Prentsa Aretoa

Berriak

2018/04/11

Getxok Euskararen Laguna diren saltokien sarea aurkeztu du

Helburua da merkataritzan euskararen erabilera bultzatzea, udalerriko dendariek eta ostalariek adierazitako borondatea oinarri gisa hartuta

rss Ezagutzera eman
Getxok Euskararen Laguna diren saltokien sarea aurkeztu du

ARGAZKIA JAITSI

Getxoko Udalak Euskararen Laguna diren saltokien sarea aurkeztu du gaur prentsaurrekoan, merkataritzan euskararen erabilera bultzatzeko, udalerriko dendariek eta ostalariek adierazitako borondatea oinarri gisa hartuta. Kideek euskararen aldeko jarrera erakusten duen Txantxangorriaren irudia ipiniko dute establezimenduetan, herritar guztiei euskara erabiltzeko gonbidapena eginez. “Asmoa da Euskararen Laguna diren saltokien sarea eta euskaraz artatua izan nahi duten bezeroen artean zubia eraikitzea”, azaldu du Koldo Iturbe, Euskara zinegotziak. Sare horretan parte har dezakete euskaraz atenditzeko gaitasuna duten establezimenduek eta baita gaitasuna ez dutenek baina bai nahia eta borondatea dituztenek ere, eta horregatik idatzizko elementuak euskara zein ele bietan jartzeko konpromisoa adierazten dute.

Sare honen kidea izateak abantailak ekarriko ditu negoziorako, hala nola:

  • Balio erantsia izatea
  • Saltokia etorkizunerako prestatzea, Getxon garrantzitsua den herritar kopuru baten aurrean konfidantza eta gertutasuna transmititzea, herrianr heren bat euskalduna delako eta beste heren bat ulertzen duelako
  • Konpetentziari aurre egitea

 Sareko establezimenduek hurrengo bi arlotan lan egiteko konpromisoa adierazten dute:

  • Bezeroari arreta; lehen hitz euskaraz egiten.
  • Jendaurrean ipintzen diren idazki, errotulu edo iragarki komertzial guztiak euskaraz zein ele bietan edukitzeko 

Saltokiek hartu dituzten konpromisoak bete ahal izateko Udalak materialak, zerbitzuak eta laguntzak eskainiko dizkie doan negozioei:

  • Bezeroari euskarazko arreta bermatzeko gida metodologikoa
  • Euskararen Txantxangorria ikurra duten euskarriak, barruan nahiz kanpoan jartzeko (biniloak, txapak, kartelak, arropan jartzeko      itsasgarriak…)
  • Produktuak eta zerbitzuak katalogo bidez, hau da errotuluak ipintzeko diru-laguntzak, doako itzulpen, maketatze eta inprimatze zerbitzua, aholkularitza zerbitzu pertsonalizatua…
  • Euskararen laguna diren saltokien sarearen zabalkundea 

Gainera,  Udalak merkatariei eskaintzen dizkien produktuak eta zerbitzu guztiak biltzen dituen web gune bat (www.getxo.eus/euskara/katalogoa) sortu du; web gune honek gainera,  galdetegi erraz bat dauka, eta hori betez, merkatariek eta ostalariek kartelak eskatu ditzakete, itzulpenak eta orokorrean, arestian aipatutako produktu eta zerbitzu guztiak.

Udalak dagoeneko txikizkako merkataritza eta ostalaritzako 2.000 saltokirekin jarri da harremanetan sarean parte hartzera animatzeko. 3.000 biorriko, 400 kartel eta 3.000 Getxoberri formatuko foileto ere banatuko ditu.

Aldi berean, “herritar guztiok euskara erabiltzera animatu nahi ditugu, goraipatuz euskarak baduela tokia merkataritzan, eta ostalaritzan ere. Aldi berean, getxotarrak animatu nahi ditugu aurreko baldintzak betetzen dituen negozioren bat ezagutzekotan, udalari jakinarazteko eta sarean sartzeko gonbidapena egiteko ere, denon artean euskararen erabilera sustatzeko”, gehitu du zinegotziak. Hori euskara.zerbitzua@getxo.eus posta elektronikoaren edo 688 675 345 Watsapp zenbakiaren bidez egin dezakete herritarrek. Gero Udala harremanetan jarriko da establezimenduarekin eta baita herritarrarekin ere.