Prentsa Aretoa
Berriak
2021/07/31
Ortuzar: “Nazkatuta gaude ‘xantaiagile‘ deitzen digutela entzuteaz gure legearen eta beren legearen arabera gurea dena defendatzeagatik”
EAJ-PNVren 126. urteurrenean, EBBko presidenteak aldebikotasuna aldarrikatu du eta prest agertu da EAJren botoak “doan” emateko “Estatutua bete, Ekonomia Ituna errespetatu eta Herri honi bere etorkizuna askatasunez erabakitzen utziko dion Gobernuari”, eta Sánchezi ohartarazi dio ez dela “izenpetu genuen akordioa” betetzen ari
Andoni Ortuzar (San Ignacio)
HITZALDIA - 2021/07/31
“Bai gauza zatarrak esan dizkigutela! ‘Xantaiagile’, ‘pirata’, ‘arrakero’… Konstituzioari txistua botatzen diogula eta haren kontra keinu iraingarriak egiten ditugula esan dute… Gatazkaz baliatzen garela… Ez da serioa, guztiz faltsua da. Faltsua eta bidegabea. Non dago xantaia? Non dago txistua? Zergatik ote gara piratak? Legea betetzeagatik, nahiz eta dagoeneko berandu izan? Egin behar den lana egiteagatik? Nekatuta gaude! Aspertuta gaude euskal autogobernua nola erabiltzen duten ikusteaz. Nazkatuta gaude xantaia erabiltzen dugula entzuteaz, gurea defendatzen dugulako “pirata” esaten digutela ikusteaz. Gure legearen eta euren legearen arabera gurea dena baino ez dugu nahi”.
Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak ahotsa jarri dio aste honetan Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan adostu den akordioaren aurkako kritikek EAJ-PNVko emakume eta gizonen artean sortu duten haserreari; izan ere, akordio horren arabera, EAEko foru Ogasunek, legeak jasotzen duenari jarraiki, hiru zerga figura berri bilduko dituzte. EAJ-PNVk bere sorreraren 126. urteurrena ospatzeko Bilbon egin duen ekitaldian, Ortuzarrek Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko presidenteari ohartarazi dio bere Gobernua, zarata mediatikoa nagusitu den arren, “euskal erakundeekin ez dela ondo portatzen ari”, eta “2019ko abenduaren 30ean sinatu genuen akordioa” ere ez dela arduraz betetzen ari. Eguraldia lagun izan ez arren, berrehun bat lagun batu dira gaur eguerdian EAJ-PNVk uztailaren 31n Albia Lorategietan urtero egin ohi duen ekitaldi politikoan parte hartzeko. Ekitaldia Covid-19aren pandemiak eragindako murrizketek markatu dute bigarren urtez, eta 11: 30ean hasi da, Sabino Arana EAJ-PNVren sortzailearen irudiaren aurrean egin den lore eskaintzarekin eta ondorengo ohorezko aurreskuarekin. Bertan izan dira, besteak beste, Iñigo Urkullu Lehendakaria, Itxaso Atutxa BBBko presidentea, Joseba Egibar GBBko presidentea, Jose Antonio Suso ABBko presidentea, Unai Hualde NBBko presidentea, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta Eudeleko presidentea, Ana Otaduy Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea, Josu Erkorkea Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua eta Aitor Esteban Kongresuko Euskal Taldeko bozeramailea.
Egungo egoera politiko biziari heldu aurretik, Ortuzarrek gaurko ospakizuna balioetsi du. “Aberri Eguna dugu, jakina! Alderdi Eguna ere bai. Biak dira oso handiak. Baina, gaurko egunik gabe, uztailaren 31 hau gabe, beste biak ere ez ziren izango. 1895eko ekainaren 31n hasi zen dena. 126 urteko bide bikaina Euskadi bere askatasunera eramateko. Euskal Herria bere etorkizunaren jabe izan dadin. Herri bat, euskal herria; aberri bat, Euskadi; eta askatasuna lortzeko tresna bat, Euzko Alderdi Jeltzalea”, aldarrikatu du. Buru abertzaleak hunkituta gogoratu nahi izan ditu “berrikitan utzi gaituztenak, oraindik ospitaleetan eta ZIUetan daudenak”. Halaber, Ortuzarrek publikoki Iñigo Urkullu Lehendakariari eta Jaurlaritzako Sailburu jaun-andreei eskaini die bere esker onik zintzoena “ematen ari zareten guztia emateagatik, asko delako, pandemiaren kudeaketa konplikatuan”. Halaber, Euskadin azken asteetan izandako eraso homofoboak gaitzetsi nahi izan ditu. “Egileek ez dute euskal gizartea ordezkatzen”, ziurtatu du.
Politikaren gaietan sartuta, Ortuzar Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan adostutakoaren defentsan irten da. “Zertan dautza akordioak? Zerga berri batzuk hitzartzean, Europako legeei lotutakoak; Estatuarekin dauden gatazkak ebatziko dituzten Arbitraje Batzordeko kideak erabakitzean; eta euskal erakundeek datorren urterako duten zorpetzeko gaitasuna eta defizita adostean. Gai garrantzitsuak dira, baina teknikoak, legeetan jasotzen direnak, eta duela hilabete batzuk konponduta egon behar zutenak”, azaldu du, kexatzeko arrazoirik duena EAJ alderdia eta gobernatzen dituen erakundeak direla deitoratu aurretik. “Atzerapena daramagu transferentzietan, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentan, Abiadura Handiko Trenean… Hobe du Pedro Sánchezek gai hauekin guztiekin pilak jartzea, oporretatik bueltan”, ohartarazi du EBBko presidenteak. “Eskuineko alderdiek edo autonomietako presidente batzuek jantziak urratzen ibili arren, Espainiako gobernua ez da euskal erakundeekin ondo portatzen ari, ezta behar bezala bete ere Sanchezek eta biok 2019ko abenduaren 30ean izenpetu genuen akordioa. Espainiako Gobernuak eginiko txostenak dio %21a baino ez dela bete. Argi eta garbi esango dut. Sánchezi eta bere Gobernu berriari eskatzen diet aldaketa egin dela erakustea, azeleragailua zapal dezatela eta irailean, atzerapenik gabe, hauek gai guztiak konpon daitezela, ez dadila gertatu Presidenteen hurrengo bilkuran edo Kongresuko bozketa garrantzitsuren batean, bezperan, presaka eta korrika, lehenago adostu beharrekoa erabakitzen ibili beharra. Horrela, ez da egongo ez pertsiar merkaturik, ez xantaiarik, ez txistu egiterik, ez besterik”. “Nahi dugun gauza bakarra da Euskadira guri dagokiguna ekartzea. Herriari dagokiona. Hemen jartzen ditut EAJren botoak, doan, Gobernu honentzat eta datorrenarentzat, Estatutua betetzen badute, Ekonomia Ituna errespetatzen badute eta Herri honi bere etorkizuna askatasun osoz erabakitzen uzten badiote. Doan! Baina, hori gertatzen ez den bitartean, ez gaitzatela iraindu”, exijitu du Ortuzarrek. “Eta inork ez dezala begi bistatik kendu gure arteko harremanetarako eredua, gure Estatutuak eta Konstituzioak babesten dutena, aldebitasuna dela, Euskadi eta Estatuaren arteko harreman zuzena, elkarrekikoa. Foro multilateralak bigarren maila batean daude eta behar denean baino ez dugu parte hartuko, baina neurrigabe erabiltzea ere ez dugu onartuko”.
Jeltzaleen buruak aitortu du Euskadin “arazoak ditugula”, baina baieztatu duenez “itxaropena izateko arrazoiak ematen dituzten datuak jasotzen hasi gara. Esate baterako, aste honetan bertan, langabeziaren datuak ezagutu ditugu, ia ia %10era iristen ari direnak, Estatuko datuetatik baino bost puntu beherago eta pandemia aurreko datuetatik oso hurbil. Hazkunderako aurreikuspenak ere onak dira. Egoera hau aprobetxatu behar dugu krisitik albait arinen ateratzeko. Eta, gainera, edonola izan beharrean, denok batera egitea. Inor atzean utzi gabe. Pandemiak gure ahultasun batzuk erakutsi dizkigu. Zerbitzu publikoak indartu behar ditugu. Gizarteko ahulenak zaindu behar ditugu. Aberastasuna sortu behar dugu eta egokiro eta justiziarekin banatu. Eta, horretarako, guk tresna potente eta ederra daukagu: gure autogobernua. Autogobernua, gure eskumenak, gure burujabetza, gizarte hau bide onetik eramateko kantoi-harria. Horregatik babestu behar dugu. Egunez egun, autogobernua zabaldu behar dugu. Horregatik eskatzen dugu Estatuarekiko harreman bilaterala: gure ardurapean zenbat eta gauza gehiago egon, orduan eta hobeto joango zaigu dena euskaldunoi. Guk ez dugu gurea ez den ezer eskatzen, guri dagokiguna baino ez dugu erreklamatzen, bidezkoa dena. Horregatik, duela 126 urte sortu zen Euzko Alderdi Jeltzalea. Euskadi askea lortzeko, emakume eta gizon askeek osatua. Hori da gure proiektua: Euskadi askea, emakume eta gizon askeek eratua. Euskadi zutik eta martxan!”, aldarrikatu du Ortuzarrek bere hitzaldia “Gora Euskadi askatuta!” oihuarekin amaitzeko.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25