Prentsa Aretoa

Berriak

2018/01/25

Bilboko segurtasunari buruzko ezbaia “eztabaida partidistatik” ateratzeko eskatu du Itxaso Atutxak

Bizkai Buru Batzarreko presidenteak PPri txarretsi dio “prebentzioaz” baino, “Polizia eta errepresio gehiagoren beharraz” hitz egitea. ‘Popularren‘ jarrera “arduragabe” jo du Atutxak.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Itxaso Atutxak, Bizkai Buru Batzarreko presidenteak, gaur goizean eskatu du Bilboko segurtasunaren auzia “eztabaida partidistatik” ateratzeko, azken asteotan adingabeak protagonista nagusi izan dituzten gertakari bortitzen ondoren, besteak beste Otxarkoagako adineko bikote bat eta Ibon Urrengoetxea erailak izan direlarik kasu bietan lapurren biktima zirenean. Herri Irratiari eskainitako elkarrizketan, Atutxak ezeztatu du soilik zigortzeko neurriak hartzea, PPk planteatzen duen bezala, eta gogoratu duenez Otxarkoagako krimenaren ustezko egileek “nagusien erara delitu egin dute, baina 14 urte baino ez dituzte”. Bere ustez, “guztioi dagokigun gaia da” eta “hauteskunde aurreko urteari ez dagozkion ikuspegietatik begiratu behar zaio, eta ez korporazio zehatz bati kalte egin nahirik”. Itxaso Atutxak honela erantzun die Euskadiko PPko idazkari nagusi Amaya Fernándezek Otxarkoagatik bertatik Bilboko Udalari egin zizkion kritikei, eta gaitzetsi dio prebentzioaz baino “Polizia eta errepresio gehiagoz” hitz egin izana. Bere ustez PPko idazkariaren jarrera “arduragabea” da segurtasunaren gai hori Bilboko Gobernuak, EAJ-PNVk eta PSE-EEk osatuak, “legealdi hasieratik” landu duelako.


Era berean azpimarratu du ‘popularrek’ Madrilen ez dituztela ontzat eman udaltzainen eta ertzainen berritze tasak. “Baina, alderdi horrek Mozal Legea ere aldezten du. Halako jardueretan sinesten dute. Nik uste dut gai hau beste bide batzuetatik bideratu behar dela. Uste dut Polizia behar dugula pertsonak seguru senti daitezen, baina uste dut denak ez duela neurri hertsatzailea izan behar” gaineratu du. Burukide jeltzalearen aburuz “Espainiako legea nahiko gogorra da zigor arloari dagokionez ere”. “Beraz, gazte hauek delitua egin dute zigor ondorioak oso gogorrak izan zitezkeela jakinik” esan du. “Aukera pertsonala” eta “alderdi gisa aldeztuko duguna” izango dela esanez azaldu du bere alderdiak ez duela PPren jarrera hori babestuko. Zentzu berean azaldu du Kongresuan betirako espetxe zigor berrikusgarria eta ‘Mozal Legea’ indargabetzeko eskatzen jarraituko dutela.

Azaldu duenez, Bilboko segurtasunari buruzkoa eztabaida “gogor,luze eta konplikatua” izango da “Udalari kezka handia eragiten dion gaia delako eta, aldi berean,alderdi politiko guztien ardura delako maila guztietan”. “Orain Bilbon gertatu delako. Gainera, oso momentu zehatz batean, gertakari ikaragarriak eta guztiz arbuiagarriak gertatu direlako eta adingabeak tartean egon direlako, eta hori are ulertezinago egiten zaigu” azaldu du. Dena dela, era berean ohartarazi duenez “hau Bilbon, Euskadin,Estatuan, Europan” gertatzen da”, “hainbat eta hainbat kezkatzen dituen kontu bat da”. “izan ere, Bilboko Udala gai hau aspalditik ari zen lantzen eta publikoa zen egiten ari zela, gainera, beste alderdiekin eta hiriko beste eragileekin, plan ezberdin bat egiteko eta batez ere, beste era batetara egiteko, prebentzio lanari ere ekiteko” gaineratu du.

Zentzu berean hitz egin du Udaltzaingo berria “askoz ere hurbilagoa” eratzeko proiektuaz, eta azpimarratu duenez “erakundeen artean lan egin behar da eskumenen esparrua ere ezberdina delako eta jorratu beharreko gaiak oso diziplina anitzak direlako”. Edozein kasutan, esan du alderdiek ere gainerako eragileekin parte hartu behar dutela konponbidea bilatzeko prozesu honetan. “Otxarkoagan,esate baterako,auzo elkarteek eta kultur elkarteek horren indar handia duten auzoan, urteak daramatzate Udalarekin lankidetza jardunetan, eta hori da eurek ere aitortzen duten zerbait” esan du.