Prentsa Aretoa
Berriak
2021/04/04
Ortuzarrek itxaropenezko mezua zabaldu du Aberri Egunean: “Euskal Herriaren indarrak eta gure autogobernuaren indarrak lagunduko digute pandemia hau gainditzen”
Bilboko Euskalduna Jauregian egin den ekitaldi politiko xume batean, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak jeltzaleen Aberri Batzarraren aurrean berretsi du EAJ-PNVk Gernikako Estatutua betetzeko daukan konpromisoa “gure etorkizuna aukeratzea ahalbidetuko digun itun politikoaren abiapuntu gisa”
2021.04.04_Andoni Ortuzar. Euskalduna Jauregia
HITZALDIA - 2021/04/04
“Gaur, etsipenaren gainetik eta ‘neke sozial’ deitzen dugun horren gainetik, gure gizarteari luzatu behar diogun mezua itxaropena da. Itxaropena eta pandemia honetatik onik irtengo garelaren ustea. Herri honen indarrean eta erresilentzian sinesten dugu. Baita ere konbentzituta gaudelako euskal autogobernuak eman beharreko erantzunak eman ahal izango dituela, erantzunik onenak gaur egun ditugun arazoei. Indartsu sentitzen gara, ilusioz eta ideiaz beteta aurrera egin ahal izateko”.
Hori izan da Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, EAJ-PNVk Aberri Eguna ospatzeko egin duen ekitaldi politiko xume eta hunkigarrian, zabaldu nahi izan duen mezu nagusiena. Azken 90 urteotan bezala, EAJ-PNVk gaur ospatu du Aberri Eguna, euskal aberriaren egun handia. Arduraz eta erantzukizunez jokatzeko, ospakizunaren elementu bakarrak izan dira aurreskua eta Ortuzarrek egin duen adierazpen politikoa, jeltzaleen Aberri Batzarrak gaur goizean Bilboko Euskalduna Jauregian egin duen ohiko bilkuraren baitan. Aberri Batzar honetara bertaratuen artean, jeltzaleen organo goreneko kideez gain, bertan izan dira Iñigo Urkullu Lehendakaria, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidente andrea, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentea, Bizkaiko , Arabako, Gipuzkoako foru ahaldun nagusiak (Unai Rementeria, Ramiro González eta Markel Olano, hurrenez hurren) eta Bilboko eta Gasteizko Alkateak (Juan Mari Aburto eta Gorka Urtaran, hurrenez hurren), besteak beste.
Covid-19aren pandemiak osasunean, ekonomian eta esparru sozialean ekarri duen krisi larria oso presente egon da Ortuzarren diskurtsoan .“‘Euzkadik behar zaitu’ izan zen 77an erabili genuen goiburua. Gaur Euskadik berriro ere behar gaitu, eta gu hor egongo gara, beti bezala”, esan du jeltzaleen buruak. “Benetako abertzaleok, gure Herriari bizitzea tokatu zaion une esanguratsu honetan, argi ematen lagundu behar dugu gaur egun iluntasuna besterik ez dagoen tokian; konponbideak proposatzen arazoei aurrea hartzeko; hika-mika politikoak bertan behera uzten, aurretik daukagun ataza erraldoiari heltzeko: Covid-aren ondoren etorriko den Euskadi eraikitzea. EAJko abertzaleok horrela ulertzen dugu gure misioa gaurkoa moduko une historikoan”, baieztatu du, baina era berean nabarmendu duenez “aurrean jarriko zaizkigu betikoak, botila beti erdi hutsik ikusi nahi dutenak, guk dena beltz ikustea nahi dutenak, zer egin behar zen gauzak gertatutakoan dakitenak, ez lehenago. Interes politiko edo probetxu politiko hutsagatik, dena txarto joatea nahiago dutenak, berekoikeriagatik onik atera nahi dutelako. ‘Sufrimendua sozializatzea’ asmatu zutenek orain ematen du frustrazioa eta ezkortasuna sozializatzea bilatzen dutela”. “Ez”, izan da bere erantzuna. “Indartsu sentitzen gara, ilusioz eta ideiaz beteta, aurrera ateratzeko. Eta gure konpromiso osoa eskaintzen dugu, EAJko emakume eta gizon guztiena, Lehendakariarengandik hasita gure Aberriko herririk txikieneko zinegotziraino. Zereginean jarriko gara, erne eta tinko, pandemia aurreko Euskadi oparoa berriz ikustea lortu arte”, baieztatu du.
Aberri Eguna izanik, Ortuzarrek esan du EAJ-PNV dela “alderdi abertzalea, aberrigintza mailaz maila egin behar den prozesu gisa ulertzen duena, urrats neurtu eta sendoekin, lehenengo eta behin oinarri sendoak jartzen dituena, oinarri horien gainetik euskal emakume eta gizonentzako etxea eraikitzeko”. Alderdi honen aburuz, “gure beharrei eman beharreko erantzun eraginkorra etorriko da autogobernu handiago baten eskutik, burujabetza handiago batetik, hemen bertan erabaki ahal izateko hemengo arazo eta proiektuez. Herri gisa, gure bizimoduaren subjektu politiko izateko”. Eta, horregatik, “Gernikako Estatutua betetzea eta Euskadirentzat eskuduntza guztiak lortzea” izango da “lehen urratsa”, eta ondoren etorriko dira “autogobernurako Estatus Berri bat lortzeko lanak, gure Herriarentzat itun politiko berri bat ekarriko duena gure etorkizuna eta hurrengo belaunaldien etorkizuna erabakitzeko”. Halaber, Ortuzarrek azpimarratu du oso garrantzitsua dela Nafarroako foru-erregimena indartzea eta Ipar-Euskadi berezko erakundeez hornitzea. “‘Zazpiak Bat’ da gure proiektua”, esan du.
Hitzaldiaren momentu batean, EAJ-PNVko presidenteak Ikurrina zahar bat atera du, 1903an Sabino Aranaren hilkutxaren gainean jarri zutena, Juan Ajuriagerrak bere hiletan eraman zuen berbera. Keinu horrekin, jeltzaleen buruak, alde batetik, gogorapen berezi bat eskaini nahi izan die pandemiaren erruz utzi gaituzten pertsona guztiei; beste alde batetik baieztatu duenez Euskal Aberriarentzat horren garrantzitsuak izan ziren garaietan “abertzaleen eskuak egon ziren, euskal eskuak egon ziren Ikurrina hau hartu zutenak, lekukoa hartu zutenak eta gure Aberria gaur egun dagoen egoerara ekartzen jakin zutenak. Eta gaur, Ikurrina hau eta sinbolizatzen duen guztia, gure eskuetan dago. Belaunaldi honek hartu duen lekukoa da eta gaurko garai konplikatuek eskatzen duten mailan egotea exijitzen digu”, baieztatu du.
Bere diskurtsoaren amaieran, Ortuzarrek baieztatu duenez “Aberri Egunean EAJ-PNVko emakume eta gizon guztiok ‘bai’ esaten diogu euskal autogobernuari, ‘bai’ burujabetzari, ‘bai’ gure etorkizuna eraikitzeari. ‘Bai’ esaten diogu Euskadi askeari!”.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25