Prentsa Aretoa
Berriak
2026/10/21
Bakioko EAJ-PNVk salatu du EH Bilduk gehienezko tasa turistikoa aplikatu nahi izatea, tokiko sektore turistiko txikiaren errealitateari erreparatu gabe
Alderdi jeltzaleak Udal Gobernuari eskatu dio bere asmoa berraztertzeko eta tasa modu neurritsuagoan aplikatzearen alde egiteko, establezimendu txikien egoera, urte osoan zehar enplegua mantentzearen garrantzia eta udalerriko jarduera ekonomikoa kontuan hartuta.
Bakioko EAJ-PNVk kritikatu du EH Bilduren Udal Gobernuak turismo-egonaldien gaineko zerga berriaren gehieneko zenbatekoak ezarri nahi izatea, herriko ostatu-sektorearen ezaugarriak eta establezimendu txikiek urte osoan jarduerari eusteko dituzten zailtasunak kontuan hartu gabe. Alderdi jeltzalearen ustez, Bakiok udalerriaren garapen ekonomikoari lagunduko dion, ekintzailetza sustatuko duen eta enplegu egonkorra bultzatuko duen turismo-politika behar du, baimendutako zerga-kargarik handiena zuzenean ezarri beharrean.
Turismo-egonaldien gaineko zerga berria 2027ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean, eta gutxieneko eta gehieneko zenbatekoak ezartzen ditu pertsona eta egonaldi bakoitzeko, ostatu motaren arabera. Araudiak udalei aukera ematen die zenbatekoak muga horien barruan zehazteko. Horregatik, EAJ-PNVk zalantzan jarri du EH Bilduren Udal Gobernuak baimendutako gehieneko zenbatekoak aplikatu nahi izatea.
“Ez dugu turismo-tasa bera zalantzan jartzen, EH Bilduk Bakion aplikatu nahi duen modua baizik. Araudiak aukera ematen du zenbatekoak udalerri bakoitzaren errealitatera egokitzeko, baina Udal Gobernuak proposamenik garestienaren alde egin du. Gure ustez, horrelako erabaki bat hartu aurretik, sektoreari entzun, izan ditzakeen ondorioak aztertu eta nolako herria nahi dugun pentsatu behar da”, adierazi du Bakioko EAJ-PNVk.
Talde jeltzalearentzat bereziki kezkagarria da turismo-establezimendu txikien egoera, horietako asko autoenpleguarekin eta tokiko enpresa-ekimenekin lotuta baitaude. Gogorarazi du turismo-jarduera handieneko hilabeteetatik kanpo ostatu bat zabalik mantentzeak ahalegin handia eskatzen duela, eta ohartarazi du gehieneko zenbatekoak aplikatzeak are gehiago zaildu dezakeela turista gutxien etortzen diren garaian bisitariak erakartzea.
Urte osoko turismoaren alde
EAJ-PNVren ustez, eztabaida ez da mugatu behar Udalak zenbat diru bil dezakeen aztertzera. Aitzitik, Bakiok jarduera ekonomiko dibertsifikatua izaten jarraitzeko modua ere landu behar da, establezimenduak irekita, zerbitzuak eskuragarri eta udako hilabeteetatik harago enplegu-aukerak egon daitezen.
“Urte osoan bizirik egongo den Bakio nahi dugu. Horrek esan nahi du autonomoak, negozio txikiak eta goi-denboraldia amaitu ondoren ere establezimenduak irekita mantentzeko ahalegina egiten duten pertsonak zaindu behar ditugula. Ez du zentzurik turismoaren urtarokotasuna murrizteaz hitz egiteak eta, aldi berean, hori posible egiten lagundu dezaketenen zailtasunei jaramonik ez egiteak”, nabarmendu dute jeltzaleek.
Ildo horretan, EAJ-PNVk adierazi du turismo-establezimenduetako hainbat jabek beren kezka helarazi diotela Udal Gobernuari, eta zerga modu neurritsuagoan aplikatzeko aukera aztertzeko eskatu dutela. Alderdi jeltzaleak jasotako informazioaren arabera, eskaera horiek ez dute orain arte Alkatearen aldetik aldeko erantzunik jaso.
Jeltzaleek EH Bilduren jarreran ikusten duten kontraesana ere kritikatu dute. “Zaila da ulertzea EH Bilduk beste udalerri batzuetan neurritasuna eskatzea eta, Bakion bezala, bakarrik gobernatzen duen herrietan, zuzenean gehieneko zenbatekoak ezarri nahi izatea. Erabakiek herri bakoitzaren beharrei erantzun behar diete, ez gobernuan nor dagoen arabera aldatzen diren irizpideei“, adierazi dute.
Bakioko beharrei erantzun behar dien erabakia
EAJ-PNVk defendatzen du Udalak araudiak eskaintzen duen tartea baliatu behar duela proposamen orekatuago bat aztertzeko, ostatu mota desberdinak eta Bakioko turismo-jardueraren berezitasunak kontuan hartuta. Era berean, beharrezkotzat jotzen du sektorearekin elkarrizketa izatea, 2027tik aurrera haren jardueran eragina izango duen erabakia hartu aurretik.
Alderdi jeltzaleak azpimarratu du turismoaren jasangarritasuna ezin dela diru-bilketaren ikuspegitik soilik ulertu. Jarduera ekonomikoari eusteko, ekintzailetza sustatzeko eta herriko enpleguaren egonkortasuna indartzeko gaitasuna ere kontuan hartu behar da.
“Bakiok hemen bizi eta lan egiten duten pertsonei entzungo dien, plangintza egingo duen eta haiengan pentsatuz erabakiak hartuko dituen kudeaketa behar du. Ezin ditugu errealitate guztiak modu berean tratatu, ezta ahaztu ere establezimendu askoren atzean herriko ekonomiari ekarpena egiten dioten enpresari txikiak, autonomoak eta familiak daudela. Horregatik, EH Bilduri eskatzen diogu bere proposamena berriz aztertzeko eta turismo-zerga modu zuhur eta proportzionatuan aplikatzearen alde egiteko”, ondorioztatu du Bakioko EAJ-PNVk.
Nabarmenak...
ABANTO-ZIERBENA
2026/10/21
DIMA
2026/10/21
MURUETA
2026/10/21
ONDARROA
2026/10/14
ARRIETA
2026/10/14
Berri ikusiagoak...
EBB
2025/03/30
Kongresua
2025/03/26
BILBO
2026/06/08
EBB
2025/03/29


HARREMANETARAKO
WWW.EAJ-PNV.EUS












