Prentsa Aretoa
Berriak
2019/11/07
EAJ-PNVk Podemosekoei galdetu die jeltzaleen botoak zertarako nahi dituzten: “Berriro ere adosteko gai ez zaretela erakusteko?”
Ortuzarrek Vitoria-Gasteizen salatu du PP iparra galduta dabilela: “Marotok ere ez die Araban botoa eman nahi”; Urkullu lehendakariak Eusko Jaurlaritzaren indarrarekin alderatu du Espainiak une honetan bizi duen paralisia.
20191107_Aitor Esteban. Vitoria-Gasteiz
HITZALDIA - 2019/11/0720191107_Andoni Ortuzar. Gasteiz
HITZALDIA - 2019/11/0720191107_Iñigo Urkullu. Gasteiz
HITZALDIA - 2019/11/0720191107_Mikel Legarda. Gasteiz
HITZALDIA - 2019/11/0720191107_Almudena Otaola. Gasteiz
HITZALDIA - 2019/11/07
Argazkiak...
OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
Vitoria-Gasteizik, Euskadiko hiriburutik, EAJ-PNVk Pablo Iglesias Podemos-eko buruari erantzun dio gaur goizean Bilbora bisita arina egin duela gogora ekarriz. Kanpaina osoan Euskadira egin duen bisita bakarra izan da. Iglesiasek botoa eskatu die gaur EAJ-PNVko hautesleei “birzentralizatze prozesua geldiarazteko”. Burutazio horri erantzun dio Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek Probintzia plazan egin den ekitaldian. “Kanpaina amaierako txanpa honetan darabilten estrategia da: gure hautesleei eskatu diete beren botoa ematea, esaten dutenaren arabera, ez omen duelako zentzurik Hauteskunde Orokorretan guri bozkatzea, eskuindarrekoak geldiarazteko gai izango ez garelako. Iglesiasek ahaztuta dauka zentsura mozioa nori esker irten zen. Boto horiek zertarako nahi dituzu, Pablo? Berriro ere adosteko gaitasunik ez duzula erakusteko, udan gertatu zitzaizuen bezala? Horretarako? Ez jauna! Hemen EAJ”, esan du jeltzaleen buruak. Iñigo Urkulluk bere aldetik azpimarratu nahi izan du Espainia murgilduta daukan paralisiaren eta Euskadin daukagun dinamismoaren artean dagoen aldea, Euskadin gaur duela sei urte baino 100.000 pertsona gehiagok kotizatzen dutela gogora ekarriz. Lehendakariak esparru ekonomikoan eta politikoan mehatxuak egon badaudela aitortu arren baieztatu duenez “Euskadiren defentsarako lehen lerroa Madrilen dago”, hortik dator igandean boto jeltzalea emateak daukan garrantzia. Aitor Estebanek, bere aldetik EAJ-PNVren aldeko botoa eskatu du Euskadirentzat eta euskal gizartearentzat “ekintzak, errealitateak eta emaitzak” bermatzen dituen alderdi bakarra delako, besteak beste Gernikako Estatutuaren betepena, pentsioen defentsa, lurralde auzia konpontzeko irtenbidea edo “herri honentzako” inbertsioak.
Ortuzarrek Partido Popularra jarri du Euskadiko eta Arabako gizartearen ispiluaren aurrean eta iparra galduta dabilela aurpegiratu dio. Egoera hain da larria “Marotok ere ez duela Araban PPren alde bozkatu nahi”, horregatik erroldatu da Segovian. Umorea alde batera utzita, jeltzaleen buruak bai azaldu nahi izan du Alfonso Alonsoren taldeak kanpaina honetan darabilen zentzugabekeriaren adibide argia: Madrilgo alkate José Luis Martínez-Almeidak EAJri bota dio Abiadura Handiko trena Euskadin daraman atzerapenaren errua. “Eta nork eta PPko kargudun batek esan du hori, hamabost urtetan Espainiako Gobernuaren ardura eta Abiadura Handiko Trenaren proiektua zabaltzeko ardura bere gain izan duen alderdiko batek. Eta nori eta guri botatzen digu errua orain. Hau da suteen errua suhiltzaileei botatzea bezalakoa, eta, gainera hori esaten duena piromanoa izatea”. Ortuzarrek era berean salatu du Euskadiko PP alderdiak darabilen manipulazioa zergak beheratuko dituela esanez egin dituen “promesa faltsuekin”. “Zergen erreforma horrek Euskadin izango lukeen inpaktua kalkulatu dugu: urtean 2.740 milioi euro. Urtean 2.740 milioi euro gutxiago. Gutxi gora behera Euskadin hezkuntzara bideratzen dugun dirua. Eta orain PPko “maisu” fiskal horri edo beren presidente Alfonso Alonsori galdetu nahi diet: Zer kenduko dugu? Eta, klaro, gauza bera aplika liteke Estatuan. Zergen beherakada horrek ekarriko lioke urtean 40.000 milioi gutxiago jasotzea. Ez da gauza makala. Gero esango dute pentsioak bermatu nahi dituztela, defizita murriztu nahi dutela edo enplegua suspertu nahi dutela. Hori al da alderdi serio baten proposamena? Gobernatu nahi duen alderdi baten proposamena? Ez. PP alderdia iparra galduta dabil”, amaitu du.
Iñigo Urkulluk euskal hiritargoari azaldu nahi izan dio Espainiak eta Euskadik bizi duten egoeren arteko aldea, mutur banatan daudela nabarmenduz. “Otsailetik hona, Espainia desaktibatuta egon da, jardunean eta jardun gabe. Gaitzespenak eta kexak baino ez ditugu entzun. Hemen, apirilaren 28an San Prudentzio eguna izan zen, baina lehenago eta geroago, lanean egon ginen”. Jaurlaritzak urrian egin dituen batzuk azalduko ditut: Ziber-segurtasunaren Euskal Zentroaren akreditazioa; 15 milioi euro industria sektorearen eraginkortasun energetikorako; ardo-mahastizaintza sektoreari emandako babesa ARDOA, Basque Wine Office delakoaren sorrerarekin; 4 milioi euro industriaren eraldaketa digitalerako; Administrazioan Enplegu Eskaintza Publiko berria: mila plaza berri, 30 urtetan egin den eskaintzarik handiena; Zurekin Proiektua indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntzeko; 16 asteko laguntzak familia eta lana uztartzeko”, azaldu du Urkulluk. “Urrian, 978.000 pertsona izan dira Euskadin Gizarte Segurantzan kotizatu dutenak, duela sei urte baino 100.000 pertsona gehiago. Nahikoa ote den? Ez, baina Herri honek lan egiten du, ahalegina egiten du, lankidetzan ari da, adosten du, pausuz-pausu aurrera egiten du, enpleguz enplegu“. Alabaina, Urkulluk ez du mezu triunfalistarik egin nahi “mehatxuak egon badaude”, aitortu du “eta gero eta hurbilago ikusten ditugu. Ekonomiaren moteltzea agerikoa da, baina borondatea badago neurri batzuk har daitezke ekonomia hobetzeko eta pertsonen alde egiteko, Toledoko Itunaren bidez pentsioak bermatuaz, lan erreforma sakonki aldatuaz edo Gazte Berme enplegu planean inbertituaz”, baieztatu du. Hodei beltzak arlo ekonomikoan bai, baina baita politikoan ere. “Estatutua bete gabe dagoela ikusi dugu, gure eskuduntzak behin eta berriz zapalduak izan dira. Bekak birzentralizatuta, dekretazo digitala, Osasuna edo Hezkuntza zentralizatzeko mehatxuak, uniformizazioa beherantz… Orain 155 artikuluaz ari dira, Nazio Segurtasun Legeaz, salbuespen egoeraz, autonomiak kentzeaz… eta Euzko Alderdi Jeltzalea ilegalizatzeaz ere bai”, esan du. Mehatxu horien guztien aurrean, Lehendakariak exijitu du “Gernikako Estatutuaren garapena burutzea, autogobernua edukiz hustea eragoztea, eguneratzea eta gaur egungo euskal gizartearen beharretara egokitzea. Errespetua, leialtasun instituzionala, akordioa eta berme sistema. Euskadi defendatzeko lehen lerroa Madrilen dago. Euskal Agenda defendatzeko: inbertsioak, industria, logistika, enplegu gehiago eta hobea, autogobernu zabalago eta hobea. Hori dena daukagu jokoan igandean. Madrilen indartsu izatea Euskadi geldi ez dadin. EAJren aldeko botoa da boto segurua, probetxuzkoa, positiboa. Igandean, botoak, EAJrentzat”.
Aitor Estebanek, Bizkaitik Kongresurako aurkezten den zerrendaburu jeltzaleak, Kongresu eta Senatuko ordezkari jeltzaleek Araba eta Euskadirentzat erdietsi dituzten lorpenak zerrendatu ditu. Horrela aipatu du argindar tarifak enpresentzat merkeago izatea lortu dela “ezinbesteko gauza Arabarentzat”, Jundizeko plataforma logistikoa, AHTaren sarbideak, trenbide pasabideak kentzeko proiektuak, kultur jardueretarako diru-laguntzak, eta abar. “Ekintzak, errealitateak eta emaitzak”, eta horiekin batera dago pentsioak KPIaren arabera igo izana, EAJ-PNVk lortu duen zerbait. Horregatik “euskal autogobernua, Euskal Ekonomia Ituna eta Estatuaren inbertsioak Euskadin defendatzeko, pentsioak bermatzeko, oroimen historikoari benetan heltzeko, lurralde auziari irtenbidea emateko, Abascal, Rivera eta Casadoren intolerantzia eta lotsagabekeriari aurre egiteko”, Estebanek euskal emakume eta gizonen botoa eskatu du, EAJ-PNVren aldeko botoa.
Arabako Kongresurako zerrendaburu den Mikel Legardak bere atsekabea agertu du “ekitaldi elektoral baten egon” behar izateagatik “herritarren arazoei aurre egiten” egon beharrean. Kanpainak promesa faltsuak egin edota jokabideak elkarri aurpegiratzeko erabiltzea ere gaitzetsi du; “hauteskundeak lorpenengatik eta politika eta gauzak egiteko moduagatik gizartearen aurrean kontuak emateko dira. Araba eta Euskadiko gizartearen aurrean kontuak agertzerakoan EAJ-PNV bere lanak ondo eginda agertzen da”, iritzi dio. Legardak Estatuko alderdi politikoek arazoei aurre egiterakoan erabiltzen duten “manikeismoa eta sinplifikazioa, deformazio interesatuak eta su artifizialak” kritikatu ditu. “Muturrera eramaten dituzte; bai ezikusiarena eginez, eta konpondu beharrekoan usteldu egiten dira, bai presioa sartuz, azkenean eztanda eginez”. Hitz egiteko eta akordioetara heltzeko herritarrek emandako mandatua bete ez dutenak zigortzeko asmoz abstentzioaren aukera pentsatzen ari direnei, hautagai jeltzaleak EAJ-PNVri botoa emanez aldea markatzeko gonbitea luzatu die, “baita ere iraganean gero beraiez eta egindako promesez ahaztu zirenengan konfiantza jarri zutenei, beraien botoekin ere ahaztu ditzaten”.
Bestalde, Senaturako hautagai Almudena Otaolak EAJ-PNVk Arabarekin duen konpromisoa berretsi du, Euskal Agendaren bitartez gauzatuko dena; “Euskadiren interesen aldeko Agenda; baita euskal erakundeen agenda, Lehendakariarena, Ramirorena, Gorkarena…”, jarraitu du Arabako Ahaldun Nagusia eta Vitoria-Gasteizko alkateari aipamen eginez. “Araban denok gara bat”, azpimarratu du. Otaolak Estatuko alderdietako ordezkari arabarrek Gorte Nagusietan izaten duten ohiko jokabideaz ohartarazi du, izan ere, “Madrilera iristen direnerako, euren talde parlamentarioetan desegiten dira eta ahaztu egiten dituzte Garoña, Trebiñu, Foronda, Arabar Errioxa, Arasur… Madrilera iristen direnerako, Araba ordezkaritza propiorik gabe geratzen da, babesik gabe… Zurtz!. Guk argi daukagu gure konpromisoa Araban hasi eta Araban amaitzen dela”.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25