Prentsa Aretoa

Berriak

2026/11/11

Portugaleteko EAJ-PNVk gogor salatu du Alde Zaharreko Batzokiak jasandako eraso bandalikoa

Alderdi jeltzaleak irmo gaitzetsi du Alde Zaharreko Batzokiaren aurka egindako ekintza bandalikoa; egoitzaren kanpoaldean pintadak agertu dira.

Ezagutzera eman
Portugaleteko EAJ-PNVk gogor salatu du Alde Zaharreko Batzokiak jasandako eraso bandalikoa

ARGAZKIA JAITSI

Portugaleteko EAJ-PNVk gogor salatzen du Alde Zaharreko Batzokian jasandako ekintza bandalikoa. Jeltzaleen ustez, euren egoitzen aurkako pintadak eta erasoak ez dira soilik intolerantzia adierazpen hutsak, baizik eta defendatzen dituzten bizikidetza, pluraltasun eta errespetu guneen aurkako eraso zuzenak dira. “Aldarrikapen politiko, sozial edo sindikal batek ere ezin du horrelako jokabiderik justifikatu, ezta bestelako ideiak zilegitasun osoz defendatzen dituzten pertsonen aurka presioa edo mehatxua erabiltzea ere”, azpimarratu dute.

EAJ-PNVk erabat errespetatzen du greba egiteko eskubidea, eta bat egiten du herritarren kezka eragiten duten arazoei heltzeko beharrarekin, hala nola etxebizitza eskuratzeko zailtasunekin eta bizi-kostuaren garestitzearekin. Hala ere, uste dute greba orokorra ez dela irtenbidea, ezta gure gizarteak behar duen erantzun eraginkorrena ere.

Horregatik, jardunaldia bakean eta inolako istilurik gabe igaro dadin dei egiten dute. Demokrazian, aldarrikapenak eta desadostasunak guztiz zilegiak direla  adierazi dute, baina betiere errespetuz adierazi behar direla, hertsapenik, erasorik eta indarkeriarik gabe.

“Herrialdea geldiarazten saiatzea ez da arazoei irtenbidea emateko bidea; era berean, ez da irtenbidea egoitza politikoak erasotzea edo gure gizartearen pluraltasuna ordezkatzen duten espazioak zikintzea”.

Portugaleteko EAJ-PNVk elkarrizketa, bizikidetza eta errespetua defendatzen jarraituko du, baita herritarren benetako behar eta arazoei erantzutera bideratutako politika ere.

Intolerantziaren eta inposizioaren aurrean, elkarrizketa gehiago, bizikidetza gehiago eta demokrazia gehiago.

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!