Prentsa Aretoa

Berriak

2022/04/09

Ortuzar EGI Egunean: “Euskadiren etorkizuna ezin dugu utzi beren proiektu politikoa askatasunaren eta aniztasunaren gainetik inposatu nahi dutenen eskuetan”

EBBren presidentea Azkoitian izan da gaur gazte jeltzaleek egin duten ospakizunean. Bertan hitz egin du Ortuzarrek Amaia Larrañaga EGIkidearekin eta udalerriko hautagai Ana Azkoitiarekin batera

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian. 

“Euskadiren etorkizuna ezin dugu utzi beren proiektu politikoa askatasunaren eta aniztasunaren gainetik inposatu nahi dutene eskuetan”. Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek hala hitz egin du Azkoitiko Herriko Enparantzan EGI egunaren kariaz EAJ-PNVren gazte erakundeak ‘Askatasunaren bidean’ goiburupean gaur goizean egin duen ekitaldi politikoan. Ortuzarrek hitz egin die bertan batu diren 300etik gora gazte jeltzaleri, Amaia Larrañaga EGIkideak eta Gipuzkoako herriko alkatetzarako hautagai Ana Azkoitiak hitz egin ondoren. Xabier Arzalluz jeltzaleen buru historikoaren figura, duela hiru urte zendu zena, oso presente egon da hiru hizlarien diskurtsoetan. Ekitaldi amaieran, EGIko Kontseilu Nazionaleko ordezkariek lore sorta eman diete Usueri eta Asier Arzalluzi, EBBko lehendakari izandakoaren alaba eta semeari, errespetu eta omenaldia adierazteko, era berean, aurreskua interpretatu dute.

Ortuzarrek gogora ekarri du gaurko egunez, 1882ko apirilaren 9an, Sabino Aranak euskal nazio kontzientziaren iratzargailua aktibatu zuela. 17 urte zituen une hartan. “Zuotako bat bezalakoa zen, eta begira zer nolako nahaspila sortu zuen”. Esan die jeltzaleen buruak EGikideei, eta 140 urte geroago “Bilboko mutiko haren jarrerarekin bat egitera eta misio harekin aurrera egitera” animatu ditu: Euskadiren askatasuna lortzea. “Sabinok XX. mendeko Euskadi amestu zuen; zuei dagokizue orain XXI. mendeko Euskadi egitea”. Ortuzarrek, hori bai, bere hitzaldiaren zati handi bat dedikatu du EAJ-PNVren gazteriari ohartaraztera Euskadiren etorkizuna ezin dela edonola egin. “Ez da nahikoa edonolako Nazioa eraikitzea”, esan die. “Euskadi askea eraiki behar da, emakume eta gizon askeena. Askatasunaren kontzeptua oinarrizkoa da. ‘Gora Euskadi Askatuta!’ oihukatzen dugunean bi elementu horiek uztartzen ditugu: Euskadi eta askatasuna”. EBBren presidenteak azaldu du iragan igandean irakurri zuela Ezker Abertzaletik atera den Gazte Koordinadora Sozialistaren pankarta ‘Aberri Gorria’ goiburuarekin. “Beraien helburua”, ohartarazi du Ortuzarrek, ez da Euskadi askea. Beren helburua Euskadi gorria da. Beren proiektuan Euskadiren etorkizuna mutilatzen dute, zuria eta berdea kentzen diote eta Euskadirentzat kolore bakarreko etorkizuna proiektatzen dute, Sobiet Batasunean dagoeneko porrot egin duena. Sobiet Batasun haren ondorioz daukagu orain Errusian Putin tirano eta neoinperialista. Erabat zaharkituta dagoen proiektua proposatzen dute, Ezker Abertzalearentzat erreferente diren Herrialde guztiak miseria gorrira eraman dituena “Venezuela, esate baterako”, esan du. Buru abertzaleak amaitzeko esan dienez “guk nahi dugun Euskadik denentzat izan behar du eta askatasunean oinarrituta egon behar du. Euskadi kolore anitza, eta ez gorri hori, gure inguruan eta kanpoan ere, errugabeen odolarekin egin dena”. Ortuzarrek bere hausnarketa amaitu du baieztapen batekin “Ezin dugu onartu sasi- iraultzaile hauek Ukrainako herria bizitzen ari den tragediaren garrantzia desitxuratzea. Ez dago aitzakiarik balio duenik: ez NATO, ez inperialismo yankiak, ez ustezko muntaiak. Beren Putin miretsiak Ukrainan egiten ari dena genozidioa da, basakeria, guri duela 85 urte Gernikan, Durangon, Otxandion egin ziguten bezala. Orduan ere propaganda frankistak esan zuen gure gudariak izan zirela Gernikari su eman ziotenak. Halako gehiagorik ez! Horregatik, joan daitezela Aberri Gorriaren proiektuarekin Kremlinera, hemen guk Euskadi libre bat nahi baitugu, koloretako Euskadi bat: gorria, berdea eta zuria”. Ortuzarrek jeltzaleak izateaz harro sentitzeko eskatu die EGIko kideei: "Zuek zarete benetako abertzaleak, ez ezazue sekula ahaztu”, eta 2022an Arana gazte haren eredua jarraitzeko eskatu die: “Bakarrik zegoen ia, eta begira zer indar eta gaitasun izan zuen, urte gutxiren buruan, euskal aberriaren garra pizteko. Orain gehiago gara, gehiago zarete, askoz gehiago, eta jarraitu egin behar dugu, bai eta Herri honen askatasuna lortu ere”, amaitu du.

Amaia Larrañaga Arregi, EGIko Aberri Kontseiluko kide azkoitiarrak, euskara, berdintasuna, Ukrainiako gerra, energia, ekonomia eta gazteriak dituen erronkak izan ditu hizpide. “Euskararen erabilera da daukagun erronka, euskararen erabilera zabaldu eta bultzatu behar dugu, nork bere hitzekin, bere eran, azkarrago edo motelago, baina euskaraz ekin! Euskara da zazpi lurraldeak batu eta berezi egiten gaituena, gure izena eta izana, Euskaraz Bizi!”, animatu du. Honekin batera, Larrañagak Xabier Arzallus Antia azkoitiarra ekarri du gogora, eta Emakume Abertzale Batzari ere aipamen berezia egin dio, 2022an talde honen sorreraren mendeurrena beteko delarik. Azkenik, EGIren balioekin bat egiten duten eta herrigintzan aritu nahi duten gazteei EGIra hurbiltzeko gonbita luzatu die.

Ana Azkoitia, EAJ-PNVk hurrengo hauteskundeetan Azkoitiko alkatetzara aurkeztuko duen hautagaiak, eman die ongi etorria EGI egunaren ekitaldi politikora joan diren lagunei. Azkoitiaren deskribapen hunkigarria egin ondoren eta bere herriaz sentitzen duena azaldu ondoren, Azkoitiak esan du udal politikagintzan eman dituen zazpi urtetan izan duela herria eta herritarrak hobeto ezagutzeko “zortea eta ohorea”, berarentzat bi aldiz harro egoteko gauza den zerbait. Hautagai jeltzaleak baieztatu duenez Azkoitiko Udalean EAJ-PNVko ordezkariak saiatzen direla “gure herritarrei ahalik eta eguneroko errazena eta erosoena ematen: gauza txikiekin (kaleen garbiketa edo mantenuarekin, kirol edo kultura ekitaldiekin) edo inbertsio handiagoekin (erdigunetik urrunago dauden auzoen irisgarritasuna hobetzen, etxebizitza proiektuak aurrera ateratzen, edo tenis pista estaltzen, adibidez). Eta hori da politika. Herritarrekin batera, herriarentzat lan egitea, guztiok batera ahalik eta bizimodu hoberena lortzeko eta herria bizirik mantentzeko; gure sustraietako balioak indartuz eta zerbitzuak modernizatuz. Eta horretan jarraituko dugu”, baieztatu du Azkoitiak.