Prentsa Aretoa

Berriak

2020/05/15

Itxaso Atutxak faltan bota du alderdi batzuen “jarrera irmoa” alderdi politikoen egoitzetan egindako pintaden aurrean

Bizkai Buru Batzarreko presidenteak “iraganeko adierazpen horiek egiten jarraitzea” deitoratu du, eta baieztatu duenez “herri honetan aspalditik gaude beste eginkizunetara, eta horren jakitun ez badira, aurrean izango gaituzte beti”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Itxaso Atutxak, Bizkai Buru Batzarreko presidenteak, argi eta garbi eta irmotasun osoz gaitzetsi ditu EAJ-PNVren hainbat egoitzek azken egunotan jasan dituzten erasoak. Bart gauean sabotajeak egin dira Igorreko batzokian eta Sabindarrak Uri Erakundearen egoitzan (San Ignazio-Bilbo). Hauek izan dira jazarpen eta hertsapen Kanpaina deitoragarri eta onartezinaren azken helburuak eta, azken egunotan, Algorta, Getxo Zaharra eta Berangon eta iragan astean Portugaletekoan egin zirenei gehitzen zaie. Atutxak deitoratu duenez “zoritxarrez, gauza batzuk ez dira oraindik herri honetatik desagertu” eta faltan bota du alderdi batzuen “jarrera irmoagoa”, egoitza politikoen kontra egin diren erasoen aurrean.

Bizkaia Irratiari gaur goizean eskainitako elkarrizketan, Bizkaiko burukideak nabarmendu du halako ekintzen egileek “oso urrun dauzkate elkarbizitza eta demokrazia bezalako kontzeptuak”. “Herri hau beste eginkizunetara dago aspalditik eta, horretaz jabetzen ez badira, aurrean izango gaituzte beti. Argi baino argiago daukagu lekuz kanpo daudela, baina uste dut alderdi politiko batzuei halako ekintzen kontrako jarrera irmoago bat erakustea falta zaiela oraindik”, berretsi du. “Eta ez bakarrik alderdi politikoen egoitzen kontra egiten direnean”, Ean (Bizkaia) edo Izarran (Araba) egin direnak esaterako, non agintari politikoek gaitzespenik egin ez duten: “Ean kutxazain automatiko bat erre izanak ekarri zuen 7 pertsonen bizia arriskutan jartzea, beren etxeetatik atera behar izan zituztelako”, gogoratu du.

Hauteskundeetarako deiaz galdetuta, Atutxak nabarmendu du berak ez duela data ezagutzen, baina uste du aukera ona dela uztailean egitea. “Orain bizi dugun gaixotasun eta pandemiarekin ezer gertatuko balitz, udazkenean egiteko aukera geratuko zen”, nabarmendu du. Eta, edozein kasutan “osasun arloko berme guztiekin eta segurtasun demokratiko guztiekin egingo dira; ez dadila horren inguruko zalantzarik egon”, azaldu du. Era berean baieztatu duenez “datorkiguna ikusita, eta ematen du gogorragoa izango dela arlo ekonomikoan eta sozialean, ezinbestekoa da lehenengo eta behin legea betetzea eta, bigarrenez, hurrengo lau urteotarako, Legebiltzar indartsua izatea, Eusko Jaurlaritza sendo bat osatzeko, izango dena izango dela, hiritargoak aukeratutako izan dadila, baina indartsua izan dadila, aurrekontu batzuk prestatzeko eta datorkiguna kudeatzeko”.