioz, eta beste taldeek aurkeztutako hiru ekimen negoziatu eta adostu ditu

rss Ezagutzera eman
Bizkaiarekiko eta herritarrekiko konpromisoa indartu du EAJ-PNVk, Batzar Nagusietan talde guztiekin adostuz

ARGAZKIA JAITSI

“Aurkeztutako proposamen guztiak planteatu ditugu akordioren bat adosteko helburuarekin. Denboraz eskas ibili arren, borondatea badago, akordioak lortzen direlako”. Horixe izan da EAJ-PNVren abiapuntua, Jesús Lekerikabeaskoa EAB (Euzko Abertzaleak) batzarkide taldearen bozeramaileak Bizkaiko Batzar Nagusietan Lurraldeko Politika Orokorreko Osoko Bilkuraren bigarren saioan aditzera eman duenez. Lehen Saioa iragan ostegunean egin zen eta bigarrena gaur egin da Gernikako Batzar Etxean. Zentzu honetan eta ohiko duen koherentziari eutsiz, EAJ-PNVk ekimenak adostu ditu lurraldeko Ganbera osatzen duten batzarkide talde guztiekin.

Osotara, Bizkaiko Legebiltzarra osatzen duten taldeek 20 ebazpen proposamen aurkeztu dituzte (5 EAJ-PNV/PSEk, 5 EH Bilduk eta 5 Elkarrekin Bizkaia taldeak) Talde jeltzalearen bost proposamenak planteatu dira Bizkaiko hiritargoaren kezka nagusiak diren gaietan oinarrituta. Gai horiek EAJ-PNVren baitan eta Bilkuraren lehen saioan identifikatu ziren, eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko Foru Ahaldun Nagusiak aurreko urteko lanaren aurkezpena egin zuen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren ildo politiko nagusiak aurreratu zituen. “Gure proposamenek bizkaitarren bizimodua hobetzea eta Bizkaia hobea eraikitzea bilatzen dute”, laburbildu du Lekerikabeaskoak. Gaur egun, etxebizitza da kezka nagusia lurraldeko hiritargoaren %53rentzat eta langabezia eta jarduera ekonomikoa, berriz, hiritarren %41entzat. Egia da Batzar Nagusiek eta Aldundiek ez dutela gai horiek konpontzeko eskuduntza zuzenik, baina ahaldun nagusiak azaldu zuenez, arlo horietan egon daitezkeen arazoak arintzeko lana egingo da proposamen eta jarduera zehatzak abian jarriz “horixe baita EAJ-PNVren proposamenen helburu nagusia”, esan du bozeramaileak.

Foru gobernuari babesa ematen dioten taldeek (EAJ-PNV eta PSE) aurkeztutako bost proposamenetatik, bi beste taldeekin negoziatu eta adostu dira. Hirugarrena, industriari eta zerbitzu aurreratuei buruzkoa, EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaiarekin adostu da eta laugarrena, enplegu-politika aktiboen gainekoa, EH Bildurekin. Partido Popularrak aurkeztu dituen ekimenei dagokienez, talde jeltzaleak hirugarren proposamena adostu du (industria eta enplegua) eta

Elkarrekin Bizkaia-Talde mistoari dagokionez, beren bosgarren proposamenaren testua adostu du (mugimena) eta lehen ebazpena babestu du (zainketak). Negoziaketa hauek agerian utzi dute EAJ-PNVk gaitasuna eta jarrera badituela Bizkaiko Ganberan ordezkatuta dauden talde politikoekin adosteko eta akordioetara iristeko.

GURE TALDEAREN PROPOSAMENAK (PSErekin batera aurkeztutakoak) eta onetsi egin direnak:

  • Palestina (1): Israel Gazan Palestinako herriaren aurka egiten ari den sarraski bidegabeak zuzenean eskatzen digu erantzun bat ematea, eta alderdi zein gizarte gisa jardutea eskatzen digu. Berretsi egiten dugu Netanyahuren gobernuak Gazan eta Zisjordanian eginiko guztiak gaitzesten ditugula, baita Hamasek 2023ko urriaren 7an egindako erasoa ere, eta berehalako su-etena eta palestinarren aurkako setioaren amaiera exijitzen dugu. Ildo beretik eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eskumenen barruan, UNRWAri ematen zaion laguntza indartzeko eskatzen zaio foru erakundeari. Era berean, erakunde guztiei eta hauen artean Batzar Nagusiei eskatzen zaie, beren eskumenen esparruan, neurri murriztaileak eta arauak gogortzeko neurriak har ditzatela Gazako gatazketan inplikatutako erakunde edo entitateen aurka. “Gure esku dagoen guztia egitea da kontua, inor engainatu gabe edo esperantza faltsurik eman gabe”, adierazi du bozeramaile jeltzaleak.
  • Etxebizitza (2): etxebizitza eskuratzea da gure lurraldean daukagun erronka sozialik handienetako bat. Arlo horretan, Bizkaiko Foru Aldundia zuzeneko eskumena duen erakundea izan ez arren, ondorengoak eskatzen zaizkio: foru-ondarea xehetasunez aztertzea etxebizitzarako erabil daitezkeen lurzatiak aurkitzeko, Eusko Jaurlaritzarekin eta udalekin lankidetzan aritzeko etxebizitza babestuak eraikitzeko lurzorua sortzeko, eta laguntza espezifikoak emateko 3.000 biztanletik beherako udalerriei, etxebizitza publikoak sustatzera bideratutako hirigintza-planak idatzi ahal izan ditzaten.
  • Erronka demografikoa, zainketak eta nahi ez den bakardadea (5): gai honekin heltzen zaie demografiaren erronkari eta zainketen krisiari, biztanleriaren zahartze progresiboaren eta laguntza-premien gorakadaren ondorioz. Testuinguru horretan, Aldundiari eskatzen zaio 2026ko lehen seihilekoan erronka demografikoaren aurrean estrategia integrala eta zeharkakoa egin dezala, BizkaiSare 2030 estrategia komunitarioa eta Mendekotasuna Prebenitzeko Ituna erreferentziatzat hartuta, eta urte bereko bigarren seihilekoan aurkez ditzala plan horrekin lortutakoak. Gainera, gizarte-kohesioa indartzea eskatzen zaio, laguntza-sare komunitarioen bidez, eta Bizkaiko udalerri eta eskualdeetako bakardade-errealitate eta gizarte-lotura desberdinen ezagutzan sakontzea, autonomia pertsonala, zahartze aktiboa eta gizarteratzea bermatzeko helburuarekin.

GURE TALDEAK AURKEZTU DITUEN PROPOSAMENAK ETA BESTE TALDE BATZUEKIN NEGOZIATU ETA ADOSTU DIRENAK eta onetsi egin direnak :

  • Industria eta zerbitzu aurreratuak(3): EAJ-PNVk gai bat adostu du EH Bildurekin eta Elkarrekin Bizkaia taldearekin, eta, horren bidez, foru erakundeari eskatuko zaio berrikuntza, digitalizazioa eta deskarbonizazioa indartzeko, finantzaketa alternatiboa eskaintzeko, talentuaren eskaintzaren eta eskariaren artean ematen ari den arrakala murrizteko lana egiteko, langile kualifikatuak erakartzeko eta fidelizatzeko, eta eremu desindustrializatuetan lurzoru industriala garatzeko. Gainera, pertsonengan oinarritutako enpresa-ereduak bultzatu beharko ditu, lurralde-errotzea sustatu beharko du deslokalizazioak saihesteko, eta justizia sozialarekin, trantsizio energetikoarekin eta jasangarritasunarekin lotutako industria-garapena defendatu beharko du.
  • Enplegu-politika aktiboak (4): EAJ-PNVk akordioa lortu du EH Bildurekin, eta, horren bidez, Foru Aldundiari proposatu dio Bizkaian gizarteratzeko eta laneratzeko programak indartzea, kolektibo ahulei laguntzeko aurrekontu handiago bat aurreikusiz; prestakuntza-eskaintza egokitzea, gaitasunak eta enplegagarritasuna hobetzeko, eta enpresekin, hirugarren sektorearekin eta beste eragile batzuekin lankidetzan arituz, enplegu duina eta gizarte inklusiboagoa lortzeko irtenbide berritzaileak diseinatzeko.

BESTE TALDE BATZUEK AURKEZTUTAKO PROPOSAMENAK, GUREKIN NEGOZIATUAK eta onetsi egin direnak:

  • Industria eta enplegua: PPk aurkeztutako mozioa, EAJ-PNVrekin eta PSErekin negoziatu dena. Ekimen horren bidez, Aldundiari eskatzen zaio industria berreskuratzeko eta indartzeko konpromisoa hartzeko, industrialdeen nazioartekotze-, berritze-, digitalizazio-, deskarbonizazio- eta modernizazio- prozesuen bidez; eskualde bakoitzaren beharrei eta egoerari egokituta, lurralde orekarako enplegu- eta industria- politikak abian jartzeko; enplegu-politika aktiboak indartzeko, langabezia-indize handiagoak dituzten lurraldeei eta kolektiboei arreta berezia eskainiz; Bizkaiko enpresen beharrekin lerrokatutako profil profesionalak erakartzeko eta fidelizatzeko programak bultzatzeko; eta autonomoei, ekintzaileei eta hurbileko merkataritzari laguntzeko, aholkularitza emanez eta kredituak eta finantzaketa eskuratzeko erraztasunak emanez.
  • Mugimena: hasiera batean Elkarrekin Bizkaia taldeak aurkeztutako ekimena, EAJ-PNVrekin eta PSErekin negoziatua. Ekimen honen bidez, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzen zaio eskatu ahalako zerbitzua abian jartzeko, Bizkaibuseko geltoki nagusietatik urrun dauden auzoak lotzeko, bereziki Lanestosa, Karrantza, Turtzioz, Artzentales, Sopuerta, Galdames eta Gordexola udalerrietan. Era berean eskatzen da Balmaseda, Gueñes eta Muskizen eskualdeko udalerriak konektatzeko tren garraioaren maiztasunak eta ordutegiak zabaltzea.

BESTE TALDE BATZUK AURKEZTUTAKO PROPOSAMENAK, GURE TALDEAREN BOTO POSITIBOAK JASO DITUZTENAK

  • Zainketak: Elkarrekin Bizkaia taldeak aurkeztutako ekimena, EAJ-PNVren batzarkide-taldearen aldeko botoa jaso duena. Ekimenean, Aldundiari eskatzen zaio informazio- eta sentsibilizazio-kanpaina bat abian jartzeko, etxean zaintza integralak eskaintzen dituzten zaintzaile profesionalen lana eta etxeko langileengandik duten bereizketa balioesteko, eta, horrela, haien funtzioak eta lan-eskubideak azpimarratzeko.
Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!