Prentsa Aretoa

Berriak

2026/10/21

Julen Karrion Lamikiz izango da berriro EAJ-PNVren alkategaia Muruetan, gertutasunetik herriaren oraina eta etorkizuna eraikitzen jarraitzeko

Egungo Alkateak Udalaren buru izandako zortzi urteko esperientziarekin ekingo dio 2027ko hauteskundeetako erronkari, herritarren eguneroko beharrei erantzuten eta Muruetaren etorkizuna markatuko duten proiektuetan aurrera egiten jarraitzea helburu hartuta.

Ezagutzera eman
Julen Karrion Lamikiz izango da berriro EAJ-PNVren alkategaia Muruetan, gertutasunetik herriaren oraina eta etorkizuna eraikitzen jarraitzeko

ARGAZKIA JAITSI

Muruetako EAJ-PNVren Uri Batzarrak aho batez aukeratu du Julen Karrion Lamikiz 2027ko udal-hauteskundeetan jeltzaleen alkategai izateko. Egungo Alkatea hirugarren aldiz izango da EAJ-PNVren proiektuaren buru, eta etapa berri honi 2019az geroztik lortutako esperientziarekin eta betiko ilusio eta apaltasun berarekin helduko dio. Bere helburua Muruetaren alde eta muruetarrentzat lan egiteko konpromisoa duen hautagaitza hurbila osatzea da, orain arte egindako lanari jarraipena emateko eta udalerriaren etorkizuneko erronka berriei aurre egiteko prest egongo dena.

Muruetako EAJ-PNVk, beraz, esperientzia eta gaztetasuna, ilusioa, apaltasuna, hurbiltasuna eta kudeatzeko gaitasuna uztartuko dituen hautagaitzaren aldeko apustua egin du, datozen urteetako erronkei aurre egiteko. Alderdi jeltzaleak nabarmendu duenez, gaztea izan arren, Karrion Lamikizek esperientzia zabala du dagoeneko Udalaren buru, eta horri esker, udal-kudeaketa sakon ezagutzeaz gain, harreman zuzena izan du Muruetako herritarrekin, eta bertatik bertara ezagutu ahal izan ditu haien beharrak.

“Urte hauek esperientzia eman didate, baina ideia bat ere sendotu didate: Muruetan politika herritarrengandik gertu egin behar da, entzunez eta herrian presente egonez. Etapa berri honi betiko ilusio eta apaltasun berarekin ekingo diot, jakinda zenbat aurreratu dugun eta, batez ere, oraindik egiteko dugun guztiaren alde lanean jarraitzeko gogoz”, adierazi du hautagai jeltzaleak.

Gertutasun hori izan da egungo agintaldian lan egiteko moduaren ezaugarrietako bat. Hiru auzoetan urtero herritarrekin bilerak egitea sustatu da, eta Udalaren komunikazio-kanal berriak jarri dira martxan. Horrekin batera, etxebizitzaren, mugikortasunaren, bide-segurtasunaren, energia-eraginkortasunaren, ekipamenduen eta herriko ondarea berreskuratzearen arloetan hainbat jarduera bultzatu dira, besteak beste.

Orain, datozen urteetan jarrita dago begirada. “Proiektu garrantzitsuak ditugu aurretik, baina gure helburua ez da Murueta aldatzea, garen hori zainduz herriak aurrera egiten jarraitzea baizik. Zerbitzuak eta espazio publikoak hobetzen jarraitu nahi dugu, herriko gizarte-bizitza sustatu, komunitatea indartu eta Murueta etorkizunerako prestatu, gure nortasuna eta gauzak egiteko dugun gertuko modua galdu gabe”, nabarmendu du Karrion Lamikizek.

Gaztetasuna eta Zuzenbideari zein Kudeaketa Publikoari lotutako ibilbidea

Julen Karrion Lamikizek 28 urte izango ditu 2027ko hauteskundeetan, eta ordurako zortzi urteko esperientzia izango du Alkate gisa. Horrez gain, Zuzenbideari eta Kudeaketa Publikoari bereziki lotutako ibilbide instituzionala eta profesionala du.

Zuzenbidean graduatua da, Ekonomia Espezialitateko Diplomarekin, eta Abokatutzan eta Prokuradoretzan Jarduteko Gaitzen duen Masterra eta Gobernantza eta Ikasketa Politikoetako Masterra egin ditu. Bizkaiko Batzar Nagusietako batzarkidea izan da 2023tik 2026ra, eta goi-mailako teknikari juridiko gisa lan egin du Osakidetzako Zuzendaritza Nagusian. Gaur egun, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailari atxikitako Gaikuntza Laguntza Neurriak Hornitzeko Institutuko zuzendari kudeatzailea da.

Prestakuntza eta esperientzia instituzional, juridiko eta kudeaketakoa Muruetako Udalaren buru emandako urteetan lortutako ezagutzari gehitzen zaizkio.

Hautagai jeltzalearen hitzetan, “Murueta nire herria da, eta hemen jarraitu nahi dut urte hauetan ikasitako guztia herriaren zerbitzura jartzen. Murueta eta muruetarrak ezagutzen ditut, badakit zer den alkate izatea, zeintzuk diren gure beharrak eta erronkak, eta betiko gogo, ilusio eta apaltasun berarekin jarraitzen dut. Orain, gainera, prestakuntza eta esperientzia handiagoa ditut Muruetaren alde eta muruetarrentzat lanean jarraitzeko, proiektuak errealitate bihurtzeko eta Murueta guztiontzat gero eta herri hobea izan dadin, inor atzean utzi gabe”.

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!