Prentsa Aretoa

Berriak

2026/10/14

Arrietako EAJ-PNVk emandako hitza bete eta herriaren beharrei erantzuten dien udal-kudeaketa aldarrikatu du

EAJ-PNVren Gobernu-taldeak legegintzaldiaren balorazio oso positiboa egin du: hartutako konpromisoak gauzatu dira, Arrietarentzat ondarea berreskuratu da eta herria zorpetu gabe zerbitzuak indartu dira.

Ezagutzera eman
Arrietako EAJ-PNVk emandako hitza bete eta herriaren beharrei erantzuten dien udal-kudeaketa aldarrikatu du

ARGAZKIA JAITSI

Emandako hitza betetzea eta bidean sortzen diren beharrei erantzuten jakitea. Ideia horretatik abiatuta, Arrietako EAJ-PNVk Gobernu-taldeak egindako lanaren balantzea egin du. Legegintzaldi honetan, herritarrekin hartutako konpromisoak ekintza zehatz bihurtu dira, eta, gainera, Udalak hasierako hauteskunde-programan jasota ez zeuden proiektuak ere bultzatu ditu.

EAJ-PNVren ustez, Arrieta gobernatzeak plangintza eta erantzuteko gaitasuna uztartzea esan nahi du, baita herritarrekin harreman zuzena izatea ere. Parte hartzeko guneek (besteak beste, Euskara Batzordeak eta Berdintasun Batzordeak), Arrietan ze berri buletinak eta WhatsApp kanalak herritarrekiko komunikazioa zabalik mantentzeko eta udal-kudeaketan etengabe haien iritziak eta beharrak entzuteko aukera eman dute.

“Arrietarren konfiantza jaso genuenean, argi genuen gure hauteskunde-programa ezin zela asmo hutsetan geratu. Gure ardura zen hartutako konpromisoak ekintza zehatz bihurtzea, baina baita herrian sortzen ziren beharrei adi egotea ere. Hori izan da gure lan egiteko modua: entzutea, kudeatzea eta erantzunak ematea”, nabarmendu du Arrietako EAJ-PNVk.

Lan hori eguneroko bizimoduarekin lotutako hainbat arlotan islatu da. Legegintzaldian zehar, Uribarri, Elorreta-Aketxe, Samese, Aketxe-Marto eta Ametzako bideak hobetu dira; mugikortasun urriko edo behar bereziak dituzten pertsonentzat Auzotaxi zerbitzua jarri da martxan; Ludoteka zerbitzua oporraldietan ere eskaintzen hasi da, familia eta lana uztartzea errazteko; osasun-zentroa berritu da; eta frontoian eguzki-plakak jarri dira, besteak beste. Era berean, udal-ikastaroen eskaintza zabaldu da (gimnastika mota desberdinak, eskalada, zeramika…), eta herritar askok hartzen dute parte horietan. Ikastaro horiek, herritarren osasuna eta ongizatea sustatzeaz gain, herritarren arteko harremanak sendotzen eta herri-giroa indartzen laguntzen dute.

Kudeatzea harago joatea ere badenean

Hala ere, Arrietako EAJ-PNVrentzat, azken urteotako lanaren gakoetako bat hasierako hauteskunde-programan jasota ez zeuden beharrei Udalak erantzuten jakin izana da.

Horren adibiderik esanguratsuena Sollubeko mendi publikoak berreskuratu izana da. Bizkaiko Foru Aldundiarekin lortutako akordioari esker, Udalak 102 hektarea mendi publiko berriro bere izenean erregistratzea lortu du. Horrela, Arrietaren aspaldiko aldarrikapen bati erantzun dio, eta herriarentzat balio natural eta ekonomiko handiko ondarea berreskuratu du.

“Programa batek jarraitu beharreko bidea zehazten du, baina gobernatzeak inguruan gertatzen denari etengabe adi egotea eskatzen du. Urte hauetan, 2023ko programan jasota ez zeuden aukerak eta beharrak sortu dira, eta gure betebeharra horiei erantzutea izan da. Sollube da, ziurrenik, horren adibiderik onena: ez zegoen gure programan jasota, baina gaur egun Arrietarentzat ondare bat berreskuratzea lortu dugu, datozen belaunaldientzat ere herrian geratuko dena”, nabarmendu du alderdi jeltzaleak.

Horrez gain, herrian zerbitzuak eta herri-bizitza mantentzearekin lotura zuzena duten hainbat lan ere egin dira: denda berri bat egokitu da, udal-taberna berritu da, kutxazain automatiko bat jarri da, botika berriro ireki da eta ur-horniduran zein baso-pistetan hainbat hobekuntza egin dira.

Inbertitu eta hobetu Arrieta zorpetu gabe

Legegintzaldiaren balantzea osatzeko, Udalaren egoera ekonomikoa ere nabarmendu behar da. Gaur egun, Arrietako Udalak ez du zorrik, ezta finantza-kargekin lotutako pasiborik ere. Aurrekontuen egoerari eta diruzaintzako gerakina baliatzeari esker, inbertsioak eta hobekuntzak finantzatu ahal izan dira, kanpoko finantzaketara jo beharrik gabe.

EAJ-PNVk nabarmendu du egoera hori proiektu berriak bultzatzea eta udal-kontuak egoera onean mantentzea uztartu nahi dituen kudeaketaren emaitza dela. “Ondo kudeatzeak lehentasunak zehazten jakitea, diru publikoaren euro bakoitza arduraz erabiltzea eta gaur egin nahi dugun horretan ez ezik, biharko uzten dugun Udalean ere pentsatzea esan nahi du”, adierazi dute jeltzaleek.

Jeltzaleek legegintzaldiaren azken txanpari ekingo diote oraindik egiteko dagoen lanarekin eta orain arteko kudeatzeko moduari eusteko asmoarekin: herritarrekiko gertutasuna, entzutea, erantzukizuna eta hartutako konpromisoak emaitza zehatz bihurtzeko gaitasuna.

“Guretzat, udal-politika ez da iragarpenak bata bestearen atzetik egitea. Gure konpromisoa azken egunera arte lanean jarraitzea da, martxan dauden proiektuak amaitzea eta Arrieta hobetzeko sortzen den aukera bakoitza baliatzea. Emandako hitzak garrantzia du, baina benetan garrantzitsua hitz hori ekintza zehatzetan gauzatzea da“, ondorioztatu du Arrietako EAJ-PNVk.

 

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!