Prentsa Aretoa

Berriak

2022/02/07

Ortuzar: “Euskadiko Elkarrizketa Sozialaren Mahaia %100ean babesten du EAJ-PNVk”

EBBren presidenteak Comisiones Obrerasi, “elkarrekin gehien lan egin dugun sindikatuari” eskatu dio “etsaiaz ez nahasteko: lan erreformaren bozketan `ez´ esan genuen CEOEren barruko inguruabarrengatik”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Oharra: Elkarrizketaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak argi eta garbi utzi nahi izan du gaur EAJ-PNVk “%100ean” babesten duela Euskadiko Elkarrizketa Sozialaren Mahaia, eta Comisiones Obrerasi, joan den ostegunean alderdi jeltzaleak lan-erreformaren aurka bozkatu ondoren foro hori uzteko itxurak egin duen sindikatuari, eskatu dio “etsaiaz edo errudunaz ez nahasteko”, EAJ-PNV “ez baita ez CC.OO sindikatuaren etsai, ezta gertatutakoaren errudun ere”. Onda Vasca irratiari eskainitako elkarrizketan, Ortuzarrek argi eta garbi utzi nahi izan du Euskal taldeko sei diputatu jaun-andreek Lan Erreformari “ez” bozkatzearen arrazoia. “CEOEren barruko inguruabarrek eragin zuten gure eskari bakarrari ezin erantzutea”, hitzarmen autonomikoen prebalentzia edo nagusitasuna “ezer oztopatzen ez zuena eta inori kalte egin behar ez ziona”. Jeltzaleen buruak argitu du bere alderdia prest agertu zela eskari hori jasotzeko datozen asteotan onartu eta bozkatu ahalko litzatekeen dekretuan, baina Pedro Sánchezen gobernuak ez zuen formula hori onartu nahi izan “orduan, kanpoan geratzeko mehatxua, Ciudadanos alderdiarena izango zelako”.

Ortuzarrek aitortu du “atsekabea” hartu duela CC.OOren erreakzioarekin. Azaldu duenez “Gure jarrera bideragarri egiteko elkarrekin gehien lan egin dugun sindikatua badago, prozesu honetan ulertu gaituena, gainera, CCOO izan da, Euskadin eta Madrilen. Ez dut ulertzen orain horrenbeste harritzea egin dugunarekin. Edozein kasutan, argi baino argiago utzi nahi dut EAJk %100ean babesten duela Euskadiko Elkarrizketa Sozialaren Mahaia, eta oso positibo jotzen duela ugazaberiaren eta sindikatu bien jarduna, CCOOrena eta UGTrena, ausardia osoz negoziatzeari ekin diotelako beste sindikatuek ez esan dutenean. Nik nahiko nuke mahaian ez dauden sindikatu horiek elkarrizketa mahaira etortzea, gaur egungo baldintzekin. Eta, jakina, EAJ ez da oztopo izango mahaiak aurrera egin dezan. Elkarrizketa Mahaiak batzartzea nahi dugu, parteek erabakitzen dutenean, eta aurrera egiten jarrai dezatela, eta Euskadirentzako akordio onak ekartzen jarrai dezatela, pertsona langileentzat eta enpresek ere aurrera egin dezaten".

Halaber, buru abertzaleak itxaropentsu agertu nahi izan du eta esan du berak espero duela Gobernu Zentralak eskarmentua ateratzea Lan Erreformaren bozketan gertatu denetik bai eta argi ikustea ere ez duela “EAJrekin eta ERCrekin konpontzea baino beste biderik”, legealdia aurrera eramateko. Ildo beretik baieztatu du inbestidura blokea ez dagoela “apurtuta”, “Gobernuak hala izatea nahi ez badu”, baina era berean espero du osteguneko bozketa gorabeheratsuaren ondoren, Pedro Sánchezen gobernuak “gehiengo Frankenstein bat eratzeko gogorik ez izatea, UPNren torlojua bidean galdu baitu”. “Espero dut egoera honetatik eskarmentua atera izana eta konturatzea gehiago edo gutxiago gustatu, konpontzeko ahalegina ERCrekin eta EAJrekin egin behar duela, talde hauek direlako izu-ikararik gabeko gehiengoak bermatu ahal dizkiotenak”, berretsi du. Horretarako, Exekutiboari eskatu dio “lehenengo eta behin, bera konbentzitzea, bide bakar bat besterik ez duela ondo jarraitzeko eta legegintzaldia aurrera eramateko,eta bide hori da EAJrekin eta ERCrekin konpontzea”, eta “bigarren, gu, ERC eta EAJ, konbentzitzen saiatzea seriotan doala, lezioa ikasi duela eta ez dela berriro ere gertatuko. Lehenengo eta behin zintzotasunez eta topera saiatu dadila gurekin eta ezin denean, beste aukera batzuk bila ditzala”. EAJk nahi du legegintzaldia amaitzea “gauzak egiteko, urratsak emateko eta gauzek funtziona dezaten. Horrela dela ulertu behar duena Gobernua da, bera baita pausua aldatu zuena eta beste gauza batzuk egin ahal zituena”, gaineratu du EBBren presidenteak.

Ortuzarrek ere argi utzi nahi izan du, negoziaketa honetan gertatu denaz gaindi, hitzarmen autonomikoen nagusitasuna, estatuko hitzarmenen gainetik, “negoziaketaren karpetan egongo da beti EAJri dagokionez. Oso gai garrantzitsua da eta guk gure jarrerari eusten jarraituko dugu, eta gurea ateratzeko lehen aukera ikusten dugunean, lortu egingo dugu”