Prentsa Aretoa
Berriak
2020/09/28
Unai Rementeria: "Birus honek ez gaitu garaituko; Bizkaia ez da geldituko"
Gaur Gernikan egin den Politika Orokorreko osoko bilkuran, adinekoen arretari lotutako zerbitzuak emateko eredua aldatuko dela iragarri du, adinekoak euren etxeetan bizi diren aldia luzatuz eta egoitza-zentroak ahal den neurrian etxeen oso antzekoak izatea lortuz
Unai Rementeria - Politika Orokorreko bilkura 2020
MINTZALDIA - 2020/09/28
Ahaldun Nagusiak lehentasuna eman dio enplegua eta jarduera ekonomikoa sortzeari. Helburu horretarako, besteak beste, honako proiektu hauek zerrendatu ditu: Bizkaia Dorrea, joan den astean behin-behinean esleitu dena; tokiko merkataritza digitalizatzea, BBKrekin eta sektorearekin irailaren 24an sinatutako akordioaren bidez garatuko dena; edo aste batzuetan abian jarriko den Invest in Biscay ataria, atzerriko inbertsioa erakartzeko. Gaur Gernikan egin den politika orokorreko osoko bilkuran, halaber, adinekoen arretari lotutako zerbitzuak emateko eredua aldatuko dela iragarri du, alde batetik adinekoak euren etxeetan bizi diren aldia luzatuz eta egoitza-zentroak ahal den neurrian etxeen oso antzekoak izatea lortuz eta, bestetik, osasun-profesionalei prestakuntza eskainiz ematen duten laguntza eta jasotzen duten ordainsaria hobetzeko. Rementeriak beste proiektu batzuk ere aipatu ditu, Bizkaia lurralde berdea, digitala eta eskualdeen arteko berdintasunekoa izan dadin; horien artean daude bihar 10 milioi euroko lizitazioa onartzea internet lurraldeko txoko guztietara eramateko, bizikletaren erabilera bultzatzea edo Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH) bat datorren fiskalitatea ezartzea.
"Birus honek baldintzatu ahal izango gaitu, baina ez gaitu garaituko. Lanean jarraituko dugu, baldintzatuta, bai, baina egunerokoa kudeatzen, arazoei irtenbideak bilatzen, Bizkairako funtsezkoak diren proiektuak bultzatzen, hurrengo belaunaldiei zor diegun lurralde hau hobeto eraikitzen. Baldintzatuta, bai; etsita ez. Garaituta, inoiz ere ez". Hitz horiekin Unai Rementeriak, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, berretsi egin du gure lurraldea aurrera ateratzeko duen konpromisoa, nahiz eta pandemiak arazo ugari sortu eta sei hilabetetan azken urteetako emaitza positiboak gelditu dituen. "Bizkaia ezin da gelditu eta ez da geldituko", azpimarratu du Gernikako Batzar Etxean gaur egin den politika orokorreko osoko bilkuran.
COVID-19aren ondorioz hil diren pertsona guztiak eta haien familiak gogoratuz hasi duen esku-hartzean, Rementeriak pandemia honek lurralderako ekarri duen egoeraren diagnostikoa egin du. Langabeziak gora egin du eta tasa %11,9koa da (2019an baino puntu bat gehiago), eraikuntzaren sektoreak atzera egin du edo merkataritza eta ostalaritza bezalako sektoreak krisian murgilduta daude, - "uste dugu aldi baterako kalteak izango direla eta 2022tik aurrera nabarmen hobera egingo dugula adierazten duten aurreikuspenak bete egingo direla"- baina, era berean, gogorarazi du beste sektore batzuek gora egin dutela, adibidez industria elektrikoak, sektore teknologikoak (bere kapazitatearen %95ean dagoena), automobilgintzak (enpresa asko ekoizpen-ahalmen okupatuaren %90etik gora daude), elikagaien banaketak, industria farmazeutikoak edo bizikletaren industriak.
"Pandemia hau ere igaroko da. Eta igarotzen denean, martxan hartu behar gaitu", adierazi du Unai Rementeriak, eta adierazi du Aldundiak horrela izan dadin "laguntzen" jarraituko duela. Ildo horretatik aurreratu du foru erakundeak hirugarren hiruhilekoaren ordainketa zatikatuaren salbuespena onartuko duela jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisiko guztientzat, eta horrek 10 milioi euro inguruko injekzioa ekarriko duela, eta itzulketa hori egiteko eskaera egin duten Bizkaiko 901 mikroenpresei eta enpresa txikiei Sozietateen gaineko Zergaren itzulketa aurreratuko zaiela, horrela irailaren 30ean kobratu ahal izango dutelako abendura edo urte hasierara arte itxaron Gabe.
"Laguntze" horretan, Ahaldun Nagusiak hiru lehentasun ezarri ditu: lehena, jarduera ekonomikoa eta enplegua lehengoratzen eta sortzen laguntzea; bigarrena, gizarte-ekintza hobetzea eta modernizatzea, beharrizana duten pertsonak babesten dituen sarea eta, hirugarrena, Bizkaia berdea, digitala eta eskualdeen arteko berdintasun handienekoa lortzea.
Lehentasuna duen hasierako ardatz horretan, enpleguarenean eta jarduera ekonomikoarenean, honako hauen moduko proiektuak daude:
- Bizkaia Dorrea, joan den astean esleitu zena eta "etorkizuneko enpresa handien haziak prestatzeko balioko duena, hurrengo belaunaldiei enplegua eta ongizatea emango dietenak". "Pandemia honek areagotu egin du nazioarteko ekintzailetza zentro honen beharra. Bizkaiko ekonomiaren eta enpleguaren etorkizunari norabidea jarri behar diogu", adierazi du Rementeriak dorreari buruz.
- Tokiko merkataritzaren digitalizazioa bultzatzea, sektorearekin eta BBKrekin irailaren 24an sinatutako hiru alderdiko akordioaren bidez. Akordio horren bidez funtsezko gaiak landuko dira, hala nola merkatariak trebetasun digitaletan prestatzea, kontsumitzailearengana iristeko bide berriak bilatzea, online salmenta bultzatzea eta hobetzea, aliantzak antolatzea edo adimen artifizialeko proiektuak garatzea.
- Telefónica enpresarekin partekatzen den Eskola 42 Bizkaia proiektua, urriaren 8an hitzarmena sinatuko denean abian jarriko dena; Aldundiak 5 milioi euro inbertituko ditu proiektuan lau urteko jarduera bermatzeko. Urduliz Dorrean ekimen hau hartuko duen espazioa atontzeko lanak ere urrian hasiko dira, planetako programazio eskolarik berritzaileena hartzeko: 29 campus daude zabalik mundu osoan eta gure lurraldean 700 ikasle dira.
- Bizkaiko Foru Aldundiaren enplegu-planaren hasierako emaitzak oso positiboak izan dira; izan ere, 215 kontratu mugagabe bihurtzen lagundu du eta 300 eskaerari erantzun die Manten programaren bidez, eta Kontrata programarekin aldi baterako 171 kontratu eta 80 kontratu mugagabe sinatzen lagundu du. Gainera, Foru Aldundiari laguntzak eskatu dizkioten udal eta Bahargintza guztiek euren proiektuak gauzatu ahal izango dituzte. Lan merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituen sektore baten kontratazioa bultzatzearen alde egingo da lan, unibertsitate-ikasketak amaitu berri dituzten pertsonak, Kontrata 30 programaren bidez; autoenplegu-programak enplegagarritasuna eta negozioaren hasiera erraztuko die 1.200 pertsonari aurten, eta dagoeneko abian dauden enplegu eta prestakuntzako programa mistoen bidez 120 pertsona gazte birkokatzea bultzatuko da.
- Aste batzuk barru Invest in Biscay atari digitala jarriko da martxan, atzerriko enpresak eta kapitala erakartzeko estrategiaren barruan munduko enpresek inbertitzeko eta gure lurraldean instalatzeko behar den informazio guztia biltzen duena. Estrategia hori martxan dago oraindik, nahiz eta une honetan "mugitzea ia ezinezkoa den. Baina beste garai batzuk iritsiko dira eta guk lanean jarraitzen dugu kokapena hartzeko ".
Lehentasunezko bigarren ardatza, hau da, behar dutenei arreta emateari lotutako gizarte-zerbitzuetan eredua aldatzea, hiru gairen inguruan egituratzen da:
- Etxean laguntzeko eta zaintzeko sistema bat eskaintzea, teknologian oinarritua, etengabeko monitorizazioarekin eta etxetik hurbil dagoen erreferentziazko zentro baten zerbitzu espezializatuekin konbinatua; zerbitzu espezializatu horrek zaintza sozialak eta sanitarioak ere izango ditu arreta jasotzen duten pertsonentzat, baina baita zaintzaileentzat ere. Sistema horrek adinekoak euren etxeetan ahalik eta denbora gehien egon daitezen lagunduko du eta bere azken helburua mendetasun-egoeran dagoen pertsonaren zein haiek zaintzen dituzten pertsonen bizi-kalitatea hobetzea da.
- Egoitza-zentroen sarearen eraldaketa: "Egungo sarearen espezializazioa bultzatu eta zentroen tipologiak ezarri behar dira: lehenengo eta behin, komunitateari irekitako egoitza-zentroen sare zabala, pertsonentzako osasun-zerbitzurik gabeko etxeak, tamaina txikiko bizikidetza-unitateetan antolatuta (15-20 pertsona), batez ere hiri-inguruneetan eta belaunaldien arteko bizikidetza-espazioak dituztenak. Eskualde-mailan, erreferentziazko egoitza-zentro bat izendatzea, laguntza espezializatuak emateko gauza izango dena (prestakuntza, laguntza-gaitasuna, orientazioa, koordinazioa, baliabide partekatuak...), eta gida gisa jardungo duena zainketa konplexuagoen kasuetan, aldi berean ospitaleko egonaldien osteko errehabilitaziorako ere balioko dueña.
- Profesional soziosanitarioen kualifikazioa eta prestakuntza sustatzea, zerbitzu horien erabiltzaileei ematen zaien laguntza eta langile horiek jasotzen duten ordainsaria hobetzeko. "Aldundiko Gizarte Ekintza, Berdintasun eta Enplegu Sailak elkarlanean ari dira Lanbiderekin batera prestakuntza-programa bat diseinatzen, pertsonen arretarako protokoloak etengabe hobetzeko eta pertsona horiek artatzen dituzten profesionalei zentzu guztietan garapen profesionala ahalbidetzeko", adierazi du Ahaldun Nagusiak.
Bizkaia berdea eta digitala eta eskualdeen artean gehieneko berdintasuna bilatzen duenari dagokionez, Unai Rementeriak bi proiektu nabarmendu ditu:
- Lehenengoa eta premiazkoena, azken belaunaldiko banda zabala lurralde osora hedatzea. Proiektu horren lizitazioa bihar onartuko da gobernu kontseiluan, hamar milioi euroko zenbatekoan, eta horren bidez internet Bizkaiko txoko guztietara eraman nahi da, batez ere landa-eremuetara. "Duela egun batzuk Espainiako Gobernuak oniritzia eman zion gure planari eta bihar banda zabaleko sareak gure lurraldeko eremu sakabanatuetara hedatzeko dirulaguntzen deialdia lizitatzen dugu; gutxieneko edukiera 300 mega simetrikokoa da; Europako Agenda Digitalarekin erabat lerrokatuta dago eta gauzatzeko gehieneko epea 2023ko ekainaren 1ean amaituko da", azaldu du Ahaldun Nagusiak. Halaber, azaldu du proiektua Arratian, Mungialdean eta Enkarterrin abiatuko dela.
- Bizikletaren aldeko apustua, mugikortasun "hobea, ordenatuagoa, eraginkorragoa, jasangarriagoa eta erosoagoa" lortzeko garraiobide gisa. Ildo horretatik, Rementeriak esan du "estrategia argia, integratzailea, epe ertain eta luzerako ikuspegia duena, epe laburreko ekintzakoa dena, esperientzian eta ezagutzan oinarritua eta egin dugunaren eta balio ez duenaren autokritikatik abiatuta aurrera egiten duena" lantzen ari direla. Hala, urtea amaitu baino lehen erreferentziazko lantaldea ofizialduko da, estrategia horren bultzatzaile izango dena eta Deustuko eta Bredako (Holanda) unibertsitateek, Bizkaiko Garraio Partzuergoak, Orbea enpresak eta Bizkaiko Foru Aldundiak osatuko dutena. Talde horren eginkizunen artean dago Aholkularitza Bulego bat sortzea, erakunde horien ezagutza eta esperientzia Aldundiari, udalei eta bizikletaz mugitzea sustatu nahi dutenei eskaintzeko. Halaber, Lanbide Heziketa dualeko programa baten hasieran lan egingo da, bizikletaren industriako profesionalak prestatzeko eta, proiektu horiek aurrera atera ondoren, Bike Intelligence Center sortzea baloratuko da, bizikleta bidezko mugikortasun hori bultzatzeko erreferentziazko zentroa."Bideak esango digu pauso hori ematen dugun ala ez. Baina iritsiko direnak egitateak izango dira, besteak beste Zornotza eta Durango arteko hiriarteko bidegorriak edo bizipistak, itsasadarraren ertzeko Getxo eta Bilbo arteko Eskuinaldeko bizipista eta, beharbada, -eta beharbada esaten dut- Galdakao eta Basauri arteko N-634 errepidean bizikletari laguntzeko neurriren bat", adierazi du.
Gaurko osoko bilkuran batzartutako batzarkide taldeen aurrean egindako esku-hartzearen azken zatian Ahaldun Nagusiak baliabide ekonomikoen eskuragarritasunarekin lotutako hiru gai aipatu ditu, pandemiak ere berariaz eragin baitio gai horri. Ildo horretatik, aurreratu du Europako berreraikitze funtsak eskuratzeko Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldea eraldatzeko XX proiekturen zerrenda aurkeztu duela. "Europako ardatzekin, jasangarritasunarekin, Green Dealarekin, digitalizazioarekin eta jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren sorrerarekin bat datozen proiektuak. Legealdiko proiektuak dira", esan du Rementeriak, eta" funts horien zati bat merezi dugu, proiektu handiak, eraldatzaileak eta onak direlako Bizkaiarentzat, Euskadirentzat eta Europarentzat, baina batez ere pertsonentzat, herritarren bizi-kalitatearentzat eta ongizatearentzat" aldarrikatu du.
Zehatzago esanda, proiektu horiek lau arlotan biltzen dira: digitalizazioaren bidez ekonomia eraldatzeko proiektuak, energia garbien eta ekintzailetzaren aldeko apustua (Ekintzailetzaren Nazioarteko Zentroa -Bizkaia Dorrea-, Nagusi Intelligence Center, hidrogenoaren huba, Basque Cloud & Artifical Intelligence Center, tokiko merkataritzaren eraldaketa digitalerako eta berraktibaziorako plana, Eskola 42 Bizkaia), mugikortasuna mugikortasun iraunkor eta adimentsu bihurtzeko proiektuak (bizikleten mugikortasunerako plana, Metroa Galdakaora zabaltzea, Usansoloko Ospitalera eta Bilboko hegoaldeko auzoetara; ibai-azpiko konexioa itsasadarraren bi ertzen artean, Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidea AP-68 autobidearekin lotzea) eta landa-garapenerako eta aukera-berdintasunerako proiektuak digitalizazioaren, osasunaren eta ingurumenaren zaintzaren bidez (banda zabala Bizkaiko eskualde guztietara hedatzea, Bermeoko portua leheneratzeko plana, itsasadarraren ertzak leheneratzeko eta Bilbo efektua metropoli osora hedatzeko plan nagusia; Lezamako Bide Zaharra trenbide zaharra bide berde bihurtzea, erreferentziazko eskualde mailako zentro soziosanitarioen proiektua, belaunaldien arteko zentro pilotua Getxon eta administrazioaren digitalizazioa bultzatzeko programa) eta kultura bultzatuz garatzen diren eraldaketa-proiektuak (Koba, labar-artea babesteko eta zabaltzeko Lekeitioko gunea; Omako basoa lehengoratzea eta Arte Ederren Museoa handitzea).
Baliabide ekonomikoekin lotutako bigarren gaia NBEren Garapen Jasangarriko Helburuekin bat datorren fiskalitatea onartzeko mahai gainean jarri duen proposamena da. Ildo horretatik, Bizkaiko Foru Aldundia maiatzetik ari da Mariana Mazzucato irakasle ospetsuarekin eta University College of Londonekin lanean GJHekin bat datorren fiskalitatearen proposamen horretan. "Susperraldi ekonomikoa ez dugu ulertzen Garapen Jasangarriko Helbururik gabe, bide bakarra delako ahalbidetzen duena mundu hobean Bizkaia hobea izatea. Aldundiak eta UCLk helburu bera dute: Bizkaian hazkunde ekonomikoa helburu horiekin bat etor dadin laguntzea, lurraldea New Green Deal delakoaren benetako living lab bihurtuz, eta Bizkaia euren politiketan ikuspegi bera aplikatu nahi duten beste zerga-jurisdikzio batzuetara transferitzeko moduko eredu bihurtzea. Nazio Batuen Erakundeak bultzatzen dituen Garapen Jasangarriko Helburuekin bat datozen politika fiskalak diseinatzen dituen estatuz kanpoko lehen administrazio publikoa izan nahi dugu", azaldu du Rementeriak, eta elkarlan horren lehen emaitzak urte amaieran aurkeztuko direla azaldu du.
Ahaldun Nagusiak Ekarpenen Legean ezarritako eguneratzea ere aipatu du, eta honako hau adierazi du: "Hurrengo eredurako lehenik eta behin udalen arteko adostasuna landu beharko da, bai eta sentsibilitate politikoen artekoa ere. Eta adostasunetik abiatuta, Batzar hauetan foru arauaren proiektua aurkeztu. Akordio horren oinarriak udal-autonomia errespetatzea eta arrisku partekatuaren printzipioa eta indarrean dauden legeek aitortutako eskumenak betetzea izango dira".
Ondorio gisa, Rementeriak azpimarratu du Bizkaiak eutsi egin diola pandemia honi, "oso gizarte indartsua garelako. Horregatik eutsi dute egoitzek, osasun-sistemak, zerbitzu publikoak, garraioak... Asko sufritu dugu, baina denak zutik dirau. Bizkaiak zutik jarraitzen du eta ez da kasualitatea, ezta zortea ere; urte hauetan guztietan, egun askotan eta pertsona askoren etengabeko lana da". Eta, zentzu horretan, pertsona guztien barne-begiradari eta gizarte gisa ditugun balioei eutsiz amaitu du esku-hartzea: "Etorkizuna konpromiso pertsonala da, norberaren bertsiorik onena garatu behar da, eta beti bilatu behar da konponbide bat, tarteko puntu bat. Ñabardurak onartu behar dira. Arazoak abagunekoak izan daitezke, baina erantzunek, asmoek, balioek egiturazkoak izan behar dute, bereziki horrelako egoeretan eta bereziki Bizkaian. Ezin dugu galdu gizarte, lurralde eta herrialde moduan beti izan dugun balio erantsia. Honaino ekarri gaituzten balioak. Une aparta bizi dugu, eta guztion portaera aparta eskatzen du".
ITURRIA: BFA
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25