Prentsa Aretoa

Berriak

2026/10/26

Izurtzako EAJ-PNVk Aroa González Uriarte berrautatu du promesetatik ekintzetara igarotzeko

Udal-kudeaketan hogei urteko esperientzia duen hautagai jeltzaleak udalerriarentzat funtsezkoak diren kontuetan aurrerapauso faltari amaiera ematearen aldeko apustua egin du, hala nola etxebizitzen eraikuntzan, BI-623 errepideko trafiko-arazoetan eta auzo-bideen egoeran.

Ezagutzera eman
Izurtzako EAJ-PNVk Aroa González Uriarte berrautatu du promesetatik ekintzetara igarotzeko

ARGAZKIA JAITSI

Izurtzako EAJ-PNVk Aroa González Uriarterengan jarri du berriro konfiantza, 2027ko udal hauteskundeetarako alkategai izateko. Hogei urtez zinegotzi izan ondoren, González Uriartek erronka honi ekingo dio, udalerriak aspaldidanik egiteke dauden gaietan aurrera egin behar duela sinetsita. Bere hautagaitzak biztanleriaren hazkundea sustatzeko, bide-segurtasuna hobetzeko eta herriko azpiegiturak zein zerbitzuak behar bezala zaintzeko neurriak bultzatzearen alde egiten du.

Udalean egindako ibilbideari esker, González Uriartek gertutik ezagutu ahal izan ditu Izurtzaren beharrak, eta herriko arazo nagusietako batzuek oraindik erantzunik ez dutela egiaztatu. Hautagai jeltzalearen ustez, herritarren eguneroko bizitzan benetako hobekuntzak ekar ditzaketen jarduketei lehentasuna emateko unea iritsi da, udalerriaren etorkizuna baldintzatzen duten gaietatik hasita.

“Urte asko daramatzagu gauzatzen ez diren konpromisoak entzuten. Izurtzak aurrera egin behar du, eta horretarako erabakiak hartu, eskumena duten erakundeekin elkarlanean aritu eta gure herriak benetan behar duenari erantzungo dioten irtenbideak bilatu behar dira”, adierazi du González Uriartek.

Etxebizitza, proiektuaren ardatz nagusietako bat

Etxebizitza izango da bere proiektuaren ardatz nagusietako bat. EAJ-PNVren ustez, etxebizitza-aukera faltak mugatu egiten ditu gazteek Izurtzan bizitzen jarraitzeko eta familia berriak udalerrian finkatzeko aukerak. Egoera horrek herriko zerbitzuen jarraipenean eta kalitatean ere eragina du.

“Izurtzan bizi ahal izateko aukerak sortu behar ditugu. Gure zerbitzuak mantendu eta herriaren etorkizuna bermatu nahi badugu, biztanleriari eustea eta herria haztea ahalbidetu behar dugu. Eta horretarako, ezinbestekoa da etxebizitza berriak sustatzea”, defendatu du hautagaiak.

Bere beste lehentasunetako bat herrigunea zeharkatzen duen BI-623 errepidean segurtasuna hobetzea eta trafikoaren eta herritarren arteko bizikidetza erraztea izango da. González Uriartek zalantzan jarri du jarritako semaforoen eraginkortasuna, ibilgailuak etengabe gelditu eta berriro abiatzeak zarata eta isurketak areagotzen dituela uste baitu, abiadurarekin lotutako arazoak konpondu gabe. Egoera horren aurrean, eskumena duten administrazioekin batera biribilguneak eraikitzeko aukera aztertzea proposatu du, zirkulazioaren abiadura moteltzeko eta trafikoak udalerrian duen eragina murrizteko.

Hautagaitzak arreta berezia jarriko du auzo-bideen mantentze-lanetan ere. EAJ-PNVrentzat, funtsezkoa da herritarrek maiz erabiltzen dituzten bide horiek zaintzea eta segurtasun- zein irisgarritasun-baldintza egokietan daudela bermatzea.

Aroa González Uriarte hautagaiaren hitzetan, “Izurtzan bizitzen jarraitzeko aukerak egon daitezen lan egingo dugu, zerbitzu egokiekin, komunikazio onekin eta eguneroko kontu txikiak ere zainduko dituen Udal batekin. Badakigu zeintzuk diren herriaren beharrak, eta horiei erantzuna emateko lan egin nahi dugu”.

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!